49. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 24a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ALESBES

Ordenantza, Udalaren obra-hondakindegia erabiltzeko zerbitzua arautzen duena. Behin betiko onespena

Alesbesko Udalak, 2008ko abenduaren 12an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udalaren obra-hondakindegia erabiltzeko zerbitzua arautzen duen ordenantza (2009ko 11. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 26an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Alesbesen, 2009ko otsailaren 27an.-Alkatea, María Carmen Segura Moreno.

ORDENANTZA, UDALAREN OBRA-HONDAKINDEGIAREN ZERBITZUA ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezartzen da ordenantza hau; orobat, Nafarroako Toki Araubidea eguneratzeko urriaren 24ko 11/2004 Foru Legeari eta otsailaren 14ko 1/2007 Foru Legeari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zenbait pertsona fisikok zein juridikok edo nortasun juridiko gabeko subjektuek Udalaren obra-hondakindegia erabiltzea da ordenantza honen zergapeko egintza, obra eta botatze lanetik ateratako hondakinak eta antzerakoak, ez besterik, bertan uzteko.

Subjektu pasiboa

3. artikulua. Ordaintzera elkarrekin beharturik daudenak:

a) Obra-hondakinak utzi edo garraiatzen dituztenak.

b) Obra-hondakinen titular diren pertsona naturalak edo juridikoak.

Karga-oinarria

4. artikulua. Karga-oinarria zehazteko, zenbat obra-hondakin pilatu den kalkulatuko da era honetan:

Alesbesko Udalak izendatutako teknikariek kalkulatuko dute zenbat obra-hondakin pilatu den; akta eginen da eta teknikariak zein obra-hondakinak uzteko lizentziaren titularrak sinatuko dute.

Lizentziaren titularrak ordainduko ditu neurtzen eta bolumena kalkulatzen egindako lanaren gastuak.

Tarifak

5. artikulua. 0,70 euroko tarifa aplikatuko da uzten den metro kubiko hondakin bakoitzeko. Alesbesko Udalak osoko bilkuran aldatu arte jarraituko du indarra izaten.

Tributu-kuota

6. artikulua. Tributu-kuota zehazteko, karga-oinarriari (utzitako obra-hondakinak m3-tan) dagokion tarifa aplikatuko zaio.

Sorrarazpena eta diru-bilketa

7. artikulua. Obra-hondakinak uzten direnetik 30 egun naturaleko epean ordainduko da kuota, nahitaez.

Obra-hondakinak uzten diren unetik hasten da borondatez ordaintzeko epea.

Arau orokorrak

8. artikulua. Material guztia utzitakoan, adostutakoa bete beharko du esleipen-hartzaileak; izan ere, hamar egun naturaleko epean berdindu beharko du.

Hirigintzako eta Herrilurretako Informazio Batzordeak, teknikarien laguntzaz, ikuskatze lana eginen du esleipen-hartzaileak hondakinak ekarri eta berdindu dituela adierazi bezain laster. Esleipen-hartzailea bertan dela eginen da beharrezko egiaztatze lana.

9. artikulua. Kontzesiodunek, hondakindegia erabiltzeko eta materiala uzteko, Nafarroako Gobernuak ingurumena babesteko emanak dituen arauak hartu beharko dituzte kontuan, baita Udalaren ustez egokiak diren guztiak ere.

10. artikulua. Udal honetako Landazaintza Zerbitzua behartua dago ordenantza honetan eta ematen diren lizentzietan ezarritako guztia betetzen dela zaintzera. Kontzesiodunak behartuta daude lizentziak erakustera, Landazaintza Zerbitzukoek edo Udal honetako beste edozein agentek edo enplegatuk eskatuta.

11. artikulua. Zerbitzu honen kontzesiodunek, zein den ere Udalak adierazitako ordainketa, Nafarroako Gobernuak eta Alesbesko Udalak ezarrita dituzten edo ezar dizaketen zerga guztiak ordaindu beharko dituzte.

12. artikulua. Dena batera egiten da zerbitzu hau erabiltzeko esleipena; bertan, joan-etorrien kopurua eta zenbat metro kubiko hondakin uzten ahal den zehaztuko da.

13. artikulua. Kontzesioen hartzaileena da erantzukizuna obra-hondakindegia erabiltzean ondasun publikoetan edo hirugarrenei egiten zaien kalte eta galeren aurrean.

14. artikulua. Hondakinak uzteko emandako baimenak bere horretan geldituko dira baliogabetuta ez bada likidazioa ordaintzen borondatezko edo nahitaezko epean (30 egun). Udal baimenen titular diren pertsona natural edo juridikoak.

Arau-hausteak eta zehapenak

15. artikulua. Iruzurtzat joko da egindako bidaien, ibilgailuaren ezaugarrien eta abarren berri ez ematea. Orobat, zenbat m3 obra-hondakin utzi den, edo hondakindegian utzitakoaren bolumena kalkulatu gabe hura berdintzea.

16. artikulua. Gainerako arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe gelditzen dira honako honetan araututakoari buruz dauden lehenagoko ordenantza edo xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Lehendabizikoa.-Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu ondoan hartuko du indarra ordenantza honek, eta 2009ko urtarrilaren 1etik aitzina izanen du eragina.

Bigarrena.-Aurreikusi gabeko gauza orotan, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legean, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduan eta ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: L0911067