49. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Publikoaren Eskaintza, oposizioak eta lehiaketak

DEIALDIA, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak martxoaren 23an emandako 786/2009 Ebazpenaren bidez onetsia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako tituludun izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzekoa.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, martxoaren 23an emandako 786/2009 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko erdi mailako tituludun izateko 991 zenbakiko lanpostua oposizio bidez betetzeko deialdia onetsi zuen.

Hautapen prozesua ondoko hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zena, aipatu estatutua garatu eta burutzeko Sarrera Erregelamendua, gainerako aplikazio arauak eta deialdi honetako oinarriak.

1. Deialdiaren xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da erdi mailako tituludun izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzea, funtzionarioen araubidekoa eta B mailakoa, plantilla organikoan 991 zenbakia duena eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari atxikia, Iruñean lan egiteko.

1.2. Lanpostuak B mailako lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan eta, kasuan-kasuan, aplikatu beharreko gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

1.3 Halaber, deialdi honen bidez, hautapen prozeduran lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrendak osatu nahi dira:

a) Probak gainditu bai, baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, bat bera Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomo guztientzat.

b) Hautapen prozesuko azken-aurreko ariketa gainditu bai, eta probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaiak ez direnen zerrenda, Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko.

Izangaien zerrendak deialdi honen 10. oinarrian xedatutakoaren arabera onetsi eta kudeatuko dira.

2. Lanpostuan, besteak beste, eginkizun hauek izanen dira.

2.1. Deialdi honen arabera izendatzen denak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko atalen eginkizunei loturiko jarduerak beteko ditu:

-Txostenak ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartu, gora egin edo lekualdatu nahi duten hautagaiek lanpostuarekiko duten egokitasunaz eta gaitasunaz.

-Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko langileak hautatzen laguntzea, balorazio psikoteknikoari dagokionez.

-Nafarroako Administrazio Publikoetako langileen lanbide orientazioa zuzentzea, beste orientazio bat, garapen profesionala edo langileen edo administrazioko unitateen moldaketa behar denean.

-Zehapen espedienteen instruktoreei laguntzea, txostenen eta peritazio teknikoen bidez, horiek eskatzen dutenean, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari banakako orientazio zerbitzu bat, pertsonala edo profesionala eskaintzea.

-Nafarroako Administrazio Publikoetako langileak prestatu, birziklatu eta hobetzeko orotariko politikak finkatzen eta garatzen laguntzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Prestakuntza Plana prestatuz eta burutuz.

-Nafarroako Administrazio Publikoetako orotariko, berariazko eta multimediako prestakuntza jarduerak planifikatu, antolatu eta ebaluatzea.

-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan langile publikoei eskaintzen zaizkien prestakuntza jarduera guztiak koordinatzea eta Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek eta erakunde publikoek langileriaren prestakuntzaren arloan burutzen dituzten jarduketei buruzko informazioa zentralizatzea.

-Hautaproben ondoko prestakuntza ikastaroak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileen barne igoerarako edozein jarduera antolatu, planifikatu eta burutzea.

-Zerbitzuaren kalitatea hobetetzeko administrazioko unitateetan bidezkotzat jotzen diren sistema guztiak ezartzea.

-Nafarroako Administrazio Publikoetako giza baliabideen etekina ebaluatu eta aztertzea eta haien antolamendua eta jarduna hobetzeko sistemak prestatu eta aplikatzea.

-Nafarroako Administrazio Publikoetako Zerbitzu Publikoen Kalitaterako Sariaren deialdia urtero egin eta kudeatzea, eta orobat, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak kalitatea saritzeko antolatzen dituen beste deialdi batzuk egin eta kudeatzea.

-Nafarroako politika publikoen eta zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluazioaren erregistroa kudeatu eta mantentzea.

-Espainian eta atzerrian antzeko eginkizunak dituzten erakundeekin eta bereziki Nafarroako unibertsitateekin lankidetzarako loturak sortzea.

-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren helburuak lortzen laguntzen duten jarduera guztiak egitea. Katalogoetan material psikotekniko berriak bilatzea, material psikoteknikoa, bai berria, bai berriro erosi beharrekoa, erosteko proposamenak aurkeztea, gaukotzea eta mantentzea.

3. Betebeharrak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea amaitzen denetik (deialdiaren 10.2 atalean adierazia) lanpostuaren jabetza hartu arte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek parte hartzen ahal dute, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo, gorakoak izanda, haien kontura biziz gero.

b) Hamasei urte beteta izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Unibertsitateko diplomadunaren, ingeniari teknikoaren edo arkitekto teknikoaren titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian lorturiko tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren estatuko funtzio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

4. Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, 31002 Iruña) edo Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) aurkeztu beharko dira, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hogeita hamar egun naturaleko epean.

Eskaera posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian eginen da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

Eskabideak deialdi honen eranskinean dagoen ereduari lotu behar zaizkio eta, haietan, izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela. Eredu hori Nafarroako Gobernuaren edozein erregistro bulegotan dago eskuragarri. Interneten bidez ere lortzen ahal da, www.navarra.es helbidean, bai argitaratzen deneko aldizkari ofizialetik abiatuta, bai Zerbitzuen Katalogoko Enplegu Publikoan dagoen deialdiaren aiputik abiatuta.

4.2. Ezgaitasun aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera ezgaitasuna dutela frogatzeko organo eskudunak ematen duen agiriaren fotokopia konpultsatua ere aurkeztu beharko dute. Aurreko atalean aipatzen den Interneteko helbidean eredu bat dago egokitzapenak eskatzeko, interesdunen eskura.

4.3. Eskabideari, behar bezala bete ondoren, agiri hauek erantsiko zaizkio:

Bat.-Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

Bi.-Espedientea formalizatzeko eta azterketa eskubideetarako 40 euro ordaindu izanaren jatorrizko ziurtagiria. Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Baliabide hauetako bat erabiliz ordaintzen ahalko da tasa hori:

-Behar bezala betetako ordainketa gutuna erabiliz; Foru Komunitateko Administrazioak Nafarroako finantza entitateetan dituen kontuetan sartuko da dirua. Arestian aipatutako web gunean, deialdiaren iragarkian, dago ordainketa gutunaren eredua.

-Banestoko (Banco Español de Crédito) 00308124 87 0870002271 kontuan eskudirutan edo bankuko transferentzia bidez ordainduz; horrelakoetan, ordainagirian datu hauek jarri beharko dira nahitaez:

-Izangaiaren izen-deiturak.

-NAN/IFZ.

-Ordainketa zein kontutan egiten den, haren zenbakia.

-Kontzeptua: oposizioak.

-Deialdiaren xede den lanpostua.

Honako hauek ez dute tasarik ordaindu beharko:

a) %33ko edo gehiagoko ezgaitasun aitortua dutela frogatzen duten pertsonek, organo eskudunak luzaturiko jatorrizko agiriaren edo behar bezala konpultsaturiko fotokopiaren bidez.

b) Hautaproben deialdia egin aurretik hilabete batez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon diren pertsonek. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorakoa den diru-sarrerarik ez izatea hilabetero.

Lan-eskatzailea dela frogatzeko, enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko du. Bertan, lan-eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ez eta lanbide sustapen, prestakuntza edo moldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikaturiko kasuetan izan ezik.

Interesdunaren adierazpenaren bidez frogatuko da ez duela hilabetero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik. Adierazpen eredua Nafarroako Gobernuko Informazio Bulegoan eskuratzen ahalko da, edo bestela Interneten bidez, arestian emandako helbidean.

4.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.5. Eskaeran atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

5. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko.

5.4. Izangaiei egotziriko arrazoiengatik baztertzen diren izangaiei ez zaizkie azterketa egiteko eskubideak itzuliko.

6. Epaimahaia.

6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Batzordeburua: Tomás Rodríguez Garraza jauna, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuko zuzendaria.

Ordezkoa: Asunción Ruesta Ozcoidi andrea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Politika eta Zerbitzu Publikoen Kalitate Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordeburua: Alberto Viana Górriz jauna, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Hautapen Organoen Ataleko burua.

Ordezkoa: Ángel Pascual Asura jauna, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko goi mailako tituluduna.

Mahaikidea: Ricardo Zalduendo Pitillas jauna, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Ataleko burua.

Ordezkoa: Ángel Astiz Montero jauna, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologiako lizentziaduna.

Batzordeburua: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

Ordezkoa: Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko ordezkari bat, batzordeak berak proposatua.

Mahaikide idazkaria: Estrella de los Reyes Lamadrid Morón andrea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Kudeaketaren eta Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

Ordezkoa: Begoña Alfaro Oricáin andrea, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Lan Publikoaren Eskaintza Kudeatzeko Ataleko burua.

Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bildu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

6.3. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo dei egileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean parte ez hartzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errefusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

7. Oposizioaldia nola eginen.

Oinarri hauetan adierazitakoaren arabera eginen da oposizioa.

7.1. Oposizioa 2009ko urrian hasiko da. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean finkatuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.

Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta erregelamenduaren arabera iragarriko ditu gainerako probak.

7.2. Oposizioak ariketa hauek izanen ditu:

Lehena.-Teorikoa. Idatziz, gehienez ere 3 orduan, erantzun laburreko 10 galdera landu beharko dira gaitegiko gaiei buruz.

Bigarrena.-Praktikoa. Lanpostuari dagozkion eginkizunez, kasu bat edo gehiago konpondu beharko dira. Eginkizun horiek deialdiko 2. oinarrian aipatzen dira.

Hirugarrena: proba psikoteknikoak eginen dira, izangaiak lanpostuaren eskakizunetara zenbateraino egokitzen diren zehazteko. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko ditu eta haren puntuazioa lotzailea izanen da epaimahaiarendako.

Salbu eta beren ezaugarriengatik posible ez bada, ariketak plika bidez eginen dira.

Ariketetan debeku izanen dira kontsulta materialak.

7.3. Oposizioko ariketen balorazioan 100 puntu eman daitezke gehienez, honela banatuak:

Lehena: 40 puntu bitarte. Galdera bakoitzagatik 4 puntu emanen dira gehienez.

Bigarrena: 35 puntu bitarte.

Hirugarrena: 25 puntu bitarte.

7.4. Oposizioko ariketak baztergarriak izanen dira. Bazterturik geldituko dira horietako ariketaren batean gehieneko puntuazioaren erdira iristen ez diren izangaiak.

7.5. Ariketak zuzendu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean eta ariketa egin den tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioaren hurrengo proba edo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda Interneten bidez ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es helbidean, Zerbitzuen Katalogoan, Enplegu Publikoaren atalean, deialdiari buruz dagoen aiputik abiatuta.

7.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Azterketara agertzen ez direnak edo arestian aipatutako agirietako baten bidez beren nortasuna frogatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

7.7. Hautaprobak egiteko, ezgaitasun aitorturen bat dutenentzat bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean azaldutakoaren arabera.

8. Probak gainditu dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, oposizioan lortutako kalifikazioekin, egin direneko tokian eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean. Gero, zerrenda hori Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari igorriko dio, puntu gehienez probak gainditu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin eta espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Zerrenda hori Interneten ere kontsultatzen ahalko da, www.navarra.es webgunean, "Zerbitzuak", "Enplegu Publikoa" ataleko deialdiaren laburpenetik abiaturik.

Berdinketarik gertatuz gero, bigarren ariketan puntu gehien lortu dutenen alde ebatziko da. Eta hala ere berdinduta segitzen badute, lehen ariketan ateratako puntuazioa hartuko da kontuan.

8.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak inprimaki berariazko batzuk jaso eta honako agiri hauek aurkeztu behar ditu Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian:

8.2.1. Izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa ez bada:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren bi fotokopia konpultsatu, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batenak.

b) Deialdiaren 3. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak emandako txostena, interesdunak karguan aritzea eragotziko liokeen eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Proposatutako izangaiak ezgaitasunen bat alegatu badu, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, bere Estatuko Funtzio Publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

e) Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

f) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak eskatzen dizkion gainerako agiriak.

Izangaia Nafarroako beste Administrazio Publikoren bateko langile finkoa bada (ez deialdi hau egin duenekoa, baizik eta beste batekoa), goikoez gain, aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria aurkeztu beharko du (sarrera, antzinatasuna, maila, egoera administratiboa etab.).

8.2.2. Proposatutako izangaia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa bada:

a) Deialdiaren 3. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena; bestela, eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

b) Proposatutako izangaiak ezgaitasuna alegatu badu, gainera, ezgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

8.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezurra esateagatik egotzi ahal zaion erantzunbeharra ezertan galarazi gabe.

8.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak probak gainditu dituztenen zerrendan, 8.1 atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

8.5. Nahitaezko betebehar eta baldintzen frogagiriez gain, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak, bere eskudantziak erabiltzeko, beste edozein agiri eska diezaioke izangaiari, eta horrek aurkeztu beharko ditu, deialdi honen 8,2. oinarrian ezarritako moduan.

9. Izendapena, lanpostuaren esleipena eta jabetza hartzea.

9.1. Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiak, ebazpen baten bitartez, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duen izangaia Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko funtzionario izendatuko du, erdi mailako tituludunaren lanetarako, eta dagokion lanpostu hutsa esleituko dio.

9.2. Izendapenak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko dute izendatua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren funtzionarioen arloan indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onetsi zuen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntuan xedatutakoa aplikatzearen ondorioz, izendatuak, Nafarroako administrazio publikoen edozein bahituretxetako eskubide pasiboen araubidekoa bada, bi aukera izanen ditu: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko bahituretxean segitzea, martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez arauturiko eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean sartzea.

9.3. Izendatzen den izangaiak destinoko herrian bizi beharra du eta, horretarako, udalerri horretan finkatuko du bizilekua. Administrazio organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute, aplikatzekoa den arautegian ezarritakoarekin bat.

9.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, aplikatzekoa den arautegian ezarritakoarekin bat.

9.5. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta izangai izendatuak hilabeteko epean jabetu beharko du bere lanpostuaz, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita.

Aipatu epean eta ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baldin badu lanpostuaren jabetza hartzen, Foru Komunitateko Administrazioko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hala bada, deialdiko 8.4 atalean ezarritakoari jarraikiko zaio.

9.6. Izangaiari, funtzionario bilakatu eta lanpostuan batere aritu gabe zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaio jabetza hartzearen egunetik beretik, data hartan beste administrazio publiko batean ari delako, dagokion lanpostu hutsa deialdiko 8,4 atalak agintzen duen bezala beteko da.

10. Aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrenda

10.1. Kontuan harturik Nafarroako Administrazio Publikoan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikulua, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren azaroaren 14ko 146/2005 Foru Agindua (lanpostuak aldi baterako betetzeko kudeaketa arauak onetsi zituen) eta oinarri honexetan ezarritako prozedura, eta horiei jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek prestatuko dira:

a) Probak gainditu bai, baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, bat bera Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomo guztientzat.

b) Hautapen prozesuko azken-aurreko ariketa gainditu bai, eta probak gainditu arren lanposturik lortu ez duten izangaiak ez direnen zerrenda, Administrazio Erroan aldi baterako kontratatzeko.

10.2. Epaimahaiak espedientea igorririk, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, hautapen prozesua gaindituta ere lanposturik gabe gelditu diren izangaiei eta deialdian ezarritako azkenaurreko ariketa gainditu dutenei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, ondoko dokumentazio hau aurkezteko:

-Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, titulua lortzeko eskubideak pagatu direla frogatzen duen gordekinarena edo sarrera prozedurarako eskabideak aurkezteko epean titulua eskuratzeko moduan dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta langileen zerrendak Nafarroako Gobernuko iragarki oholean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

Eskatzen diren agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenak (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontratuetarako izangaien zerrendan, eta deialdian parte hartzeagatik izan litzaketen eskubide guztiak galduko dituzte; betiere, parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

10.3. Sarrera prozedurako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta orobat, hautaprobek egin bitarte eta kontratazioaldiak iraun bitarte.

10.4. Dokumentazioa aurkezteko epea bukatuta, Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak onetsiko dira, eta Nafarroako Gobernuaren iragarki oholean argitaratuko (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña).

10.5. Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren ordena: oposizioa gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioen batura. Berdinketa dagoenean, nor nagusitzen den erabakitzeko, deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak hartuko dira kontuan.

11. Errekurtsoak.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdiaren, oinarrien eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluarekin bat, eta urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2009ko martxoaren 23an.-Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia, Gregorio Eguílaz Gogorza.

I. ERANSKINA

Eskabidea

Nafarroako Gobernua. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentua, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia

Izen-deiturak:

................ , adinez nagusia, ....... zk.ko Nortasun Agiri Nazionalaren (edo nortasun agiri baliokidearen) jabe, ....... (e)ko .........aren .....(e)an jaioa,

Jaioterria: (................................................),

Nazionalitatea

Helbidea: (.....................................)

kalea

Posta kodea: ............. Telefonoa: ..................

Lantokiko telefonoa: ........................

AZALTZEN DUT:

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzuko .............. izateko .....lanpostu ....................bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dudala, behean aipatzen den txandan (deialdia ...... Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ...............(e)an).

  • Txanda irekia
  • Igoera txanda*
  • Ezgaitasunen bat dutenendako txanda*

Hautapen probak gainditzen ez baditut, lanpostuak behin-behinekoz betetzeko aukeraz baliatu nahi dudala, esparru hauetakoren batean:

  • Administrazio erroa *
  • Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.
  • Nafarroako Mendekotasun Agentzia*

(Esparruetako bakar bat aukeratu daiteke)

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplinako espediente bidez ezein administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den tituluaren jabe naizela.

Azterketa eskubideak deialdian ezarritako moduan ordaindu ditudala, eta horren gordekina erantsi dudala edo erantsitako agirien bidez frogatzen dudala tasa ordaintzetik salbuetsita nagoela.

Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean beharkizun guztiak betetzen ditudala.

  • Ezgaitasuna dudala eta, horrenbestez, orri bereizi batean adierazten ditudan denbora eta baliabide egokitzapenak eskatzen ditudala.
  • Ezgaitasuna frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.
  • Euskararen gaitasunaren agiria edo ofizialki baliokidea den beste titulu bat aurkezten dudala*
  • Euskara maila jakiteko proba egitea eskatzen dudala*
  • Frantseseko eta ingeleseko nahikotasun probak egitea eskatzen dudala.*

Horrenbestez,

Eskabide hau ontzat har dezatela eta aipatu deialdian onar nazatela eskatzen dut.

Iruñean, ........(e)ko ............................aren .................(e)(a)n.

(Sinadura)

Bidezko denean bakarrik.

OHARRA.-Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, jakinarazten da agiri honetan ageri diren datuak eta administrazioarekin etorkizunean izan daitekeen zerbitzu harremana kudeatzeko beharrezkoak diren gainerako guztiak datuen fitxategi automatizatu batean sartuko direla. Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia da fitxategi horren erantzulea, eta datuen konfidentzialtasuna bermatzen du. Datuen titularrari jakinarazten zaio datu pertsonalen tratamendua eskuratu, zuzendu, ezabatu eta haren aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahal duela, datuak babesteko indarra duen araudiarekin bat.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

Lehen zatia.

Legeria.

1.-Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Funtsezko eskubideak eta eginbeharrak. Estatuko aginteak. Koroa. Gorte Nagusiak. Diputatuen Kongresua eta Senatua. Osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere Judiziala: osaera, Konstituzioaren arabera. Auzitegi Konstituzionala: osaera, antolakuntza eta eskumenak.

2.-Europar Batasunaren antolamendua. Parlamentua. Europako Kontseilua. Europako Batzordea. Kontseilua (ministroena). Justizia Auzitegia. Beste erakunde batzuk.

3.-Zuzenbide Publikoaren iturburuak: legeak eta lege motak. Lege dekretuak. Legegintzako foru dekretua. Nazioarteko itunak.

4.-Zuzenbide Administratiboaren iturburuak: erregelamendua eta erregelamendu ahalmena. Erregelamendu motak. Erregelamendu ahalmenaren mugak eta haren kontrola.

5.-Administrazio egintza (I): kontzeptua, motak eta osagaiak.

6.-Administrazio egintza (II): administrazio egintzen baldintzak, eraginkortasuna, deuseztasuna eta deuseztagarritasuna.

7.-Administrazio prozedura erkidea (I): kontzeptua eta izaera. Hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera.

8.-Administrazio prozedura erkidea (II): Administrazio errekurtsoak: printzipio orokorrak eta motak.

9.-Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolakuntza eta eginkizunak.

10.-Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko 14/2004 Foru Legea.

11.-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko 15/2004 Foru Legea.

12.-Nafarroako Comptos Ganbera: haren izaeraren azterketa laburra, eginkizunak, antolamendua eta funtzionamendua.

13.-Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa. Arartekoaren Estatutua. Eginkizunak, antolakuntza eta eginkizunak.

14.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (I): langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario bilakatu eta funtzionario izatetik gelditzea.

15.-Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua (II): Administrazioko karrera. Egoera administratiboak. Lanpostuak betetzea. Ordainsariak.

16.-Nafarroako Ogasun Publikoa: Nafarroako Ogasun Publikoaren eskubide eta betebeharrak. Nafarroako aurrekontu orokorrak: edukia eta onespena; gastuen sailkapen ekonomikoa; betearaztea eta likidazioa. 13/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzkoa.

17.-Nafarroako Administrazio Publikoen kontratuak: araubide juridikoa. Administrazio kontratu ohikoenak: kontzeptua eta motak. Kontratuak esleitu, hobetu, sinatu, bete, aldatu eta iraungitzeko arau orokorrak. Ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea, kontratu publikoei buruzkoa.

18.-Hornidura eta laguntza kontratuak egiteko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak dituen eskumenen araubidea.

19.-Euskararen Foru Legea eta haren erregelamenduak. Euskarak Nafarroako administrazio publikoetan duen erabilera.

20.-27/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko entitate instrumentalentzako mandatuak arautzen dituena.

21.-11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzekoa.

22.-Datu pertsonalen babesa. Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Datuak babestearen printzipioak. Pertsonen eskubideak. Titulartasun publikoko fitxategiak. Administrazio publikoen arau-hausteak.

23.-Datu pertsonalen babesa. Datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun neurriei buruko erregelamendua. xedapen orokorrak. Segurtasun neurrien mailak. Arau-hausteak eta zehapenak.

24.-6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: xedapen orokorrak, antolamendua eta funtzionamendua.

25.-117/2007 Foru Dekretua, irailaren 3koa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena. (2007ko irailaren 14ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua).

Bigarren zatia.

Informatika, estatistika, psikologia, prestakuntza eta kalitatea.

1.-Funtsezko kontzeptuak oinarrizko informatikaz: hardwarea, softwarea eta sistema eragileak. Funtsezko kontzeptuak Internetez eta posta elektronikoaz.

2.-Ordenagailu pertsonal baten egitura eta osagaiak. Pantaila. CPU. Teklatua. Inprimagailua. Eskanerra. Beste periferiko batzuk.

3.-Funtsezko kontzeptuak Windows XPz. Mahaigaina eta bere elementuak; programen administratzailea; Windows esploradorea; kontrol-panela, inprimagailuak; "hasi" botoia; "hasi" karpeta; tresna-barra; "exekutatu" komandoa; laguntza; sarean lan egitea; erabiltzaile kontuak.

4.-Testu-prozesadoreak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Word XP: lan esparrua; idatzi eta editatzea; testu formatua; orria diseinatu eta konposatzea; estiloak; xantiloiak; tresnak; taulak; artxiboak administratzea; korrespondentzia konbinatzea; eremuekin lan egitea; inprimatzea; makroak (oinarrizko maila).

5.-Kalkulu orriak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Excel XP: funtsezko kontzeptuak; laneko liburuak; orriak; gelatxoak; gelatxoak eta komandoak hautatzea; datuak sartzea; formulak eta loturak sortzea; funtzioak erabiltzea; kalkulu-orri bat editatzea; formatuak; grafikoak; inprimatzea; makroak.

6.-Datu baseak: oinarrizko kontzeptuak. Microsoft Access XP: oinarriak; taulak; kontsultak; inprimakiak; txostenak; inprimakiak; makroak.

7. -Microsoft PowerPoint XP: oinarrizko kontzeptuak.

8.-Informazioaren segurtasuna: segurtasun kopietarako gailu eta euskarriak eta informazioko azken artxiboa.

9.-Sarbide segururako elementuak: segurtasuna posta elektronikoan, ziurtagiri eta sinadura elektronikoak, datu-kodeketa (oinarrizko maila).

10.-Birusak eta programa maltzurrak, orokorrean. Kontzeptu orokorrak. Aurrea hartzea (oinarrizko maila).

11.-Dokumentuen kudeaketa. Dokumentu artxiboaren egitura. Dokumentuak hartzea. Dokumentuak banatzea. Kontsulta eta inprimatzea. Biltzeko gailuak. Erabiltzaileen ezaugarri eta baimenak.

12.-Programa estatistikoak. Funtzio nagusiak. Datu azterketa. Gaitasun grafikoak.

13.-Dokumentuen kudeaketa. Dokumentu artxiboaren egitura. Dokumentuak hartzea. Dokumentuak banatzea. Kontsulta eta inprimatzea. Biltzeko gailuak. Erabiltzaileen ezaugarri eta baimenak.

14.-Internet sarea: jatorria, bilakaera eta ezaugarriak. Euskarriko sareak. Zerbitzuen hornitzaileak. Internet, Intranet eta Extranet: antzekotasunak eta ezberdintasunak.

15.-Outlook 2002: mezularitza eta posta elektronikoa. Funtzio nagusiak. Mezuak sortu eta igortzea. Mezuak irakurri eta antolatzea. Helbideetako libretak. Postako bezeroak.

16.-Outlook 2002: denbora antolatu eta kudeatzeko tresnak: agenda, harremanak, eginkizunen plangintza. Baimenak.

17.-Testak: test motak.

18.-Itemen azterketa: zailtasuna. Bereiztea. Distraigarrien azterketa. Itemen funtzionamendu diferentziala.

19.-Datuen azterketa: kontzeptua, mailak, neurtzeko eskalak.

20.-Testak: testen ezaugarriak. Fidagarritasuna, balioa eta zehaztasuna.

21.-Zentrorako joerarako neurriak: batez bestekoa. Balio zentrala. Moda. Zentrorako joeraren neurrien erabilera.

22.-Aldakortasunaren neurriak: bariantza. Desbiderapen tipikoa. Aldakortasunaren beste neurri batzuk. Aldakortasunaren adierazpen grafikoa.

23.-Banakako puntuazioak: koantilak. Puntuazio tipikoak eta eskala deribatuak.

24.-Antolakuntzaren psikologiaren jarduketa eremuak: psikologoaren eginkizunak antolakuntzan, langileriaren arloan, antolaketaren arloan, marketinaren arloan eta ergonomian.

25.-Teoria eta eredu psikologikoak: estrukturalismoa. Funtzionalismoa. Psikoanalisia. Konduktismoa. Kognistivismoa. Psikologia humanista. Konstruktibismoa.

26.-Oinarrizko prozesu psikologikoak: pertzepzioa, oroimena, pentsamendua, mintzamena, emozioak eta motibazioa.

27.-Langileak hautatzeko prozesua: langileak biltzea. Hautaketa. Lanpostuen azterketa. Pertsona bat lanpostuari nola egokitzen zaion aztertzea. Test psikologikoak hautapen prozesuan. Hautatzeko elkarrizketak. Curriculuma. Txostena.

28.-Gatazka erakunde baten barnean. Arazoak konpontzea eta erabakiak hartzea.

29.-Ezagutzaren kudeaketa eta memoria korporatiboa. "Know how" erakunde batean. Ezagutza versus informazioa.

30.-Prestakuntza eta antolamenduaren aldaketa.

31.-Helduen prestakuntza. Berezitasunak.

32.-Prestakuntza beharren azterketa erakunde batean.

33.-Prestakuntzaren kudeaketa: estrategia didaktikoak: prozedurak, gauzatzeko eskemak. Forma sozialak. Ekiteko formak.

34.-Prestakuntzaren ebaluazioa: printzipioak eta ildo nagusiak.

35.-Prestakuntza ebaluatzeko teknikak. Iritziak eta erabakiak hartzea.

36.-Irakaskuntzako eta ikaskuntzako prozesuak. pertsonarteko osagaiak eta osagai didaktikoak.

37.-Ikerketa metodoak psikologia sozialean: teknika kuantitatiboak eta teknika kualitatiboak.

38.-Inkesta: aukerak eta mugak. Aplikazio esparrua. Inkesta sortaren fidagarritasuna eta balioa.

39.-Ebaluazioaren eta kalitatearen esparrua Nafarroako Administrazio Publikoetan: 21/2005 Foru Legea, politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeari buruzkoa.

40.-Politika publikoak eta zerbitzu publikoen kalitatea ebaluatzeko Foru Batzordea. Osaera. Funtzionamendua. Haren erabakiak.

41.-Politiken eta zerbitzu publikoen kalitatearen ebaluazioaren erregistroa. Xedea eta helburua, zer inskribatu eta nork inskribatu. Erregistroaren ezaugarriak. Inskribatzeko eta gaurkotzeko prozedura.

42.-Ebaluazioaren eta Kalitatearen Agentzia (AEVAL). Eginkizuna. Printzipioak eta helburuak. Arauak.

43.-Prozesuak eta administrazio publikoa: prozesuaren kontzeptua. Prozesuen diseinua. Prozesu motak. Irudi grafikoa eta euskarri dokumentala. Prozeduraren gaineko esku-liburuak.

44._Adierazlearen kontzeptua, ezaugarriak eta motak. Adierazleak kudeatzeko sistemak eta haien aplikazioa.

45.-Eskariaren azterketa eta herritarren poz mailarena. Herritarren nahiak administrazio publikoei dagokienez. Herritarrek zerbitzu publikoei buruz dituzten iritzi eta espektatibak ezagutzeko teknikak. Inkestak eta haien prestaera. Iradokizunak eta erreklamazioak aurkezteko sistemak.

46.-Kalitatearen kontzeptua. Bilakaera historikoa: ikuskapena, kalitatearen kontrola, kalitatearen segurtasuna, kalitate osoa. Kalitate osoa nola kudeatzen den: PDCA zikloa.

47.-Kalitate plana. Kalitate plana. Kalitatea kudeatzeko sistemak.

48.-ISO 9001-2000 kalitate sistema. Kalitatea kudeatzeko sistema: prozesuak, dokumentazioa eta printzipioak. Zuzendaritzaren erantzukizuna.

49.-ISO 9001-2000 kalitate sistema: baliabideen kudeaketa eta produktua egitea. Neurketa, analisia eta hobekuntza.

50.-Bikaintasun ereduen oinarrizko ezaugarriak: Deming, Malcolm Baldrige, EFQM, Fundibeq, CAF.

51.-EVAM eredua.

52.-Kalitate eta Hobekuntzarako tresnak: plangintza estrategikoa. Seis Sigma, Aginte-taula integrala (BSC). Hobetzeko tresnak: ideia ekaitzak, fluxuaren diagrama, bost zergatikoak, antzekotasun diagramak, zergatiko-ondorio diagrama, irudi grafikoak, ekiteko planak, talde lana.

53.-Zerbitzuen gutunak. Definizioa, helburua, edukia eta egitura. Ezartzeko eta segimendua egiteko metodologia.

54.-Politika publikoen ebaluazioa. Helburuak. Ebaluazioaren eginkizunak. Ebaluazioaren tipologiak.

55.-Ebaluazioak eta jarraipena. Ebaluazioaren metodologia. Ebaluatzeko aukera. Ebaluazioaren instituzionalizazioa.

Gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onetsitako arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: F0913414