19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ELIZAGORRIA

Elbarriendako aparkatzeko txartelak arautzen dituen ordenantza. Behin betiko onespena

Elizagorriko Udalak, 2008ko azaroaren 5ean egin bilkuran, legez behar den gehiengoa izanik, hasiera batean onestea erabaki zuen Elbarriendako aparkatzeko txartelak arautzen dituuen ordenantza.

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork erreklamazio, kexa edo oharrik batere aurkeztu gabe, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Ondorio juridikoak sorrarazteko, inguruabar hori argitara ematen da, ordenantzaren testuekin batean. Hona hemen:

Elizagorrian, 2009ko urtarrilaren 21ean.-Alkatea, Ignacio Mangado López.

ELBARRIENDAKO APARKATZEKO TXARTELAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da ezgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko edo berritzeko arauak ezartzea, kontuan hartuz ezgaitasuna dutenen aukera berdintasuna eta haien gizarteratzea. Hori, legedi honekin bat: Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioa eta EEAO C 62/24, 1998ko otsailaren 26koa; Oztopo fisiko eta zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/1988 Foru Legea, martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legearen bidez aldatua; eta abenduaren 19ko 19/2001 Legearen 7.b artikulua; azken lege horrek Bide Segurtasunari eta Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari buruzko Legearen testu artikuluduna (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) aldatu zuen.

2. artikulua. Betebeharrak.

Aparkatze txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

Baliaezintasun iraunkorra duten gidariak:

1. Elizagorriko Udalaren Biztanle Erroldan izena emana egotea.

2. Elbarri interesdunak indarra duen gidabaimenaren jabe izatea, txartela zein ibilgailutarako eskatzen duen, hura gidatzeko bidea harexek ematen baitio.

3. Mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauek egiaztatu beharko ditu:

A) Elbarritasunaren egiaztapena:

-Elbarritasunaren ziurtagiria.

-Horren ezean, Gizarte Gaietako Departamentuak luzaturiko agiria, Mendekotasunari buruzko Legearen laguntzen onuraduna dela egiaztatzen duena.

B) Mugikortasun ezaren egiaztapena (agiri hauetako edozein):

-Nafarroako Osasun Zerbitzuak luzaturiko osasun agiria, egiaztatzen duena elbarritasunak modu larrian eragiten diola (ibiltzea, zangoak, protesiak, aulki gurpilduna, etab.)

-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun txostenak, haietatik inolako dudarik gabe ondorioztatzen baldin bada mugikortasunari eragiten dioten ondorio edo gaitzak daudela.

Elbarritasun agiritik ondorioztatzen bada, inolako dudarik gabe, mugikortasunari modu larrian eragiten diola, ez da beharrezkoa izanen baldintza hori egiaztatzea.

Behin betiko ezgaitasuna dutenen ahaide bizikideak edo zaindariak:

1. Elizagorriko Udalaren Biztanle Erroldan izena emana egotea.

2. Familiako bizikideak indarra duen gidabaimenaren jabe izatea, txartela zein ibilgailutarako eskatzen duen, hura gidatzeko bidea harexek ematen baitio.

3. Zaintzen den ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauek egiaztatu beharko ditu ondoko agiriak erabilita:

A) Elbarritasunaren egiaztapena:

-Elbarritasunaren ziurtagiria.

-Horren ezean, Gizarte Gaietako Departamentuak luzaturiko agiria, Mendekotasunari buruzko Legearen laguntzen onuraduna dela egiaztatzen duena.

B) Mugikortasun ezaren egiaztapena (agiri hauetako edozein):

-Nafarroako Osasun Zerbitzuak luzaturiko osasun agiria, egiaztatzen duena elbarritasunak modu larrian eragiten diola (ibiltzea, zangoak, protesiak, alki gurpilduna, etab.)

-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun txostenak, haietatik inolako dudarik gabe ondorioztatzen baldin bada mugikortasunari eragiten dioten ondorio edo gaitzak daudela.

Elbarritasun agiritik ondorioztatzen bada, inolako dudarik gabe, mugikortasunari modu larrian eragiten diola, ez da beharrezkoa izanen baldintza hori egiaztatzea.

4. Eskatzaileak dokumentazioa aurkeztea, egiaztatzen duena laguntza hartu behar duenarekin famili lotura badagoela edo zainketa jakin bat ematen diola eta harekin bizi dela, hala denean (familia liburua, erroldatze agiria, Mendekotasunari buruzko Legeari dagokion agiria zaindari esleipenaz, etab.)

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartela Udalaren bulegoetan eskatuko da, eta eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

-Karnet neurriko argazki bat, kolorezkoa.

-Fotokopia eta jatorrizkoak, elbarritasunaren ziurtagiriarenak eta Osasunbideak mugikortasun arazoak egiaztatzeko luzaturiko ziurtagiriarena, halakorik bada.

-Gidabaimen eguneratuaren fotokopia eta jatorrizkoa.

-Ibilgailuaren zirkulatzeko baimenaren fotokopia eta jatorrizkoa.

-NANaren fotokopia eta jatorrizkoa.

-Eskaera ahaide batek edo zaintzaile batek egiten duenean, elbarriaren eta eskatzailearen arteko loturari buruzko datuak sartuko dira.

4. artikulua. Txartelaren erabilera.

1. Txartela ibilgailuaren aurreko partean jarriko da, txartelaren aurrealdea kanpotik argiro ikusten dela.

2. Indarraldia amaituta, ez du gehiago baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

Txartelak 3 urterako balioko du, luzatzen den egunaz geroztik.

Txartela zertarako eman zen, horretarako baldintzak eta arrazoiak desagertzen direnean galduko du balioa; hala gertatzen denean Udalari itzuli beharko zaio.

3. Ibilgailu txartelduna aparkatu ahalko da:

a) Ordutegi mugarik gabe, ezgaituentzako erreserbatuta eta seinalatuta dauden lekuetan.

b) Denbora tarte mugatu batean, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan (seinale bidez aparkatzeko debekua adierazi denetan) bai bertzelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.

4. Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean:

a) Txartelaren titularra eramaten ez duenean.

b) Oinezkoen pasabideetan.

c) Espaloiaren gainean.

d) Orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratiboak dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

c) Bertze baten txartela erabiltzea.

Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie betiere, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, haren bidez onetsi baitzen zehapen ahalmena erabiltzeko prozedura.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L0900920