19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ETXARRI ARANATZ

Ordenantza fiskala, Udalaren lokalak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituena

Etxarri Aranazko Udalak, 2008ko otsailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udalaren lokalak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza (2008ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 7an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betikoz onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxarri Aranatzen, 2008ko abenduaren 31n.-Alkatea, Maider Goñi Errazkin.

ORDENANTZA, UDALAREN LOKALAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen Lehen tituluko III. kapituluaren 2. ataleko 2. azpiatalean xedatutakoari jarraikiz ezarri da, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.

Ordaindu beharra noiz sortzen

2. artikulua. Prezio publikoa ordaindu beharra sortzen da baimena ematean eta ordaindu beharko da ekitaldia egin baino bi egun lehenago gutxienez.

3. artikulua. Interesdunak erabiltzeari uko egin ahal izanen dio ekitaldirako ezarritako data baino hogeita lau ordu lehenago, eta kasu horretan prezio publikoaren %50 itzuliko zaio.

4. artikulua. Udalak aipatu lokalak erabiltzeko baimena nori ematen dion, haiexek daude beharturik prezio publikoa ordaintzera.

Erabilera

5. artikulua. Baimena Udalbatzak udal lokalen erabilpenerako onetsitako arauen arabera emanen da.

6. artikulua. Jai eguntzat hartuko dira Udal honetako langileek lan egutegian halakotzat hartzen direnak.

Tarifak

7. artikulua. Lokalak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tarifak arau honen eranskinean agertzen dira, eta Balio Erantsiaren gaineko Zerga beren baitan izanen dute, hala badagokie.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.-Tarifak.

Bilkura aretoa.

-Ordu betez erabiltzeko prezioa: 12 euro.

Bizilagunen bileretarako aretoak:

-Ordu betez erabiltzeko prezioa: 6 euro.

Udalaren organo eskudunak baimena emanda, dagokion udal ordenantzak ezartzen duen zenbatekoa ordainduko da, alokairutako, eta fidantza utziko da, konponketetarako, eta beste bat garbiketarako. Fidantzak instalazioen egoera frogatu ondotik itzuliko dira, konponketei eta garbiketei dagokien zenbatekoa kenduta, halakorik egin behar izanez gero.

-Konponketetarako fidantza: 30,00 euro.

-Garbiketarako fidantza: 20,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L0901155