24. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Aldaketa ordenantzan. Behin betiko onespena

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko Batzar Orokorrak, 2007ko abenduaren 27ko bilkuran, hasiera batean onestea erabaki zuen Hiri hondakin solidoak bildu, tratatu eta aprobetxatu edo desegiteko tasak eta zerbitzu horri lotutako gainerako jarduerak arautzen dituen ordenantza fiskaleko aldaketa.

Onespenaren erabakia 2008ko 35. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, maiatzaren 17an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Zangozan, 2009ko urtarrilaren 15ean.-Mankomunitateko burua, Jesús Esparza Iriarte.

4. ARTIKULUAREN TESTU BERRIA

4. artikulua. Zergapeko egintza.

Ordenantza honen xedeko zerbitzu edo jarduerak eskura izan edo/eta erabiltzeak dakar zergapeko egintza. Zerbitzu eta jarduera horiek ondotik aipatzen dira eta beren tasak sortzen dituzte:

Hiri hondakin solidoak -papera eta kartoia, beira, tamaina handikoak eta pilak barne- bildu, garraiatu eta aprobetxatu edo desegiteko nahitaezko zerbitzua eskura izatea edo erabiltzea, eta ezartzen ahal den beste edozein sailkako bilketa; orobat, edukiontziak garbitzea sartzen da, ondoko jarduera hauen ondorioz sortutako hiri hondakin eta zabor solidoak bildu eta tratatzeari buruzko Legeari jarraituz:

1. Etxekoak.

2. Merkataritzakoak eta zerbitzuetakoak (3. eta 7. atalak izan ezik). Salgaien errepidean barnako garraioa eta autotaxien bidezko garraioa ez dira sartzen, ez baldin badute jarduerari lotutako lokalik Mankomunitatearen eremuan.

3. Janari-dendak.

4. Osasun arlokoak anbulatorioetan eta osasun etxeetan.

5. Industriakoak (hirikotzat har daitezkeenak).

6. Irakaskuntzan aritzen diren establezimendu publiko eta pribatuak, zahar etxeak.

7. Ostatuak, jatetxeak, hotelak, ostatu etxeak, diskotekak, josteta aretoak, elkarte gastronomikoak, kanpinak, igerilekuak eta gisako establezimenduak.

8. Beste tarifetan sartu gabeko erakunde autonomoak eta bulego publikoak, baita elkarte sozialak ere.

9. Edukirik gabe.

10. Industrietakoak, merkataritzakoak edo zerbitzuetakoak, egoera eta ezaugarri bereziengatik hondakin kopuru handia sortzen dutenak.

11. Kasu bereziak: zilegi du mankomunitateak bilketa zerbitzuaz baliatzen diren ondasunen jabeei kobratzea, nahiz aurreko epigrafeetan zuzenean ez sartu. Mankomunitatearen Batzarrak zehatz-mehatz finkatuko ditu kasu horiek, kasu bakoitzari bere tarifa ezarrita.

12. Landa etxeetan ostatu hartzeko zerbitzua.

Tarifa bakoitzean sartutako jardueren zerrenda ez da zehatza, eta beraz, espresuki aipatu gabeko beste jarduera berdintsuak sartzen dira, antzekoak badira.

Mankomunitate honetako udal, kontzeju eta haien erakunde autonomoen higiezinetan artikulu honen 4, 6, 7 eta 8. idatz-zatietako zergapeko egintzetako bat baino gehiago egiten denean, karga handiena duen zergapeko egintza baizik ez da aplikatuko.

Iragarkiaren kodea: L0901457