24. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

7/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Oronozko Zozaia auzoan (Baztan) 13,2 kV-eko TEko aireko linea elektrikoa jartzeko proiekturako (TZrako deribazioa, 250 kVA-koa). Sustatzailea Javier Iturralde Echeverría da.

2008ko ekainaren 19an, goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu zen Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan.

Jarduketa horretan linea elektrikoaren aireko deribazioa egin nahi da, 13,2 kV-ekoa, "Elizondo-Oronoz", Oronozko Zozaia auzoko Zozaierrota alderdian eraiki nahi den industrialde bat hornitzeko.

Aireko linea berriak (13,2 kV) 200 m-ko luzera izanen du gutxi gorabehera, hasiera "Elizondo-Oronoz" aireko linearen 223. euskarrian, eta bukaera Marin errekaren eta Zozaiaranzko NA-1210 errepidearen arteko lurzati batean. Aireko linea berriak, zirkuitu bakunekoak, metalezko 3 dorretxo saretadun izanen ditu, bloke bakarreko zimentazioarekin. Aireko linearen bukaerako euskarrian XS 24 ebakigailuak, autobalbulak eta bukaerako botilak jarriko dira, lurpeko kanalizaziora iristeko etxola aurrefabrikatuan dagoen transformazio zentroraino. TZ hori ez da proiektu honen xede.

Jarduketa Belateko ES-2200018 BILeko lurretan dago, eta BIL horren ipar-ekialdean dauden 0,16 hektarea ukituko ditu; aireko linearen bukaerako euskarria Marin errekatik 6ren bat metrotara jarriko da, eta erreka horren inguruko landaredia Lehentasunezko Intereseko Habitat gisa katalogatuta dago (91EO kodea, ur bazterreko haltzadia). Ohar horietatik ondorioztatzen da aurreneurriak zorroztu egin behar direla katalogatutako habitaten gaineko eragina saihesteko, eta neurri zuzentzaileak hartu behar direla Belateko BILean dauden espezieak ahalik eta gutxien uki daitezen.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean sartuta da. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko araubidean ezarritakoaren pean jartzen dira batera. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Espedientean Baztango Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostenak jaso dira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Oronozko Zozaia auzoan (Baztan) 13,2 kV-eko TEko aireko linea elektrikoa jartzeko proiekturako (TZrako deribazioa, 250 kVA-koa). Sustatzailea Javier Iturralde Echeverría da.

2. Baimena baldintza hauek betetzearen menpe emanen da:

-Marin errekan zeharkako ukipenik izan ez dadin, aireko linearen bukaerako euskarria beste toki batean jarri beharko da, hain zuzen ere erreka horretatik ahalik eta urrutien. Kokaleku horretatik NA-1210 errepideraino arauz utzi beharreko tartea errespetatu beharko da.

-1. euskarria beste toki batera eraman beharko da, ondoko sega belardira, haritz kanduduneko landaredia uki ez dadin.

-Deribazio berriaren elkarguneko euskarrian, Elizondo-Oronoz linearen 223. euskarrian, deribazio berriari lotzeko zubi guztiak isolatu beharko dira, hiru faseetako lotze grapak barne. Isolamendu horretan hegaztiak babesteko material isolatzailea erabili beharko da hirugarren kategoriako linea elektrikoetan.

-Aireko linearen bukaerako euskarrian erabat isolatu beharko dira (ez bakarrik gurutzeten ondoko puntuetan, ingurumen ukipenen azterlanak proposatu bezala) linea eroaleen eta XS 24 ebakigailuen arteko lotuneak eta horien eta autobalbulen eta bukaerako botilen artekoak. Isolamendu horretan hegaztiak babesteko material isolatzaile egokia erabili beharko da hirugarren kategoriako linea elektrikoetan.

-Talka arriskua gutxitzeko aireko linea guztia seinaleztatu beharko da, 1. euskarritik aireko linearen bukaerako euskarriraino. Horretarako, hegaztiak babesteko baliza preformatuak erabiliko dira, gutxienez ere 30 cm-koak. Hiru faseetan jarriko dira, txandaka, eta seinaleen artean kadentzia egonen da, 15 m-ko eroale berean. Horrela, ondoz ondoko bi balizen artean 5 m inguruko distantzia ikusten ahalko da. Ohitura ilunabartarreko eta gaueko hegaztien talka arriskua murrizteko jarritako balizak material lumineszentea beharko dute izan.

-Linearen seinalizazioa hari eroaleak ezarri eta tenkatu eta berehala eginen da; hariak jarrita balizamendua gehienez ere 5 eguneko epean eginen da.

-Obra amaitzean, eremua ongi garbituko da. Hondakin eta berrerabil ezin daitezkeen soberakin guztiak hondakindegi baimendu batera eramanen dira. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, jarraian adierazten diren baldintzekin. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

-Egin nahi den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetan.

4. Obrei hasiera eman aurretik 5.000 euroko fidantza jarri beharko da, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Legearen 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

7. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Baztango Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 13an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0900690