19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MENDIGORRIA

Ordenantza, Mendigorriko hiriguneko trafikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Mendigorriko Udalak, 2008ko urriaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Mendigorriko hiriguneko trafikoa arautzen duen ordenantza.

Aitzineko erabakia 2008ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 1ean, eta handik goiti hogeita hamar eguneko epea iragan denez inork erreklamazio, kexa edo oharrik egin gabe, behin betikoz onetsitzat jo da 2009ko urtarrilaren 16an egin osoko bilkura berezian; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 9/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluari jarraikiz.

ORDENANTZA, MENDIGORRIKO HIRIGUNEKO TRAFIKOA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Legezko oinarria eta xedea.

Ordenantza honen legezko oinarria ondokoetan ezarritakoa da: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.b artikulua eta Trafikoari, Motoredun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua onetsi zuen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 7. artikulua.

Ordenantza honen xedea da udalerri honetako hiri bideetako trafikoa antolatu, kontrolatu eta arautzea.

Ordenantza honen arauak ondokoetan xedatutakoaren osagarri dira: Trafikoari, Motoredun Ibilgailuen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua onesten duen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua eta azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretua, 339/1990 Legegintzako Errege Dekretua aplikatu eta garatzeko Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorra onetsi zuena.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Ordenantza honen xedapenak aplikatuko dira Mendigorriko udalerriko hiri bide guztietan, alegia, herri barnean diren udal titulartasuneko bide publiko guztietan.

3. artikulua. Seinalizazioa.

Hiri bideetako seinaleak Udalaren egitekoa da.

Arautzeko seinaleak, hiriguneko sarrerako seinalearen aldean edo bertikalean paraturik daudenak, hirigune osoan aplikatzen dira, salbu eta horren barnean bertzelako seinaleak badaude, udal bideen sareko tarte zehatzetarako.

Hiri bideetako seinaleak ezin dira ezarri, kendu, eraman, ezkutatu edo aldatu Udalak aitzinetik baimena eman gabe. Orobat debeku da seinaleen edukia aldatzea edo haien gainean edo inguruan plakak, afixak, markak edo nahasteko bidea eman, haien ikuspena edo eragingarritasuna murriztu, erabiltzaileak itsutu edo arreta galarazten ahal dieten bertzelako zerak paratzea.

Zirkulazioaren segurtasun edo arintasun arrazoiek hala eskatzen dutenean, agintari eskudunek agintzen ahal izanen dute zirkulazio noranzkoaren aldaketa, bide horietako tarte batzuetarako sarbideak osorik edo hein batean debekatzea, ibilbide jakin batzuk jarraiki beharra edo bazterbideak edo ohikoaren kontrako norabidea duten erreiak erabiltzea.

Zirkulazioari traba ez egiteko eta haren arintasuna bermatzeko, murriztapenak edo mugak ezartzen ahal izanen zaizkie halako ibilgailu batzuei, bide zehatz batzuetan, ukitutako erabiltzaileendako nahitaezkoak izanen direnak.

Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko legediaren xedeko bide batean zirkulazioa kentzen bada, salbuespenez eginen da eta trafikoa arautzeko eskumena duen tokiko agintariak espresuki baimenduta.

Bidezainen seinale eta aginduek indar handiagoa dute gainerako seinaleek baino.

4. artikulua. Oztopoak eremu publikoan.

1. Debeku da oinezkoen edo ibilgailuen ohiko trafikoa eragotz dezakeen edozein oztopo eremu publikoan paratzea, salbu eta Udalak epresuki baimentzen badu, inguruabar bereziak biltzen direnean. Baimen horretan ezarriko dira bete behar diren baldintzak. Seinaleak eta segurtasun elementuak paratzearen kostua interesdunaren kontura izanen da. Bidean oztopoa paratu edo arriskua sortu dutenek ahalik lasterren kendu beharko dute eta neurriak hartuko dituzte bidearen erabiltzaileek ikus dezaten. Halaber, agintariei emanen diete berehala horren berri.

Udalak zamalanetarako eremuak ezarriko ditu, bere ekimenez edo partikularrek eskatuta, dagokien tasa ordaindurik. Eremu horiek espresuki adieraziko dira dagozkien seinaleen eta ordutegi mugatuaren bidez.

Debeku da salgaiak galtzadan, bazterbidean eta oinezkoendako eremuetan uztea. Lanak, ahal delarik, eginen dira ibilgailuak galtzadaren bazterretik gertuen duen aldetik, eta behar diren baliabideak erabilita azkar burutu ahal izateko.

Halaber, Udalaren zein partikularraren ekimenez (dagokion ordenantzak arautuko duen tasa ordaindurik), pasabideak ezartzen ahalko dira, ibilgailuak higiezin edo orube batera irits daitezen espaloian barna.

2. Udalak, horretarako zerbitzua duenean, kenduko ditu zamalanetarako eta pasabiderako eremu gisa behar bezala baimendurik eta seinalaturik dauden eremuak trabatzen dituzten ibilgailuak.

5. artikulua. Gelditzea eta aparkatzea.

A.-Gelditzea.

1. Geldiketa da ibilgailu bat bi minutu baino gutiagoan ez mugitzea, gidaria kanporatu ahal izan gabe. Salbuespen gisa, gidaria aldentzen bada, hurbil egon beharko du, egoerak behartuz gero, kendu ahal izateko.

2. Geldiketa eginen da eskuineko espaloitik ahalik eta gertuen, bi noranzko dituen bidea denean; bakarrekoa denean, ezkerreko aldean ere gelditzen ahal izanen da.

Espaloirik gabeko kaleetan, geldiketa eginen da gutxienez ere 0,50 metro utzita gertuen dagoen fatxadatik.

3. Debeku da geldiketa egitea:

-Seinaleek debekatzen duten tokietan.

-Bidegurutzeetan eta haien inguruan, gainerako ibilgailuek bira egin dezaten trabatzen zaienean.

-Oinezkoendako pasabideetan.

-Minusbaliatuek bertze inork ez erabiltzeko seinaleztatutako tokietan.

-Espaloietan eta trafikoa debekatutako eremuetan.

-Estatuko araudiak, oro har, adierazten dituen tokietan.

-Etxebizitza eta saltokietako ate ondoetan, eta betiere bermatu beharko da mugikortasun urria duten pertsonak eta haurren aulkitxoak bertara sartu ahal izatea.

B.-Aparkatzea.

1. Ibilgailuak ilaran aparka daitezke, hau da, espaloiarekiko paraleloan; baterian, hots, espaloiarekiko perpendikularrean eta erdi baterian, zeharka, hori guztia trafiko seinaleek, bertikalek nola horizontalek, adierazten dutenari jarraikiz.

2. Arau orokorra da ilaran edo lerroan aparkatzea. Horren salbuespena espresuki seinaleztatuko da zoladurako bide-marken bidez.

3. Espaloitik ahalik eta hurbilen aparkatuko da, gehienez ere 50 zentimetroko aldea utzirik gurpilen eta ertzaren artean, edo 50 zentimetro eraikinetaraino, espaloirik ez duten kaleetan.

4. Goranzko aldapan aparkatutako ibilgailuak, lehen abiadura jarrita utziko da, eta beheranzko aldapan aparkatuz gero, atzerako abiadura jarriko da. Gidariek ibilgailua aparkatuko dute hura ez mugitzeko maneran, eta horren erantzule izanen dira.

5. Udal honek neurri egokiak hartuko ditu mugikortasun arazo larriak dituzten minusbaliatuen ibilgailuak aparkatzea erraztu beharrez.

6. Debeku da aparkatzea:

a) Debeku hori seinale bidez adierazten den tokietan.

b) Gelditzea debekatua dagoen kasu guztietan.

c) Zamalanetarako seinaleak dauden tokietan.

d) Pasabide gisa behar bezala seinaleztatutako eramuetan.

e) Bigarren ilaran, lehenbiziko ilaran ibilgailua nahiz edukiontzia dagoenean, edo babeseko elementuren bat dagoenean ere.

f) Haien zabaleragatik, bakarrik ibilgailu bat pasatzen ahal den bideetan.

g) Espaloietan.

h) Obrak, aldaerak, merkatu txikiak edo ekitaldi publikoak egin ahal izateko zehazten diren tokietan, betiere horren berri ematen bada gutienez ere hogeita lau ordu lehenagotik.

i) Zintarria apaldua duten tokietan, minusbaliatuak igaro daitezen.

j) Erdiko babesgune edo erdibitzaileetan.

k) Ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitutako lekuetan, horretarako baimena ematen duen erakusgarria jarri gabe edo erakusgarria jarrita ere ibilgailua edukitzen denean ordenantza honek gehienez ere baimentzen duen denbora gaindituz.

l) Aurretik adierazi ez diren gainerako tokietan, oinezkoen, ibilgailuen edo animaliendako arriskutsua denean.

ll) Debeku da kamioiak aparkatzea, horretarako paratzen diren tokietan izan ezik.

6. artikulua. Abiadura mugak.

1. Mendigorriko zeharbidean, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da.

2. Mendigorriko hirigunean, gehieneko abiadura 30 kilometro/ordua da.

7. artikulua. Zirkulazioa mugatzea.

1. Salgai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek debeku dute hirigunearen barnean ibiltzea.

2. Roulottak eramaten dituzten ibilgailuek edo autokarabanek ezin izanen dute hirigunearen barnean ibili, ezta tonelaje handiko ibilgailuek ere.

3. Kanpoko megafonia duten ibilgailuek ezin izanen dute hirigunearen barnean ibili.

4. Aurreko atalean aipatu ibilgailuek udal baimena beharko dute hirigunearen barnean ibiltzeko. Hartan, behar diren baldintzak ezarriko dira.

8. artikulua. Bizikleta, ziklomotor eta motozikleten zirkulazioa.

A.-Ziklomotor eta motozikletak.

1. Ziklomotor eta motozikletak ibiliko dira gehiegizko zaratarik sortu gabe, homologatua dagoen ke-hodia dutela eta zakarki azeleratu gabe.

2. Hirigunean zehar debeku dute paraleloan zirkulatzea.

3. Ziklomotorrek identifikazio plaka eraman beharko dute, atzeko lohi-babesean behar bezala lotua.

4. Ibilgailu horiek berendako prestatutako eremuetan aparkatuko dira.

B.-Bizikletak.

1. Pertsona bakar batendako eginak diren bizikletetan, hala ere, garraiatzen ahalko da, gidaria adinez nagusi denean, adin txikiko bat, gehienez ere zazpi urtekoa, eserleku gehigarri eta homologatu batean.

2. Ibilgailu horiek ezin dira zirkulatu espaloietan zehar. Bai ordea oinezkoendako eremuetan, gehienez ere 10 km/h-ko abiaduran. Lehentasuna beti oinezkoena izanen da, salbu eta bizikletendako erreserbatutako bideetan edo bidegorrietan.

3. Bizikletek behar bezala homologaturiko isladatzaileak eraman beharko dituzte, Ibilgailuen gaineko erregelamendu Orokorrean zehazten direnak.

9. artikulua. Ibilgailu abandonatuak.

1. Ibilgailu bat abandonatutzat hartuko da trafikoaren gaineko araudian zehazten diren kasuetan (Trafikoari, Ibilgailu motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua onesten duen martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren 71. artikulua).

2. Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legearen 3. artikuluaren arabera, ibilgailu abandonatuak hiri hondakintzat hartuko dira.

3. Udal agintaritzak leku bat esleituko die eta harat eramanen ditu. Eraman eta altxatzeko gastuak titularraren kontura izanen dira eta ibilgailua eramateko ordaindu beharko dira, dagokion ordenantzak adierazten duen moduan.

10. artikulua. Bertze arau batzuk.

1. Ibilgailu batek gehiegizko asotsa edo kea ateratzen badu, tokiko agintariek eskatzen ahalko diote gidariari matxura konpontzeko. Horrela egin ezean, agintaritzak ibilgetzen ahalko du ibilgailua, eta dagokion salaketa aurkezten ahalko.

2. Debeku da zirkulatzea motorrari bira gehiegi eginaraziz, zakarki azeleratuz edo gehiegizko zarata sortuz, batez ere gauean.

3. Debeku da hirigunean seinale akustikoak erabiltzea, arrisku nabaria edo behar larria ez bada.

4. Eguzkia sartzen denetik atera arteko orduetan, eta ikuspen bereziko egoeretan, argi laburrak piztuko dira; argi luzeak ez dira inola ere erabiliko hirigunean. Dagozkien argiak eduki ez eta bidearen gainerako erabiltzaileendako arriskua diren ibilgailuak ibilgetzen ahalko dira. Hiri bideetan zirkulatzen diren motozikletek argi laburrak pizturik eraman behar dituzte egun osoan.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-haustetzat hartzen dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako ekintzak edo omisioak. Halaber, arau-hauste horiek Trafikoaren gaineko Legearen eta Erregelamenduaren kontrakoak balira bezala (Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikulatua onesten duen martxoaren 2ko 339/90 Legegintzako Errege Dekretua eta testu hori aplikatu eta garatzeko Zirkulazioaren gaineko Erregelamendu Orokorra onesten duen azaroaren 21eko 1428/2003 Errege Dekretua).

Ordenantza honen xedapenen aurkako arau-hausteak alkateak zehatuko ditu, eta horretarako arau honetako prozedura erabiliko da: Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretua eta Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretua edo hura ordezkatzen duen araudian ezarritakoa.

Ordenantza honek arautzen dituen zehapenek, gehienak arintzat hartzen ahal baitira, 40 euro eginen dute. Zenbateko hori urtero eguneratuko du Mendigorriko Udalak, eta udal tasekin batera argitaratuko da, jakin dadin.

Trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuaren 4.eta 5. artikuluen arabera, ikusten diren arau-hausteen salaketa agintaritzaren agenteek egiten ahal dute, edo arau-haustea ikusten duen edonork.

12. artikulua. Preskripzioa.

Arau-hausteen preskripzio epea hiru hilabete da arau-hauste arinetarako, sei hilabete arau-hauste larrietarako, eta urte bat arau-hauste oso larrietarako.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean testu osoa argitaratu ondoan eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusitako epea iraganda.

Mendigorrian, 2009ko urtarrilaren 20an.-Alkate udalburua, Javier Osés Zúñiga.

Iragarkiaren kodea: L0900936