19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ETXARRI ARANATZ

Ordenantza, Udalaren kirol instalazioak, pilotalekua eta beste erabiltzeko prezio publikoa arautzen duena. Behin betiko onespena

Etxarri Aranazko Udalak, 2008ko otsailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udalaren kirol instalazioak, pilotalekua eta beste erabiltzeko prezio publikoa arautzen duen ordenantza (2008ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 7an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxarri Aranatzen, 2008ko abenduaren 31n.-Alkatea, Maider Goñi Errazkin.

ORDENANTZA, UDALAREN KIROL INSTALAZIOAK, PILOTALEKUA ETA BESTE ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Kontzeptua

2. artikulua. Kirol instalazioak erabiltzeagatik ez da prezio publikorik galdatuko, honelako kasuetan:

a) Gorputz hezkuntzako programa, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleendako, irakastorduetan.

b) Etxarri Aranazko Udalak sustatu edo antolatutako jarduerak, eta horrela baloratzen direnak.

c) Udalaren baimena duten kirol taldeak, Udalaren urteko kirol programaren barnean daudenak.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Kirol instalazioak erabiltzen dituzten pertsona naturalak daude ordainarazpen hauek ordaintzera behartuak.

4. artikulua. Kirol instalazioen eremura sartuz hasten den erabilerarekin batean sortzen da prezio publikoa ordaindu beharra.

Kudeaketa eta diru-bilketa arauak

5. artikulua. Kirol instalazioak modu jarraituan erabiltzen ez badira, prezioa erabili baino lehenago ordaindu beharko da.

6. artikulua. Kirol instalazioak modu jarraituan erabiltzen badira (hamabostaldiko, hilabeteko, hiruhilekoko, urteko abonuak), prezioa erabili baino lehen ordaindu beharko da, Udal Bulegoan.

7. artikulua. Sarrera murriztua duten instalazioetara behar den sarbidea ematen duen baimena, ordainagiria, abonamendua, eta abar aldean eramanez joan beharko da. Erabiltzaileek berekin atxiki beharko dituzte instalazioak erabiltzeko baimen, ordainagiri edo abonamenduak, barrenean dauden bitartean, instalazioen ardura duten langileek eskatuz gero erakutsi ahal izateko.

8. artikulua. Instalazioen ardura duten langileek sarrerak eskatu eta ez aurkezteak udal kiroldegiaren eremutik kanporatzea izan dezake zehapen.

9. artikulua. Iruzurtzat hartuko da Udalaren edozein kirol instalaziotan behar den sarrerarik edo baimenik gabe sartzea.

10. artikulua. Instalazioen erabiltzaileek aldiro egin beharko diete men udal kiroldegiaren esparruetan portaeraz eta erabileraz ikusgai paratzen diren arauei. Halako instalazio batzuetan arau bereziak izanen dira erreserbak egiteko edo funtzionatzeko. Horiek erabiltzaileen eskura egonen dira kirol bulegoan.

11. artikulua. Udalaren pilotalekuetako erabiltzaileek araudi orokorra bete beharko dute, bai eta Udalaren kirol programa honen erabiltzaileendako onetsi diren eskubide eta betebeharrak ere.

Tarifak

12. artikulua. Tarifak arau honen eranskinean agertzen dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.

TARIFEN ERANSKINA

Instalazioak taldeka alokatzea:

-Eskola publikoetako pilotalekua: 6,00 euro/ordua, argiarekin. Argirik gabe, 4,00 euro.

-Udal pilotalekua: 6,00 euro/ordua, argiarekin. Argirik gabe, 4,00 euro.

Udalaren organo eskudunak instalazioa jardunaldi, ospakizun edo txapelketatarako ordubete baino gehiagorako baimena emanda, dagokion udal ordenantzak ezartzen duen zenbatekoa ordainduko da, alokairutako, eta fidantza utziko da, konponketetarako, eta beste bat garbiketarako. Fidantzak instalazioen egoera frogatu ondotik itzuliko dira, konponketei eta garbiketei dagokien zenbatekoa kenduta, halakorik egin behar izanez gero.

-Konponketetarako fidantza: 50,00 euro.

-Garbiketarako fidantza: 50,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L0901158