19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

71/2009 EBAZPENA, otsailaren 3koa, Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak emana, Zergen Kontrolerako 2009ko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onesten dituena.

Nafarroako Gobernuak 2008ko azaroaren 3an hartutako Erabakiaren bidez onetsitako Iruzur Fiskalaren aurka Borrokatzeko 2008-2012 Planaren helburu nagusia zerga arloko betebeharrak hobeki bete daitezela lortzea da. Hori lortzeko, Nafarroako Zerga Ogasunak ikuskapenaren, kudeaketaren eta diru-bilketaren arloetan eginen duen lana helburuen araberako plangintza batean jasotzea aurreikusten da. Plangintza horren edukiek osatuko dute Zergen Kontrolerako Plana.

Hori horrela, ebazpen honetan Zergen Kontrolerako 2009ko Planaren oinarri izanen diren irizpideak eta jarduketa-ildoak jaso dira. Aurreko urteetan, Ikuskapen planak gidatzen zituzten irizpideak baino ez ziren argitaratzen. Hemendik aurrera, zergen kudeaketari eta diru-bilketari buruzko informazioa ere argitaratuko da, eta horrela, zergen kontrolaren ikuspegi orokor eta osoa eskainiko da.

Gainera, ebazpen honen bidez Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan eta Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 10.4 artikuluan ezarritakoa betetzen da, hartan xedatzen baita, berariaz, urteko Ikuskapen Plana gidatzen duten irizpide orokorrak argitaratu behar direla.

Xedapen horietan ezarritako betebeharrak betetzeko asmoz, zergen kontrolerako arlo bakoitza gidatuko duten irizpideak eta jarduketa ildoak argitaratzen dira.

Horrenbestez,

EBATZI DUT:

Zergen Kontrolerako 2009ko Plana gidatzen duten irizpide orokorrak onestea.

Jarduketa ildo orokorrak.

a) Zergen kontrolaren plangintza osoa. Eskumena duten zerbitzuen arteko koordinazioari garrantzi berezia emanen zaio, hala berrikusi beharreko zergadunak hautatzerakoan, nola jarduketen lan zehatzak finkatzerakoan.

b) Informazioaren kalitatea eta hura lortu, aztertu eta ustiatzeko prozesuak hobetzea, zerga kontrolaren eraginkortasuna handitzeko. Horri dagokionez, beste erakunde batzuekin hitzarmenak sinatzea aurreikusi da, ondoko hauek egituratzeko: informazioa trukatzea, zerga arloko informazio erabilgarria duten beste datu-base batzuk erabiltzeko aukerak sustatzea eta, azkenik, teknologia berriak garatzea, informazioa tratatzeko datu-biltegiak ustiatuz edo arrisku fiskala aztertu eta gero zergadunak modu objektiboan hautatzeko tresnak erabiliz.

c) Zerga arloko beste administrazio publiko batzuekin lankidetza indartzea, batez ere Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin, Nafarroako Toki Ogasunekin eta Euskadiko Foru Ogasunekin.

d) Beste eragile eta administrazio batzuekin lankidetza hobetzea, batez ere Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin, polizia kidegoekin, Ministerio Fiskalarekin, epaileen organoekin, Lan Ikuskatzailetzarekin, Gizarte Segurantzarekin eta beste erakunde eta entitate batzuekin.

e) Langileen prestakuntza bultzatzea zergei buruzko arlo teknikoetan, prozeduren arloan eta jardunbide egokietan, eta beste zerga administrazio batzuekin truke programak sustatzea.

I. IKUSKAPEN PLANA

1.-Berariazko jarduketa ildoak.

a) Hitzarmen ekonomikoaren egokitasunaren jarraipena egitea, beste zerga administrazio batzuek egiten dituzten ikuskapen lanetan.

b) Ikerketa lanak indartzea, eginkizun horiez eta jarduketak planifikatzeaz arduratuko den unitate bat sortuz.

c) Zergadunei buruzko informazioa haien lokaletan lortu eta egiaztapenak bertan egin daitezela sustatzea. Horretarako, bulegoetatik kanpoko lana bultzatuko da eta zerga arloko agenteak sortuko dira, datuak tokian-tokian biltzeko giza baliabideak izateko.

d) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko unitateen lana espezializazio bidean jartzeko orientatzea, jarduera-sektorearen arabera.

e) Ikuskapen lanaren kalitatea gainbegiratzea.

f) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuko kideei etengabeko eta berariazko prestakuntza eskaintzea, zerga kontuetan, kontabilitatean eta ikuskapen lanekin zerikusia duten beste arlo batzuetan.

2.-Arreta bereziko arloak.

a) Ondasun higiezinen sektorearekin, oro har, harremana duten jardueren zerga jokabidea egiaztatzen eta ikertzen segitzea, higiezinen jabetzari buruzko zerbitzu guztiak barne direla, batez ere ondasun higiezinen lagapena errentamendu kontratuen eta antzekoen bidez egiten denean.

b) Iruzur antolatuen sareak, batez ere BEZarekin, Europar Batasunaren barneko eragiketekin eta Fabrikazioaren gaineko Zerga Bereziekin zerikusia duten guztiak, aztertzen eta ikertzen segitzea. Bereziki, Europar Batasunaren barreneko Operadoreen Erregistroan sartzeko eskaerak kontrolatuko dira.

c) Benetako ondasun-entregei edo zerbitzu-emateei ez dagozkien fakturak egiaztatuko dira eta horien jaulkitzailearen eta hartzailearen egoera erregularizatuko da. Bereziki, zergak zenbatespen objektiboaren araubidea edo araubide erraztua erabiliz ordaintzen dituzten enpresaburuen fakturazioa kontrolatuko da.

d) Balio handiko billeteetan egiten diren diru erabileren jatorria eta helburua aztertuko da, legez kanpoko, aitortu gabeko edo iruzurrezko eragiketak estaltzeko erabil ez dadin.

e) Zerga aitorpenak aurkezteko betebeharrak betetzen ez dituzten zergadunen tributazioa aztertuko da, bereziki larriak diren kasuetan, arrisku fiskal berezia dagoenean eta zergadunak emandako datuak Nafarroako Zerga Ogasunak dituenekin bat ez datozenean.

f) Lanbide jardueretan aritzen diren zergadunen tributazioa aztertuko da diru-sarrerak eta lortutako etekinak bat ez datozenean.

g) Enpresa txiki eta ertainen tributazioa aztertuko da langile bazkideen ordainsariek entitatearen beste magnitude batzuekin zerikusia ez dutenean edo haien araberakoak ez direnean.

h) Hileroko itzulketen araubideaz baliatzen diren BEZaren itzulketa eskaeretan tributazio orokorra aztertuko da.

i) Sozietateen gaineko Zergan aplikatzen diren zerga onurak benetakoak eta araudiaren araberakoak ote diren begiratuko da.

j) Talde fiskalen zerga arloko jokabidea eta enpresa handiek egiten dituzten eragiketa garrantzitsuak arretaz aztertuko dira.

k) Hondakinak tratatzeko eta metalak berreskuratzeko jarduerei lotutako zerga arloko jokabideak aztertzen eta ikertzen jarraituko da.

l) Ibilgailuak konpontzen lan egiten duten zergadunen zerga jokabideak aztertzen jarraituko da; bereziki, txapa eta pinturakoak.

m) Bereziki, sektore eta jarduera hauen zerga jokabidea aztertuko da:

-Ibilgailuak gidatzen irakasteko jarduerak.

-Pertsona fisikoei emandako zerbitzuak, esate baterako edergintzako edo estetikako tratamenduak, kirurgia plastikokoak, dietistak eta horiei lotutako beste batzuk.

-Animaliak hil eta zatikatzeko jarduerak eta haragi produktuak eta elikagaiak prestatzekoak.

-Langileak hautatu eta kontratatzeko zerbitzuak.

-Haien azterlana eta analisia egin ondotik, egiaztatzeko modukoak jotzen diren beste jarduera batzuk.

n) Alkoholaren eta Edari Eratorrien gaineko Zergaren, Tarteko Produktuen gaineko Zergaren, Elektrizitatearen gaineko Zergaren eta Zenbait Hidrokarburoren Txikizkako Salmenten gaineko Zergaren tributazioa egin behar duten produktuak fabrikatu eta merkaturatzeko jardueren zerga arloko jokabidea aztertuko da.

ñ) Zenbait zergadunen helbide fiskala benetakoa ote den aztertu eta egiaztatuko da, beste zerga administrazio batzuekin batera.

Gainera, 2009ko Ikuskapen Planak hartzen dituen jarduketen artean daude, besteak beste, Foru Komunitateko zergadunei buruzko egoera ez-normalen berri emanez Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuari egiten zaizkion komunikazioen ondoriozkoak, hala eskatuz gero tributuak kudeatzeko unitateek, Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek, Zerga Administrazioaren Estatuko Agentziak eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru ogasunek. Horien artean salaketak ere sartzen dira, haietarako arrazoiak emanda eta aztertu ondotik.

Azkenik, Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Ikuskapenaren Erregelamendua onetsi zuen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Ikuskapen Zerbitzuak funtzionarioek beren lanaren bidez egiten dituzten proposamenen ondoriozko ikuskapen lan guztiak egiten ahalko ditu.

II.-KUDEAKETA ETA EGIAZTAPEN LABURTUEN PLANA

1.-Berariazko jarduketa ildoak.

a) Tributuak kudeatzeko ardura duten atalek egiten dituzten egiaztapen lan laburtuak indartzea.

b) Zergadunen zentsuak berrikusi, garbitu, mantentze-lanak egin eta eguneratzea.

c) Zergadunarentzako zerbitzua eta zergen kontrola hobetzeko aplikazio telematikoak ezartzea. Bereziki Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziaren eta Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren autolikidazioetarako.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren eta Sozietateen gaineko Zergaren ordainketa zatikatuen autolikidaziorako proposamenak igortzea.

e) Balio Erantsiaren gaineko Zergaren itzulketen berrikuspenak indartzea, eginkizun horietarako dauden langileen zuzkidura handituz.

f) Enpresa handien betebeharren betetze mailari arreta berezia jartzea.

g) Zehapen prozedura bultzatzea zergadunek zerga arloko arau-hauste larriak egiten dituzten kasuetarako.

h) Aurkezten diren errekurtso eta kontsultak ebazteko epeak hobetzea.

i) Etengabeko prestakuntza berariazkoa fiskalitatearen, kontabilitatearen eta kudeaketaren arloetan.

2.-Arreta bereziko arloak.

a) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuarekin koordinatuz, Sozietateen gaineko Zergan aplikatzen diren zerga onurak benetakoak eta araudiaren araberakoak ote diren begiratuko da.

b) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuarekin koordinatuz, Europar Batasunaren barreneko Operadoreen Erregistroan eta Hilabeteko Itzulketen Erregistroan sartzeko betebeharrak betetzen ote diren egiaztatuko da.

c) Tributu Ikuskapenerako Zerbitzuarekin koordinatuz, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren edo Sozietateen gaineko Zergaren hileko edo urteko aitorpenetan pilatzen diren saldoen itzulketen jatorria aztertuko da.

d) Ondare higiezinen sektorean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan eta, bidezkoa bada, Balio Erantsiaren gaineko Zergan egoki tributatzen dela egiaztatuko da, etxebizitzen eta beste ondasun batzuen errentamenduak eta erabileren bestelako lagapenak egiten direnean. Ondasun higiezinen eskualdaketen ondoriozko ondare-gehitzeen tributazioa ere aztertuko da.

e) Aurkezten ez diren aitorpenen erreklamazioak indartzea, arrisku fiskala lehenetsiz eta errekerimenduei kasu egiten ez denerako ezarrita dagoen zehapen prozedura bultzatuz.

f) Lan etekinei eta ondasun higigarrien kapitalaren etekinei egozten ahal zaizkien konturako kopuruen atxikipena egiteko eta Zerga Ogasunean ordaintzeko betebeharra zuzen betetzen dela kontrolatzea.

g) Zerga guztietan, zergadunen zerga arloko jokabidea egiaztatzea, zergadunak aitortutako informazioa hirugarrenek emandako datuekin eta Nafarroako Zerga Ogasunean dauden beste informazio batzuekin gurutzatuz.

h) Sozietateen gaineko Zergaren eta BEZaren taldeen tributazioen jarraipena egitea eta, halaber, zergak eragiketen bolumenaren arabera ordaintzen dituzten zergadunen jarraipena.

III. DIRU-BILKETAREN PLANA

1.-Berariazko jarduketa ildoak.

a) Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin eta Euskadiko Foru Ogasunekin batera lan egitea Nafarroako Foru Komunitatearekin zorren bat dutenen ondare-egoerari buruzko informazioa trukatzeko.

b) Zerga Administrazioko Estatu Agentziarekin lankidetza bideak ezartzea Nafarroako Foru Komunitatearen zuzenbide publikoko diru-sarrerak betearazpen-bidean biltzen laguntzeko.

c) Finantza entitateekin batera, autolikidazioen eta ordainketen tramitazio telematikoa bultzatzea. Bereziki, ordainketa telematikoaren zerbitzua ezartzea edozein zor ordaintzeko edo premiamendu bidean zorren zatikapena tramitatzeko.

d) Gerorapenak egiteko telematika bidezko tramiteak arintzea, betebehar batzuk automatizatuz.

e) Beste zerga administrazio batzuen zergetako itzulketen bahiturak sustatzea.

2.-Arreta bereziko arloak.

a) Zerga zorren gerorapenak eta zatikapenak onartzeko tramitazioa arintzea eta ordainketak eskaera bakoitzean ezartzen diren baldintzen arabera egiten direla kontrolatzea.

b) Ordaindu gabeko zerga zorren segimendu zorrotza egitea, premiamendu bidearen tramitazioari hasiera emateko.

c) Bahitura prozeduretan erabakitzen diren bahituren tramitazio telematikoa bultzatzea.

d) Zerga zorraren ordainketa eskatu ahal izateko erantzukizunaren ondorioz datozen administrazio egintzak sustatzea.

e) Konkurtso prozedurak kontrolatzea, tartean zergetako kredituak baldin badaude.

f) Kudeaketa eta ikuskapen organoen arteko lankidetza sustatzea, zorrak kobratzea bermatuko duten kautelazko neurriak hartzeko.

Iruñean, 2009ko otsailaren 3an.-Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzailea, José Ignacio Pérez de Albéniz Andueza.

Iragarkiaren kodea: F0901903