46. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

329/2009 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Enpresako zuzendari nagusiak emana, "Baztango (Nafarroa) udal mugapeko Elizondoko hirigunean gas naturala banatzeko sarea" izeneko proiektuaren instalazioak eraikitzeko administrazio baimena eman, eta haren onura publikoa onartzen duena.

Tramitazioa egin ondoren, eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak 2006ko irailaren 27an emandako 2362/2006 Ebazpenaren bidez (eskumen horiek Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak bereganatuak ditu), Gas Navarra, S.A.ri administrazio baimena eman zitzaion, Oronoz-Mugairi, Irurita eta Elizondoko hiriguneetan gas natural kanalizatua banatzeko.

Enpresa horrek, 2008ko martxoaren 6an, administrazio baimena eskatu zuen "Elizondoko hirigunean gas naturala banatzeko sarea" izeneko proiektuko instalazioak egiteko, eta instalazioen onura publikoa onartzeko ere eskatu zuen. Proiektuak Baztango udal mugapea ukitzen du.

Proiektua jendaurrean jarri zen, 2008ko apirilaren 4ko Diario de Navarran eta Diario de Noticiasen, 2008ko 49. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 18koan, eta Elizondoko Udaletxeko iragarki oholean argitara emanda. Jendaurreko aldi horretan 8 alegazio jaso dira, eta enpresa eskatzaileak, alegazioei erantzuna emateaz gainera, hasierako proiektuaren osagarri den eranskin proiektu bat prestatu du.

Proiektu hori ere jendaurrean egon da, 2008ko azaroaren 18ko Diario de Navarran eta Diario de Noticiasen, 2008ko 151. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 12koan, eta Elizondoko Udaletxeko iragarki oholean argitaratu ondoren. Jendaurreko aldi horretan 6 alegazio jaso dira eta enpresa eskatzaileak erantzuna eman die.

Instalazioak egiteko proiektuaren oinarrizko datuak honako hauek dira:

MOP 2-5 bareko banaketa sarea MOP 5-16/2-5 erregulazio armairuaren irteeratik aterako da. Armairu hori 498. poligonoko 14. lurzatian ezartzekoa da, Lesaka-Sunbilla-Doneztebe-Bertizarana-Baztan ardatzean (Gas Navarra, S.A.rena). Sareak adar nagusi bat izanen du, dentsitate ertaineko polietilenozkoa UNE 53333-90 arauaren arabera, DN 160 diametrokoa, Elizondoko industrialdean barna igaroko dena. Adar nagusi horretatik beste zenbait adar aterako dira udalerrian barna, 110, 90 eta 63 mm-ko DNekin.

Egin beharreko sarea, guztira, 11.753 ml-koa da. Banaketa sarearen diseinuaren presioa 5 bar-ekoa da, eta tenperatura 15ºC-ekoa, aurreikusitako gehieneko emaria 2.500 Nm³/h-koa, eta gasaren gehieneko abiadura 20 m/seg-koa.

Aurrekontua zazpiehun eta berrogeita lau mila bostehun eta hogeita hamaika euro eta hirurogeita bat zentimokoa da (744.531,61 euro).

Baimena eskatu duen enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 67.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ditu.

Gas Navarra, S.A. enpresak ondasun eta zerbitzuak babesten dituzten erakunde publiko guztiei eskatu dizkie baimena eta baldintzak. Horregatik, enpresa titularrak haiek ezartzen dizkioten baldintzak bete beharko ditu.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Baztango (Nafarroa) udal mugapeko Elizondoko hirigunean gas naturala banatzeko sarea" izeneko proiektua onestea, eta Gas Navarra, S.A. enpresari proiektu horren instalazioak egiteko administrazio baimena ematea.

2. Baimendutako instalazioen onura publikoa adieraztea, nahitaez desjabetzearren eta bide zortasuna ezartzearren.

3. Gas Navarra, S.A. enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

4. Administrazioaren baimena baldintza hauetara egokituko da:

Lehena.-Instalazioetan eta beren muntaketan Gas erregaien banaketari eta erabilerari buruzko erregelamendu teknikoan ezarritakoa beteko da eta, bereziki, ICG-01 jarraibide tekniko osagarriaren 4. eta 5. artikuluetan ezarritakoa. Uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

Bigarrena.-Enpresak Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legearen 74. artikuluan eta bereziki d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez, Gas Navarra, S.A. beharturik dago hornidura ematera eta behar diren hedakuntzak egitera, baimenaren eremu geografikoaren barreneko edozein eskatzailek zerbitzua eskatuz gero.

Hirugarrena.-Administrazio baimenaren titularrak abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuaren 10. artikuluan aipatzen diren eskubideak eta betebeharrak izanen ditu, banatzailea den aldetik. Dekretu horren bidez, gas naturala garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak arautzen dira, bai eta instalazioak baimentzeko prozedurak ere.

Laugarrena.-Baimen honek ez du zerbitzua erabiltzeko eskubide esklusiborik ematen.

Bosgarrena.-Instalazioak eraiki eta gero, Azpiegituren, Instalazioen eta Industria Segurtasunaren Zerbitzuak ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria -eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion elkargo ofizialak ikus-onetsia- kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik (UNE 60311 arauan ezarritako erresistentzia mekanikoaren eta estankotasunaren proben aktak barne), aipatu zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik zuzendaritza nagusi honetara igorriko.

Kontzesioaren xede diren instalazioetan indarreko xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor eta partzial guztien berri eman beharko dio banatzaileak aipatutako zerbitzuari, behar den denborarekin.

Halaber, eta obrak hasi baino lehen, haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du kontzesio-hartzaileak.

Seigarrena.-Urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimena bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Proiektuak aurrera eramaterakoan, zuzendaritza nagusi honek baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarra duten xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

b) Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten instalazioak egitea, edo indarreko erregelamenduak, pertsonen eta gauzen segurtasuna eta horniduraren baldintzak bermatzearren, ezartzen dituen baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak ez betetzea.

5. Ebazpen hau Gas Navarra, S.A.ri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez diola administrazio bideari bukaera ematen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 18an.-Enpresako zuzendari nagusia, Begoña Urien Angulo.

Iragarkiaren kodea: F0910824