43. ALDIZKARIA - 2009ko apirilaren 10a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ANTSOAIN

Udaleko Plan Orokorraren berrikuspena
eta hirigintza lizentziak etenik

Antsoaingo Udalak, 2009ko martxoaren 25ean egin osoko bilkuran, legezko quoruma zuela, honako erabaki hau hartu zuen:

Hamar urte igaro dira Antsoaingo Udal Plan Orokorra behin betikoz onetsi zenetik; izan ere, 1997ko azaroaren 14an onetsi baitzen eta 1998ko otsailaren 2ko 14. :bon.ean argitaratu.

Antsoaingo udal mugapearen hirigintza garapena ia-ia osorik gauzatu da urteotan, eta bizitegietarako eraikuntzak %100ean garatu direnez, gaur egun ez dago jada bizitegietarako lur eraikigarri gehiagorik. Bestalde, bizitegiei, hirugarren sektoreari, merkataritzari eta industriari dagokienez, ongi betetzen ari dira egungo Udal Plan Orokorraren helburu nagusiak.

Hala ere, oso bestelakoa da Antsoain herri zaharreko udal mugapearen egoera. Iruñeko iparraldeko saihesbideak marrazturiko lerroaren iparraldean dagoen eremu horretan ez da inolako mugimendurik egon ez bizitegien ez ekipamenduen sektoreetan. Horrez gain, ez dago eremu horren hirigintza antolamendurako ez inolako planifikazio eredurik ez inolako irizpiderik.

Bestetik ere, Millera udal teknikariak 2008-12-12an egindako txostenean agerian jarri da hausnarketa prozedura bati ekitea komeni dela zertarako eta iparraldeko saihesbideko iparraldean dagoen udal mugako udal plana berrikusteko, hau da, alde zaharrari eta inguruei eta Ezkaba mendiari dagokiena. Ezinbestekoa da hausnarketa prozedura orokor horri orain heltzea: batetik, hamaika urte igaro direlako Antsoaingo Udal Plana behin betikoz onetsi zenetik (1997ko azaroaren 14an onetsi zen-eta), eta osatu egin delako iparraldeko saihesbidearen hegoaldean dagoen udal mugapeko hirigintza garapena.

Horiek horrela, eta ikusirik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 77, 78 eta 79 artikuluek hirigintzako planeamendu orokorren berriskuspenen norainokoari eta prozedurari buruz diotena.

Eta ikusirik, orobat, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Lege horren 69. artikuluak administrazio eskudunari baimena ematen diola lursailak birzatitu, eraiki eta eraisteko lizentzien aldi baterako etena erabakitzeko halako eremu edo erabilera jakin batzuetarako -betiere ukituriko esparruak behar bezala definituz-, etendura hori planak prestatu edo berritu behar ote diren aztertzeko baliatu ahal izateko.

Honako hau erabaki da:

1. Antsoaingo Udal Plana berrikusteko prozedurari ekitea udal mugapearen gune hauek osaturiko eremuan: saihesbidearen eta Ezkabarteko, Berriobeitiko eta Iruñeko udalerrien arteko esparrua, espediente administratibora bildutako planoetako grafikoetan ageri dena, hain zuzen.

2. Lursailak birzatitu, eraiki eta eraisteko lizentziak, eta garatu nahiz gauzatu ahal izateko eraikinak behar dituzten erabilera guztietarako lizentziak aldi baterako etetea erabakitzea (bizitegietarako, industriarako, hirugarren sektorerako eta ekipamenduetarako erabilerak, besteak beste) bai V-4 unitatean bai SD lurzoru urbanizagarriaren sektorean; eta aldi baterako etetea, orobat, lursailak birzatitu, eraiki eta eraisteko lizentziak, baita erabilera klase guztietarako lizentziak ere, egun dauden nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileretarako direnak izan ezik, indarra duen Udal Planean lurzoru urbanizaezin gisa klasifikaturiko esparruan.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitatean hedadura gehien duten bi egunkarietan argitaratzea, eta lursailak birzatitu, eraiki eta eraisteko lizentziak eskatu dituzten interesdun guztiei jakinaraztea, baita planeamendua garatzeko tresnak edo eten diren erabilerak gauzatzeko tresnak sustatu dituzten interesdunei ere; hori guztia Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 69. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 70.3. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, espedientea bi hilabetez egonen da jendaurrean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita; epe horretan, interesdunek eskura izanen dute espedientea Udalaren bulegoetan, egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten.

Antsoainen, 2009ko martxoaren 27an.-Alkatea, Antonio Gila Gila.

Iragarkiaren kodea: L0912736