49. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

43/2009 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Estatistika Institutuaren fitxategi bat sortzen duena, 'Estatistikei buruzko eskaerak eta erantzunak' izenekoa, informatizatuta eta paperezko euskarrian.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak 20. artikuluan xedatzen duenez, administrazio publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta kentzeko nahitaezkoa izanen da xedapen orokor bat ematea, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratua.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzen duen Erregelamenduak, abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren bidez onetsiak, 52. artikuluan xedatzen duenez, titulartasun publikoko fitxategiak xedapen orokor edo erabakien bidez sortu behar dira eta horiek Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko aldizkari ofizialean argitaratu behar dira; 53. artikuluak, berriz, berariazko legeria betetzeko agintzen du, autonomia erkidegoen esku dauden fitxategiei dagokienez. Fitxategia sortzeko xedapen edo erabakiak izan behar duen edukia erregelamendu beraren 54. artikuluan azaltzen da.

Uztailaren 26ko 143/1994 Foru Dekretuak Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoen mende dauden datu pertsonalen fitxategi informatizatuak arautzen ditu. Foru dekretu horren 2. artikuluak ezartzen du fitxategien ezaugarriak aldatzeko, baita fitxategiak sortu eta kentzeko ere, fitxategiaren ardura duen unitatea zer departamenturen mende edo zer departamenturi atxikirik dagoen, hango kontseilariaren foru agindua beharko dela.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 44. artikuluak dio administrazio espedienteak tramitatzean baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabili behar direla lagungarri gisa, betiere bermeak errespetatuz eta antolamendu juridikoak kasu bakoitzerako aurreikusten dituen baldintzak betez.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 118/2007 Foru Dekretuaren 1. artikuluak departamentu horren esku jartzen ditu estatistika gaiak, eta 2. artikuluak dio departamentu horretako titularrari dagozkiola Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan aurreikusitako eskudantziak, besteak beste foru aginduak ematea.

Departamentuaren eskumenen artean, estatistikaren arloa Politika eta Sustapen Ekonomikoaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio, hain zuzen ere Nafarroako Estatistika Institutuari. Erakunde horren eginkizuna da, besteak beste, Nafarroari buruzko estatistikak sustatu eta zabaltzea, 118/2007 Foru Dekretuaren 14. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Ildo horretan, Foru Komunitateko estatistikako jarduera publikoa arautzen duen ekainaren 27ko 11/1997 Foru Legeak 8. artikuluan dioenez, estatistikako jardueraren emaitzak zabaldu behar dira eta argitaratzen ez diren emaitzak eskuratzeko bideak ezarri behar zaizkie erabiltzaileei. Ustiapen bereziak definitzen ditu 12. artikuluan. Sekretu estatistikoaren babespeko datu estatistikoak beste administrazio publiko batzuetako estatistika organoei igortzea ahalbidetzen du 17. artikuluan, zenbait baldintza betetzen direnean. Halaber, 18. artikuluak sekretu estatistikoaren babespeko datuak eskuratzeko aukera ematen die ikerketa zientifikoen institutuei eta ikertzaileei.

Espedienteko txostenen arabera, beharrezkoa da foru agindu honetan azaltzen diren ezaugarriak izanen dituen fitxategi informatizatu bat sortzea, datu pertsonalak bilduko dituena.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Datu pertsonalak bilduko dituen "Estatistikei buruzko eskaerak eta erantzunak" izeneko fitxategia sortzea, informatizatuta eta paperezko euskarrian. Ezaugarri hauek izanen ditu:

a) Aurreikusitako xedea eta erabilera: eskaerak jaso eta tramitatzea.

b) Datuen jatorria: eskatzaileek berek emandako datuak bilduko dira, haien eskaerak tramitatzeko eta erantzuteko beharrezkoak direnak soilik. Eskaerak edozein bidetatik jaso daitezke: postaz, posta elektronikoz, faxez...

c) Fitxategiaren egitura: fitxategi mistoa da, izan ere fitxategi informatizatuaz gain artxiboa paperean ere gordetzen baita, Nafarroako Estatistika Institutura formatu horretan iritsi delako edo eskaeraren ondoriozko dokumentazioa fotokopiatu edo inprimatu egin delako.

d) Ez da babes berezia duen daturik bilduko.

e) Datu hauek bilduko dira:

. Eskatzailearen izen-deiturak.

. Sozietatearen izena.

. Posta helbidea, udalerria, probintzia, herrialdea, posta kodea.

. Telefonoa.

. Faxa.

. Helbide elektronikoa.

. Eskaera jaso duen pertsonaren identifikazioa.

. Eskaeraren azalpen zehatza.

. Erantzunaren azalpen zehatza eta, behar izanez gero, igorritako informaziorako esteka.

f) Aurreikusitako lagapenak: ez da datu lagapenik aurreikusten, fitxategiaren helburua dela eta.

g) Nazioarteko transferentziak: ez da nazioarteko transferentziarik aurreikusten, fitxategiaren helburua dela eta.

h) Fitxategiaren ardura duen organoa: Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Nafarroako Estatistika Institutua.

i) Fitxategian sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubidea zein zerbitzu edo unitatetan erabili: Nafarroako Estatistika Institutua (Karlos III.a etorbidea, 36, 2. solairua, 31003 Iruña).

j) Segurtasun maila, Datuak Babesteko Lege Organikoaren Erregelamenduaren VIII. tituluaren arabera: oinarrizko maila.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Foru agindu hau Nafarroako Estatistika Institutuari eta Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren Zuzendaritza Nagusiko Antolaketa Zerbitzuari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, bai eta Datuak Babesteko Espainiako Agentziari ere, Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean inskribatzeko.

Iruñean, 2009ko martxoaren 20an.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Álvaro Miranda Simavilla.

Iragarkiaren kodea: F0912403