49. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 24a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

URDAZUBI

Zerbitzu anitzetako D mailako enplegatu izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia, Urdazubiko Udalaren E mailako funtzionarioendako murriztua

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Ofizial kategoriako zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat betetzea da deialdi honen xedea, deialdiko beharkizunak betetzen dituzten Urdazubiko Udalaren langile finkoen artean oposizio-lehiaketa murriztua eginez.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/21993 Legegintzako Foru Dekretuko 15.6 artikuluan ezarritakoari jarraikiz egin da hautapen proba murriztu honetarako deia.

1.2. Deialdiko hautaprobak gainditu ondotik, lanposturako izendatzen den izangaia Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren estatutuko D mailan atxikia geldituko da eta maila horri dagokion lansaria jasoko du, Udalaren plantilla organikoan ezarritako gehigarriak erantsita.

1.3. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta organo eskudunek noiznahi alda dezakete.

1.4. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen araubide juridikoa.

1.5. Izendatuak honako zerbitzu hauek eginen ditu, batez ere: partikularrek egindako obrak zaindu eta kontrolatzea; Udalaren obrak begiratzea, eta erakinaren, azpiegituren (ur eta saneamendu zerbitzuetako konponketak, argiteria, obra eta instalazio txikiak, besteak beste) eta Udalaren berdeguneen mantentze, konponketa eta garbiketa lanak; jakinarazpenak eta eskatzen zaizkion bestelako eginkizunak, langilearen kategoriarekin bat datozenak betiere.

2. oinarria. Izangaien betebeharrak.

Txanda murriztuko hautaprobetan onartuak izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Urdazubiko Udalaren zerbitzuko funtzionario izatea, E mailari atxikia.

b) Eskaturiko titulazioaren jabe izatea, hots, Eskola Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo titulu baliokideren bat.

Titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan 8 urteko zerbitzuak benetan egin dituela egiaztatzea.

d) Zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu baterako izendatu izana.

d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

e) Euskaraz mintzatzen jakitea. Udalaren langile finko izateko hautaprobetan proba hori gainditu zutenek ez dute beharkizun hori frogatu beharko.

3. oinarria. Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetako II. eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

3.2. Behar bezala betetako eskabidearekin batera, deialdian eskatu eta ondoren zehazten diren baldintza nahiz beharkizun hauek betetzen direla frogatzen duten agiriak erantsiko dira:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia egiaztatua.

b) 2. oinarrian eskaturiko beharkizunen egiaztagiriak.

c) Merezimenduen I. eranskineko baremoaren arabera, alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak (jatorrizkoak edo fotokopia egiaztatuak).

4. oinarria. Eskaeren onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea akiturik, alkateak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko.

4.2. Behin-behineko zerrendaren aurka erreklamazioak egiten ahalko dira zerrenda hori argitaratu eta hamar egun balioduneko epearen barrenean.

4.3. Alkatetzak ebatziko ditu erreklamazioak, eta onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuz. Ebazpen berean zehaztuko du oposizio-lehiaketaren probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

5. oinarria. Epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute oposizio-lehiaketako epaimahaia:

Mahaiburua: Santiago Villares Otheguy, Urdazubiko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Juan Ignacio Arzoz Erreca, Urdazubiko Udaleko alkateordea.

mahaikidea: Izaskun abril Olaetxea, toki garapenerako agentea.

Ordezkoa: Francisco Javier Chocarro San Martín, Urdazubiko Udaleko arkitektoa.

mahaikidea: Itziar Galarregui Blanco, Urdazubiko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Miguel Ariztia Echeverria, Urdazubiko Udaleko zinegotzia.

mahaikidea: Juan José Suhas Laurencena, Urdazubiko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: Daniel Elizalde Carrica, Urdazubiko Udaleko zinegotzia.

Mahaikide idazkaria: Urdazubiko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Izendatzekoa.

5.2. Izangaiek epaimahaiko kideak ezesten ahalko dituzte, Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusitako modu eta baldintzetan.

Errefusatze, abstentzio edo bestelako zioak direla-eta, ordezkoekin ere ezin bada epaimahaia eratu, alkateak eskumena izanen du honelako egoera bat gainditzeko beharrezkoak diren epaimahaikideak eta haien ordezkoak izendatzeko.

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia. Eratu eta jardun ahal izateko, epaimahaiko kideen gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez. Gehiengo hori jarduketa erabakigarri guztietarako eskatu ahal izanen da, deusetan ukatu gabe erabakigarriak ez diren zainketa edo kontrol jarduketetarako kideek delegazioak egitea.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak ulertu eta aplikatzeko moduaz sor daitezkeen afera guztiak, eta, berdinketarik bada, mahaiburuaren kalitateko botoak erabakiko du.

6. oinarria. Lehiaketaldia.

6.1. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen eta hartan izangaiek alegatutako merezimenduak kalifikatuko dira. Lehiaketaldian gehienez 30 puntu lortzen ahal dira.

Arau hauek beteko dira merezimenduak kalifikatzeko:

a) Epaimahaiak izangaiek alegatutako eta agiri bidez frogatutako merezimenduak baloratuko ditu soilik.

b) Ez da emanen merezimenduen baremoan azaldu baino puntuazio altuagorik.

6.2. Merezimenduen baremoa.

a) Administrazioan egindako zerbitzualdiak.

Nafarroako udaletan zerbitzu anitzetako enplegatuaren edo antzeko lanpostuan egindako zerbitzu urte bakoitzeko, funtzionario nahiz lan-kontratudun finko gisa: 5 puntu; eta 20 puntu, gehienez ere.

Urtebetetik beheitiko zerbitzualdiei proportzioan dagozkien puntuak emanen zaizkie.

b) Lanbideko curriculuma.

Laneko prestakuntza edo hobekuntza ikastaroak: 10 puntu.

6.3. Lehiaketaldia bukaturik, izangai bakoitzaren puntuazioa Urdazubiko Udaleko iragarkien oholean paratuko da jendaurrean. Oposizio-lehiaketako puntuazio osoa, lehiaketaldian lortutako puntuazioaren eta oposizioaldian lortutakoaren batura izanen da.

7. oinarria. Oposizioaldia.

7.1. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehen ariketa. Teorikoa:

Galdera laburrez edo test moduko galderez osaturiko galdesortari erantzun beharko zaio, zerbitzu anitzetako enplegatuek bete beharreko eginkizunei buruzkoa, hau da, erreminta nahiz lanabesen erabilpenaz eta mantentze-lanez, igeltserotzaz, lorezaintzaz, laneko segurtasun eta higiene arloko arauez, eta lanpostuaren eginkizunekin zerikusia duten bestelako gaiez.

Bigarren ariketa. praktikoa:

Gai hauen gaineko proba praktiko bat edo batzuk egin beharko dira: elektrizitateko, iturgintzako, igeltserotzako, soldadurako eta lorezaintzako lanak eta bete beharreko lanpostuarekin zerikusia duten gainerako lanak.

7.2. Oposizioko balorazioa, guztira, 70 puntukoa izan daiteke gehienez ere, honela banaturik:

-Lehen ariketa: gehienez ere 35 puntu, eta gutxienez ere 17,50 puntu.

-Bigarren ariketa: gehienez ere 35 puntu, eta gutxienez ere 17,50 puntu.

7.3. Oposizioaldia bukatutakoan, Urdazubiko Udaleko iragarki oholean ikusgai jarriko da gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioarekin batera.

7.4. Ez da nahitaezkoa izanen proben iragarkien data, ordu eta tokiak argitaratzea. Urdazubiko Herriko Etxeko iragarkien oholean paratuko dira gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago eta hasierako proba baten jarraipena bada, hogeita lau ordu lehenago.

7.5. Izangai guztiek nortasun agiri nazionala edo legez baliokidea den agiria aldean dutela agertu beharko dute probetara. Probetan iruzurra egiten bada, edozein delarik ere, izangaia segituan baztertuko da, etor daitezkeen jarduketa penalak ukatu gabe.

8. oinarria. Proben emaitzak.

8.1. Ariketen kalifikazioa egindakoan, epaimahaiak probak gainditu dituzten izangaien zerrenda helaraziko dio Udalari, lehiaketaldiko puntuak eta oposizioaldiko ariketetan izangai bakoitzak erdietsitako kalifikazioak batuz ateratako puntuazioaren arabera, eta horrekin batera puntuaziorik altuena erdietsi duen izangaia izendatzeko proposamena eginen du.

Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

9. oinarria. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.

9.1. Udalak ofizial kategoriako eta D mailako zerbitzu anitzetako enplegatu izendatuko du epaimahaiak igorritako izendapen proposamenean agertzen den izangaia.

9.2. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman edo banakako jakinarazpena egin ondoko hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak deialdiko 2. oinarriko baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztuko ditu Udaleko Erregistro Orokorrean.

Zuzenbidean ezarritako bestelako frogabideak ere onartuko dira, eskatzen diren agiriak aurkezteko arrazoizko ezintasunik gertatuz gero.

Esandakoa betetzen ez bada epe horretan, ezin izanen da ez izendapenik egin ez egiazko kontrataziorik egin, horretarako eskubidea galduko baita.

9.3. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta argitaratu eta biharamunean sorraraziko ditu ondorio ekonomiko zein administratiboak, egun hori lanpostua hartzeko unetzat joko baita, ondorio guztietarako, berariazko egintza egiteko beharrik gabe.

10. oinarria. Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, baita haren oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aurrera.

b) Aitzinetik eta hautara, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean ebazpena argitaratzen edo jakinarazten denetik aitzina.

Urdazubin, 2009ko otsailaren 15ean.-Alkatea, Santiago Villares Otheguy.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ....................................; NAN zenbakia:

telefonoa: ..................; helbidea: ........................................................

Azaltzen dut:

Urdazubiko Udalak zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostua oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdia onetsi duela.

Deialdiko 2. oinarrian eskatzen diren baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, eskabide honi erantsitako agirien bidez egiaztatzen dudanez.

Eskatzen dut:

Aipatu deialdian onartua izatea, hautaprobetan parte hartu ahal izateko.

(Tokia, eguna eta sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0912672