19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ETXARRI ARANATZ

Ordenantza, Udal ordenantza eta erabakietan aurreikusitako ikuskapenen tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Etxarri Aranazko Udalak, 2008ko otsailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udal ordenantza eta erabakietan aurreikusitako ikuskapenen tasak arautzen dituen ordenantza (2008ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 7an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxarri Aranatzen, 2008ko abenduaren 31n.-Alkatea, Maider Goñi Errazkin.

UDAL ORDENANTZA ETA ERABAKIETAN AURREIKUSITAKO IKUSKAPENENGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza Udalak bere langileen bidez egiten duen ikuskapen jarduerak dakar, osasun arloko ordenantzek ezarritako arauak, jarduera sailkatuen ingurukoak eta gainerako ordenantza eta udal erabakietan agertzen direnak hertsiki betetzen direla frogatzeko, haiek urratu direla edo betetzen ez direla uste denean.

3. artikulua. Ikuskapenak bide hauei jarraikiz egin daitezke:

a) Ofizioz, arauek hala ezartzen dutenean.

b) Alderdi batek hala eskaturik, edo inork egindako salaketen ondorioz.

4. artikulua. Pertsona natural edo juridiko orok Alkatetzaren aitzinean salatu ahal izanen ditu, jarduera sailkatuen, Osasungintzakoen eta emaniko gainerako arauen arloan egindako arau-hausteak, arau horietan ezarritako betekizunei eusten badie, eta salaketa egileak, ikustaldia baino lehenago, ikustaldi horretarako zehaztutako tasaren balio bereko fidantza pausatu beharko du.

5. artikulua. Udal administrazioak ikustaldiak noiznahi egin ahal izanen ditu, kasuan kasuko arauak betetzen direla egiaztatzeko.

Tasaren sorrarazpena

6. artikulua. Tasaren sorrarazpena, kasuan kasuko espedienteari edo jarduerari dagokionez, udal langileek egindako ikustaldiarengatik eta egiaztapenarengatik gauzatuko da, honako arau hauekin osatuz:

a) Tasa ezartzeko, ikustalditzat joko da ikuskatzaileek egindako joan-etorria, ikuskatu beharreko lekura iristerik ez badute ere.

b) Irekitzeko lizentzia duten jarduerei dagokienean, lokalaren neurri zuzentzaileak eta segurtasunekoak betetzen diren egiaztatzeko egiten den lehenbiziko bisitaldiak ez du inolako tasarik sortuko.

Subjektu pasiboak

7. artikulua. Ordaintzera beharturik daudenak:

a) Ikuskapenaren xede den jardueraren pertsona natural edo juridiko titularrak.

b) Ikuskatzen diren eraikin, establezimendu, zentro, lokal eta gainerakoen jabeak, arau-haustearekin zerikusia baldin badute.

c) Arau-haustea egiten duten pertsonak.

d) Salaketa kasuetan, ausartegi justifikatu gabea edo argi eta garbi funtsik gabekoa dela jotzen bada, txosten teknikoaren arabera, salatzailearen gain geratuko dira ikuskapenak sortzen dituen tasak, eta haiek gordailuan utzitako fidantzatik kenduko dira.

e) Halaber, higiezinaren jabeak ordaindu beharko ditu tasak, aurri espedienteen ondorioz egiten diren ikuskapenetan.

Tarifak

8. artikulua. Tarifak, beren karga-oinarriekin batean, ordenantzaren eranskinean agertzen dira.

Tasaren kudeaketa

9. artikulua. Ikuskatzaileek agertaldia egin izanaren berri emanen dio behar den departamentuari, likidazioa egiteko beharrezkoak diren datuekin eta salaketa, kasuan kasu, ausartegi edo arrazoitu gabetzat hartzen den adieraziz, eta horrek kasuari dagokion likidazioa eginen du, egokitzen denean zigorrarekin gehituz, eta behar den organoari onespena proposatuko dio.

Onetsitakoan, pertsona behartuari jakinaraziko zaio, kuota jakinarazpenaren ondoko hilabetearen barnean ordaindu beharko delarik. Ordaintzen ez bada, bestelako oharrik gabe, premiamendu bidez kobratzeari ekinen zaio.

Arau-hausteak eta zehapenak

10. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.

TARIFEN ERANSKINA

Ikuskapenek sortzen dituzten tasak honako tarifa honetan ageri dira:

Tarifa

I. epigrafea:

Ikustaldiak, jarduera sailkatuen arloan eta gainerako ordenantza eta erabakietan ezarritakoaren arabera, bai eta Udal Ondarean sortutako kalteengatik ere, egindakoak: ikustaldi bakoitza: 60,00 euro.

-II. epigrafea:

Eraikinen azterketa, segurtasun baldintzak eta aurri egoeretako espedienteak direla eta :

Gutxieneko ikuskapena: arkitekto edo aparejadore baten 1,5 lan ordu 142,00 euro.

Lan gehiago behar bada, ordu bakoitza: 80,00 euro.

-III. epigrafea:

Salaketa baten ondorioz asotsa neurtzeko egiten den ikustaldiagatik. 50,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L0901225