19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ETXARRI ARANATZ

Ordenantza fiskala, Erabilera publikoko lurretan zangak, laginketak eta zuloak irekitzeko eta eremu publikoko zoladuran edo espaloietan edozein mugimendu egiteko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Etxarri Aranazko Udalak, 2008ko otsailaren 1ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Erabilera publikoko lurretan zangak, laginketak eta zuloak irekitzeko eta eremu publikoko zoladuran edo espaloietan edozein mugimendu egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala (2008ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, martxoaren 7an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxarri Aranatzen, 2008ko abenduaren 31n.-Alkatea, Maider Goñi Errazkin.

ORDENANTZA FISKALA, ERABILERA PUBLIKOKO LURRETAN ZANGAK, LAGINKETAK ETA ZULOAK IREKI ETA EREMU PUBLIKOKO ZORUAN EDO ESPALOIETAN EDOZEIN MUGIMENDU EGITEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Legearen Lehenengo Tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatutakoaren arabera eta lege bereko 12. artikuluan jasotzen den baimenari jarraituz.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da erabilera publikoko tokiko lurretan, tokiko errepide, bide eta gainontzeko eremu publikoak barne, zangak, laginketak eta zuloak irekitzea, tutueria, hodiak eta bestelako instalazioak jarri eta konpontzeko, bai eta eremu publikoko zoruan edo espaloietan edozein mugimendu egitea ere.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Zergak ordaindu beharra toki entitatearen jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia hasten denean sortzen da.

Nork ordaindu behar

4. artikulua. Tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, baldin eta Ordenantza honetako 2. artikuluan aurreikusitako kasuetako bati jarraikiz, toki entitatearen jabari publikoa beren alde erabili edo ustiatzen badute edo hari onura ateratzen badiote.

Oinarriak, tasak eta tarifak

5. artikulua. Tasa oinarritzat hartuko da egin beharreko aprobetxamendua egin ahal izateko mugitu edo ireki beharreko toki entitatearen jabari publikoko azalera.

Ordaindu behar den tasaz gain, ordaintzeko obligazioa dutenek ordaindu beharko dute lanaren ondorioz jabari publikoan eragiten den kalteari dagokion zenbatekoa, tarifen eranskinean ageri denaren arabera.

Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek egindako aprobetxamendu bereziei zein erabilera pribatiboei dagozkien tasak horren gaineko Ordenantza Fiskalak edo horiek arautzeko Udal Erabakiek gobernatuko dituzte.

Ondasunak eta instalazioak berreraiki, birrezarri edo konpontzea

6. artikulua. Ordaintzeko beharturik dagoenak aprobetxamendua egin den tokietako ondasun eta instalazioak berreraiki, birrezarri eta konpondu beharko ditu.

7. artikulua. Konponezinak diren kalteak egiten badira, interesdunak ordaindu beharko ditu. Udal teknikariek zehaztuko dute kalte-ordainaren zenbatekoa, desegindako gaiek balio dutenaren edo kaltetutakoaren balio galeraren arabera, aplikagarri den legeriari jarraikiz.

8. artikulua. Aurreko artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako, ordaintzera beharturik dagoenak gordailu bat egin beharko du, lehenik eta behin, zanga behar bezala betetzeko erabiliko dena eta, behar izanez gero, zoladura emateko, eta pasabideen kasuan, hurrengo batean berreraikitzeko, hala nola konponezinak gerta daitezkeen kalteak ordaintzeko.

Indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin lotu daiteke gordailua. Gordailua berreskuratu ahal izateko adostasun txostena beharko da, indarra duen arautegia eta lizentzia hartzeko baldintzak hertsiki bete eta lurzorua behar bezala konpondu dela egiaztatzen duena.

9. artikulua. 1. Pasabideak egiterakoan gordailuak eratu, handitu eta itzultzeko gaietan, "Eremu publikoetako espaloietan eta erreserbatutako lekuetan barna ibilgailuak pasatzeko lizentziei buruzko tasak arautzen dituen Ordenantza Fiskalak" xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Ordenantza honen xede diren gainerako aprobetxamenduetan, aipatu gordailu horien zenbatekoak aprobetxamendurako baimendutako azaleraren arabera zehaztuko dira, betiere tarifen eranskinean ageri denari jarraikiz.

Kudeaketa arauak

10. artikulua. Edozein arrazoi dela medio, toki entitateko erabilera publikoko lurretan, zangak, laginketak edo zuloak ireki edo zoladuran edo espaloietan edozein mugimendu egin nahi duen pertsona natural edo juridikoak, behar den baimena eskatuko dio Udalari, eta horretarako hirigintza arloko araudian eta "H.A.P.O.ren arabera eremu publikoan obrak egiteko ordenantza" izenekoan eskatutakoa ere bete beharko ditu

11. artikulua. Lizentziak ematen diren unean behar diren tasak ordaindu beharko dira. Pasabideak egiten direnean, lizentziaren eraginkortasuna lotua geldituko da espaloia zeharkatzeko baimenari.

12. artikulua. Baimenak indarra galduko du hura eman eta sei hilabetetan ez badira obrak hasi edo ezarri epean ez badira bukatu.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.

TARIFEN ERANSKINA

Ordenantza fiskal honetan aplikatuko diren tarifak honako hauek dira:

I. epigrafea.-Zangak irekitzea.

1.1. Zanga metro bat zabal baino gutxiago bada, luzerako metro bakoitzagatik: 15,60 euro.

1.2. Zangaren zabalera metro lineal bat bada edo gehiago, metro luze bakoitzagatik: 18,00 euro.

II. epigrafea.-Fidantza zangak irekitzeagatik.

Fidantza metro lineal bakoitzeko: 95,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L0901159