19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ETXARRI ARANATZ

Etxarri Aranazko Udalaren Kultur areto eta guneak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Etxarri Aranazko Udalak, 2008ko otsailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udalaren Kultur areto eta guneak erabiltzeko prezio publikoak arautzen dituen ordenantza fiskala (2008ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 7an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxarri Aranatzen, 2008ko abenduaren 31n.-Alkatea, Maider Goñi Errazkin.

ETXARRI ARANAZKO UDALAREN KULTUR ARETO ETA GUNEAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

Oinarria.

1. artikulua. Ordainarazpen hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen Lehen tituluko III. kapituluaren 2. ataleko 2. azpiatalean xedatutakoari jarraituz ezarri da, eta haren 28. artikuluko baimenaren babesean.

Etxarri Aranazko Udalaren kultur areto eta guneen erabilera da ordenantza honen xedea.

Zergapeko egintza.

2. artikulua. Pertsona fisikoek edo juridikoek, bai eta Udalaren baimena duten erakunde edo entitateek, Udalarenak diren eta Etxarri Aranazko Udalaren Kultura Alorrak bere esku dituen aretoen erabilera da.

Subjektu pasiboa.

3. artikulua. Prezio publikoaren subjektu pasiboak, aipatu lokalak erabiltzeko Udalaren baimena duten pertsona fisiko edo juridikoak dira.

Prezio publikoaren sorrarazpena eta haren ordainketa.

4. artikulua. Prezio publikoaren sortzapena baimena ematen den unean berean gertatzen da eta ordainketa erabilera aurretik eginen da, eta betiere, 48 ordu lehenagotik.

5. artikulua. Etxarri Aranazko Udalaren edozein aretotarako egunak erreserbatzeak ez du baliorik izanen ez bada errentamenduaren zenbatekoaren %25 ordaindu. Ordainketa hori behin betiko likidazioaren kontura eginen da.

Egindako erreserbak deuseztatzeko eskaerak bakar-bakarrik onartuko dira arrazoiak modu sinesgarrian frogatzen badira; idatzita eginen da eskaria eta, betiere, ekitaldiaren data baino 10 egun lehenagotik, gutxienez.

Erabilera.

6. artikulua. Baimena ondoko erabilera arau hauei jarraituz emanen da:

1.-Etxarri Aranazko Udalaren kultur guneak herriaren jabariko eta zerbitzurako udal ondasunak dira, batez ere kultur jardueretan erabiltzekoak, musika, antzerki, eszena, gorputz adierazpen eta plastika arloetan, eta tarteka, inguruabarren bat dela medio, aipatuez bestelako jardueratan erabili ahalko dira.

2.-Instalazio horren funtzionamenduaren arauketa Etxarri Aranazko Udalaren egitekoa da, Kultura Alorraren bitartez.

3.-Etxarri Aranazko Udalak, Kultura Alorraren bitartez, hartuko du ardura jarduerak ibilarazi, antolatu eta koordinatzen, bai eta instalazioak zaindu eta hobetzen ere.

4.-Etxarri Aranazko Udalaren kultur guneak erabiltzeko araubide ekonomikoa, Udalak dohainik erabiltzeko baimena ematen dituen kasuak salbu, indarra duten tarifei egokituko zaie eta horiek dagokien ordenantza fiskalean beharko dute agertu. Halaber, antolatzaileak erantzukizun zibileko poliza kontratatu beharko du, egin beharreko ekitaldiaren ondoriozko edozein ustekaberi aurre egin ahal izateko.

5.-Etxarri Aranazko Udalak kontratuak edo hitzarmenak egin ahalko ditu partikular edo entitateekin instalazioen erabilera arautzeko, denboraldi luzean edo jarraian erabili behar direnean (hiru edo sei hilabetez, denboraldi batez, urte osoan, etab.).

6.-Erabiltzaileen kontura izanen dira:

I.-Edozein tasa, kontribuzio edo zerga ordaintzea.

II.-Egile eskubideak ordaintzea, horrelakorik izanez gero.

III.-Administrazioaren permiso eta baimenak.

IV.-Jarduera gauzatzeko behar diren elementuak muntatu eta kentzea, antolamendua Udalarena ez denean, eta betiere, Udaleko langileek edozein momentutan ematen dituzten oharrei kasu egin beharko diete.

7.-Instalazioen erabilera publikorako orduak Udalak ezarriko ditu Kultura Alorreko Ordezkaritzaren bitartez, prest dituen udal langileak eta eskaerak zenbat diren begiratuz.

8.-Entitate edo partikularrek instalazioak erabiltzeko baimenak beti egonen dira Udalak antolatu edo babesten dituen jardueren erabileraren menpe.

9.-Orokorrean, instalazioak erabiltzen dituzten entitate edo partikularrek ondoko baldintzok bete beharko dituzte:

I.-Entitate antolatzaile guztiek beren gain hartuko dituzte eskatu ahal zaizkien erantzukizun zibil, penal, administratibo zein laneko zergei buruzkoak, edo edozein tankeratakoak, eta beren esku geldituko dira oso-osorik beren erantzukizun horien ondoriozko kalte eta galeren ordainak, Udala horietatik erabat salbu geldituko baita.

II.-Entitate antolatzailea behartua dago agintaritzari eta erakunde eskudunei beharrezko diren baimen guztiak eskatzera, egin nahi duen ekitaldirako.

III.-Instalazioak erabiltzeko eskaerak lau egun lehenagotik bederen aurkeztu beharko dira, Kultur Etxean.

Presako kasuak: pertsonek nahiz entitateek Kultur Etxeko lokalak erabili behar izan eta, arrazoi bereziengatik edo halako presa izateagatik, erregelamenduzko tramiteari segitu ez bazaio, beren eskabidea idatziz aurkeztuko dute Kultur Etxean, gutxienez egun bat lehenago. Eskabide horretan aretoa zertarako nahi duten azalduko dute, baita presaren arrazoia ere.

IV.-Udalak ez du inongo erantzukizunik izanen jendeak egiten dituen gauzengatik, entitate antolatzailearena baita, oso-osorik, erantzukizun hori.

V.-Ekitaldia amaitzean, entitate antolatzailea arduratuko da instalazioak erabiltzeko ongi geldi daitezen, ekitaldia hasi aurretik zeuden egoera berean, eta instalazioez arduratzen diren langileek ikus-onespena eman beharko diete.

VI.-Entitate antolatzaileek beren gain hartuko dute instalazioak behar bezala ez erabiltzeagatik egiten diren hondamen edo kalteak konpondu edo ordaintzeko ardura, edozein izanagatik haien arrazoia edo zergatia. Horretarako, Udalak aurkeztuko dio likidazioa, non ez den bera zuzenean egin behar diren konponketen kargu egiten, Udalak hautatzen duen udal teknikariaren zuzendaritzapean, eta horren adostasunarekin.

VII.-Udaleko zerbitzu teknikoek edozein momentutan ikuskatu ahalko dituzte jarduera egiteko instalazio osagarrien muntai eta desmuntai lanak, eta entitate antolatzaileek horren gainean egiten dizkieten ohar eta jarraibide guztiak onartu eta bete beharko dituzte.

10.-Orokorrean, instalazioen barrenean ezin izanen da inongo publizitate eta propagandarik egin, Udalak kasu bakoitzean espresuki baimentzen duena ezik.

11.-Udalak badu jendeari kargu hartzeko eskubidea, horrelako tokietan behar den jokabidea agertzen ez badute, bai eta halakoak instalazioetatik egoztekoa ere.

12.-Erabilera bat baino gehiago edo denboraldi baterako, kontratu edo hitzarmena egiten duten entitateen kide edo partehartzaileek instalazioen erabileran haien portaeragatik istiluak sortu eta instalazioak hondatzen dituztenean, lehenbiziko neurritako, kargu hartu eta gastuen agiria ordaindu beharra ezarriko da.

13.-Inguruabarrek eraginda eta aldi baterako, eta Kultura Alorrak horretarako baimena ematen duen aldi oro, partikularrek Etxarri Aranazko Udalaren biltegiguneak erabili ahalko dituzte, trasteak, tresneria guztia, eszenako materiala, etabar gordetzeko.

14.-Ikus-entzunezko baliabideak Udaleko langileek erabiliko dituzte edo entitate antolatzaileak behar bezala kreditaturiko adituek, Udalak bere adostasuna eman ondotik.

15.-Kultur Etxean egiten diren jarduera guztietan, edo publizitatea daramatenetan bederen, Udalaren armarriaren logotipoa eta Kultur Etxearena ezarri beharko dira, haien entitate laguntzaileak diren aldetik.

16.-Udalari dagokio erregelamendu honetan jaso ez diren kasuak erabakitzea, eta zalantzarik sor dezaketen artikuluen azken interpretazioa, Kultura Alorreko ordezkariaren bitartez, edo, bestela, ezinbestean, dagokion udal organoari.

Salbuespenak.

7. artikulua. Ezartzen diren kuotak ordaintzetik salbu daude ondoko jarduera hauek:

a) Etxarri Aranazko Udalak eta bere Musika Eskolak antolatzen dituztenak.

b) Etxarri Aranazen kokatuak dauden kultura, hezkuntza, kirol, gizarte, josteta edo politika arloko entitateek antolatzen dituztenak, betiere antolatutako ekitaldiengatik dirurik kobratzen ez bada.

Udalak espresuki onartu behar du irabazteko asmorik eza, gertatzen den aldiro.

Tarifak.

8. artikulua. Lokalak erabiltzeagatik, I. eranskineko tarifak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.

I. ERANSKINA, TARIFAK

1.1. Kultur Etxeko ekitaldi aretoa.

-Ordu betez erabiltzeko prezioa: 20,00 euro.

1.2. Kultur Etxeko areto balioanitzak.

-2. solairuko aretoak. Ordubetez erabiltzeko prezioa: 3,00 euro.

-Bideo aretoa. Ordubetez erabiltzeko prezioa: 10,00 euro.

-Erakusketa aretoa. Ordubetez erabiltzeko prezioa: 3,00 euro.

2. Aldez aurretik erreserbatutako toki bat, hitzartu baino luzeago erabiliz gero, gehituriko denbora horri dagokion tarifa kobratuko da.

4. Hainbat material jakin erabiltzeko, fidantza finkatuko da.

II. ERANSKINA

Udalaren organo eskudunak instalazioaren erabilera baimenduta, dagokion udal ordenantzak ezartzen duen zenbatekoa ordainduko da, alokairutako, eta fidantza utziko da, konponketetarako, eta beste bat garbiketarako. Fidantzak instalazioen egoera frogatu ondotik itzuliko dira, konponketei eta garbiketei dagokien zenbatekoa kenduta, halakorik egin behar izanez gero.

-Konponketetarako fidantza: 20,00 euro.

-Garbiketarako fidantza: 20,00 euro.

-Konponketetarako fidantza: 10,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L0901150