19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

TUTERA

Ordenantza, Tutera (Nafarroa) hirirako turismoarena. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2008ko urriaren 31n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen "Tutera (Nafarroa) hirirako turismoaren ordenantza".

Delako ordenantzaren hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia argitara eman zen 2008ko 144. Nafarroako Aldizkari Ofizial ean, azaroaren 26an, eta Udalaren iragarki oholean. Jendaurreko epea erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe iraganik, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Dena dela, ordenantzak bidezko ondorio juridikoak izan ditzan, argitara ematen da haren testu osoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Tuteran, 2008ko abenduaren 29an.-Alkate udalburua, Luis Casado Oliver.

ORDENANTZA, TUTERA (NAFARROA) HIRIRAKO TURISMOARENA

Zioen azalpena

Espainiako Konstituzioak ezarri duenez, erkidego autonomoek eskumen esklusiboa dute turismo arloan (148.1.18. artikulua); orobat, Foruaren Hobekuntzak dio turismoaren sustapena eta antolamendua Nafarroako eskumen esklusiboa dela (44.13 artikulua). Gainera, ekainaren 19ko 1191/1985 Errege Dekretuaren bidez, Nafarroari eskualdatu zitzaizkion Estatuaren eginkizun eta zerbitzuak turismo arloan. Hala ere, Nafarroako 2003a arte ez zuen turismoaren gaineko foru lege orokorrik izan: Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legea.

Turismoari buruzko Foru Legearen 4. artikuluak printzipio gisa biltzen ditu Foru Komunitateko turismo sektorea zuzendu behar duten bortz ideia oinarrizko edo egiturazkoak:

-Nafarroak tratamendu bateratua izanen du turismo helmuga gisa ezagutarazten denean, Nafarroako Foru Komunitateak bere aniztasunagatik daukan potentziala bilduz.

-Administrazioen arteko eta eragile pribatuekiko lankidetzaren premia.

-Turismo baliabide, turismo helmuga, turismo jarduera eta turismo enpresa eta establezimenduetan turismoaren kalitatea bilatzea.

-Turismoa Nafarroako errealitate natural eta sozioekonomikoan txertatzea eta, hartara, bateragarri egitea garapen ekonomiko hori natur baliabideen zaintzarekin.

-Turismoa Nafarroako garapen ekonomikoarekin lotzea, landa garapenaren aldetik.

Turismoari buruzko Foru Legeak ezartzen ditu Nafarroako administrazio publiko guztien eskumenak; 5.1 artikuluan Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarenak biltzen dira, eta 6. artikuluan, berriz, toki entitateenak. Gisa hartara zehazten da Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 25.2.m artikuluan toki entitateen alde aurreikusten duen eskumen orokorra, haiendako gordetzen baitu eskumena "Estatuaren eta erkidego autonomoen legeriaren baldintzetan".

Beraz, aipatu araudiak eskumenak ematen dizkie udalei ordenantza baten bidez arau ditzaten hiriko turismo baliabideen sorrera, zaintza, hobekuntza, babesa eta aprobetxamendua. Are gehiago, kontuan harturik Tuterako turismoaren zeharkako kudeaketa egin gogo dela, nahitaezkoa da hura onestea, Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamenduak ezarriari jarraikiz.

Turismoa hirugarren sektoreko jarduera bat da eta hartan eragile pribatu nahiz publikoek esku hartzen dute. Aniztasun horrek beharrezko egiten dute guztien artean koordinazioa, lankidetza eta elkarlana izatea, gisa hartara ahaleginak batuko baitira eta horiek, ongi kudeaturik, Tuterak duen ahalmen guztia agerraraziko baitute. Horrek, dudarik gabe, on eginen dio Erribera osoari ere eta, finean, Nafarroari ere, turismoak hiriko ekonomian eragiten baitu, enpleguak sorrarazten dituen dirubideak sortzen dituelako.

Eskaintzen ahal den turismoa barne turismoa da, hauetan finkatua: natura (turismo berdea), kultura (kultur turismoa) edo gastronomia. Eta gaur egun, Martín M.ª Razquin Lizarragak dioenez "Turismoaren antolamendu juridikoa Nafarroan" bere artikuluan, bilatu behar da turismoaren kalitatea, hau da, turismo baliabide, turismo helmuga, turismo jarduera eta turismo enpresa eta establezimenduen kalitate orokorra. Ordenantza honen bidez Tuterako Udalak bere ekarpena egin nahi du, Castel Ruiz bere kultur etxearen bidez, xede hori lortzeko.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza hau, goragoko mailako legerian ezarritako mugekin, turismo jardueran esku hartzen duten subjektu guztiei aplikatuko zaie, bereziki hauei:

a) Tuteran turismo jardueraren bat egiten duen edozein pertsona, fisikoa ala juridikoa izan.

b) Turistak edo turismo jarduera eta zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonak.

c) Tuteran lan egiten duten turismo enpresen titularrak edo kudeatzaileak.

2. artikulua. Hona ordenantza honen xedea:

a) Turismoarekin ikusteko izanik Tuterarako interesa duten baliabide, jarduera eta bertzelakoak sustatzea eta bultzatzea, Foru Komunitateko administrazioarekin koodinatuta.

b) Turismo baliabideak begiratu eta zaintzea, bereziki natur ingurunea eta monumentu ondarea.

c) Turismo arloan Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin elkarlanean aritzea.

d) Turismo enpresa eta establezimenduei dagokienez, legeriak toki entitateen eskuetan uzten dituzten lizentziak ematea.

e) Turismo azpiegituretan toki erakundearen eskumen diren politikak garatzea.

f) Antolamendu juridikoaren arabera Udalari dagozkion zerbitzuak kudeatzea.

3. artikulua. Ordenantza honetaz den bezainbatean, hiztegia hau da:

a) Turismoa: jarduera multzo bat da, beren borondatez udal lurraldearen barnera josteta, osasun, atseden, kultura, negozio edo gisako bertzeren bat helburu dutela bidaiatzen direnek sorrarazten dutena.

b) Turismo baliabidea: errealitate fisiko, geografiko, sozial edo kulturaleko ondasun materiala edo era askotako agerpena, turisten etorrera erakar dezakeena; konparaziorako, turismo baliabideak dira natur, geografia eta kultur ondarearen elementuak, usadioak, ohiturak eta tradizioak, baita ostatu eta sukaldaritza emateko azpiegitura eta turismo enpresen edozein ekarpen.

c) Turisten etorrera: pertsonak beren etxetik kanpora joan eta han egonaldia egitea.

d) Turismo jarduera: xede gisa duena turismo baliabideak gozatu, aurkitu eta ezagutzeko aukera eskaintzea, haiei buruzko informazioa ematea eta haiek zaindu eta sustatzea, horretarako zenbait zerbitzu emanez, hala nola ostatua, mantenu edo sukaldaritza, aisia, argibideak, bitartekotza, ezagutarazte eta merkaturatzea, eta biltzar, mintzaldi eta antzeko ekitaldien antolaketa; halaber, Foru Komunitateko administrazioak horrela sailkatzen duen bertze edozein jarduera. Bortz mota hauetakoa izan daiteke: turismoko ostatua, sukaldaritza, turismoko bitartekaritza, turismo arloko osagarriak eta turismoko lanbideak.

e) Turismo eskaintza: turismoko ondasun eta zerbitzuak, eta turismoari kultura, historia, natura, josteta eta hiri arloan eskaintzen zaizkion erakargarriak.

f) Turismo enpresa: bere izenean, ohiko jarduera gisa eta irabazi asmoarekin, turismo jarduera bat edo turismo zerbitzu bat egiten duen pertsona fisiko edo juridikoa. Nafarroako Turismoaren Erregistroan izen emanda egon beharko dute, aplikatzen ahal den araudiak horrela xedatzen duenean.

g) Enpresaz bertzelako turismo entitatea: irabazi asmorik gabe turismoaren garapena edo zenbait turismo jarduera bultzatzea xede duena.

h) Turismo establezimendua: unitate funtzional beregain bat osatzen duten ondasun higigarri eta higiezinen multzoa, titularrak turismo zerbitzu bat egoki emateko antolatu eta prestatzen duena.

i) Turista edo turismo erabiltzailea: turismo jarduera erabiltzen duen pertsona fisiko edo juridikoa; azken hartzaile gisa, turismo zerbitzuren bat jasotzen duena.

II. KAPITULUA

Eskurantzak

4. artikulua. Castel Ruiz Kultur Etxea Tuterako Udalak sorturiko erakunde autonomoa da eta haren barnean dago Turismoa Kudeatzeko Zentroa. Kudeatzeko Zentro horren lana da Tuteran turismoa handitu, sustatu, zabaldu eta babestea.

5. artikulua. Castel Ruiz Kultur Etxeak ondotik ematen diren eskurantzak izanen ditu, ordenantza honen xedearen barnean, 2. artikuluan azaldu baita. Hona hemen:

a) Turismo jarduera programatzea.

b) Turismoa sustatu, bultzatu eta garatzea.

c) Udalaren turismo baliabide eta erakargarriak sortu, zaindu, hobetu, babestu eta probestea.

d) Turistak babestu eta laguntzea.

e) Turismo baliabideak arautu eta kontrolatzea.

6. artikulua. Turismo jardueraren programazioaren barnean, Castel Ruiz Kultur Etxeak ekintza edo jarduera hauek eginen ditu, zuzenean nahiz zeharka:

a) Tuterako turismoaren plan estrategikoa egitea, eta hartan biltzea turismoak Tuteran dituen ahuleziak, indarguneak, mehatxuak eta aukerak.

b) Turismoaren garapenaren planeamenduaren gainean hitzarmenak sinatzea Nafarroako Gobernuarekin edo bertzelako erakunde publiko eta entitate pribatuekin.

c) Hiriko turismo baliabideak koordinatzea. Horretarako, komenigarri ikusten bada, organo berariazko bat sortzen ahalko da, hartan ordezkaritza izan dezaten hiriko turismoari nolabait loturik dauden alderdi guztiek. Orobat, Turismoaren Udal Erregistroa sortzen ahalko da, eta hartan izena ematen ahalko du hirian turismo zerbitzuren bat egiten dutenek. Organo berariazkoa eta Erregistroa sortzeko erabakiaren batera arautuko dira.

d) Turismo arloan hitzarmenak egiteko proposamena egitea, eta formulazioan parte hartzera saiatzea probintzia mailan edo bertze udalerriekin ekimen publiko nahiz pribatuen ondorioz egiten direnetan.

e) Behar den azpiegitura sortzea eta harendako finantzabidea bilatzea.

f) Tuterako turismoan eragina duen inbertsio publiko eta pribatua bizkortzea.

g) Urtean behin hiriko turismoaren ebaluazioa egitea.

7. artikulua. Turismoaren sustapen, bultzada eta garapenari dagokionez, Castel Ruiz Kultur Etxeak hauek eginen ditu, zuzenean nahiz zeharka:

a) Jarduerak bertze entitate edo erakundeekin koordinatzea, turismoa bultzatzeko bereziki Tuteran eta orokorrean Nafarroako Erriberan.

b) Informazioa, propaganda, turismo gida, publizitatea eta informaziorako azpiegitura eta turismo produktuak elkar lotzea, koordinatzea, sustatzea, prestatzea, hedatzea eta banatzea, behar izanez gero, Udaleko edo Kultur Etxeko kudeaketa zentro guztien laguntzaz. Alde horretatik, munta handia du Udaleko kudeaketa zentro guztien arteko koordinazioak, hiriko turismoan eragina izanen dezaketen jarduerak egiten badituzte, hala nola ikuskizunak, biltzarrak, txangoak, azokak, kirol eta kultur jarduerak eta tradiziozkoak, etab.

c) Sektore enpresa elkarteen eta turismo arloko edozein batasunen sorrerari sostengu ematea, xede nagusitzat turismo irudiaren sustapena eta bultzada badute.

d) Une bakoitzean turismo arloan dagoen eskaintza, haren egituratzea eta askotarikotzea baldintzarik hoberenetan bultzatu, hedatu eta merkaturatzeko ekintzak sustatu eta egitea.

e) Turismoaren sektorean enplegaturik dauden langileen kualifikazio profesionalari sostengu ematea.

8. artikulua. 1. Udalaren turismo baliabide eta erakargarriak sortu, zaindu, hobetu, babestu eta probesteari dagokionez, aitzineko artikuluetan ezarri denaz gain, Castel Ruiz Kultur Etxeak turismo jasangarriari emanen dio sostengu, Turismorako Munduko Kode Etikoarekin edo horren ordezko agiriarekin bat. Hura Turismorako Mundu Erakundeak onetsi zuen 1999ko urriaren 1ean egin bilkuran eta Nazio Batuen sostengua hartu zuen 2001eko abenduaren 1eko Batzar Orokorrean emandako ebazpenean.

2. Bultzatzen den turismoak errespetu, hobekuntza eta jasangarritasun printzipioei jarraituko die. Turismoarekin harremanetan jarririk garapen jasangarriaren printzipio horren definizioa "Bidaien eta turismoaren sektorerako Agenda 21ean" aurkitzen da. Hura Bidaien eta Turismoaren Munduko Kontseiluak, Turismorako Mundu Erakundeak eta Lurraren Kontseiluak prestatu zuten 1996an. Orobat kontuan hartuko da Europar Batasunak turismo arloan izan behar duen eginkizunaren gaineko Liburu Berdea do horren ordezko agiria. Haren arabera, bateraezinak dira sektorearen dinamika ekonomikoa, turistaren asebetetzea eta natur eta kultur ondarearen zaintza.

9. artikulua. Turistak babestu eta laguntzeko bide hauek erabiliko dira:

a) Kontsumitzaile eta erabiltzaileak defendatzeko legeen aplikazioa.

b) "Topagunea" turismo bulegoa.

c) Hiriko turismoaren kudeaketa zeharka egiten bada udal zerbitzuen prestazioetatik kanpora, Castel Ruiz Kultur Etxeak, alderdiak entzunda, zehapenak ezartzen ahalko dizkio esleipen hartzaileari, turisten eskubideak urratzeagatik.

10. artikulua. 1. Turismo baliabideak edo turismo jarduerak arautzeaz den bezainbatean, Udalak, zuzenean edo Castel Ruiz Kultur Etxearen bidez, egokiena iruditzen zaion bidetik joko du, bere eskumenen barnean.

2. Turismo baliabideen edo turismo jardueren kontrolari dagokionez, berdin jokatuko da; alde horretatik, horiei eragiten dieten arau guztiak betetzea galdatuko da, eta zehapenak ezarriko gaia bere eskumenekoa denean. Eskumena Nafarroako Gobernuarena bada, harekin lankidetzan ariko da.

III. KAPITULUA

"Topagunea" turismo bulegoa

11. artikulua. 1. Bulego honen xedea da zerbitzu egitea turismo arloko informazioan eta kulturan eta aisialdian, eta herriko, eskualdeko nahiz erkidegoko produktu tipikoak eskaintzea turista, bisitari eta herritarrei.

2. Castel Ruiz Kultur Etxeari dagokio bulegoaren funtzionamendua antolatu eta arautzea, Nafarroako Gobernuarekin koordinaturik. Bereziki, Kultur Etxeari ahalmen hauek dagozkio: ikuskatzailetza, zehapena eta erabiltzaileen eta, halakorik bada, esleipen hartzailearen eskubide eta betebeharren zaintza.

3. Zeharka kudeatzen bada, kontzesio administratiboa izanen da zerbitzu hau egiteko bidea.

4. "Topagunea" turismo bulegoan argitalpenak saltzeari dagokionez, arau hauek ezarri dira:

a) Saltzen ahalko dira:

-Tuterako Udalaren argitalpenak eta Castel Ruiz Kultur Etxearenak.

-Nafarroako Gobernuaren turismo arloko argitalpenak.

-Bertze entitate publiko batzuen argitalpenak, Tuterari, Erriberari edo Nafarroari buruzkoak, historia, arte edo turismo arlokoak.

-Tuterari buruzko argitalpenak. Argitalpen hauek, salgai jarri aitzin, Castel Ruiz Kultur Etxeko Gobernu Batzordeak irakurriko ditu eta haien salmenta onetsiko.

b) Argitalpenen prezioa.

-Udalaren edo Kultur Etxearen argitalpenen prezioa Gobernu Batzorde bakoitzak onetsiko du.

-Nafarroako Gobernuak paratuko du bere argitalpenen prezioa.

-Bertze entitate publikoek paratuko dute beren argitalpenen prezioa.

-Egile partikularren argitalpenak liburutegietan saltzen diren prezio berean salduko dira, eta "Topagunea" bulegoak %25eko irabazia izanen du, erran nahi baita, liburu dendetan izan ohi den bera.

c) Fakturazioa:

-Bulegoan libreta bat egonen da ordainagiri bikoiztuekin, eta salmenta bat egiten den aldiro bat luzatuko zaio erosleari.

5. Bertzelako produktuak saltzeko, beharrezkoa izanen da Castel Ruiz Kultur Etxeko Gobernu Batzordearen aldeko erabakia; hartan, baldintzak eta prezioa ere ezarriko dira.

IV. KAPITULUA

Eskubide eta betebeharrak turismo arloan

12. artikulua. 1. Turismo zerbitzuen erabiltzaileek Turismoari buruzko Foru Legean aipatzen diren eskubide eta betebeharrak izanen dituzte, kontsumitzaile eta erabiltzaile diren aldetik dagozkien eskubide eta betebeharrez landa eta bertzelako xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebeharrez landa.

2. Turismoko diziplinari dagokionez -ikuskatzailetza eta zehapen jarduera- Turismoari buruzko Foru Legean zer ezartzen den, huraxe eginen da.

13. artikulua. Turismo erabiltzaile edo turistek eskubide eta betebehar hauek izanen dituzte:

1. Eskubideak:

a) Eskaintzen zaizkien ondasun eta zerbitzuen gainean informazio egiazkoa, osoa eta zehatza kontratua izenpetu aitzin hartzeko eskubidea. Informazio hori ematen duten turismo enpresa eta establezimenduendako loteslea izanen da.

b) Ondasun eta zerbitzuen kalitatea kontratuaren araberakoa izateko eskubidea.

c) Bertze alde kontratatzailearengandik kontratuko baldintzak frogatzen dituzten agiriak lortzeko eskubidea, baita legeen arabera eginiko fakturak ere.

d) Turismo zerbitzuak erabiltzean arraza, sorterri, sexu, erlijio, iritzi edo norberaren edo giza-taldearen bertze edozein goiti-beheitiagatik bereizkeriarik ez jasateko eskubidea.

e) Hartzen dituen turismo zerbitzuetan bere segurtasuna eta bere ondasunena bermaturik edukitzeko eskubidea, indarra duten erregelamenduetan xedatu bezala.

f) Kexak eta erreklamazioak aurkezteko eskubidea.

g) Kontsumoko Arbitraje Batzordeari errekurtsoak aurkezteko eskubidea.

2. Betebeharrak:

a) Tutera hiriko ingurune, gizarte eta kulturarekiko begirunea izatea.

b) Bisitatzen dituzten tokietako eta zerbitzuak ematen dizkieten enpresa eta establezimenduen berezko agindu eta arauak betetzea, legeen kontrakoak ez badira.

c) Turismo establezimenduak ongi erabiltzeko higiene eta bizikidetzarako emaniko arauak betetzea eta bertze turismo erabiltzaileak, turismo enpresa eta establezimenduetako langileak, establezimenduak berak, eta erabiltzen dituzten instalazio eta jabetzak begiratzea.

d) Kontrataturiko zerbitzuen prezioa pagatzea. Kexa edo erreklamazio bat aurkezteak ez du inoiz ere salbuetsiko ordaindu beharretik.

14. artikulua. Turismo enpresek eskubide eta betebehar hauek izanen dituzte:

1. Eskubideak:

a) Udalak turismoaz egiten duen sustapenean eta haren katalogo, direktorio, gidaliburu eta sistema informatikoetan agertzeko eskubidea.

b) Administrazioari diru-laguntzak eta laguntzak eskatzeko eta turismo programetan parte hartzeko eskubidea.

c) Beren jardueraren gaineko informazioa eskatu eta erdiesteko eskubidea.

d) Beren kabuz edo sektoreko elkarteen bidez, hirian turismoa garatzeko edozein ekitaldi proposatzeko eskubidea.

e) Eskaintzen dituzten zerbitzuak erabiltzeko arauak emateko eskubidea, indarra duten legeen kontra jotzen ez badute.

2. Betebeharrak:

a) Bezero edo erabiltzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzuen edukiaren, baldintzen eta prezioen berri aitzinetik ematea.

b) Kontratuko baldintzen arabera, zerbitzuak kalitaterik handienaz ematea eta ezarri edo itunduriko prezioen arabera fakturatzea.

c) Zerbitzuen prezioak eta sailkapenaren bereizgarria ikus daitezkeen tokian paratzea.

d) Arraza, sorterri, sexu, erlijio, iritzi edo norberaren edo giza-taldearen bertze edozein goiti-beheitiagatik bereizkeriaz ez tratatzea erabiltzaileak eta ordenamendu juridikoan ezarri bezala ezgaituei establezimenduetan sartzeko erraztasunak ematea.

e) Instalazioak eta zerbitzuak funtzionatu eta erabiltzeko ongi edukitzea eta erabiltzaileari tratu zuzen eta egokia ematea.

f) Erabiltzaileari kexak eta erreklamazioak aurkezteko behar dituen agiriak ematea, hark hala eskatuz gero.

g) Administrazio publikoari bere eskumenak erabiltzeko behar dituzten argibide eta agiriak ematea.

h) Jarduera, establezimendua edo enpresa ukitzen duen bertze edozein legetan ezartzen diren betebeharrak betetzea.

i) Beren ardurapean izan daitezkeen arriskuen aitzinean, erantzukizun zibila bermatuko duen poliza kontratatzea, formari eta zenbatekoari dagokionez zehazten den gisan.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honetan ezarritakoari kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Tuteran, 2008ko urriaren 31.

Iragarkiaren kodea: L0819916