49. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 24a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

GAZTELUBERRI

Ordenantza, Herrilarreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Gazteluberriko Udalak, 2008ko abenduaren 20an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Gazteluberriko bazkalekuetako herrilarreen aprobetxamendua arautzen duen ordenantza, honako hauek osatzen baitituzte: a) Gazteluberriko Udalaren herrilurretako finketako belarrak eta b) jabetza partikularreko finketako belarrak, jabe partikularrek laga izan dutenak.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearekin eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearekin bat, erabaki hau jendaurrean egon da 30 egun baliodunean, eta 2009ko 12. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da, urtarrilaren 28an.

Inork erreklamaziorik edo alegaziorik aurkeztu ez duenez, bidezko da aipatu ordenantza behin betikoz onestea.

Gazteluberrin, 2009ko martxoaren 18an.-Alkate udalburua, José Hernández Aristu.

ORDENANTZA, GAZTELUBERRIKO UDAL MUGAPEKO LARREEN APROBETXAMENDUA ARAUTZEN DUENA, HALA PARTIKULARRENAK NOLA HERRILURRETAKOAK

1. artikulua. Ordenantza honek Gazteluberriko udal mugapeko larreen aprobetxamendua arautuko du, hala partikularrenak nola herrilurretakoak.

2. artikulua. Gazteluberriko Udalak onetsi ondotik hartuko du indarra ordenantza honek, aitzinetik jendaurrean egoteko eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko tramiteak eginda.

3. artikulua. Udal mugapeko belar eta urez baliatzeko eskubidea hartzen da bazkalekutzat.

Gazteluberriko udal mugapeko bazkalekuen zerrenda: Zona de Abajoko bazkalekua, La Sierra bazkalekua eta El Boyeral bazkalekua.

4. artikulua. Herrilarreak esleitzeko manerak.

Ordenantza honek arautzen du direlako bazkaleku horietan dauden belarren eta uren aprobetxamendua, hori guztia Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren II. kapituluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen II. kapituluko bigarren atalean xedatuari jarraikiz.

Bazkalekuen esleipena modu hauetan eginen da:

a) Herritarrendako esleipen zuzenaren bidez.

b) Antzinako usadioaz.

Eta bertzenaz,

c) Enkante publikoan esleituz.

5. artikulua. Herritarren arteko zuzeneko esleipenerako onuradunak.

Orokorrean, herrilarreen aprobetxamenduen onuradun izanen dira, herritarren arteko zuzeneko esleipena egiten denean, halako familia unitateak baldin haien titularrak honako baldintza hauek betetzen baditu:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabea izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 2 urteko antzinatasunez.

c) Gazteluberrin, urtean 9 hilabetez bederen egiazki bizi izatea.

d) Udalarekiko betebehar fiskalak ordainduta izatea.

e) Azienda Udal honetako katastroan inskribaturik edukitzea eta/edo abeltzain-kartilla eguneratua izatea, abelburu kopuruarekin eta haien osasun egoeraren ziurtagiriarekin.

f) Erabilera zuzenean eta pertsonalki egitea.

Etxebizitza berean bizi diren guztiak familia unitateko kidetzat hartuko dira. Nolanahi ere, familia unitate independientetzat hartuko da guraso jubilatuek osatutakoa, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

6. artikulua. Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.

Ordenantza hau behin betikoz onetsitakoan, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, 15 eguneko epea finkatuko da, ordenantza honetako 5. artikuluan aipatzen diren baldintzak betetzen dituztenek bazkalekuak hartzeko eskaera aurkez dezaten.

Eskabidearekin batera agiriak aurkeztu beharko dituzte ordenantza honetako 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela erakusteko; bertzetik ere, zein bazkalekutarako egiten den eskaera zehaztu beharko dute.

Esleipena erabakiko da eskatutako bazkalekuaren arabera eta abelburu kopurua ikusita.

7. artikulua. Gazteluberriko Udalak berak eginen du behin-behineko esleipena. Behin-behineko esleipena egin ondotik, hamar eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko, baina halakorik ez bada, esleipena behin betikoz onetsitzat joko da epe hori bukatutakoan.

8. artikulua. Bazkalekuaren erreserba.

Bazkalekuen errentamenduaren epean, herritarren arteko zuzeneko esleipeneko sisteman eskatzailerik agertzen bada onuradun izateko baldintzak betetzen dituena, esleipen hartzaileek bazkalekuen %20 utzi beharko diote, non eta Udalak eta esleipen hartzaileek adosten duten aldean.

9. artikulua. Bazkalekuen balorazioa eta ordainketa.

Bazkalekuen egiazko balorazioa honako hau da: Zona de Abajo, La Sierra eta El Boyeral.

Herritarren arteko zuzeneko esleipeneko sisteman, bazkalekuen onuradunek ordaindu beharreko saria bazkalekuen egiazko balioaren %90 izanen da, hori guztia 6/1990 Foru Legearen 159. artikuluan eta 280/1990 Foru Dekretuaren 188. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Saria urtero berrituko da, nekazariek edo abeltzainek izandako prezio aldaketaren arabera, erakunde ofizial eskudunak onetsitako indizeei jarraikiz.

Esleipenaren prezioa Gazteluberriko Udalari ordainduko zaio.

10. artikulua. Esleipenaren epea.

Zortzi urte izanen da, ordenantza hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aitzina, La Sierrako eta El Boyeralgo larrea kenduta, esleiturik baitaude gaurgero, hurrenez hurren egun hau arte: Larreetan indarra duten aprobetxamenduak ordenantza berriari egokituko zaizkio, haien esleipena iraungitzen den puntutik.

Esleipena bukatuta, bertze esleipen bat eginen da ordenantza honetan zehaztutakoari jarraikiz eta zortzi urtetarako, guttienez.

11. artikulua. Fidantzak.

Esleipen hartzaile bakoitzak bereganatzen dituen erantzunbeharrei aurre egiteko, Udalaren aldeko fidantza edo banku-abal bat gordailatu beharko du, esleipenaren zenbatekoaren % 4ren parekoa. Fidantzaren zenbatekoa urtero eguneratuko da, KPI aplikatuta. Esleipena 8 urterako izanen da.

12. artikulua. Finken jabeek Udalari lagako dizkiote beren lurrak, hark batera egin dezan herrilurretako nahiz partikularren belarren enkantea. Lagapen hori ordenantza honen arabera eginen da eta zortzi urterako, ulerturik-eta lagapenak bere horretan jarraitzen duela, kontrakoa erabaki ezik enkantea egin baino bi hilabete lehenago.

13. artikulua. Diruaren banaketa honela eginen da: %60 finka partikularren jabeendako, eta gainerako %40 Udalarendako, bazkalekuak mantentzeko sorrarazitako gastuengatik Udalak ordaindu duena kendu ondoan. Banaketa jabeen azaleran oinarriturik eginen da.

14. artikulua. Esleipen hartzaileen betebeharrak.

Herrilarreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, Herrilarreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta bete egin beharko ditu Lege horretako nahiz bere erregelamenduko baldintza guztiak, edo aplikagarria den legeriarenak.

Esleipen hartzailearen beharkizunak:

a) Esleitu zaizkion lurrak ez ematea errentan beste inori, ezta eskualdatzea ere.

b) Aprobetxamendua ez bazaio interesatzen, esleipenari uko egitea eta lurrak Udalaren esku uztea, hark egokia iruditzen zaion maneran eslei ditzan.

c) Esleipenaren egunean hartutako egoeran mantentzea artegiak, zerrakurak, atakak, idoiak eta gainerako instalazioak, eta eragindako kalte-galerei erantzutea pausatutako fidantzaren edo abalaren bidez.

d) Bazkalekuetan eginiko hobekuntza guztiak esleipen hartzailearen kontura izanen dira eta horiek egiteko Udalaren baimena beharko du izan. Baimen hori eman edo ukatu eginen da Nafarroako Gobernuko Larreen saileko teknikariek aholkua eman ondotik.

15. artikulua. Arau-hauste administratiboak.

Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

1.-Herrilarreetan bazkatzen diren azienden osasun babesari buruzko Foru Legean eta Erregelamenduan, edo aplikatzen ahal den legerian, xedatutakoa ez betetzea.

2.-Animalia hilak ehortzi gabe uztea.

3.-Esleitu ez zaizkion bazkalekuetan aziendekin sartzea.

4.-Artegi, idoi, zerrakura, belai eta gainerako instalazioetan kalte egitea.

5.-Esleipenetan zehazturiko epeak ez errespetatzea.

6.-Belarrak aprobetxatzeko finkatutako kopuruak edo ezartzen diren bertzelako kontribuzio, tasa edo sariak epeen barrenean ez ordaintzea.

7.-Norberari esleitu zaion bazkalekua bertzeri errentan ematea edo eskualdatzea.

16. artikulua. Zehapenak.

Aipatutako arau-hauste horiek ondoko zehapen hauek izanen dituzte:

15. artikuluko lehenbizikoan, kontzesioa iraungiko da, deusetan ukatu gabe Nafarroako Gobernuko organo eskudunek abiarazten dituzten zehapenak.

15. artikuluko zazpigarrenean, kontzesioa iraungiko da.

15. artikuluko borzgarrenean, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko gaitasuna galduko da eta kontzesioa iraungiko, honako kasu hauetan:

a) Bazkalekuaren saria ez ordaintzea, ordaintzeko errekerimendua jaso eta hilabeteko epean. Horrek ez du erran nahi pausatutako fidantza galdu eta dagokion saria ordaindu behar ez denik.

b) Bazkaleku bateko esleipen hartzaileak berariaz nahiz isilbidez uko egiteagatik. Isilbidezko uko egitea hartuko da Udalaren errekerimendu bati ez erantzutea 30 eguneko epean, betiere Udalaren aburuz bazkalekuen aprobetxamendurik ez dela egiten zantzu nabariak badira. Horrek ez du erran nahi pausatutako fidantza galdu eta dagokion saria ordaindu behar ez denik.

c) Bazkaleku bat uzten duenak ordaindu beharko du Udalak hurrengo enkanteetan izanen dituen diru galerak, esleipenaren epea iraungi arte, salbu eta Udalaren aburuz uzte hori arrazoizkoa bada (esleipen hartzailearen erretiroa, azienda saldu izana eta abar).

17. artikulua. Jabari publikoko ondasunetan, herrilurretan edo hirugarrenen ondasunetan egindako kalteak ekintzaren egileek ordaindu beharko dituzte, bidezko den gisan.

18. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez esleituko dira 8 urterako, egungo arautegia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena beteta.

Gazteluberrin, 2009ko martxoaren 18an.-Alkate udalburua, José Hernández Aristu.

Iragarkiaren kodea: L0912334