46. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

65/2009 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana. Haren bidez Ingurumen ukipenetarako baimena ematen da "El Coscojal" alderdian legarra ateratzeko proiekturako, Lodosako "El Ramal" industrialdean elikagaien industriarako nabe bat eraikitzeko mailegu gisa. Aridos y Canteras, S.L.k sustatua da.

2008ko irailaren 25ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedientea. Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak dokumentazio osagarria eskatu zion sustatzaileari 2008ko urriaren 8an, eta 2009ko otsailaren 9an aurkeztu zuen. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskinean sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Proiektuaren xedea da legarra ateratzea Lodosako 4. poligonoko 668-B lurzatian, "El Coscojal" alderdian. Legarra Mahn Mac Delicatessen industriarako nabe bat eraikitzeko lanetan erabiliko da, Lodosako "El Ramal" industrialdean.

668-B lurzatiaren azalera, guztira, 8.185 m²-koa da. Beste lurzati, bide eta erretenekiko mugetan 5 metroko zerrenda kendu behar denez, azalera ustiagarria, osotara, 6.390 m²-koa da. Guztira 45.000 m³ legar aterako direla kalkulatzen da. Batez besteko potentzia 9 metro ingurukoa izanen da, eta beraz frontea 4 eta 5 metroko bi gunetan banatuta egonen da, haien artean 5 metroko zabalerako berma batekin. Legar-hobia 3 hilabetez erabiliko dira, gutxi gorabehera.

Lehenengo eta behin, landare-lurraren 40 cm-ko geruza bat kenduko da, eta legar-hobiaren perimetroko babes-zerrendan metatuko da. Ondoren, materiala atera, kargatu eta eraman eginen da, lehen aipatutako geometriari jarraituz.

Lehengoratzeko lanetan, finkaren jatorrizko topografia eta nekazaritzako erabilera berreskuratu arte zuloa betetzea eta kendutako landare-lurra berriro jartzea aurreikusten da.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 33. artikulua eta hurrengoak betez, espedientean Ingurumen ukipenen azterlana sartu da, eta bertan biltzen da proiektuaren eta ukitutako ingurunearen deskribapena, bai eta ingurumen integraziorako aurreikusi diren kontrol, zuzenketa, lehengoratze eta jarraipen neurrien zerrenda ere.

2009ko urtarrilaren 9an, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aldeko txostena eman zuen. Proiektuak Lodosako Udalak emandako aldeko txostena du; txosten hori 2008ko azaroaren 5ean sartu zen Nafarroako Gobernuko erregistroan.

Aipatutako 4/2005 Foru Legearen 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimendu ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Osoa eta nahikoa den espedientean dauden txostenak ikusita eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea, zenbait baldintzarekin, "El Coscojal" alderdian legarra ateratzeko proiekturako, Lodosako "El Ramal" industrialdean elikagaien industriarako nabe bat eraikitzeko mailegu gisa. Aridos y Canteras, S.L.k sustatua da.

2. Baimena izateko, proiektuak jaso diren neurri zuzentzaileak bete beharko dira, bai eta baldintza hauek ere:

-Gehienez ere 45.000 m³ aterako dira, Lodosako 4. poligonoko 668-B lurzatian, hiru hilabetez. Kota, gehienez ere, 9 metro jaitsiko da, 4 eta 5 metroko bi gunetan, erdian 5 metroko zabalerako berma batekin. Era berean, 5 m-ko zerrenda gordeko da finka mugakideekin.

-Legar-hobia lehengoratzeko, sortutako zuloa betetzeko hondeaketa-lurrak baizik ez dira erabiliko, geruzako landare-lurra berriz jarri eta lurra birprofilatuko da, ondoko lurzatiak ukitzen dituen aldea ahalik leunena uzteko. Lurzatia legarra atera ahala lehengoratuko da, pausoz pauso, bi lanak batera egiteko adina azalera huts dagoenean.

-Lurrak mugitzen hasi baino lehen, landare-lurraren geruza bat kenduko da, 40 zentimetrokoa. Gorde eta lurzatia lehengoratzeko erabiliko da, nekazaritzako erabilera mantentzeko.

-Legar-hobiaren ustialdian biltzen diren legarrak, landare-lurra edo lur elkorrak proiektuaren xede den 668-B lurzatiaren barruan jarriko dira.

-Lurzatiaren barruan legarra ateratzeko eremu bat dago, lehengoratu gabe abandonatu zena. Eremu hori ere lehengoratu beharko da, eta lurzatiaren azalera osoa berreskuratu.

-Pasada del Coscojal izeneko abelbidearen mugak jarrita daude inguru horretan, eta bat datoz 4. poligonoko 534. lurzatiarekin, ustiapenaren xedea den lurzatiaren ondokoarekin alegia. Lanek ez dute ukitzen lurzati hori eta bertan ez da pilatuko legarrik edo lurrik. Legar-hobiaren babeserako zerrenda perimetralean ez da materialik pilatuko 534. lurzatia ukitzen duen tokietan. Legar-hobirako sarbidea 533. lurzatia 668-B lurzatiraino gurutzatzen duen bidean eginen da, ezertarako erabili gabe abelbideari dagokion 534. lurzatia.

-Ondare Arkeologikoaren prebentzio eta babes neurri hauek beteko dira, Vianako Printzea Erakundeko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2008ko irailaren 30ean emandako txostenean eskatuak baitira:

-Legarren maila geologikoetara heldu arte landare-lurra, laborantza lurra edo azalekoa kentzeko fasean jarraipen arkeologikoa egonen da. Horretarako, lanak behar bezala kontrolatzeko behar diren arkeologiako teknikariak egonen dira obran berean, landare lurra mugitzen den bitartean. Azaleko lurra, betiere, aztarna edo maila arkeologikoak agertu arte kenduko da.

-Lanaren hasierako fase horretan zehar azalean identifikatu ez diren egitura edo aztarna arkeologikoak agerian geratuz gero, mugatu eta balizatu eginen dira kontrolik gabeko kalterik jasan ez dezaten. Aurkikuntza arkeologikoen berri emanen zaio berehala Ondare Arkeologikoaren Bulegoari, behar diren neurri zuzentzaileak hartu ahal izateko, alegia, ukitutako eremuetan lanak geldiarazi eta indusketa sistematikoa egiteko. Aurkikuntza horien azken xedea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen berariazkoaren menpe egonen da; horrexek finkatuko du lanak nola eta zer baldintzarekin eginen diren, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 20ko 14/2005 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

-Neurri horiek guztiak arkeologo batek edo sektoreko enpresa espezializatu batek eginen ditu, proiektuko sustatzailearen kargura, legeak hala aginduta. Horien arduradunak Kultura Zuzendaritza Nagusiaren baimen administratiboa beharko du, urriaren 3ko 218/1996 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, horrexek arautzen baititu Nafarroako Foru Komunitatean egin beharreko prospekzio eta indusketa arkeologikoak. Ikuskapen lanak Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari atxikitako Ondare Arkeologikoaren Bulegoari dagozkio, eta horretarako obraren sustatzaileak idatziz jakinarazi beharko du, nahitaez eta behar den denboraz, lanen hasiera.

3. Proiektuaren Ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 20.164 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Legearen 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Basozaintzari Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Lodosako Udalari eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko otsailaren 20an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0910677