24. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

2/2009 FORU AGINDUA, urtarrilaren 8koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuaren eta Akitaniako Eskualdeko Kontseiluaren arteko mugaz gaindiko lankidetza hitzarmenean ezarririko Lankidetza Funtsaren kargura diren laguntzetarako dei egiten duena.

2000ko uztailaren 9an Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko eta Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariek mugaz gaindiko Lankidetzarako Hitzarmen bat izenpetu zuten.

Hitzarmen horretako 2. artikuluan Lankidetza Funtsa da aipagai, bi eskualdeetarako interesgarritzat jotzen diren proiektuak finantzatzeko.

Hitzarmena garatzeko "Akitaniaren eta Nafarroaren arteko mugaz gaindiko lankidetzarako hitzarmena" izeneko 123003-13100-4709-145100 kontu-saila sortu da 2009rako gastu aurrekontuan. 240.000 euro ditu.

Hori horrela, Europako Ekintzaren Zerbitzuak proposaturik,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea

Deialdi honen xedea Nafarroako Gobernuak laguntzak emateko araubide bat ezartzea da; hain zuzen ere, Nafarroako Foru Komunitateko entitate edo pertsona fisiko eta juridikoek, publiko zein pribatu, Akitaniako Eskualdeko entitate edo pertsona fisiko edo juridikoekin, publiko zein pribatu, mugaz gaindi egiten dituzten lankidetza proiektuetarako (ID 1403).

2. artikulua. Eskatzaileak.

1. Laguntzak eskuratu nahi izanez gero, eskatzaileek -pertsona fisiko nahiz juridiko, publiko nahiz pribatu- baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pertsona juridikoak izanez gero, helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatean izatea, eta pertsona fisikoak izanez gero, foru eskualdean bizitzea. Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren babesean eratu elkarteek, helbide soziala Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo badute ere, deialdi honen xedeko laguntzen onuradun izan daitezke baldin eta, estatutuetan onarturik, delegaziorik badute Nafarroan.

b) Proiektuko partaide bat aurkeztea, helbidea Akitaniako eskualdean duena.

c) Zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak kitatuak izatea.

2. Eskatzaile bat baino gehiagok proiektu bakar bat aurkeztuz gero, hau eskatuko da:

a) Bakoitzak proiektuan duen partaidetza zehaztea, bai eta bere jarduerari dagokion aurrekontua ere.

b) Titularkideek partaide-hitzarmen batean beren arteko bat izendatu beharko dute proiektuaren ordezkari izateko administrazioen aurrean eta bertan jasoko dute izendatuaren konpromisoa, jasotzen dituen funtsak partaideen artean banatzekoa.

3. artikulua. Laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1. Proiektu bakoitzaren gutxieneko aurrekontua 6.000 eurokoa izanen da.

2. Kofinantzazioa lortu ahal izateko, aurkezten diren lankidetza proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ekintzak 2009. urtean eta honako arlo edo ardatz hauetako baten edo batzuen inguruan garatzea:

-Bat. Goi mailako irakaskuntza, ikerketa eta teknologia zentroak: ikerketa aplikatua eta teknologien transferentzia, bekadun eta ikertzaileen trukaketak eta bi eskualdeetan diplomadunak izanen direnak prestatzea.

-Bi. Ekintza ekonomikoa-errikuntza teknologikoa teknologia berrietan inbertitzea (IKTB barne: informazio eta komunikazio teknologia berriak), esportaziorako batasunenk sorrera bultzatzea, industria-produktu berriak ekoiztea, industriaren arloan elkarlanean aritzea eta turismoaren ekonomia garatzea.

-Hiru. Garapen iraunkorra eta azpiegiturak: azpiegiturak dinamizatu, sortu eta hobetzea, ingurumena elkarrekin kudeatzen eta gizartea elkarganatzen laguntzea.

b) Alde bitakoak izan eta eskualde bakoitzean lankide bat edo gehiago biltzea eskualde bakoitzean.

c) Gastuak aukeratzeko epea 2009ko urtarrilaren 1etik abenduaren 15era bitartekoa da.

3. Proiektuek deialdian zehaztutako epealdia baino gehiago iraunez gero, deialdi honetako diru-laguntza jasotzen badute ere, Nafarroako Gobernua ez da behartua egonen hurrengo urteetan laguntzarik ematera. Hala bada, hurrengo urteetan beste eskaera bana aurkeztu beharko da. Proiektu bat gehienez bi deialditan finantzatuko da.

4. Ez dago laguntza ematerik deialdi honen esparruan Akitaniako eskualdeko Kontseiluaren Batzorde Iraunkorraren onespena jasotzen ez duten proiektuei.

4. artikulua. Eskaeren aurkezpena.

1. Eskatzaileek, beren proiektuek eta beren ezaugarriek 2. eta 3. artikuluetan eskatzen diren betebeharrak betetzen badituzte, eskaera bat paperean eta beste bat bertsio elektronikoan aurkezten ahalko dituzte, foru agindu honen eranskinean ageri den ereduaren arabera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabete naturaleko epean. Hona hemen helbidea:

Europako Ekintzaren Zerbitzua.

Orreaga etorb., 4, 1.

31002 Iruña.

accion.europea@cfnavarra.es.

2. Dosier baliokide bat nahitaez aurkeztu beharko da Akitaniako Eskualdeko Kontseiluan, eta hori eginen du helbidea eskualde horretan duen partaideak:

Conseil Régional d'Aquitaine.

Délégation Régionale aux Affaires Européennes et Internationales.

14, rue François de Sourdis.

33077 Bordeaux (Francia).

Aipatu eskaera erantsiko da laguntza eskatzeko agiri gisa. 4.1 artikuluan ezarritako epearen ondoren aurkezten ahalko da, Akitaniako deialdian eskaerak aurkezteko epea Nafarroako deialdia baino geroago bukatuz gero (Frantziako deialdiko data izanen luke).

3. Proiektuak Nafarroako unibertsitateek aurkeztuz gero, kasuan kasuko errektoretzak onetsi beharko ditu. Baimen hori Nafarroako Gobernura igorriko den proiektuari erantsi beharko zaio.

5. artikulua. Eskaerak zuzendu eta hobetzea.

Laguntzarako eskaera osorik betea ez badago edo behar den dokumentazioa eransten ez bazaio, interesatuari eskatuko zaio falta den dokumentazioa ekartzeko edo ikusitako okerra zuzentzeko, eta horretarako gehienez ere hamar eguneko epea izanen du, jakinarazi eta biharamunetik hasita; hori egin ezean eskaera ezetsi eta, besterik gabe, espedientea artxibatuko zaiola ohartaraziko zaio.

6. artikulua. Balorazio irizpideak.

Laguntzak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1. Proiektuaren mugaz gaindiko izaera eta bi eskualdeetatik elkarlanean arituko direnen lankidetza benetan zenbaterainokoak diren.

2. Proiektuaren garrantzia, eta parte-hartzaileen ezaugarriak.

3. Proiektuaren bideragarritasuna.

4. Proiektuaren laguntzak eta diru-laguntzak bat etortzea.

5. Aniztasuna, laguntzak 3.a) artikuluan aipatu jardueren ahalik eta esparru zabalenera hel daitezen.

6. Eskualdeak garatzeko politikekin bat etortzea, baita eskualdeetako instituzioetarako duen interes ekonomiko eta komertzialari dagokionez ere.

7. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntzak diruz lagundutako proiektuen gastu hautagarriaren aurrekontuko %40 izanen dira, gehienez. Baliabideren batez berreskuratzen ahal den Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da diru-laguntzaren xede izanen, onuradunak praktikan berreskuratzen ez badu ere.

2. Ematen diren laguntzak 2009rako gastuen aurrekontuko "Akitania-Nafarroa mugaz gaindiko lankidetzarako hitzarmena" izeneko 123003--13100--4709--145100 kontu-sailari egotziko zaizkio. Guztira 240.000 euro izanen dira. Zenbateko hori deialdia betetzeko onetsi da oso-osorik. Diru-laguntza emanen da aurrekontuko kontu-sailean horretarako krediturik bada.

8. artikulua. Ebazpena.

1. Batzorde Tekniko batek baloratuko ditu proiektuak. Batzordeak kide hauek izanen ditu: Europako Ekintzaren Zerbitzuko zuzendaria, Prozeduren eta Deialdien Ataleko burua eta Europako Ekintzaren Zerbitzuari atxikitako bi funtzionario. Kideetako bat herritik kanpo edo eri dagoenean, Europako Ekintzaren Zerbitzuko zuzendariak Europako Ekintzaren Zerbitzuari atxikitako funtzionario bat izendatu ahalko du bere ordez. Batzorde Teknikoak, aurkezten diren programen edukia ikusirik, egokitzat jotzen duen aholkularitza eskatzen ahalko du.

2. Batzordeak aurkezten diren proiektuen ebaluazioa egin ondotik, bere proposamena igorriko dio Nazioarteko Garapeneko zuzendari nagusiari, hark ebazpena eman dezan, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hasi eta bi hilabeteko epean.

3. Deialdia bukatutzat emateko Nazioarteko Garapeneko zuzendari nagusiak emanen du ebazpena eta eskatzaileei jakinaraziko zaie.

9. artikulua. Kudeaketa

1. Laguntza banketxe batean horretarako dagoen kontuan ordainduko da 2009ko gastuen aurrekontuaren kargura, foru agindu honetako 10. artikuluko eskakizunak bete ondoren eta proiektua bete delako fakturak eta ziurtagiriak aurkeztu eta egiaztatu ondoren.

2. Proiektuaren behin betiko kostu osoak murrizketa baldin badu hasiera batean aurreikusitako zenbatekoarekin alderatuta, emandako diru-laguntza ere berehala gutxituko da, proiektuaren kostu osoak izan duen murrizketaren proportzio berean. Laguntza ez da behin ere onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo bestelako laguntza publiko edo pribatuekin batera.

10. artikulua. Onuradunen betebeharrak

1. Hona hemen laguntza hauen onuradunen eginbeharrak:

a) Ekintzaren Zerbitzuko Prozeduren eta Deialdien Atalari jakinaraztea, dagokion azalpen txostenaren bidez (paperean edo bertsio elektronikoan), proiektua gauzatzean gertatzen ahal den edozein aldaketa, proposatzen den aldaketa, horren beharra eta arrazoiak azalduz, hurrengo aldaketaren bat edo batzuk sortzen baditu:

-Aldaketa bat aurkeztutako proiektuaren helburuetan.

-Aldaketa bat proiektua gauzatzeko egin beharreko lan metodo edo jardueretan.

-Aldaketa bat egin beharreko gastuen aurrekontuan, zenbateko osoaren %10eko aldaketa ekartzen badu gutxienez (bai gehitzea, bai gutxitzea).

-Gutxienez %10eko aldaketa bat aurkeztutako aurrekontuen gastu-kategoria desberdinen zenbatekoan, aurrekontu osoan aldaketarik ekartzen ez badu ere.

-Eranskinaren arabera aurkeztutako aurrekontuaren gastu-kategoriaren bat desagertu edo sortzea.

Europako Ekintzaren Zerbitzuak proiektuak baloratzeko sortuko duen batzorde teknikoak proposatutako aldaketak onetsi edo ezetsiko ditu, Europako Ekintzaren Zerbitzuak eskatzaileari mezu elektronikoa jaso izanaren jakinarazpena igorri eta gehienez ere 15 eguneko epean, edo aipatu txostena Europako Ekintzaren Zerbitzuko erregistroan (Orreaga etorb., 4-1. solairua) ; Nafarroako Gobernuaren erregistro orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, atalondoa, Iruña); Nafarroako Gobernuaren gainerako erregistro bulegoetako edozeinetan (zerrenda 2008ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 30ean) edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazi diren bideetakoren bat erabiliz, sartu eta 15 eguneko epean.

b) Proiektua bukatu ondoren, betiere 2009ko abenduaren 20a baino lehen, proiektua azaltzen duen memoria, lorturiko emaitzak biltzen dituen agiri bat barne, aurkeztu beharra dago. Horrekin batera, diru-laguntzaren xede den proiektua aurrera eramateko norberaren gastuen eta beste inori eginiko ordainketen finantza-txosten bat aurkeztuko da, gastuak eta ordainketak frogatzen dituzten kasuan kasuko agiriak, baita egindako gastuen eta dirusarreren xehetasunak ere (jasotako diru-laguntzen, babesen eta bestelakoen adierazpena) aurkeztuz. Gastu eta ordainketen egiaztagiri guztiak jatorrizkoak edo kautoturiko kopiak izan beharko dute. Onuradunak prestatutako agiriak zigilu, data eta sinadurarekin aurkeztu beharko dira. Fakturazio betebeharrak arautzen dituen maiatzaren 205/2004 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoari jarraituko diote aurkeztutako fakturek.

2. Proiektuaren gastuen exekuzioa hasiera batean aurkeztutako aurrekontuaren gastuen aurrekontuko banaketa portzentualera egokitu ez bada, eta 1.a) idatz-zatiak agintzen duen moduan, onuradunek aurrekontuko inolako aldaketarik jakinarazi ez badute, laguntzen azkeneko ordainketa onuradunaren gastuen exekuzioari egokituko zaio, gastu-kategorien mugatzat harturik aurkeztutako aurrekontutik eratorritakoa.

3. Europako Ekintzaren Zerbitzuak egokitzat jotzen dituen kontrol guztiak egin eta laguntzak hartzeko ezarririko betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko jarraibideak ematen ahalko ditu.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenetarako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

12. artikulua. Errekurtsoak.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hilabeteko epean.

13. artikulua. Aplikatzekoak diren arauak.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian aipatu Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Legean xedatu bezala jokatuko da.

14. artikulua. Publizitatea.

Onuradunek espresuki adierazi beharko dute Nafarroako Gobernuaren eta, hala bada, Europako Batzordearen laguntza hartu dutela, Akitania-Nafarroa Funts Bateratuaren barruan, zabalkunderako edo argibideetarako agiri guztietan.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 8an.-Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.

ERANSKINA

1.- Ekintzaren identifikazioa:

1.1. Proiektuaren izenburua (gaztelaniaz eta frantsesez):

1.2. Helburuak:

1.3. Aurrekontu orokorra (proiektuan parte hartzen duten herrialdeetako partaide guztiena):

1.4. Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duten partaideari edo partaideei aurrekontuan dagokien zatia:

1.5. Funts Bateratuari eskatutako diru-laguntza orokorra:

1.6. Helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duten partaideari edo partaideei emanen litzaiekeen diru-laguntza.

1.7. Lankidetza Funts Bateratuari diru-laguntza eskatzen diozun lehenbiziko aldia da? f BAI f EZ

1.8. Proiektu berarentzat eskatu eta/edo jaso diren beste laguntza batzuk.

1.9. Arlo hauetako zeinetan sartuko zenuke proiektua?

a) Goi mailako Irakaskuntza eta Zentro Teknologikoak f

b) Ekintza ekonomikoa / Berrikuntza teknologikoa f

c) Garapen iraunkorra eta oinegiturak f

1.10. Proiektuari hasiera emateko zein data jarri den.

1.11. Proiektua bukatzeko zein data jarri den.

2.-Nafarroako partaideen identifikazioa.

2.1. Izena edo sozietatearen izena.

2.2. Helbidea edo helbide soziala (telefono zenbakia, faxa eta posta elektronikoko helbidea barne).

2.3. Banketxeko datuak (IFZ, kontu zenbakia, entitatea). Dirua transferentziaren bidez jasotzeko eskaera aurkeztu beharko da, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.

2.4. Nafarroako Foru Komunitateko arduradunaren izena:

2.5. Entitatearen izaera:

f Irabazi asmoa duena.

f Irabazi asmorik ez duena.

3.-Akitaniako partaideen identifikazioa:

3.1. Izena edo sozietatearen izena:

3.2. Helbidea edo helbide soziala (telefono zenbakia, faxa eta posta elektronikoko helbidea barne).

3.3. Akitaniako arduradunaren izena.

4.-Nafar bazkideak aurkeztu behar dituen agiriak:

4.1. Proiektua garatzeko memoria eta programa, paperean eta bertsio elektronikoan.

4.2. NANaren fotokopia, pertsona fisikoa bada; eta eraketa agiria eta identifikazio fiskalarena, pertsona juridikoa bada.

4.3. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egiaztagiria, zergei dagokienez egunean daudela ziurtatzen duena.

4.4. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egiaztagiria, eskatzailea Balio Erantsiaren gaineko Zergaren subjektu pasiboa den edo ez adierazten duena.

4.5. Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, eginbeharrak bete dituela frogatzen duena.

4.6. Estatutuak (partaidea pertsona juridikoa bada).

4.7. Akitanian aurkeztutako eskaeraren kopia.

4.8. Errektoretzaren baimena, Nafarroako unibertsitateek aurkeztutako proiektuen kasuan.

4.9. Titularkideek partaide-hitzarmen batean beren arteko bat izendatu beharko dute proiektuaren ordezkari izateko administrazioen aurrean, bi bazkide nafarrek edo gehiagok parte hartzen duten proiektuetan.

4.10. Dirua transferentzia bidez jasotzeko eskaera, Nafarroako Gobernuari diru-laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako diru-laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.

4.11. 2009. urteko aurrekontua, xeheki adierazia, ereduaren araberakoa (Akitania + Nafarroa).

GASTUAK DIRU-SARRERAK

KONTZEPTUA ZENBATEKOA KONTZEPTUA ZENBATEKOA

Partaide nafarra Gastu-kategoriak*: -Nafarroako Foru

-Kontsumigarriak Komunitateari

-Ekipamenduko eskatutako

ondasunak laguntzak

-Barneko giza -Autofinantzaketa

baliabideak -Beste finantzaketa

-Kanpoko giza batzuk

baliabideak

-Zerbitzuak ematea

-Bidaiak

-Prestakuntza

-Komunikazioa

-Gastu orokorrak.

A GUZTIRA -Bestelako gastuak

Partaide -Akitaniako

akitaniarra Eskualdeko

Kontseiluari

eskatuko laguntza.

-Autofinantzaketa

B GUZTIRA -Beste finantzabide

batzuk

A+B

OROKORRA

GUZTIRA:

(*) Proiektuaren aurrekontua osatzen duten kostuak kalkulatzeko oinarriak xeheki adierazi behar dira.

Iragarkiaren kodea: F0902429