24. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

6/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 13koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Eugiko landa etxe batzuen hornidurarako 13,2 kV-eko TEko aireko linea elektrikoa jartzeko proiekturako, Esteribarko udal mugapean (Nafarroa). Sustatzailea Koldo Betelu Vildarraz jauna da.

2008ko azaroaren 5ean Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Proiektuaren xedea da Eugiko 34. poligonoko 46. lurzatian diren landa etxeak energia elektrikoz hornitzea. Proiektuaren helburua da "Zubiri-Eugi" 13,2 kV-eko linearen 04/05 euskarritik 20 m inguruko aireko deribazioa eraikitzea 50 kVA-ko kanpoko transformazio zentro berriarekin lotzeko. Bertatik aterako den aireko linea 450 m inguru izanen ditu eta behe tentsiokoa eta kable lehor txirikordatukoa izanen da. Behe tentsioko linea elektrikoaren azken 100 m-ak lur azpiko hargunean eginen dira Juanmatis Borda landa etxeraino.

Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean sartuta da. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko araubidean ezarritakoaren pean jartzen dira batera. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Espedientean Esteribarko Udalaren eta Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuaren aldeko txostenak egeri dira.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Koldo Betelu Vildarraz jaunari Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Eugiko landa etxe batzuen hornidurarako 13,2 kV-eko TEko aireko linea elektrikoa jartzeko proiekturako, Esteribarko udal mugapean (Nafarroa).

2. Baimena baldintza hauek betetzearen menpe emanen da:

-"Zubiri-Luzaide" linea nagusiko 04/05 euskarrian elektrokuzio arriskua murrizteko zubi esekiak eta hiru faseetako ebakigailuen loturak erabat isolatuko dira

-Kanpoko transformazio zentroaren euskarrian elektrokuzio arriskua murrizteko autobalbulak eta bukaerako botilak eskegita jarri beharko dira edo, horrelakorik ezean, aurremoldatutako BCAC ("Bushing connection animal cover") estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.

-Obra amaitzean, eremua sakonki garbituko da. Hondakin eta berrerabil ezin daitezkeen soberakin guztiak hondakindegi baimendu batera eramanen dira. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, jarraian adierazten diren baldintzekin. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

-Esteribarko Udalak proposatutako jarduera energia elektrikoaren hornidurari buruz ezarritako baldintzei egokitzen den zainduko du.

4. Obrei hasiera eman aurretik 5.000 euroko fidantza jarri beharko da, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko, abenduaren 28ko 93/2006 Foru Legearen 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanak iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Ingurumen ukipenetarako baimenaren ondorioetarako.

7. Ebazpen hau igortzea Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari, Esteribarko Udalari eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 13an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0900685