49. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 24a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZUÑIGA

Udal ordenantza, Estellerrian barna Vasco-Navarro trenaren bide berdearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Zuñigako Udalak, 2008ko abenduaren 18an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Estellerrian barna Vasco-Navarro trenaren bide berdearen erabilera eta funtzionamendua arautzen dituen udal ordenantza. Iragarkia 2009ko 9. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urtarrilaren 21ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Zuñigan, 2009ko otsailaren 27an.-Alkatea, José Manuel González Ruiz de Zuazo.

ORDENANTZA, ESTELLERRIAN BARNA VASCO-NAVARRO TRENAREN BIDE BERDEAREN ERABILERA
ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUENA

Sarrera

Vasco Navarro trenaren bide berdeak, Estellerrian barna pasatzean, 3 km luze ditu bere lehen tarteunean, Lizarrako udal mugapean, eta 14 km, bere bigarrenean, Murietako udalerritik Zuñigaraino. Ibilbide horrek osatzen du, gaur egun, bide berdetako berreskuratutako tarteunea, Gasteiz eta Lizarra batzen zituen trenbide zaharretik.

Bide horren kudeaketa errazteko, 2008an eratu zen Vasco Navarro Trenaren Bide Berdearen Elkartea, jarduera eremua Estellerrikoa duena; une hauetan elkartekide hauek ditu: Jurramendiko Mankomunitatea, Teder elkartea, Lizarrako, Murietako, Antzingo eta Zuñigako Udalak, Acedoko eta Mendilibarriko Kontzejuak. Elkartea irekia dago entitate publiko eta pribatuen partaidetzara, hala nahi badute.

Bide berde honek aukera ematen du hainbat natur eta kultur alderdi ikuskatzeko, hala nola Lokiz mendilerroaren adarrak, Lasiako sakaneko natur erreserba, bidezidor franko eta ureztalurretako ibarrak, natur korridore honen landaretza eta fauna ohikoa, lehengo trenbideko eraikinak eta geltoki zaharberritu ugariak, Arquijasko bidezubia, Uraren dorrea, hemengo herriak eta jendeak, haietan nagusitzen dela Lizarra hiria, Lizarrako Merindadeko herriburua. Xedea du jendeak erabiltzea, komunikabide gisa, helburua aisia, kirola, josteta, kultura eta ingurumenaren babesa izanik.

Ingurumen Ministerioak, Ehun Berdearen Planaren barrenean, bere xedeen artean ezarri du erabiltzen ez diren azpiegitura linealen berreskurapena, eta hor sartzen da ferrokarrilena, zikloturismoa eta senderismoa egiteko erabil daitezen, honako hau kasu horietako bat baita.

Vasco Navarroaren lehengo trenbidea bide berdetako erabil dadin egokituta, Vasco Navarro Trenaren Bide Berdearen Elkarteak helburu hauek ezarri ditu:

-Vasco Navarro trenaren bide zaharrari modu orokor eta jasangarrian bulkada ematea Estellerrian pasatzean.

-Vasco Navarro trenaren bide berdea erabiltzeko baldintza hoberetan mantendu eta edukitzea.

-Eskualdean bide berdeen tarte berriak abiarazteari bulkada ematea.

-Bide berdeak sortu, sustatu, mantendu, sendotu, askotarikotu, ikuspegi sozio-ekonomikotik eragitera eta bide berdeak nahiz beraiei loturiko herriak garatzera etortzen diren ekintza mota guztiak bulkatzea.

-Vasco Navarro trenaren bide berdearen araudia eta hura erabiltzeko arauak proposatzea.

-Vasco Navarro trenaren bide berdeari loturiko turismoa garatzeko ekintzak eta inbertsioak garatu eta proposatzea.

-Bere xedeak bete beharrez, bertzelako entitate publiko nahiz pribatuekin elkarlanean aritzea.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1.1. Ordenantza honen xedea da Vasco Navarro trenaren bide berdearen erabilera, babesa eta funtzionamendua arautzeko esparru komuna ezartzea, bide berde batek berezko dituen erabilerekin bat.

1.2. Bide berde hau udalerri hauetan barna pasatzen da: Lizarra, Murieta, Antzin, Mendaza eta Zuñiga. Bat egiten du izen bereko lehengo trenbidearen trazadurarekin.

2. artikulua. Arauen esparrua.

2.1. Ordenantza hau nahitaez bete behar dute Vasco Navarro trenaren bide berdearen erabiltzaileek eta Vasco Navarro Trenaren Bide Berdearen Elkarteko entitate bazkide eta kideek, eta orobat ondasun publiko honen funtzionamendu eta zainketan nola edo hala eragina izan dezaketen banako edo talde guztiek.

2.2. Estellerrian barna pasatzean, Vasco Navarro trenaren bide berdearen antolamendua eta erabilera honako hauen bidez gobernatuko dira: ordenantza honetan xedatzen dena, toki entitate bakoitzaren gainerako arauak, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko legeria, ingurumenari buruzkoa eta kasu bakoitzean aplikatzekoa dena.

II. KAPITULUA

Bide berdearen erabilerak

Vasco Navarro trenaren bide berdea honetarako erabiliko da: bide turistikoa eta ekologikoa, kirol bidea, eta senderismoa, paseoa eta zikloturismoa egiteko tokia.

3. artikulua. Erabilera baimenduak.

3.1. Oinezkoen, bizikleten eta motorrik gabeko bertzelako ibilgailuen joan-etorriak, baita bertzelako garraiobideena, hala nola zaldiena, betiere gehieneko abiadura 20 kilometro/ordua dutela.

3.2. Atsedenguneak eta haien azpiegituraren erabilpena, bide berdearen erabiltzaileen aldetik

3.3. Ibilgailuen pasaera, bakar-bakarrik dagokion udalerriak baimendutako bizilagunek, barne dela nekazaritza eta/edo abeltzaintzarako makineria, sarbide izateko bidearen tarteuneren bat erabili behar bada. Azken kasu horretan baimenean zehaztuko da zer tarteunetarako eta urteko zer sasoitarako den. Kasuan kasuko toki entitateek baimenduko dituzten txartelen bidez arautuko da inguruabar hori. (Lizarran, bere tarteunean aisiarako hainbertze finka eta merkataritzarako hainbertze enpresa daudenez, ez da hori aplikatuko).

3.4. Azienden pasaera; bakar-bakarrik kasuan kasuko udalerriak baimentzen dituen bizilagunenak badira.

3.5. Toki entitateek ehiztari elkarte bakoitzarekin hitzartzen dituen erabilera baimen partikularrak.

3.6. Larrialdiko ibilgailuen joan-etorriak.

3.7. Salbuespenez baimentzen ahal diren bertzelako ibilgailuen joan-etorriak.

4. artikulua. Erabilera baimengarriak.

4.1. Erabilera baimenduekin bateragarriak diren kirol probak.

4.2. Erabilera baimenduekin bateragarriak diren aisia eta jostetarako ekintza guztiak.

4.3. Mantentze lanetako eta zerbitzuetako ibilgailuen joan-etorria bide berdean barna.

4.4. Bide berdean edozein motatako eraldatze, bertzelakotze edo aldatzea ekartzen duten jarduketa guztiak, baita esku-hartze guztiak ere, obra egitea edo muntadura paratzea ekartzen badute.

Jarduera horietarikoren bat egin nahi duenak idatziz eskatu beharko dio Vasco Navarro Trenaren Bide Berdearen Elkarteari, eta hartan xehe-mehe adierazi zer nahi duen, gutienez ere egin nahi duen baino hiru hilabete lehenago. Elkarteak aurkeztu ondoko bi hilabetean erantzunen dio eskaerari eta eskaeraren gaineko datu gehiago eska ditzake, hala behar badu. Epe horretan erantzunik eman ezean, ulertuko da eskaera baimendua dagoela.

5. artikulua. Erabilera debekatuak.

Erabilera hauek berariaz debeku dira:

5.1. Bide Berdean barna motorrezko ibilgailuarekin ibiltzea (motoak, motozikletak, autoak,quadak eta abar), aitzinetik baimenik ez bada.

5.2. Ibilgailuen joan-etorria, baita motorrik gabeko tramankuluena ere, haien luze-zabalak, pisua edo abiadura direla-eta, erabiltzaileen segurtasuna arriskuan jartzen ahal badute.

5.3. Tunelean barna argirik gabe ibiltzea, baimena duten ibilgailuetan.

5.4. Bide berdean barna zakurra lotu gabe eramatea, araudi orokorrarekin bat.

5.6. Bide barnean eta haren ezpondetan barna aziendekin ibiltzea, non ez duen espresuki baimendu dagokion toki entitateak.

5.7. Bizikleta eta gainerako ibilgailu baimenduendako ezarritako abiadura muga (20 kilometro/ordua) gainditzea.

5.8. Tunela aziendendako aterpetako erabiltzea.

5.9. Ehiza.

5.10. Baimenduen artean sartzen ez diren bertzelako erabilera guztiak.

6. artikulua. Bidearen erabilera desegokia.

Debekatuen artean sartzen dira Bide Berdea egoki mantendu eta kontserbatzeko kaltegarriak diren ekintza guztiak, bereziki hauek:

6.1. Bide Berdean eta haren bazterretan botatzea hondakin toxikoak edo arriskutsuak, hiri hondakin solidoak, eraispenetako hondakinak, ur zikinak, zaborrak, paperak, plastikoak etab.

6.2. Bide berdeko seinale, hiri altzari, atsedengune eta azpiegituren kontra eta orobat landaredia eta faunaren kontra basatiki aritzea, pinturaz zikintzea, puskatzea edo hondamena eragitea.

6.3. Inguruko lurzatietako nekazaritza jardueraren ondoriozko jarduketak, ingurumenaren zainketari edo bide berdeko azpiegituren mantentzeari eragiten badiete.

III. KAPITULUA

Araubide juridiko eta zehapenekoa

7. artikulua. Xedapen orokorrak.

7.1. Elkarte honek eginahal bereziak eginen ditu, bide berdea ondasun publikoa dela kontuan hartuz, bidearen izaera ekologikoa eta txukuntasun irudia mantentzeko, eta, beraz, gogor jokatuko da egoki mantendu eta erabiltzeko kaltegarriak izan daitezkeen ekintzen aurrean, erabiltzaileek berek nahiz bertzelako pertsona edo entitateek eragiten dituztenean.

7.2. Ordenantza honetan xedatua hausten bada, dela eginez dela ez eginez, zehapena jarriko da, Kapitulu honetan ezarritakoaren arabera, deusetan ukatu gabe erantzuleek izan dezaketen erantzukizun zibil, penal edo bertzelakoa. Zehapena elkartean dauden toki eentitateek ezarriko dute.

7.3. Erantzukizuna solidarioa izanen da, baldin eta arau-hausleak bat baino gehiago badira eta ezin bada zehaztu haietako bakoitzaren erruduntasun maila.

8. artikulua. Arau-hausteak.

Vasco Navarro Trenaren Bide Berdearen Elkarteak badu bere zehapen araubidea, eta hor ezartzen den administrazio zehapenik handiena 1.500 euro da, deusetan ukatu gabe, kasu guztietan, arau hausleak egindako kaltea konpontzeko duen obligazioa.

Honela sailkatu dira zehapenak:

8.1. Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) Bide berdearen erabilera galarazten duten ekintzak eta bidea baimenik gabe okupatzea.

b) Bide berdeko zuhaitzak edo unean uneko landareak moztea.

c) Bide Berdean sutea eragiten duten eginak edo ez eginak, edo sute arriskua dakartenak, sutea zabaltzen ez bada ere.

d) Bide berdean edo haren bazterretan hondakin toxikoak edo arriskutsuak botatzea.

e) Bide Berdean barna motorrezko ibilgailuekin ibiltzea (motoak, motozikletak, autoak eta abar), aitzinetik baimendu diren kasuetan ez bada.

f) Eginez edo ez eginez bide berdean hondamen fisikoa edo ingurumen arlokoa, neurriz handia, eragiten duen bertze edozer.

g) Urte berean bi arau-hauste larri egitea, halakotzat hartu badira ebazpen irmoaren bidez.

8.2. Arau-hauste larritzat joko dira:

a) Bide Berdean eta haren bazterretan botatzea hiri hondakin solidoak, eraispenetako hondakinak, ur zikinak eta bertzelako edozein isurkin.

b) Bide berdearen jabari publikoko landareen kontra basatiki jotzea (zuhaitzak, zuhaixkak nahiz bertzelako espezieak).

c) Bide berdeko seinaleen kontra basatiki aritzea, pinturaz zikintzea, puskatzea edo hondatzea.

d) Bide berdeko eta haren atseden guneko hiri altzarien kontra basatiki aritzea, pinturaz zikintzea, puskatzea edo hondamena eragitea.

e) Bizikleta eta gainerako ibilgailu baimenduendako ezarritako abiadura muga (20 kilometro/ordua) gainditzea.

f) Ibilgailuen joan-etorrietarako ezarritako aginduetariko bat ez betetzea.

g) Bide berdean barna paseatzean zakurra lotu gabe eramatea, araudi orokorrarekin bat.

h) Eginez edo ez eginez bide berdean hondamen fisikoa edo ingurumen arlokoa, neurriz tikiia, eragiten duen bertze edozer.

i) Oso larrien artean sartzen diren arau-hausteetakoren bat egitea, baldin eta neurria edo kopurua txikia izateagatik merezi ez badu oso larriaren kalifikazioa.

j) Urte berean bi arau-hauste arin egitea, halakotzat hartu badira ebazpen irmoaren bidez.

l) Bide Berdean eta haren ezpondetan barna aziendekin ibiltzea, baimenik gabe.

8.3. Hauek arau-hauste arintzat joko dira:

a) Baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea.

b) Larrien artean sartzen diren arau-hausteetakoren bat egitea, baldin eta neurria edo kopurua txikia izateagatik merezi ez badu larriaren kalifikazioa.

c) Ordenantza honetan ezarritako bertzelako edozein agindu, baldin eta ez bada oso larri edo larritzat hartzen, aurreko ataletan aipatzen denari segituz.

9. artikulua. Zehapenak.

9.1. Vasco Navarro trenaren bide berdea ondasun publikoa eta ingurumen eremua denez gero, aitzineko artikuluan aipatzen diren arau-hausteak egiten dituztenei ezartzen ahalko zaizkie ondotik aipatzen diren zehapenak, baina, betiere, kontuan hartuz zein neurritan eragiten duten pertsonen edo ondasunen segurtasunean, nolako egoeran gertatu den erantzulea, haren erruduntasun maila, zenbat aldiz hautsi duen araua, zenbateko parte-hartzea izan duen eta zer onura atera duen ekintzatik.

-Atala: A. Arau-hauste mota: oso larriak, 1.500 euro.

-Atala: B. Arau-hauste mota: larriak, 301etik 700 euro bitarte.

-Atala: C. Arau-hauste mota: arinak, 60tik 300 euro bitarte.

9.2. Kasu bakoitzean dagozkion zehapen penal edo administratiboengatik ere, arau-hausleak, gainerakoez gainera, eragindako kaltea ere konpondu beharko du. Halaber, Vasco Navarro Trenaren Bide Berdearen Elkarteak eta/edo ukituriko toki entitateek gauzatzen ahalko dute kaltearen konponketa, subsidiarioki, arau-hauslearen kontura.

9.3. Zehapenengatik jar daitezkeenez aparte, organo eskudunek hertsatzeko isunak ere paratzen ahalko dituzte, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeari jarraikiz, betiere dagokion errekerimenduan aipatzen diren urratsak egin ondotik.

9.4. Ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteak direla-eta isuna ezarri bazaie, interesdunek behar den administrazio errekurtsoa para dezakete, arau-haustea ezarri zuen toki entitateari zuzendua.

Iragarkiaren kodea: L0911137