46. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 17a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

65/2009 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Garraioko zuzendari nagusiak emana, erabiltzaile guztientzako errepideko hiriarteko bidaiari-garraioa 2008. urtean finantzatzeko Nafarroako udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdia onesten duena.

Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak txosten bat aurkeztu du, non adierazi baitu 1992az geroztik bidaiari-garraioari laguntzeko kontu-sailak izan direla Nafarroako Aurrekontu Orokorretan. Kontu-sail horren bilakaera azterturik, beharrezkoa da aldaketak egitea aurreko urteetako diru-laguntza deialdian. Hortaz, diruz lagunduko diren zerbitzuek bete beharreko baldintzak erantsi dira, garraioen arloan indarra duen araudiari jarraikiz.

Diru-laguntza horien onuradun izan daitezkeen udal eta kontzejuei 2008. urtean zehar egin diren hiriarteko bidaiari-garraio kolektiboen zerbitzuak diruz laguntzeko 70.000 euro ematea proposatzen du.

Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa arautzen duen abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraioa 2008. urtean finantzatzeko Nafarroako udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdia onestea. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinean daude.

2. 70.000 euroko gastua onestea, 2009. urteko Gastuen Aurrekontuko "Bidaiarien garraio zerbitzuei eusteko laguntzak" izeneko 630001/62310/4701/441100 kontu-sailaren kargura. Espedientearen zenbakia: RCSA 1457.

3. Ebazpen honen berri ematea Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2009ko otsailaren 18an.-Garraioko zuzendari nagusia, Susana Labiano Bastero.

ERANSKINA

Erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraioa 2008. urtean finantzatzeko Nafarroako udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen deialdiaren oinarriak:

Lehenbizikoa.-Xedea.

1. Deialdi honen xedea da erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraioa finantzatzen laguntzeko Nafarroako udal eta kontzejuei emanen zaizkien diru-laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea, hain zuzen, 2008. urtean, erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio erregularrik ez duten biziguneetara iristeko helburua duten zerbitzuak egiten dituztenentzat eta bidaien kopurua handitu edo lehendik dauden kontzesioekin lotura ezartzeko asmoa dutenentzat. Izan ere, pentsatzen da bidaiari-garraio publikoko zerbitzuaren eskaintza handiagoa dutela eta erabiltzaileei mugitu beharra betetzen laguntzen dietela.

2. Deialdi honetatik bazter geldituko dira hiriarteko bidaiari-garraio kolektiboaren zerbitzuak finantzatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuarekin hitzarmen edo akordioak sinatuak dituzten udal eta kontzejuak.

Bazterturik geldituko dira, halaber, edonolako erakunde publikoren diru-laguntzari esker osorik nahiz zati batean finantzaturik dauden garraio zerbitzuak eta, orobat, gazteentzako gaueko garraioak, "Joan-etorri" izenekoak, alegia.

Bigarrena.-Onuradunak.

Diru-laguntza jasotzen ahalko dute erabiltzaile guztientzako hiriarteko bidaiari-garraioen zerbitzuak beren aurrekontuen kargura antolatzen dituzten udal edo kontzejuek, deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen badituzte.

Hirugarrena.-Zerbitzuaren betebeharrak.

1. Diru-laguntza jaso ahal izateko, udalek edo kontzejuek antolatzen dituzten garraio zerbitzuek, deialdi honen arabera, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Hiriarteko bidaiari-garraio publikoko zerbitzuak izatea (autobusa edo taxia), erabiltzaileen eskari orokorrari erantzuteko; edozein interesdunek erabiltzen ahalko ditu. Erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publikoaren kontzesioa bat baldin badator kontratatzen diren zerbitzuekin, horiek kontzesioaren zerbitzua bera hobetzeko izan beharko dute.

b) Garraioko Zuzendaritza Nagusiari aldez aurretik jakinarazi izana diru-laguntzaren xede diren zerbitzuak eginak dituela.

c) Aurrez finkatuta izatea egutegia, ordutegia eta geralekuak.

d) Zerbitzua erabiltzaileari kobratzea.

2. Joan-etorriko zerbitzu bat bakarrik lagunduko da diruz eguneko, non eta salbuespenez eta arrazoi sendoko arrazoiak medio joan-etorriko bi zerbitzu laguntzen ez diren.

Laugarrena.-Laguntzen zenbatekoa.

Deialdi honen babesean ematen diren diru-laguntzak finantzatzeko 70.000 euro erabiliko dira, 2009. urteko Gastuen Aurrekontuko "Bidaiarien garraio zerbitzuei eusteko laguntzak" izeneko 630001/62310/4701/441100 kontu-sailaren kargura.

Seigarren oinarrian xedaturikoarekin bat, toki entitateentzako diru-laguntzen zenbatekoak, guztira, horiek pagatzeko kontu-sailaren zenbatekoa (70.000 euro) gaindituz gero, kopuru hori entitate bakoitzari dagozkion diru-laguntzen artean hainbanatuko da.

Nolanahi dela ere, diru-laguntzaren zenbatekoa guztira 70.000 eurotik gorakoa bada, kopuru hori handitzen ahalko da, baldin eta bestelako baliabide batzuk baldin badaude, hasiera batean beste diru-laguntza batzuetarako bereiziak, eta Administrazioak erabakitzen badu diru hori deialdi honetan araututako diru-laguntzetarako erabili behar dela.

Bosgarrena.-Eskaerak eta agiriak.

1. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen bulegoan (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3, behea, Iruña) aurkeztu beharko dira, edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian adierazitako erregistro edo bulegoetan. Postetxeetean aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerei honako dokumentazio hau erantsiko zaie:

a) Eskaeraren xede diren garraio zerbitzuen esleipen-hartzailearekin izenpeturiko itun, hitzarmen edo kontratuak.

b) 2008an egindako zerbitzuaren aurrekontua, egiazko kostu eta sarrerak justifikatuta, garraio zerbitzua egin duten enpresei ordaindutakoen frogagiriak, zerbitzua eman duten enpresek luzatutako fakturak (bidaia kopuruak adierazita) eta, orobat, zerbitzua benetan eman dela frogatzen duten ibilbide-orriak edo bestelako frogagiriak. Deklaratu eta frogatuko da, halaber, zenbat erabiltzaile eraman den eta zenbat diru jaso den zerbitzuan.

c) Zerbitzuaren baldintzen deskribapena: egutegia, ordutegia, geralekuak eta tarifa.

d) Egiten den zerbitzuaren interesa justifikatzen duen memoria, erabiltzen diren baliabideak espresuki adierazita.

Agiriek jatorrizkoak edo notario nahiz administrazio bidez kautotutako kopiak izan beharko dute.

3. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesdunari hamar eguneko epean zuzen dezala eskatuko zaio, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

Nolanahi ere, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezkoak dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari.

Seigarrena.-Eskaerak baloratzeko irizpideak eta diru-laguntzen zenbatekoa:

1. Laguntzak emateko eta haien kopurua zehazteko honako irizpide eta balorazio hauek hartuko dira kontuan:

a) Biztanle kopurua:

5etik 10 puntura bitartean baloratuko da. 10 puntu emanen dira herriak 1.000 bizilagun baino gutxiago baditu eta 5 puntu 2.000 bizilagun baino gehiago baditu. Bitarteko bizilagun kopurua duten herrietan puntuak hainbanatuko dira.

b) Proposatutako zerbitzuak herritarrek egin beharreko joan-etorrietarako zenbateraino diren egokiak, eta zerbitzua emateko baliabideak berdin, izan dezaketen erabilerarako.

10 puntu emanen dira eskainitako postuen %25 gainditzen badu zerbitzuak, eta 5 puntu %10 gainditzen ez badu. Bitarteko okupazioa hainbanatuko da. Eskaintzak eskariaren %50 gainditu ezik, 5 puntu emanen dira.

c) Garraio publikorik ez izatea.

Eskariari erantzuteko garraio publiko erregularrik ez badago, 10 puntu emanen dira, eta egon arren, eskaria hein batean baino asetzen ez badu, 5 puntu.

d) Iruñera edo zerbitzuaren eremuko herritarrek erabiltzen dituzten osasun edo hezkuntza zentroetara, merkatuetara eta abarretara dagoen distantzia.

25 kilometrotik gora; 10 puntu. 15 kilometrotik behera; 5 puntu. Tarteko distantzietarako puntuazioa hainbanatuko da.

2. Diru-laguntza kalkulatzeko zerbitzuaren kostuari honako koefiziente hauek aplikatuko zaizkio: 40 puntu, %100; 20 puntu, %50. Tarteko puntuazioen kasuan, portzentajea hainbanatuko da.

Zazpigarrena.-Ebazpena.

1. Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari eman zaio prozedura antolatu eta izapideak egiteko eskurantza, hala nola aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraikiz eskabideak ebaluatzekoa.

Ebaluazioa egin ondoren, laguntzak emateko proposamena Garraioko zuzendari nagusiari igorriko zaio. Proposamenean adieraziko dira diru-laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituzten onuradunak, bai, halaber, balorazio irizpideen ponderazioa eta bakoitzari eman beharreko diru-kopurua.

2. Garraioko zuzendari nagusiak diru-laguntzak emateko ebazpena emanen du. Ebazpena hiru hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko du, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori espresuki ebazpenik jakinarazi gabe iraganik, interesdunek eskabidea ezetsi dela ulertuko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Zortzigarrena.-Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak ez dira bateragarri beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Espainiakoek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Bederatzigarrena.-Diru-laguntzen onuradunen betebeharrak.

1. Onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako betebeharrak izanen dituzte; hauek, bereziki:

a) Diru-laguntza kobratzen dutenek Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak eskatzen dituen egiaztapen eta agiriak onartu eta erraztu beharko dituzte.

b) Toki entitate onuradunek jarduera berbererako beste administrazio edo entitate baten bestelako diru-laguntzarik jasotzen badute, haren berri eman behar diote Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari.

Hamargarrena.-Ez-betetzea.

Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, jasotako zenbatekoak osorik edo hein batean itzuli beharko dira.

Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, arau-hauste eta zehapenei dagokien guztian Diru-laguntzei buruzko ekainaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. eta hurrengo artikuluek xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamaikagarrena.-Emandako diru-laguntzen publizitatea.

Emandako diru-laguntzak eta onuradunen zerrenda Garraio Zuzendaritza Nagusiaren web orrian argitaratuko dira.

Hamabigarrena.-Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta aplikazio egintzen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salara igorria, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iragarkiaren kodea: F0910834