19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ETXARRI ARANATZ

Udal elementuak erabiltzeko prezio publikoa arautzen duen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Etxarri Aranazko Udalak, 2008ko otsailaren 1ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udal elementuak erabiltzeko prezio publikoa arautzen duen ordenantza (2008ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, martxoaren 7an).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta osorik argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Etxarri Aranatzen, 2008ko abenduaren 31n.-Alkatea, Maider Goñi Errazkin.

UDAL ELEMENTUAK ERABILTZEKO PREZIO PUBLIKOA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 28. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean ezarri da ordenantza honetako prezio publikoa.

Zergapeko egintza

2. artikulua. 1. Pertsona natural edo juridikoei Udalarenak diren elementuak lagatzea, horra zergapeko egintza.

2. Elementu horiek lagatu ahalko dira Udaleko zerbitzuetarako behar ez direnean.

3. artikulua. Kultur ekintzetan Udala laguntzaile denean eta antolatzaileei elementu horiek ematen dizkienean ez da prezio publikorik ordaindu beharko.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Ordenantza honetako prezio publikoa ordaintzera behartuta daude 2.1. artikuluan aipatutako tresna edo materialak erabiltzen dituzten pertsona edo entitateak.

Karga-oinarria

5. artikulua. Lagatutako elementuak zenbat denboran erabili diren, horren araberakoa izanen da.

6. artikulua. Erabilera denbora egunetan zenbatuko da, tarifetan zehazten denaren arabera, materiala udal biltegi edo parkeetatik ateratzen denetik hasi eta itzultzen den arte. Zatikia beti egun osotzat hartuko da.

Tarifak eta kuotak

7. artikulua. 1. Aplikatzeko tarifak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

2. Lagatutako elementuak udal langileen bidez eta Udalaren bitartekoekin muntatu eta garraiatzen badira, kuota zehazterakoan elementu horiek erabiltzeko tarifari muntaiarengatik eta garraioarengatik dagokiona gehituko zaio, betiere kontuan harturik horretan aritzen diren langileak, kategoria, muntatu eta garraiatzeko erabili diren bitartekoak eta ordu kopurua.

3. Material suntsigarriak lagatzen direnean, tasari haien kostua gehituko zaio.

4. Lagapen hori dohainik egiten ahalko da, baldin eta hartzaileak erakundeak badira eta haiekin Udalak harreman estua badu aholkularitza teknikoan edo azpiegiturako materialen lagapenean.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Material horiek eskuratzeko interesa duten partikularrek idatziz eskatuko dute, beharrezkoa dutena eta erabiltzeko denbora argi azalduz.

9. artikulua. Udal zerbitzu teknikoei komenigarria iruditzen zaienean, fidantza bat eskatu ahalko da lagatutako materialetan gerta daitezkeen haustura eta kalteei erantzuteko.

10. artikulua. Lagatutako apaindura elementuen erabilpen faseetan edozein motatako istripuak gertatuko balira, haien erantzukizuna ez legokioke Udalari.

11. artikulua. Lagatutako materialek izaten dituzten hausketa eta kalteak erabiltzaileen gain egonen dira. Harreraren arduradunek kalteei buruzko oharrak jasoko dituzte, kopia bat erabiltzaileei eman eta jatorrizkoa zerbitzuburuei igorriko diete. Haiek eginen dute behar den tasazioa.

12. artikulua. Lagatutako materiala itzuli izanaren frogagiria eta, baldin badago, kalteen oharra, kasuan kasuko udal bulegoak jasotzen dituenean, likidazio proposamena igorriko zaio Ogasun Zuzendaritzari, onetsi eta kobratzeko izapideak egin ditzan.

13. artikulua. Materialak eta elementuak nahi erara emanen ditu Udalak, eta ukapenaren aurka ezin izanen da erreklamaziorik egin.

14. artikulua. Udal aldamioak eskuratzeko aldez aurretik fidantza bat jarri beharko da kalte eta hondaketei erantzuteko. Galdu eginen da, lagapen epea edo horren luzapenak gainditzen badira. Fidantzaren zenbatekoa lagapenari dagokion tasaren %10 izanen da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, toki entitate honek onetsitako Ordenantza fiskal orokorra eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatuko dira.

Bigarrena.-Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik.

TARIFEN ERANSKINA

I. epigrafea.-Langileak.

Kontzeptu honengatik aplikatu beharreko tarifak izanen dira zerbitzua egiten den garaian indarra duten soldatei dagozkienak.

II. epigrafea.-Materialak.

II. 1. Eskailerak. 20,00 euro.

II. 2. Mahai eta aulkiak: 50 unitate 10 euro/eguna.

II. 3. Hesiak: 10 unitate 2 euro/eguna.

III. epigrafea.-Oholtzak.

III. 1. Oholtza modulua:

Tarifa guztiak denbora unitateei edo unitateen zatiei dagozkie.

Iragarkiaren kodea: L0901149