43. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BARAÑAIN

Lagunak Udal Zerbitzuaren diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Barañaingo Udalak, 2008ko abenduaren 30ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Lagunak Udal Zerbitzuaren diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei jarraikiz, erabaki hori 2009ko 11. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 26an, baita Barañaingo Udalaren iragarki oholean paratu ere eta espedientea hogeita hamar egunean egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu Foru Legearen 325.1.c) artikuluaren bukaerako aginduen ondorioz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, behar diren ondorioak izan ditzan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 326. artikuluari jarraituz.

Argitara ematen da aipatu agindua betez, eta ohartarazten ezen honako erabaki honen kontra -xedapen administratiboa baita- ezin dela administrazio bidean errekurtsorik aurkeztu (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107.3 artikuluari jarraikiz); hortaz, behin betiko onespen honen aurka ondoko bideren bat erabili ahalko da:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari zuzenean aurkeztuta, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1.998 Legearen 10.1.b) artikuluari jarraituz.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Barañainen, 2009ko martxoaren 5ean.-Alkate udalburua, José Antonio Mendive Rodríguez.

ERANSKINA

Barañaingo Lagunak Udal Zerbitzuaren diru-laguntzak arautzen dituen ordenantza

Zioen azalpena

I

Lagunak Udal Zerbitzuak kirol, kultur eta josteta arloko programak antolatzen ditu aisialdiko jardueren eskariari erantzutearren. Programa horiek kudeatu izan dituzte onginahi hutsez aritu diren boluntario altruistek, kirol atalen eta aisialdiko programen garapenean lagundu baitute, betiere udal zerbitzu honetako abonatuendako.

Gizarteko aldaketek, baina, programa horien kudeaketa bermatzea eskatzen dute eta, horregatik, Lagunak Zerbitzuaren programak garatzeko lana eta laguntza bideratu nahi dira, hain zuzen ere elkarteen bitartez.

Elkarte horiei egiten duten lana aitortu eta baloratu behar zaie eta horregatik, beharrezkoa da Lagunak Udal Zerbitzuan ordenantza bat prestatzea elkarte horien jardueretan parte hartzeko erakunde autonomo honetako aurrekontuetan ezartzen diren diru-laguntzak arautzeko.

Ordenantza hau ezarri da Barañaingo Udalaren diru-laguntzak arautzen dituen ordenantzako irizpide eta jarraibideekin bat, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeko determinazioetan xedatutakoari jarraituz ere.

II

Bertzalde, publikotasuna, tratu berdintasuna eta bat etortzea dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordezkatu beharrez laguntza ekonomikoak ematea eta sustatzea arautzen dituenean.

Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk jartzea, diru-laguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bestetik, udalerriaren aipatu errealitate berriari.

III

Hori dena ikusirik, udal ordenantza honek bere baitan hartu nahi ditu aipatutako esparruetan egiten diren jarduera guztiak, eta aurrerapena dakar Udalaren nahiz Lagunak Udal Zerbitzuaren finantza-sistema hobetzeko eta arrazionalizatzeko bidean; bestalde, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legeak ezarritako printzipioak jasotzen ditu.

Horrenbestez, Administrazioaren jarduera guztietan agintzen duten printzipio nagusietan oinarritzen da ordenantza hau. Printzipio horietako batzuk dira objektibotasuna eta eragimena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3. artikuluan aipatuak; orobat, diru-laguntzak ematearen esparru zehatzari dagokionez, berdintasunaren, publikotasunaren eta kongruentziaren printzipio arestian aipatuak, gardentasunaren eta objektibotasunaren printzipioekin batera.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da irizpideak eta jarraitu beharreko prozedura orokorra finkatzea, Lagunak Udal Zerbitzuak , bere eskumeneko esparruan, eman edo ezartzen dituen diru-laguntzak eskatu, eman, justifikatu eta ordaintzeko. Helburu batzuk zehaztu nahi dira, eta herritar eta entitateei laguntza hauek baldintza berdinetan eskuratu ahal izateko aukera bermatu. Laguntza hauek udal eskumeneko zerbitzu eta jarduerak osatu edo ordezkatzen dituzten zerbitzu eta jardueretarako dira.

Ordenantza hau osatzeko, diru-laguntza bakoitzaren deialdian berariazko arau erregulatzaileak emanen dira; horiek ezin izanen dira etorri ordenantza honen aurka, eta, betiere, elementu hauek arautuko dituzte:

a) Diru-laguntzaren xedea.

b) Onuradunek bete beharreko baldintzak eta horiek frogatzeko bidea.

c) Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

d) Berariazko balorazio baremoa.

e) Eskabideak aurkezteko epea.

f) Batzorde kalifikatzailearen osaera.

g) Diru-laguntza zer xedetarako eman den, onuradunak hura bete duela egiaztatzeko epea eta modua.

h) Interes publikoen aldeko bermeak, halakoak komenigarriak direnean.

2. artikulua. Kontzeptua.

Ordenantza honen ondorioetarako, 'diru-laguntza' da tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordezkatzeko zerbitzuei eta jarduerei emandako zuzeneko edo zeharkako edozein laguntza, ekonomikoki baloratzen ahal dena; Lagunak Udal Zerbitzuak emana da laguntza hori, fondo publikoen kontura.

3. artikulua. Printzipio gidariak.

Laguntzak ematerakoan irizpide hauei jarraituko zaie: publikotasuna, lehia, objektibotasuna, tratu berdintasuna eta bitartekoen eta helburuen kongruentzia.

Aurrekoarekin bat, ez dute baliorik izanen diru-laguntzak emateko eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.

4. artikulua. Salbuespenak.

Ez da publizitaterik beharko eta, beraz, deialdirik eta lizitaziorik gabe zuzenean ematen ahalko dira diru-laguntzak, oinarri hauetako araubide orokorra betetzen bada, honako kasu hauetan:

a) Udalaren aurrekontuan berariaz aurreikusita daudenean.

b) Lege mailako arau batek agintzen badio administrazioari diru-laguntza emateko edo zenbat eman behar duen.

c) Diru-laguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren tramitea betetzea ezinezko bada, gauzatzeko gaitasuna duen onuraduna bakarra delako. Azken kasu horretan, ezinezkotasun hori frogatu egin beharko da, erabat frogatu ere, Lagunak Udal Zerbitzuak emandako txosten teknikoan, delako jarduera edo zerbitzuari buruzkoan.

Artikulu honekin bat ematen diren diru-laguntzak gauzatzeko erabaki edo lankidetza hitzarmenetan, arau erregulatzaileak emanen dira, ordenantza honetako xedapenak kontuan izanik, publikotasunaren eta lehiaren printzipioei lotutako xedapenak izan ezik.

5. artikulua. Laguntzen izaera.

Ordenantza honetako diru-laguntzak finalistak izanen dira; gainera, itzuli behar ez direnak, borondatezkoak eta ebentualak; oinarri hauetan ezarritako arrazoiak direla medio, noiznahi kentzen edo murrizten ahalko dira; hurrengo urteetan beste diru-laguntza batzuk eskuratzeko eskubiderik ez dute sortuko; ez dago eskubiderik, diru-laguntza handitzera edo berrikustera behartzeko; eta ezin izanen dira aurrekaritzat hartu.

II. KAPITULUA

Eskatzaileak eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak

6. artikulua. Eskatzaileak.

Honako pertsona eta entitate hauek eskatu ahal dituzte zerbitzuak eman eta jarduerak egiteko diru-laguntzak:

a) Irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak, Barañainen helbidea izanik kirol, kultur eta josteta zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

b) Pertsona fisikoak, Barañainen helbidea izanik kirol, kultur eta josteta zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

c) Barañainen helbidea ez duten irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak, eta pertsona fisikoak, kirol, kultur eta josteta zerbitzuak eman edo jarduerak egiten dituztenak.

7. artikulua. Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Kultura, aisia, kirolaren arloko jarduerek edo antzeko beste edozein jarduerak jasotzen ahal du diru-laguntza, baldin eta Lagunak zerbitzuaren estatutuetan arautzen diren eskumenei lotutako zerbitzuak osatu edo ordezkatzen badituzte.

Horretarako, beharrezkoa izanen da aldez aurretik deialdi publikoa onestea, ordenantza honetako 4. artikuluan aipatzen diren kontzesio zuzeneko kasuetan izan ezik.

III. KAPITULUA

Eskaera egiteko prozedura

8. artikulua. Hastapena.

Deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan agertzen diren baldintza zehatzez gain, diru-laguntza eskaera egiteko, betiere, jarduera bakoitzeko eskabide bat aurkeztuko da, eskatzaileak sinatua edo, pertsona juridikoen kasuan, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako eskuordetza duenak. Deialdiko oinarri partikularretan aipatzen den dokumentazioa eman beharko da eskabidearekin batera.

Eskabidean azalduko da sinatzaileak noren izenean diharduen. Orobat azalduko dira diru-laguntza jasoko duen jarduera zehatza, lortu nahi den helburua, zabalpen eremua eta non eginen den; halaber, kostua eta eskuratu ahal diren dir-sarrerak.

Deialdiaren oinarri partikularretan zehazten diren agiri eta argibideak aurkeztuko dira eskabidearekin batera.

Eskabidearekin kopia bat aurkeztuko da. Kopia horretan zigilua ezarri eta eskatzailearen frogagiri gisa balioko du.

9. artikulua. Eskaerako hutsak zuzentzea.

Eskabidea edo dokumentazio osagarria okerrak edo osatu gabeak badira, gaiaren ardura duen zerbitzuak interesatuari eskatuko dio zuzentzeko edo falta dena ekartzeko hamar eguneko epean; gainera, adieraziko dio hori egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertu eta espedientea ofizioz artxibatuko dela, beste tramiterik gabe.

10. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea.

Diru-laguntza emateko deialdi bakoitzaren oinarri partikularretan ezarriko da eskabideak aurkezteko epea zein den.

Zuzeneko kontzesioak direlako epe zehatza ez duten diru-laguntzak direnean, eskabideak aurkezteko epea irailaren 30ean bukatuko da, urtero.

IV. KAPITULUA

Diru-laguntzak emateko baldintzak eta aplikazio printzipioak

11. artikulua. Kontzesioaren printzipioak.

Legean xedatzen denari jarraituz emanen dira diru-laguntzak, honako printzipio orokor hauek kontuan izanik:

-Itzuli behar ez direnak, borondatezkoak eta ebentualak izanen dira.

-Arau okorra da ordenantza honen babesean emandako diru-laguntzek, guztira, ez dutela gaindituko jardueraren aurrekontu osoaren %50.

-Dena dela, salbuespen gisa, ikusirik jardueraren izaera, pertsona edo entitate eskatzaileak izan duen ibilbidea eta indarra, eta proposatzen den jarduerak hala Barañaingo udalerrian nola herritik kanpo izan dezakeen oihartzuna, Lagunak Udal Zerbitzuak bidezko juzgatzen badu, diru-laguntzaren zenbatekoa ezarritako %50 horretatik gorakoa izan daiteke, eskatutakoaren mugara iritsi bitarte.

-Ezin izanen da eskatu diru-laguntza handitu edo berrikustea, baina Lagunak Udal Zerbitzuak diru-laguntza osagarri bat eman ahalko du, hori egitea egoki dela irudituz gero.

-Deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan, berariazko balorazio baremoa ezarriko da; alegia, diru-laguntza emateko lehentasunezko irizpideak zehaztuko dira eta horiek baloratuko; betiere honako hauek oinarrizko irizpide izanen dira: jarduerak Udalean duen interes orokorra; antzeko jardueren defizitak; diru-laguntza jaso ezean jarduera egin ezina; jarduera bera egiteko, pertsona edo entitateak jasotako diru-laguntzen zenbatekoa, eta herritarrek programa hauetan era aktiboan parte hartzea.

V. KAPITULUA

Onuradunen betebeharrak

12. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzaren onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren xede den jarduera egitea edo horrek behartzen duen jokabidea izatea.

b) Jarduera egin izana edo hartarako jokabidea hartu izana frogatzea Lagunak Udal Zerbitzuari, baita diru-laguntza lortzeko baldintzak betetzen direla ere.

c) Organo eskudunek, eman edo jaso diren diru-laguntzen inguruan, egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.

d) Lagunak Udal Zerbitzuari jakinaraztea helburu bererako beste diru-laguntza batzuk eskatu edo lortu direla, edozein administrazio edo entitate publikok edo partikularrek emanak.

Lagunak Udal Zerbitzuak emandako diru-laguntza jasoz gero, lagundutako jardueraren agiri eta propaganda idatzi edo grafiko guztietan adieraziko da Lagunak Udal Zerbitzuak diru-laguntza eman duela.

13. artikulua. Eskabideak mugatzea.

Diru-laguntzen deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan zehaztu ahalko da eskatzaile bakoitzak eskaera kopuru mugatua egin dezakeela modalitate bakoitzean; bere ezaugarriekin lotutako beste edozein gorabehera ere ezarri ahalko da.

14. artikulua. Helburua aldatzeko debekua.

Diru-laguntza onarturik, ez da baimenik emanen beste deusetarako erabiltzeko.

15. artikulua. Zerga arloko betebeharrak betetzea.

Diru-laguntza jaso aurretik, onuradunek erakutsi beharko dute Barañaingo Udalarekiko zerga arloko betebehar guztiak bete dituztela.

16. artikulua. Eskaeraren ondorioak.

Jarduera baterako diru-laguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta diru-laguntza emateko oinarriak jakin eta onartzen direla.

17. artikulua. Ez betetzea.

Hartutako diru guztia edo zati bat itzuli beharko da eta dagokion berandutza korritua diru-laguntza ordaindu zenetik aitzina ordaindu, honako kasu hauetan:

a) Diru-laguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea.

b) Diru-laguntza eskuratzea horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiengatik.

c) Jasotako dirua zertan erabili den erakutsi beharra ez betetzea.

d) Batera ezinak diren diru-laguntzak aldi berean jasotzea.

e) Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzea edo ez betetzea.

f) Ordenantza honetan aipatzen diren egiaztapen egintzei trabak jartzea eta horiei men egin beharra ez betetzea.

g) Beste kasu batzuk, berariazko arau edo oinarrietan arautuak.

Organo emaileak hartuko du diru-laguntza itzultzeari buruzko erabakia, aldez aurretik espedientea instruiturik, aplikatzekoa den legeria orokorrarekin bat.

Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira eta horiek kobratzeko, diru-bilketari buruz indarra duen araudian xedatzen dena aplikatuko da.

VI. KAPITULUA

Justifikazioa eta ordainketa

18. artikulua. Hitzarmen baten esparruan.

Hitzarmen baten esparruan ematen denean diru-laguntza, lehenik, klausulek agintzen dutena eginen da justifikatzean eta ordaintzean.

Beste kasu guztietan, arau erregulatzaile hauetan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio; hitzarmenen kasuan, berriz, modu osagarrian aplikatuko dira arau hauek.

19. artikulua. Hitzarmen baten esparrutik kanpo.

Diru-laguntza baten onuradunak justifikatu egin beharko du, laguntza zertarako eman zioten, helburu hura lortzeko erabili duela. Justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztuko ditu:

a) Egindako jardueraren memoria zehatza.

b) Entitateko buruak edo eskatzaile partikularrak sinatutako eskabidea, Lagunak Udal Zerbitzuko buruari zuzendua, diru-laguntzaren ordainketa eskatu beharrez. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adierazi behar da, hartara transferentzia egiteko.

c) Onuradunaren zinpeko aitorpena, justifikatzeko aurkeztu dituen fakturak diru-laguntza izandako jardueran aplikatu direla dioena.

d) Emandako diru-laguntzaren kopuru osora iristen diren fakturak. Fakturek baldintza hauek izanen dituzte:

-Jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izatea.

-Jaulkitzailearen NANa edo IFZa, izena eta helbide soziala edukitzea.

-Fakturaren zenbakia eta jaulkipen eguna; egun hori jarduera garatu den aldikoa izanen da, ezinbestean.

-Jardueraren deskribapena.

e) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio idatzia.

f) Beste entitate publiko nahiz pribatuek emandako diru-laguntzen zerrenda.

Arau hauetan xedatzen ez den orotan, diru-laguntza bakoitzaren deialdiko oinarri partikularretan ezarritakoari jarraikiko zaio.

20. artikulua. Justifikazioa aurkezteko epea.

Aurreko artikuluan aipatzen diren justifikazio agiriak jarduera bukatu ondoko urteko martxoaren 31 baino lehen aurkeztuko dira; deialdiko oinarri partikularretan epe bat finkatzen bada, epe haren barruan.

21. artikulua. Ebazpena.

Batzorde iraunkorrak espedientea aztertuko du eta onesteko eta ordaintzeko proposatuko dio Zuzendaritza Batzordearii. Proposamen hori baino lehen, Lagunak Zerbitzuko zerbitzu teknikoek txostena emanen dute eta gastua fiskalizatu beharko da.

Diru-laguntza onestea eta ordaintzea Lagunak Udal Zerbitzuko Zuzendaritza Batzordearen eskuetan izanen da, gastuak ez baditu, behintzat, haren eskumenen mugak gainditzen.

22. artikulua. Justifikazio agirietako hutsak zuzentzea.

Dokumentazioa aurkeztu eta ikusten bada osatu gabea dela edo akatsak daudela, Lagunak Udal Zerbitzuak hamar egun balioduneko epea emanen du zuzentzeko, eta aldi hori igaro ondoan ez bada egin, jarduketa guztiak artxibatuko dira eta eskatzaileak onuradun izateari utziko dio.

23. artikulua. Diru-laguntza justifikatzen ez denean.

Onuradunak ezin badu behar bezala justifikatu diru-laguntzaren zenbateko osoa, ardura duen zerbitzuak diru-laguntzaren zenbatekoaren murrizketa tramitatuko du, ofizioz; justifikatu beharreko zenbatekotik ongi justifikatutako zenbatekora dagoen tartea murriztuko da.

24. artikulua. Egiaztatzeko jarduketak.

Diru-laguntzak zertarako eman diren, diru-laguntzak helburu horiek lortzeko eta egokiro erabiltzen direla egiaztatu ahalko du, noiznahi, Lagunak Udal Zerbitzuak, egoki iruditzen zaizkion prozedurez baliaturik.

Diru-laguntza ez bada horretarako erabiltzen edo modu desegokian aplikatuz gero, Lagunak Udal Zerbitzuak eskatu ahalko du zenbatekoa itzultzeko, legeak ezarritako prozedurei jarraituz; are onuraduna titular aktiboa eta Administrazioa hartzekoduna deneko kredituez konpentsazioa eginda ere.

Jasotako diru-laguntzen baturak jardueraren kostua gainditzen badu, emandako diru-laguntza murriztu eginen da, proportzionalki.

VII. KAPITULUA

Prozeduraren iraupena eta berariazko ebazpenik ez
ematearen ondorioak

25. artikulua. Ebazpena emateko epea.

Diru-laguntzen ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik aitzina.

Zuzeneko kontzesioa denean, diru-laguntza eskaera aurkeztu eta biharamunean hasiko da epe hori.

26. artikulua. Ebazpena espresuki ematen ez denean.

Aipatu hiruhilabeteko epea iraganik ez bada ebazpena berariaz eman, aurkeztutako eskaerak ezetsi direla esan nahiko du.

27. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

Oinarri hauetan eta deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan zehazten ez den orotan, egungo legedian ezarritakoa beteko da.

AZKEN XEDAPENA

Oinarri hauek indarra izanen dute harik eta organo eskudunak, legeak ezarritako prozedurarekin bat, aldatu edo baliogabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L0911394