19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ETXARRI ARANATZ

Ordenantza fiskala, Herriko jabari publikoko lurzoruaren, hegalkinaren eta zorupearen erabilpen pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Etxarri Aranazko Udalak, 2008ko otsailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herriko jabari publikoko lurzoruaren, hegalkinaren eta zorupearen erabilpen pribatiboa edo aprobetxamendu berezia egiteko tasak arautzen dituen ordenantza (2008ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 7an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxarri Aranatzen, 2008ko abenduaren 31n.-Alkatea, Maider Goñi Errazkin.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOKO LURZORU, HEGALKIN ETA ZORUPEAREN ERABILERA PRIBATIBO EDO APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintzak dira toki entitateko jabari publikoko zoruaren, hegalkinaren eta zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, hala nola:

a) Erabilera publikoko zorupea okupatzea.

b) Erabilera publikoko lurrak salgai, eraikuntzako material, hondakin, hesi, puntel, euskarri, aldamio edo gisako instalazioen bidez okupatzea.

c) Pisuetako burdinsareak, soto edo sotoarteei argia, aireztapena, pertsonen sarbidea edo ibilgailuen sarrera eman ahal izateko herriko edozein eremu publikotako zoru edo zorupean kokatutako lukana, arnasbide, ate, karga-aho edo gisako elementuak, bai eta argi-sare publikotik egindako hartunea ere.

d) Toki entitateko edozein eremu publikoko hegalkina ukitzea, eraikinak ixteko elementu, terraza, behatoki, balkoi, markesina, olana edo gisako instalazioekin, eremu publikoaren gainean dauden edo fatxadaren lerrotik ateratzen diren hegalkinak, eta balkoi eta terrazak kristalez ixtea.

e) Toki entitateko eremu publiko edo jabari publikoko bestelako lurretan edo haien hegalkinean kokatuta dauden hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo beste edozein isurkari eramateko; kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burni-barrak, baskulak, aldamioak eta gisakoak; eta salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.

f) Irabazteko xedearekin mahaiak, aulkiak, tribunak, oholtzak edo haien gisako bestelako elementuak jarriz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

g) Eremu publikoan kioskoak paratzea.

h) Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta jolaskizunak jartzea, bai eta kalez kaleko industriak eta zinema filmaketa ere.

i) Portada, erakusleiho eta beirarasak.

j) Erregaiaren biltontziak eta hornigailuak eta, oro har, erabilera publikoko lurretan kokatutako artikulu edo salgaiak.

k) Toki entitateko jabari publikoko lurrak okupatzen dituzten edo herriko errepide edo eremu publikoetatik ikusgarri diren iragarkiak jartzea.

l) Lur, eraikin edo hesiei eusteko hormak, behin betikoak zein behin-behinekoak, toki entitateko eremu publikoetan.

m) Azienda toki entitateko eremu publiko edo jabari publikoko lurretan barna igarotzea.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hastean sortzen da, eta aurretik behar den baimena eskatu behar da.

Udalaren nahitaezko lizentziarik aurretik izan gabe erabilera edo aprobetxamendua hasten bada, ordenantza fiskal honetan ezarritako tasa pagatzeak ez ditu izandako erabilera edo aprobetxamenduak legeztatuko eta kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

Ordenantza honetako erabilera edo aprobetxamenduak tasaren aldian behingo sorrarazpena behar badu, hura urtarrilaren 1ean izanen da urtero eta zergaldia urte naturala izanen da, salbu eta erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia urte hartan hasi edo bukatu den kasuetan, orduan zergaldia horren arabera moldatuko baita eta berdin kuota hainbanatuko.

Nork ordaindu behar

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta, toki entitateko jabari publikoko zoru, hegalkin edo zorupearen erabilera pribatibo edo aprobetxamendu berezia egiten badute, edo hari onura ateratzen badiote.

Eremu publikoan jartzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titular edo aprobetxamenduaz baliatzen direnez gain, zaborrontzien jabeek eta etxegileek ere ordaindu beharko dute.

5. artikulua. Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek lurzoruan, hegalkinean eta zorupean egindako erabilera edo aprobetxamenduen tasak horien gaineko ordenantza fiskalen edo aplikagarri diren udal erabakien menpe egonen dira.

Oinarriak, tasak eta tarifak

6. artikulua. Tarifak aplikatzeko oinarria zehaztuko da aprobetxamenduaren iraupenaren eta okupatutako eremu publikoaren azaleraren arabera.

7. artikulua. Tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Erabilpen pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketaz gain, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori ukituta gerta daitezkeen ondasun eta instalazio guztien balioaren arabera finkatuko da, hura zenbakietara ekartzeko udal teknikariak txostena aldez aitzinetik eginda.

Indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu daiteke gordailua. Fidantza itzultzeko beharrezkoa izanen da aldez aurreko txostena, non indarra duen arautegia eta lizentziaren baldintzak hertsiki bete eta zoladura behar bezala konpontzen den islatuko baita.

9. artikulua. Erabilera dela eta sortutako kalteak konponezinak badira, onuradunak desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen balio galera norainokoa den, horrenbeste emanen dio ordainetan Udalari. Bereziki konponezintzat hartuko diren kalteak interes artistiko edo historikoa duten monumentuetan eta 20 urte baino gehiagoko zuhaitzetan egindakoak izanen dira.

Lehenik eta behin fidantzek kalte-ordain horiek estaliko dituzte.

10. artikulua. 1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduek behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira. Tasa urtean behin ordaindu beharko da, Ordenantza fiskal orokorrean ezarritako epe eta baldintzetan.

2. Gainerako kasuetan, likidazioa eginen da tasa lizentzia edo kontzesioa eman dela jakinarazi baino lehenago, erabilera edo aprobetxamenduaren epea zehazki finkaturik dagoenean. Hala ez bada, pagamendua erabilera edo aprobetxamendua amaitutakoan eginen da, hau da, partikularrak Udalari bukatu dela jakinarazten dionean.

Erabilera edo aprobetxamendua sasoi osorako ematen bada, tasa ordaintzen ahal da hiruhilabeteka eta horiek iragandakoan. Ez da eginen hiruhilekoaren likidazioa erabilera edo aprobetxamenduari uko egiten bazaio hiruhileko hori hasi baino gutxienez hilabete bat lehenago.

3. "Mahai, aulki eta mahaitxoak" izeneko 1. epigrafeari dagokionean, Udalak baimena osorik balio gabe utzi edo aldi baterako ken dezake arrazoi bidezko, obra, konponketa, eta abarrik badago, eta kobratutako tasaren zati proportzionala soilik itzultzera behartuta dago.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.-Indarrik gabe utzi dira, ez baliorik ez eraginik ez dutela, ordenantza hau osoki betetzeko kontra edo traba egiten duten udal mailako lehenagoko xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.-Zoruko aprobetxamendu bereziak.

-Mahaiak, aulkiak, mahaitxoak, maiatzetik urrira: 8,00 euro/m².

-Festetako barrakak: 150,00 euro.

-Karabana, atoi eta automobilak ez diren gainerako ibilgailuak, bereziki baimentzen direnean, tasa ordaintzeak baimena dagoela esan nahi ez badu ere:

-Zenbatekoa, egunean: 3,50 euro.

-Bestelako erabilera edo aprobetxamendua, jarduera ez ekonomiko, hesi, aldaera, obretako edukiontzi eta abarretarako: 30 euro hilabetean.

-Okupazioa, garabia paratzeagatik:

.1etik 6 hilabetera: 104,50 euro.

.6 hilabetetik gora, 31,50 euro/hilabetea.

-Kalez kaleko salmenta, festetan. 60,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L0901161