49. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

194/2009 EBAZPENA, martxoaren 4koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, kirolaren bidez gizartean integratzeko sarien oinarrien II. deialdia egiten duena.

Kirolaren Zuzendariordetzak aurkeztu duen txosten batean azaldu du interesgarria litzatekeela egoera behartsuan edo gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak kirolaren bitartez gizarteratu eta integratzeko bidea ematen duten kirol jarduera eta proiektuak aintzat hartu eta laguntzea.

Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen martxoaren 17ko 18/2008 Foru Dekretuarekin bat,

EBATZI DUT:

1. Kirolaren bidez gizartean integratzeko sarien II. deialdiaren oinarriak onestea.

2. Kirolaren bidez gizartean integratzeko sarietarako 15.000 (hamabost mila) euroko gastua onestea, 2009rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Kirolaren bidez gizartean integratzeko saiak" izeneko 940002 95110 2269 336103 kontu-sailaren kargura.

3. Ebazpen hau kontu-hartzaile delegatuari, Nafarroako Kirolaren lnstitutuari, hango Idazkaritza Nagusiaren eta Kide Anitzeko Organoen Zerbitzuari, Ekonomia eta Prozedura Kudeaketarako Bulegoari eta Kirol Zuzendariordetzari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraituz (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bidez aldatu zen).

4. Ebazpen hau eta kirolaren bidez gizartean integratzeko sarien oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2009ko martxoaren 4an.-Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Javier Esparza Abaurrea.

"Kirolaren bidez gizartean integratzeko sariak"
II. Deialdia. Nafarroako Kirolaren Institutuak deitua

Kirolaren bidez gizartean integratzeko proiektuen oinarriak

1. Helburua.

Deialdi honen helburua da egoera behartsuan edo gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonak kirolaren bitartez gizarteratu eta integratzeko bidea ematen duten kirol jarduera eta proiektuak aintzat hartu eta laguntzea.

2. Proiektuen ezaugarriak eta motak.

Ondoko ezaugarri hauek dituzten proiektuek parte har dezakete deialdian:

a) Etorkinen beharrei erantzuteko kirol proiektuak, hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitateko udalek, klubek, elkarteek edo gizarteko beste estamentu batzuek, bertako eta atzerriko herritarren arteko integrazioa kirolaren bidez sustatzeko asmoz, irabazi asmorik gabe eskaintzen dituzten kirol jarduerak garatzen dituztenak.

b) Egoera behartsuan edo gizartean baztertuta gelditzeko arriskuan dauden pertsonen beharrei erantzuteko kirol proiektuak, Nafarroako Foru Komunitateko udalek, klubek, elkarteek edo gizarteko beste estamentu batzuek irabazi asmorik gabe eskaintzen dituzten kirol jarduerak garatzen dituztenak.

Entitate bakoitzak 2 proiektu aurkez ditzake gehienez, eta proiektu bakoitzak sarien oinarrietan ezarritako baldintza guztiak bete beharko ditu.

Proiektuak Nafarroako Foru Komunitatean eta 2009. urtean gauzatu beharko dira. Kirolaren arloko profesionalendako proiektuak baztertuko dira.

3. Sariak.

1. saria: 5.000 euro bitarte.

2. saria: 4.000 euro bitarte.

3. saria: 3.000 euro bitarte.

3 akzesit: bakoitza 1000 eurona.

Epaimahaiak ahalmena du diru-zuzkidura gehienez 2 proiekturen artean bana dezatela erabakitzeko.

4. Ebaluazio irizpideak.

Aurkezten diren kirol proiektuak baloratzeko, epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan:

-Helburuko taldearen sostengua eta parte-hartze aktiboa.

-Gizartean duen eragina.

-Sormena eta berrikuntza.

-Bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta kudeaketa arlokoa.

5. Entitate eskatzaileak.

Nafarroako Foru Komunitateko toki entitateek eta irabazi asmorik gabeko entitateek aurkez dezakete proiektua. Azken horiek legez eraturik eta kasuan kasuko erregistroan inskribaturik egon beharko dute.

6. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Proiektu edo memoria eta balorazioa.

2. Entitate eskatzailearen estatutuen kopia edo haren jardunbidearen eta gobernu organoen berri ematen duen agiria.

7. Aurkezteko epea.

Proiektuak oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik 2009ko urriaren 16ra bitarte Nafarroako Kirolaren Institutuko Erregistroan (Arrieta kalea, 25) aurkeztuko dira edo posta ziurtatuaren bidez.

8. Epaimahaia.

Epaimahaia kide hauek osatuko dute: Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Kirol zuzendariordea, Kirola Sustatzeko Ataleko burua, Entitateen eta Kirol-errendimenduaren Ataleko burua eta Kirola Sustatzeko Bulegoko burua.

9. Proiektu irabazleen jakinarazpena.

Epaimahaiak proiektu irabazleak hautatuko ditu.

Epaimahaiak hartzen duen erabakia apelaezina izanen da.

Salbuespen gisa, epaimahaiak ahalmena izanen du sari guztiak edo baten bat eman gabe uzteko, jasotzen diren proiektuen kalitatea edo dokumentazioa helburuen araberakoa ez bada.

Sariak jendaurreko ekitaldi batean banatuko dira eta bertan proiektu irabazleak aurkeztu dituzten entitateen ordezkariak izanen dira.

Sariak Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez emanen dira. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10. Betebeharrak.

Saria jasotzeko, irabazleek sariak emateko ekitaldira joan beharko dute.

Entitate saridunek Nafarroako Gobernuaren logotipoa eta anagrama erabili behar dute proiektuaren publizitate eta hedapen ekintzetan, baina horrek ez dakar inolako mendekotasun harremanik entitate sinatzailearekin. Hortaz, entitate sariduna izanen da saritzen den kirol proiektuaren antolaketaren eta kudeaketaren eta, orobat, proiektuaren garapenaren ondoriozko gorabehera edo ondorio guztien erantzule bakarra.

11. Oinarriak onartzea.

Deialdian parte hartzen duten entitate guztiek oinarri hauen eduki oso-osoa onartu behar dute.

Iragarkiaren kodea: F0913275