49. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 24a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑA

XX. Literatur Lehiaketarako deialdia, Iruñeko ikastetxeetako
Lehen Hezkuntzako Eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako
lehen zikloko ikasleei zuzendua

Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Gazteria Alorreko Zinegotzi Delegatuak 2009ko apirilaren 3an onetsi zuen XX. Literatur Lehiaketarako deialdia, Iruñeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzendua.

Iruñeko Udalak XX. Literatur Lehiaketa deitu du, norgehiagokako araubidean, Iruñeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleendako (DBHko 1 eta 2. mailak), betiere Iruñeko Udalaren Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorrak xedatutakoarekin bat, zeina 2005eko azaroaren 3ko Osoko Bilkurak hartutako erabakiaren bidez onetsi eta 2006ko otsailaren 17ko 21. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen.

1.-Xedea.

Lehiaketa honen xedea Iruñeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek egindako literatur lanik hoberenak saritzea da, 2. puntuan zehaztutako ipuin eta komiki modalitateetan.

Gaia libre izanen da, eta idazlanak (ikasle bakoitzeko bat), jatorrizkoak eta gaztelaniaz idatziak.

2.-Sariaren modalitatea.

Hona, modalitateak eta kategoriak:

-Narrazioak:

A kategoria: Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak.

B kategoria: Lehen Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailak.

C kategoria: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailak.

D kategoria: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak.

-Komikiak:

A kategoria: Lehen Hezkuntzako bosgarren eta seigarren mailak.

B kategoria: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailak.

3.-Diru zuzkidura.

Deialdi honi 4.740,00 euro esleitu zaio, gehienez ere, sarietarako, eta 2.700,00 euro, plaketarako, Iruñeko Udalaren aurrekontu orokorreko 71 42230 480000 kontu-sailaren kargura.

Ondoko sariak ezarri dira, kategoria bakoitzeko, betiere 2. puntuarekin bat:

Lehen saria: oroit-plaka eta 340 euro, eskola-materialetan, ikastetxerako, eta oroit-plaka eta 170 euro, eskola-materialetan, egilearendako.

Bigarren saria: oroit-plaka eta 125 euro, eskola-materialetan, egilearendako.

Hirugarren saria: oroit-plaka eta 95 euro, eskola-materialetan, egilearendako.

Laugarren saria: oroit-plaka eta 60 euro, eskola-materialetan, egilearendako.

Baldin eta lan batean ez badira egilearen datuak behar bezala ematen, lana ezin izanen da lehiaketan onartu.

4.-Izangaien betekizunak.

Iruñeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Lehen Ziklokoek (DBHko 1. eta 2. mailak) hartzen ahalko dute parte lehiaketa honetan.

Ikastetxe parte-hartzaileek gehienez ere bosna (5) lan aurkeztuko dituzte aurreko kategoria eta modalitateetako ikastalde bakoitzeko, betiere haien irakasleek aldez aurretik hautatuak.

Saridunei ez zaizkie aplikagarri izanen Diru-laguntzei buruzko Ordenantza Orokorraren 10.2 artikuluak ezarritako debekuak.

5.-Eskatzaileek zer agiri aurkeztu behar duten, zein epetan eta non

Lanak ikastetxeek aurkeztuko dituzte, behin irakasleek aurretik hautaketa egin eta gero, eta ondoko luzera izanen dute:

-Narrazioak:

A kategoria (Lehen Hezkuntzako 1 eta 2. mailak): gehienez ere bi (2) orri, alde bakar batetik idatziak, eta marrazkiak barne.

B kategoria (Lehen Hezkuntzako 3 eta 4. mailak): gehienez ere hiru orri (3), alde bakar batetik idatziak, eta marrazkiak barne.

C kategoria (Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailak): gehienez ere lau (4) orri, alde bakar batetik idatziak, eta marrazkiak barne.

D kategoria (DBHko 1 eta 2. mailak): gehienez ere sei orri (6), alde bakar batetik idatziak, eta marrazkiak barne.

-Komikiak:

A kategoria (Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailak): gehienez ere hiru orri (3), DIN A-4 formatukoak edo horren pareko neurrikoak.

B kategoria (DBHko 1 eta 2. mailak): gehienez ere lau (4) orri, DIN A-4 formatukoak edo horren pareko neurrikoak.

Gaia libre izanen da, eta idazlanak (ikasle bakoitzeko bat), jatorrizkoak eta gaztelaniaz idatziak.

Lanak aurkezteko mugaeguna maiatzaren 5a izanen da, epea luzaezina delarik.

Eskaerak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar eguneko epe luzaezinean zuzen dezala, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Lanak gutun-azal itxi batean aurkeztuko dira (ikastetxe igorlearen inongo erreferentziarik aipatu gabe), Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Gazteria Alorrean (Zapateria kalea, 40, 2.a), eta gutun-azalaren kanpoko aldean ondokoak idatzi behar dira:

-Iruñeko Udalaren XX. Literatur Lehiaketa, Haurrendako.

Modalitatea:

Kategoria:

Lanaren Izenburua:

Egilearen Ikurritza Edo Izenordea:

Gutun-azalaren barnean, lanaz gain, beste gutun-azal bat sartuko da, itxita, egilearen ikurritzaz edo izenordeaz errotulatua, non egilearen ondoko datuak sartuko baitira: izen-deiturak, helbidea, telefonoa, ikasmaila eta ikastetxea.

Jasotako izaera pertsonaleko datuak babestu beharrekoak dira, Izaera Pertsonaleko Datuak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hori garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat.

6.-Epaimahaia.

Epaimahaia Iruñeko Udalak izendatuko du, eta ondoko pertsonek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Hezkuntza eta Gazteria zinegotzi delegatua, edo horrek eskuordetutako pertsona.

Epaimahaikideak:

-Hizkuntza eta Literaturako irakasle bat, Hezkuntza eta Gazteria zinegotzi delegatuak izendatua.

-Haur literaturako aditu bat, Hezkuntza eta Gazteria zinegotzi delegatuak izendatua.

-Komiki arloko aditu bat, Hezkuntza eta Gazteria zinegotzi delegatuak izendatua.

-Iruñeko Udaleko pedagogoa.

-Idazkaria: Hezkuntza eta Gazteria Alorreko zuzendariak izendatuko du.

Baldin eta sari bat egile batek baino gehiagok egindako lan bati ematen bazaio, ex aequo banatuko da, egileen artean.

Epaimahaiak eman gabe uzten ahalko du modalitatate eta kategoria ezberdinetako edozein sari.

Epaimahaiak sariak emateko proposamena eginen du, eta organo eskudunari aurkeztuko dio, horren gainean ebatz dezan.

7.-Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izanen da. Epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Sariak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta interesdunei jakinarazio zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1.992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat.

Saritu gabeko lanak Iruñeko Udaleko Hezkuntza eta Gazteria Alorretik (Zapateria k., 40, 2.a) erretiratu ahalko dira, lehiaketaren epaia argitara eman eta hilabete bateko epean. Hortik aitzina, Udalak libreki erabiltzen ahalko ditu erretiratu gabe utzitako lanak.

Iruñeko Udalak, saria ordainduta, lan saridunari dagozkion jabetza intelektualeko eskubide ekonomiko guztiak eskuratuko ditu egilearengandik, beretako bakarrik eta mundu mailan; orobat, lan horiek erreproduzitu, banatu, jendaurrean paratu eta eraldatu ahalko ditu, libreki eta ezer gehiago ordaindu gabe, Jabetza intelektualari buruzko Legearen Testu Bateratuaren 26. artikuluak ezarritako epearen barruan, halako maneran non eskubidea izanen baitu lana gaur ezaguna den edo geroan asma daitekeen beste edozein bitarteko edo euskarri ukigarri edo ezin ukituzkotan aurkezteko. Horrek barne hartzen ditu ustiatzeko modalitateak oro, hau da, lana edozein euskarri edo formatotan erreproduzitzekoa, eta horien artean bereziki, hala liburu batean edo euskarri digital edo zenbakizko batean egitekoa nola lana banatzeko eta jendaurrean paratzeko eskubideak, mundu osoko merkatuetan ustiatze aldera. Eskubide horien artean berariaz daude sarturik hala lanak on-line eran igorri eta zabaltzea nola internet bezalako sare digital elkarreragileetan eskura jartzea.

Lehiaketa honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek erabat onartzea, bai eta Iruñeko Udalaren erabakiak ere, oinarriok interpretatzean sor litekeen edozein zalantzaren aurrean.

8.-Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

-Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

-Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iruñean, 2009ko apirilaren 3an.-Zinegotzi delegatua, José Iribas Sánchez de Boado.

Iragarkiaren kodea: L0913551