43. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

GOIZUETA

Etxerako egurraren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Goizuetako Udalak, 2008ko abenduaren 30ean ospatutako Udalbilkuran, hasiera batez onetsi zuen etxerako egurraren aprobetxamendua arautzen duen ordenantza.

Ordenantza 2009ko urtarrilaren 23ko, 10 zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udal honetako iragarki oholean argitaratu zen.

Jendaurrean egoteko epea 2009ko otsailaren 27an bukatu denez inolako erreklamazio, kexa eta oharrik aurkeztu gabe; ondorioz, Goizuetako Udalbatzak, 2009ko martxoaren 18ko bilkuran aipatutako ordenantzari behin betiko onarpena eman zion.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 235 artikuloak agintzen duenari jarraituz, behin betikoz onetsitako ordenantzaren testu osoa honakoa da.

Goizuetan, 2009ko martxoaren 18an.-Alkatea, Miguel Jose Lekuona Salaberria.

ETXERAKO EGURRAREN APROBETXAMENDUA
ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Goizuetan etxerako egurraren aprobetxamendua arautzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri ondasunen ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

5. artikulua. Goizuetako Udalaren esku daude herri ondasunen gaineko ahalmenak, xedapenak emateaz, administrazioaz, aprobetxamenduaren araubideaz eta antolamenduaz den bezainbatean, ordenantza honetan azaltzen den gisara.

Herrilurretako ondasunen inguruan Goizuetako Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute uztailaren 2ko 6/1990 Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

-Etxerako egurraren aprobetxamendua.

7. artikulua. Goizuetako Udala herrilurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

8. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduen onuradun izateko, familia-unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte.

a) Adinez nagusi izatea edo adingabe burujabea nahiz judizialki gaitua.

b) Udalaren Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea urtebeteko antzinatasunez.

c) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

d) Aurreko urteetako egur loteei dagokien kuotaren ordainketan egunean egotea.

9. artikulua. Familia-unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, aparteko familia-unitatetzat hartuko da guraso jubilatuek osatzen dutena, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

10. artikulua. Aprobetxamendu-eskabideak udalaren bulegoetan aurkeztuko dira Udalak ezartzen duen epean, eta haiekin batera honako agiriak aurkeztu beharko dia:

a) NANaren fotokopia eta kontu korrontearen zenbakiaren fotokopia, dagokion kuotaren kargua egiteko.

b) Eskabidearen epea hasten den egunetik kontatzen hasita, Goizuetako erroldan gutxienez urtebeteko antzinatasuna egiaztatzen duen agiria.

c) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea egiaztatzen duen agiria, aurreko urteetako etxerako egur loteei dagokien kuota barne.

11. artikulua. 1. Etxerako egurra banatzeko garaian, betiere eskaera adina egur lotea dagoenean, Goizuetako Udalak honako irizpidea erabiliko du: etxerako egur lotea emanen zaie eskaera egin eta horretaz gain ordenantza honetako 8.1. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten guztiei.

Emandako adjudikazioen zerrenda Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da.

11. 2. Jasotako eskaera guztiak asetzeko adina egur ez balego, Goizuetako Udala zuzentasun eta justizia irizpideetan oinarrituko da, eta honako familia-unitateen titularrei emanen die lehentasuna:

a) Familia-unitateko diru-sarrera gutxien dutenak. Irizpideak datu objektiboetan oinarrituko dira, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan esaterako.

11.3. Haizeak bota dituen zuhaitzen kasuan, egurraren aprobetxamendurako 8.1. artikuluak ezarritako baldintzak bete beharko dira, eta honako tramiteak beteko dira:

A.-Udalak zuhaitzak arrazoi naturalen ondorioz erori direla jakiten duen unean, mendizainek markatu eta Goizuetako udaletxean erregistratuko dute, kokapen zehatza adieraziz, ondoren aprobetxamendua egiteko.

B.-Arestian azaldutakoa bete ondoren, egur horren aprobetxamendurako lehentasunak honen arabera ezarriko dira:

B.1. Etxerako egurraren aprobetxamendurako azkeneko kanpainan onuradun izan ez diren eta erreserban gelditu diren eskaerak.

B.2. Udal-erregistroko sarrera-ordenaren arabera, epez kanpoko eskabideak edo etxerako egurraren aprobetxamendurako azkeneko kanpainan egur loterik eskatu ez dutenak, hurrenez hurren.

C.-Arrazoi naturalen ondorioz eroritako zuhaitzetako egurraren aprobetxamenduaren kontzesioak etxerako egurraren aprobetxamendutzat hartuko dira, betiere etxerako egur lotea gisa osatzen bada.

12. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondotik, Goizuetako Udalak egur loteak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei.

13. artikulua. Goizuetako Udalak urtero finkatuko du familia-unitateei adjudikatu beharreko egur loteen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

14. artikulua. Egur loteak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

15. artikulua. Egur loteen aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko saria urtero finkatuko du Udalak, egur lotea zehazteko garaian. Kontuan hartuko dira egur loteak markatzeko gastuak, bideak konpontzekoak, eta lanak sortutako bestelako gastuak, betiere behar bezala justifikatuta eta gastuak egur loteak zuzenean sortuak direnean.

16. artikulua. Egur loteak jasotzeko epea hiru hilabetekoa da, adjudikazioak iragarki-taulan argitaratzen diren egunetik edo, bere kasuan, jakinarazpena egiten den egunetik kontatzen hasita. Udalak epe hori aldatzeko eskubidea izanen du eguraldia dela-eta, egur loteak entregatzeko data dela-eta, edo egokitzat jo litzakeen beste arrazoi batzuk direla-eta. Epe hori igaro ondoren egur loteen ikuskapena eginen da.

17. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek, ezta egur lotea bera ere, ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez kale publikoetan, ez eta traba egin dezaketen lekuetan ere. Betiere Udalak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie.

Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendu honen adjudikazioa ukatuko zaie hurrengo urtea eta hiru urteko epean.

AZKEN XEDAPENAk

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan-aurreikusi ez den orotan, Toki Adminsitrazioko 6/1990 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da, eta honekin bat datozen gainerako arauak, indarra badute.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, testua osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean.

Iragarkiaren kodea: L0912735