49. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

412/2009 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusiak emana, nazioarteko adopziorako prozedurak Errusian tramitatzeko bideak mugatzen dituena.

Nazioarteko Adopzioari buruzko abenduaren 28ko 54/2007 Legearen 4. artikuluak arautzen ditu adopzioa eragotzi edo baldintzatzen duten inguruabarrak. Xedapen horren bigarren idatz-zatiak ezartzen duenez, adingabeen babeserako Espainiako entitate publikoek ezar dezakete, estatu jakin bati dagokionez, nazioarteko adopziorako eskaerak bi estatuetako agintariek kreditatu edo baimendutako erakunde laguntzaileen bitartez baizik ez tramitatzea, ikusiz gero tramitatzeko beste bideek ageriko arriskuak dituztela, berme egokirik ez izateagatik.

2009ko otsailaren 2an, Haurren gaietako zuzendari nagusien Erkidegoarteko Batzordeak aho batez erabaki zuen, ondorioak egun hartan berean izateko, bertan behera uztea Errusiarako adopzio eskaerak protokolo publikoaren bidez tramitatzeko bidea, eta eskabideak NAGELen bitartez baizik ez tramitatzea. Era berean, xedatu zen erabaki hark ez zuela eraginik izanen 2009ko otsailaren 2ra arte autonomia erkidegoek emandako egokitasun ziurtagiria duten espedienteetan, eskatzaileek bere garaian NAGEL gabe tramitatzeko asmoa adierazi bazuten.

Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzuak emandako txosten proposamena eta txosten juridikoa ikusirik, nazioarteko adopziorako prozedurak Errusian tramitatzeko bideak mugatzea proposatu da, Haurren gaietako zuzendari nagusien Erkidegoarteko Batzordeak hartutako Erabakiarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuaren 27.2 artikuluarekin lotuta, ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Bertan behera uztea Errusiarako adopzio eskaerak protokolo publikoaren bidez tramitatzeko bidea, eta eskabideak NAGELen bitartez baizik ez tramitatzea.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea, eta ohartaraztea ez diola administrazio bideari bukaera ematen eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

3. Ebazpen hau Haur eta Nerabeentzako Sustapen, Laguntza eta Babesaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko martxoaren 4an.-Familiaren, Haurraren eta Kontsumoaren zuzendari nagusia, Loren Albéniz Ascorbe.

Iragarkiaren kodea: F0911472