19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

BERIAIN

Ordenantzak behin betiko onetsita

Beriaingo Udalbatzak 2008ko ekainaren 5ean egin bilkuran, besteak beste, hasiera batez onetsi zuen Zirkulazioaren Udal Ordenantza.

Erabaki hori 2008ko 116. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 22an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraituz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, jendaurrean egoteko epea iragan eta aurkeztutako alegazioa 2008ko abenduaren 9an egin bilkuran ebatzi zelarik, ekitaldi berean behin betiko onetsi zen aipatutako ordenantza. Testu osoa argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Beriainen, 2009ko urtarrilaren 19an.-Alkatea, Rafael Blanco Pena.

ZIRKULAZIOAREN UDAL ORDENANTZA

Hitzaurrea

Udalerrian trafikoa eta zirkulazioa hobetu eta herritarren arteko elkarbizitza erraztearren, Udalak bidezkotzat jo du zenbait arau ezartzea. Izan ere biztanleen eta ibilgailuen kopurua handitzearekin batera herritarrek erabiltzeko dituzten eremuak murriztu egin dira, eta gizarte aurreratu batean are okerragoa dena, zenbait herritarrek besteekiko gehiegikeriak egiten dituzte, eta horrek behartu egiten du Udala herritar guztien eskubidea arautzera. Hori guztia: "Erabiltzaile guztiek aparkatzeko aukera bera izan dezaten, trafikoak behar duen arintasuna izan dezan eta oinezkoak karrikan ibili ahal izan daitezen. Horiek dira bateragarri egin nahi diren helburuak. Orobat neurriak ezarriko dira aparkatzeko denbora mugatzeko, aparkalekuen txandaketa bermatze aldera" (5/1997 Legea, 7.b artikulua).

I. KAPITULUA

Oinarri juridikoak

Ordenantza hau ondoko artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eman da, udalerriari eskumena ematen baitiote hiriko trafikoa eta zirkulazioa arautzeko, eta Zirkulazioaren Udal Ordenantza bidez hiriko bideen erabilera arautzeko. Hona hemen: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2b) artikulua, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 29. artikulua eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna aldatzen duen martxoaren 24ko 5/1997 Legearen 7b) artikulua.

II. KAPITULUA

Arau orokorrak

Jokabide arauak.

1. artikulua. Ibilgailuek debekatua dute asotsa egitea, seinale akustikoak desegokiro erabiliz edo tupustean azeleratuz, baita ihes-hodi trukatuek, ozen-ozen jarritako musika ekipoek edo bestelako ezohiko inguruabarrek eragin dezaketena ere.

2. artikulua. Ibilgailuen soinu-alarmak arrazoirik gabe behin eta berriz pizteagatik zehapena ezarriko da.

3. artikulua. Debekaturik dago suteak, zikinkeria, zirkulaziorako arriskua edo, oro har, kaltea eragin dezaketen gauzak edo likidoak bidera botatzea.

4. artikulua. Oinezkoek debekaturik dute baimenduta ez dauden tokietatik galtzada gurutzatzea. Toki baimenduetatik egin beharko dute, ahal den azkarren, gelditu gabe edo beste erabiltzaileei traba egin gabe, eta zirkulazioa oztopatu gabe.

5. artikulua. Galtzada gaizki baldin badago, obrak, eguraldia edo beste zerbait dela eta, gidariek kasu eman beharko dute, istripurik eta oinezkoendako eragozpenik gerta ez dadin.

6. artikulua. Motozikletek egun osoan eramanen dituzte argiak piztuta. Halaber, hurbilerako argiak ere piztuta eraman beharko dira eguraldiak hala eskatzen duenean edo zirkulazioari buruzko Estatuko legeek oro har hala ezartzen dutenean.

7. artikulua. Ilunabarretik egunsentira bitarte ibilgailuek hurbilerako argiak piztuta eraman beharko dituzte, udal mugapeko galtzada guztietan.

8. artikulua. Debeku da gidatu bitartean telefonoak edo komunikatzeko antzeko bitartekoak erabiltzea, hauek "eskuak libre" izeneko gailua dutenetakoak ez badira behintzat eta zirkulazioko kode orokorren arabera behar bezala homologatuta ez badaude.

Abiadura.

9. artikulua. Beriaingo herrigunean eta poligonoetan abiadura muga 50 kilometro/ordua izanen da gehienez eta 30 kilometro/ordua euria, lainoa edo gaua denean.Kasu berezietan, udal agintariek muga hori igo edo jaitsi ahalko dute, hartarako bidezko arrazoirik bada.

Herriko oinezkoen bideetan, galtzada erregelamenduzko neurrietara iristen ez denean, abiadura ez da 20 kilometro/ordua baino handiagoa izanen.

III. KAPITULUA

Bizikletak eta ziklomotorrak

10. artikulua. Ziklomotorren, bizikleten, gurpil-oholen eta gidarien energiaz mugitutako gainerako ibilgailuen kasuan, zirkulazioaren arau orokorrak bete beharko dira.

11. artikulua. Debekaturik dago bizikletak gauez ibiltzea, aurreko argia eta atzeko islatzailea, gutxienez, ez badaramatzate. Argi keinukaririk ez duten bizikleten eta ziklomotorren gidariek garaiz seinalatu beharko dituzte egin beharreko norabide aldaketak eta biraketak, besoak erabiliz, erregelamenduak adierazten duen bezala.

12. artikulua. Ziklomotorren gidariak eta erabiltzaileak beharturik daude kaskoa erabiltzera, behar bezala homologatua, ongi jantzia eta lotua.

13. artikulua. Debeku da bizikletak, patinak eta gurpil-oholak espaloietan, oinezkoendako eremuetan eta lorategietan barna ibiltzea, horretarako erreserbatutako biderik ez bada. Dena dela, Udalak bizikletaz, patinez eta gurpil-oholez ibiltzeko baimena eman dezake hala adierazitako parkeetan.

14. artikulua. Bizikletak oinezkoen alderdietan edo espaloi eta pasealekuetan aparkatu ahalko dira, baina Udalak ezarritako gune erreserbatu eta behar bezala seinaleztatuetan soil-soilik.

15. artikulua. Udalak behar bezala seinaleztatutako eremuetan bakarrik aparkatu ahal dute ziklomotorrek.

16. artikulua. Ziklomotorrak erdi-baterian aparkatuko dira galtzadan, metro eta erdiko zabalera okupatuz, gehienez ere.

17. artikulua. Motozikleta edo ziklomotor bat bi ibilgailuren artean aparkatuz gero, ez da haietan sartzea galaraziko, ezta zirkulaziora itzultzeko maniobra ere.

18. artikulua. Bizikletak galtzadan barna joanen dira, espaloitik ahal den hurbilen. Lerro bateko baino gehiagoko bideetan, albokoetan barna ibiliko dira. Lerro bateko baino gehiagoko bidegurutzeetara hurbiltzean, zein aldetara egin gogo den bira, harengatik hurbilen den lerroaren eskuinaldetik joanen dira.

IV. KAPITULUA

Zamalanak

Ohar orokorrak.

19. artikulua. Udalak zamalanetarako toki erreserbatuak ezarri ahalko ditu, erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoaren bidez adieraziak. Orobat, ibilgailu astunak aparkatzeko gune berariazkoak.

Berariazko araudia.

20. artikulua. Salgaien garraioan aritzen diren eta garraio txartela duten ibilgailuek eginen dituzte zamalanak haietarako erreserbatutako guneen barrenean eta erregelamenduzko seinale etzan edo zutikakoen bidez adierazitako orduetan; betiere, ibilgailuak 2 metro zabal edo 5,5 metro luze izanen dira, gehienez ere. Duten tamainagatik zamalanetarako ezarritako lerroa gainditzen duten ibilgailuek aparkalekuetan edo aparkatzeko eremuetan aparkatu beharko dute zirkulazioa ez oztopatzeko maneran. Ezinezkoa bada, Udaleko trafikoko arduradunari baimena eskatu beharko diote aparkatzeko tokirik egokienari buruz, eta betiere 22. artikuluan ezarritako denboran eginen dute.

21. artikulua. Inolaz ere ez daiteke oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa eragotz edo oztopa, ezta atari, saltoki edo baimendutako pasabideen sarbideak ere. Horretarako, zamalanetan erabiliko diren merkataritzako gaiak, materialak eta gauzak, lurrean utzi gabe, zuzenean eramanen dira ibilgailutik eraikinera edo alderantziz.

22. artikulua. Zamalanetarako erreserbatuetan ezin izanen da aparkatu lan horiek egiteko behar den denbora baino luzeago, eta inoiz ez 30 minutu baino gehiago, salbu eta denbora tarte laburragoa ezarria duten eremuetan.

23. artikulua. Udalak aparkatzeko aldi baterako erreserbak eman ahal izanen ditu, lan zehatzak egiteko (aldaerak, fuelaren hornidura, obrak etab.), betiere aldez aurretik eskatu eta dagokion tasa ordainduta.

24. artikulua. Salgaien garraiorako txartela ez duten ibilgailuek debeku dute aparkatzea zamalanetarako gune erreserbatuetan, horretarako ezarritako ordutegiaren barnean.

25. artikulua. Lan horiek egiteko behar adina langile egonen da, eta arretaz ariko dira, azkar, arriskurik gabe eta asots gutxi aterata.

26. artikulua. Ibilgailuak espaloiarekiko paraleloan lerrokatu beharko dira, ertzaren kontra, aurrealdea zirkulazio orokorraren norabidean, salbu eta bateriako aparkalekuetan, kasu horretan ibilgailuak ezin izanen baitira horretarako seinaleztatutako eremutik kanpora atera. Duten tamainagatik zamalanetarako gordetako eremuak gainditzen dituzten ibilgailuek zamalanak eginen dituzte trafikoa kontrolatzeko udal arduradunek baimentzen dieten tokian, betiere aipatutako araudi orokorra betez.

V. KAPITULUA

Merkataritzako gai arriskutsuak eta garraioetako ibilgailu handiak

27. artikulua. Merkataritzako Gai Arriskutsuen Errepide bidezko Garraioaren Erregelamendu Nazionalaren (1754/1976 Dekretuaren bidez onetsia) 1-a, 1-b, 1-c eta 2 motetan sartutako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek, Erregelamendu horren 1 edo 2-A arrisku etiketak eraman behar dituztenek, debeku dute Beriaingo herrigunean zehar ibiltzea, 8 tonako GPBa gainditzen badute. Debeku da ibilgailuak Beriaingo herrigunean ibiltzea, garraiatzen badituzte Errepideko Nazioarteko Garraioaren (ADR) 1etik 9ra bitarteko motetako merkataritzako gai arriskutsuak.

28. artikulua. Halako ibilgailu batek aipatu eremua zeharkatzeko eta zamalanetan aritzeko, Udalaren baimena beharko du. Hartan zehaztuko dira garraio horren mugak, egun, ordu eta ibilbideei dagokienez. Gasolioa eta butanoa garraiatuz gero artikulu honetatik kanpo daude garraio arriskutsuan aritzen diren ibilgailuak.

29. artikulua. ADRko 7. motako merkataritzako gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuek debeku dute Beriaingo udal mugape osoan ibiltzea. Ez da salbuespenik eginen.

30. artikulua. Beriaingo herrigunean gai arriskutsuak garraiatzen dituzten ibilgailuendako abiadura muga 40 km/ordua izanen da.

31. artikulua. Guztiz debekatua dago 29. artikuluan aipatu ibilgailuek, gai arriskutsuak garraiatzen dituzten horiek, Beriaingo udal mugape osoan aparkatzea.

32. artikulua. Ezaugarri bereziengatik, tamainagatik edo zamaren kokaeragatik, Zirkulazio Kodearen 222. artikuluan ezarritako baimena behar duten ibilgailuek eskaera egin beharko diote Beriaingo Udalari, trafikoa kontrolatzeko udal arduradunek udalerrian barrena gidatu, zaindu eta lagun egiteko zerbitzua eman diezaien. Horrek dagokion tasa sorraraziko du.

VI. KAPITULUA

Autobusak, kamioiak, atoiak, karabanak eta autokarabanak aparkatzea

33. artikulua. Debeku da udal mugapeko bide guztietan 3.500 kg-tik gorako GPBa duten ibilgailuak aparkatzea. Beriaingo udal mugapeko hirigintza garapenak eta trafikoko baldintzek aukera ematen badute, Udalak aipatu ibilgailuendako tokia erreserbatu ahalko du behar bezala seinaleztatuko diren egun eta orduetarako, baldin eta ibilgailu horiek zirkulazioaren gaineko zerga eta jarduera ekonomikoen gainekoa Beriaingo udalerrian helbideratuta badituzte. Interesdunak eskatuta emanen dira baimenak. Hartara, Udalak eskatzen dituen baldintza guztiak bete beharko ditu, baimena jaso aurretik eta ondotik.

34. artikulua. 21 bidaiari baino gehiagorentzako tokia duten autobusek debeku dute udal mugapeko bide guztietan aparkatzea.

35. artikulua. Debeku horiek ez dira beteko behar bezala justifikaturiko salbuespen kasuetan; betiere, aldez aurretik agintari eskudunaren baimena eskuratu baldin bada.

36. artikulua. Debeku da, arau orokor gisa, karabanak, autokarabanak eta atoiak Beriaingo udal mugapean aparkatzea. Salbuespena egitekotan, beharrezkoa izanen da udal organo eskudunaren baimen berariazkoa eskuratu eta lurzoruaren aprobetxamendu bereziaren prezio publikoa ordaintzea. Dena dela, organo eskudunak eremu zehatzak ezarri ahalko ditu ibilgailu horiek aparkatzeko, behar bezala seinaleztatu eta mugatuak aparkatzeko gehieneko egun kopuruari dagokionez, eta betiere 37. artikuluan ezarritakoarekin bat.

37. artikulua. Debeku da arras udal mugapean ibilgailuetan bizitzea. Karabana, autokarabana, atoi eta etxebizitza-ibilgailuetan egin ahalko da horretarako prestatutako eta behar bezala seinaleztatutako tokietan, betiere organo eskudunaren baimena eskuratuta eta osasungarritasuna eta higienea bermatzeko adina bitarteko paratu ondotik.

VII. KAPITULUA

Trafikoa kontrolatu eta antolatzeko neurriak

38. artikulua. Udalak egokitzat jotzen dituen neurriak hartu ahal izanen ditu trafikoa antolatzeko, zenbait tokitan zirkulatzeko baldintzak aldatuz, murriztuz edo debekatuz, betiko nahiz aldi baterako, aparkalekuak, zamalanak eta pertsona zein salgaien garraioa berrantolatuz eta arautuz.

39. artikulua. Udaleko albienteek aldi baterako aldatu ahal izanen dute zirkulazioaren antolamendua herriko zenbait alderditan, baita haietarako sarrerak debekatu edo murriztu ere, zirkulazioa seguruagoa eta errazagoa izan dadin.

40. artikulua. Udal agintariek trafikoari dagokionez egiten dituzten adierazpenek, oinezkoei zein gidariei, lehentasuna izanen dute lehenagoko beste edozein seinale edo araudiren aldean. Adierazpen horiek argiak eta gidariarentzat edo oinezkoentzat ulerterrazak izan beharko dute.

41. artikulua. Udalak aldi baterako debekatu ahal izanen du aparkatzea jarduera baimenduek okupatu beharreko eremuetan eta konpondu, seinaleztatu, mantendu edo garbitu behar diren tokietan. Halako kasuetan eremu horiek mugatuko dira, debekua 24 ordu lehenagotik adieraziz, neurriari noiz emanen zaion hasiera adierazten duten seinaleen bidez.

Epe horretan kentzen ez diren ibilgailuak Udalaren Garabi Zerbitzuak eramanen ditu, inguruko toki batera edo udal altxatokira, baina jarduketa horrek ez du ekarriko ez tasa ordaindu beharrik ez trafiko salaketarik. Kasu horietan ibilgailuak non dauden jakinaraziko zaie titularrei.

42. artikulua. Eremu publikoan edozein gauza jartzeko, Udalaren baimena beharko da. Horrelakorik ez duen oro berehalakoan kenduko da, interesdunaren kargura; halaber, baimena izanik ere, bideetako segurtasuna edo osasungarritasuna ziurtatzeko neurriak hartu ez badira.

43. artikulua. Erabat debekaturik dago zirkulazio seinaleak jartzea, aurretik Udalaren baimena izan gabe. Inolaz ere ez da baimenduko publizitatea zirkulazio seinaleetan edo haien ondoan jartzea.

44. artikulua. Udalak halako bideak lehentasunekoak edo zirkulazio dentsitate handikoak direla deklaratu ahal izanen du, bigarren ilaran gelditzea debekatzeko eta bertan egindako arau-hausteengatiko zehapenak kargatzeko.

VIII. KAPITULUA

Sarbide murriztuko eremuak

45. artikulua. Beriaingo Udalak erabakitzen duen eremuetan ibilgailuei sartzea murriztu ahalko zaie, baita bertan eman dezaketen denbora ere.

46. artikulua. Eremu horiek behar bezala seinaleztatuko dira; orobat, sarbidea galarazi, murriztu edo kontrolatzen duten baliabide teknikoak hartu ahal dira.

47. artikulua. Mugatutako eremuetara baimenik gabe sartzea nahiz bertan denbora soberaz gelditzea, biak izanen dira zehatzeko arrazoi. Mugatutako lekuetarako sartzeko arauak eta bertan egotekoak behin eta berriz ez betetzea gertatzen bada, Udalak txartela, sartzeko gailua edo hartarako baimena baliogabetzea erabaki dezake.

IX. KAPITULUA

Oinezkoen eremuak

48. artikulua. Oinezkoen eremuak dira ibilgailuak zirkulatzeko edo aparkatzeko Beriaingo Udalak erabat edo partzialki debekatu dituen aldeak.

49. artikulua. Eremu horiek zutikako seinaleen bidez zedarrituko dira, baita ibilgailuak toki horietara sartzea galarazi edo mugatuko duten beste elementu batzuk ezarrita ere.

50. artikulua. Oinezkoen eremuetan ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekuak:

a) Zedarritu eta seinaleztatutako alderdiaren barreneko bide guztiak hartu ahal ditu.

b) Ibilgailuak zirkulatu eta aparkatzeko debekua ordutegi batera mugatu ahal du.

c) Finkoa izan daiteke edo soilik astegun batzuetan aplikatu.

51. artikulua. Nolanahi ere, murrizketa hauek ez dute eraginik izanen, tokiaren zein ibilgailua erabiltzen duenaren ezaugarriak kontuan hartuta, ibilgailuek Udalaren baimena badute. Bizikletekin ere ez dute eraginik, libre baitira oinezkoen eremuan ibiltzeko, hauen urrats arruntaren abiaduran dabiltzan bitartean. Oinezkoen etorria berebizikoa denean, udaltzainek beharrezko neurri murriztaileak hartuko dituzte.

52. artikulua. Oinezkoen eremuetan oinezkoak lehentasuna izanen du ibilgailuen aurretik, salbu eta ibilgailua larrialdietan ibili eta, erregelamenduari jarraituz, hala adierazten denean.

53. artikulua. Beriaingo oinezkoen eremu guztietan abiadura mugaturik egonen da, eta 20 km/ordua izanen da, gehienez.

X. KAPITULUA

Garraio publikoaren geralekuak

54. artikulua. Beriaingo Udalak zehaztu du bidaiarien garraio publikorako eta zerbitzu erregular edo aukerakoetarako geralekuak gaur egun daudenak izanen direla (Mankomunitateko Eskualdeko Hiri Garraioak (EHG) garraio publikoaren zerbitzurako ezarritakoak). Dena dela, edozein momentutan aldatu ahalko dira.

55. artikulua. Autobusak eta gainerako zerbitzuak geratu beharko dira horretarako prestatutako tokian, zirkulazio lerroak libre uzten dituztela.

56. artikulua. Geralekuetan bidaiariak hartu eta uzteko behar den denbora baizik ezin da egon, autobus linearen hasiera eta amaiera gisa seinaleztaturiko lekuetan izan ezik.

57. artikulua. Taxi zerbitzurako garraio publikoko geralekuetan, soilik bidaiarien zain eta prest dauden bitartean egon ahal dira ibilgailu horiek.

58. artikulua. Ibilgailuen kopurua ez da inolaz ere izanen geralekuak har ditzakeen ibilgailuena baino handiagoa.

XI. KAPITULUA

Eremu publikoan abandonatutako ibilgailuak

59. artikulua. Ibilgailu abandonatuak karrikan luzaroan eta mugagabeko epean egon ez daitezen, eremu publikoa erabiltzeko ohiko aukerak murriztu eta narriadura estetikoa eta zikinkeria ekartzen baitituzte, honako artikulu hauetan zehaztutako jarduketak eginen dira.

60. artikulua. Beriaingo Udalak ibilgailuaren erregistroko titularrari jakinaraziko dio hura ustez abandonatua dagoela, eta honek bost egun naturaleko epea izanen du egokitzat jotzen dituen alegazioak eta, betiere, ibilgailuaren aseguruaren kopia, aurkezteko.

Ibilgailuak arriskuren bat sortzen badu, bertatik kenduko da eta, gero, titularrari jakinaraziko zaio.

61. artikulua. Aurreko artikuluan aipatutako epean titularrak alegaziorik aurkezten ez badu, ezta indarra duen asegururik ekartzen ere, ibilgailua udal altxatokira eramanen da. Ibilgailua behin altxatokian utzita, handik eraman ahal izateko beharrezkoa izanen da indarra duen asegurua aurkeztu eta dagokion tasa ordaintzea.

62. artikulua. Honelakoetan, ibilgailu bat abandonaturik dagoela arrazoiz uste ahal izanen da:

a) Agintari eskudunek eremu publikotik kendu eta altxatu dutenetik, bi hilabete baino gehiago iragaten direnean.

b) Leku berean hilabete baino gehiago aparkaturik gelditzen denean eta berez mugitzea ezinezko egiten duten hondaketak dituenean edo matrikula plakak falta dituenean. Halakoetan, hiri hondakin solidoaren araberako tratamendua emanen zaio, ingurune arloko araudiari jarraituz. Ibilgailu abandonatua altxatokira eraman ondotik, titularrak berreskuratzeko eskaerarik egin gabe hogeita hamar egun natural iraganik, desegitera bidaliko da eta hala jakinaraziko zaio Probintziako Trafiko Burutzari, dagokion erregistroan ezabatzeko.

a) atalean jasotzen den kasuan, abandonatze zantzuak izanik ere, ibilgailuak matrikula plakari kontu edo titularra identifikatzeko parada ematen duen edozein arrasto edo marka agerian badu, errekerimendu eginen zaio delako titularrari, behar diren epeak iragandakoan, 15 egunean ibilgailua altxatokitik ken dezan eta ohartaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, hiri hondakin solidoaren tratamendua emanen zaiola. Desegitera bidaliko da eta hala jakinaraziko zaio Probintziako Trafiko Burutzari, dagokion erregistroan baja emateko.

XII. KAPITULUA

Gelditzea eta aparkatzea

Aldez aurretiko definizioak.

63. artikulua. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen eranskineko 68. zenbakiari jarraituz, gelditzea da ibilgailua, pertsonak hartu edo uzteko edo zamalanak egiteko, 2 minutu baino gutxiagoz mugitu gabe edukitzea.

Aparkatzea, berriz, aurreko lerroaldeko egoeran, hau da, geldituta, ez dagoen ibilgailua mugitu gabe edukitzea da.

Gelditzea.

64. artikulua. Ibilgailua geldituta dagoenean, arau orokorra da gidaria ezin dela ibilgailutik aldendu, eta, salbuespen gisa, hala egiten badu, motorra itzali beharko du eta hurbil egon, eskatzen zaion unean edo egoerak behartuta, kendu ahal izateko.

65. artikulua. Debeku da erabat kasu hauetan gelditzea:

a) Babeslekuetan, babesguneetan, erdibitzaileetan, oinezkoen eremuetan eta trafikoa bideratzen duten gainerako elementuetan.

b) Ibilgailuendako eraikinetako sarrera-irteeretan, behar bezala seinaleztatuta daudenean pintura horiarekin.

c) Seinaleak ongi ikustea eragozten den tokietan.

d) Izkina, bidegurutze edo bidebanatzeetatik 5 metro baino gutxiagora.

e) Espaloietan, pasealekuetan eta lorategietan.

f) Zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako erreserbatutako bide lerro edo zatietan.

g) Ezinduendako edo beste erabilera batzuetarako espaloi-oketsetan.

h) Zirkulazioaren lerro bat oztopatzen den tokietan.

i) Seinaleak debekatzen duen tokietan.

j) Seinale bidez, biratzea baimenduta egonda, biratzeko aukera eragozten denean.

k) Hiriko garraio publikorako baizik ez diren geraleku eta aparkalekuetan.

l) Zubietan, tuneletan eta gainetiko pasabideen azpian, kontrako seinalerik ez badago.

m) Zirkulazioa oztopatzen den beste toki guztietan, oso denbora txikirako bada ere.

Aparkatzea.

66. artikulua. Aparkatzean ibilgailuak ez du zirkulazioa galaraziko, ezta arriskurik sortuko ere gainerako erabiltzaileei; non uzten den zainduko da eta, gidaria kanpoan dela, mugitzen has ez dadin begiratuko.

67. artikulua. Ibilgailuak ilaran aparkatu ahal izanen dira, hau da, zintarriarekiko paraleloan; baterian, hau da, zintarriarekiko perpendikularrean; edo erdi-baterian, zeharka.

68. artikulua. Zoladura seinalez hornituta duten aparkalekuetan, ibilgailuak markatutako esparruaren barrenean kokatuko dira.

69. artikulua. Ibilgailuak zintarritik ahal den hurbilen aparkatuko dira, galtzadaren alde hori garbitu ahal izateko adina tarte utziz.

70. artikulua. Bide publikoetan ezin izanen da aparkatu ibilgailu motordunetik bereizitako atoi, gurdi edo karabanarik.

71. artikulua. Beste erabiltzaileek gainerako tokia ahalik eta hobekien erabiltzeko moduan aparkatuko da.

72. artikulua. Baterian aparkatuz gero, alde bietan aparkatutako ibilgailuetara arazorik gabe sartzeko moduan eginen da.

73. artikulua. Aparkatutako ibilgailuak ezin izanen du inoiz gurpilarekin zapalduta espaloiaren eremuan edo oinezkoen pasabidean sartu. Gainera, espaloiaren edo oinezkoen pasabidearen zabalera 1,20 metrotik beherakoa denean, baterian edo erdi-baterian aparkatuta ezin izanen da eremu hori 10 zentimetrotik gora okupatu, ezta ibilgailuaren karrozeriarekin ere.

74. artikulua. Zamalan, zerbitzu ofizial eta abarretarako aldi baterako erreserbaturiko alderdietan libre da ordutegitik kanpo aparkatzea, salbu eta espresuki debekaturik badago.

75. artikulua. Bolumenagatik edota neurriagatik ibilgailu batek ezin baldin badu gainerako ibilgailuek bezala, baterian aparkatu, eta ordenantza honetako 20. artikuluetako kasuetatik at baldin bada, behartuta daude espaloiarekiko paraleloan aparkatzera, horretarako lekua dagoen kaleetan, betiere seinaleei traba egiten ez badiote edota ordenantza honetan ezarritakoaren kontra ez badaude.

76. artikulua. Debeku da erabat kasu hauetan aparkatzea:

a) Seinaleek debekatzen duten tokietan.

b) Gelditzea debekatua dagoen tokietan.

c) Bigarren ilaran, edozein kasutan.

d) Zamalanetarako seinaleztatutako tokietan, denbora mugen barrenean.

e) Pasabideetan, osoki nahiz hein batean.

f) Zaborrontzien ondoan, zabor bilketa galaraziz edo oztopatuz.

g) Aparkaleku publiko batean, ongi aparkatutako ibilgailu bat ateratzea eragotziz edo oztopatuz gero.

h) Elbarriek beste inork ez erabiltzeko toki seinaleztatuetan.

i) Udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko gaitutako lekuetan, horretarako baimena ematen duen erakusgarria jarri gabe edo, erakusgarria jarrita ere, udal ordenantzak gehienez uzten duen denbora baino luzeago.

j) Behar bezala seinaleztatutako toki erreserbatuetan.

k) Espaloirik gabeko kale urbanizatuetan.

l) Galtzadaren erdian.

Bigarren ilaran gelditzea.

77. artikulua. Bakar-bakarrik izanen da zilegi horretarako beharra dagoen kasuetan, eta halako tokietan non zirkulazioari traba egiten ez bazaio eta gidariak ibilgailua uzten ez badu.

XIII. KAPITULUA

Ibilgailuak eremu publikotik kentzea

78. artikulua. Ibilgailua kendu behar duenak segituan egiten ez badu, udaltzainek eremu publikotik kendu eta udal altxatokira eraman ahalko dute honako kasu hauetan:

a) Arriskutsua denean, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari nahiz zerbitzu publikoen funtzionamenduari traba larria egiten dienean, ondare publikoa narriatzen duenean eta, orobat, ibilgailu hori bide publikoan abandonatua dagoela uste denean.

b) Istripuren bat izan eta abiatu ezinik gelditzen denean.

c) Ibilgailua bera hondatu delako, ibilgetzen bada.

d) Ibilgailua ibilgetu ondotik, arau-hausleak isunaren zenbatekoa ordaindu nahi ez duenean edo hura ordaintzeko bermerik eman nahi ez duenean.

e) Egunen batean aparkatzeko araudia, MUGA motakoa, ezartzen bada: ibilgailua udal agintaritzak ordutegi mugatuan aparkatzeko paratzen dituen tokietan aparkaturik gelditzen denean, horretarako baimena ematen dion bereizgarria ezarri gabe, edo udal ordenantzaren arabera ordaindutako denbora halako bi egiten duenean.

f) Ibilgailua bide lerroetan edo zirkulaziorako edo zenbait erabiltzaileren zerbitzurako soilik erreserbatutako zatietan aparkatuta dagoenean.

g) Zaborrontziak husteko lanak oztopatzen dituenean.

79. artikulua. Ibilgailua kentzeagatik sortzen diren gastuak titularraren kontura izanen dira, eta hark ordaindu beharko ditu edo ordainketa bermatuko du ibilgailua berreskuratzeko baldintza gisa.

80. artikulua. Aipatzearren baino ez, ibilgailua ordenantza honen 78. artikuluaren a) atalean zehaztutako inguruabarretan dagoela eta, beraz, hura kentzeko arrazoiak daudela ulertuko da:

a) Gelditzea debekaturik dagoen toki batean aparkatuta dagoenean.

b) Ibilgailua bigarren ilaran eta gidaririk gabe aparkatuta dagoenean.

c) Kantoi baten erpinetik edo izkina baten mutur edo eskuadratik zati bat ateratzen denean, beste gidariei maniobra arriskutsuak egitera behartuz.

d) Oinezkoen pasabide seinaleztatu batean edo elbarrientzako espaloi-okets batean aparkatuta dagoenean.

e) Erabiltzeko baimendutako orduen barrenean pasabide bat osorik edo zati batean okupatzen duenean.

f) Zamalanetarako tokietan aparkatuta dagoenean, haiek erabiltzen diren orduetan.

g) Garraio publikorako geraleku seinaleztatu eta mugatu batean aparkatuta dagoenean.

h) Larrialdiko edo segurtasuneko zerbitzuentzat erreserbatutako tokian aparkatuta dagoenean.

i) Elbarrientzako toki erreserbatu batean aparkatuta dagoenean.

j) Espaloi, ibiltoki, babesgune, pasealekuen gainean edo zoladuran zerrendak pintatuta dauden tokian osorik edo hein batean aparkatuta dagoenean, udal albienteak espresuki baimentzen duenean izan ezik.

k) Bidean doazen gainerako erabiltzaileei trafiko seinaleak ikustea eragozten dienean.

l) Biraketa eragotzi edo hura egiteko maniobrak egitera behartzen duenean.

m) Bide batetik datozen gidariei beste bidea ikustea trabatzen dienean.

n) Eraikin bateko sarrera osorik nahiz hein batean oztopatzen duenean, pasabide baimendua izanik.

ñ) Galtzadaren erdian aparkatuta dagoenean.

o) Oinezkoentzako eremu batean baimendutako orduetatik kanpo aparkatuta dagoenean, espresuki baimendutako aparkalekuetan izan ezik.

p) Betiere, aurreko kasuetan bezala, arriskua edo zirkulazioari zein zerbitzu publikoen funtzionamenduari eragozpen handia sortzen baldin badie.

81. artikulua. Arau-hausterik egon gabe ere, bide publikotik ibilgailuak kendu ahal izanen dituzte kasu hauetan:

a) Behar bezala baimendutako ekitaldi publiko bat egiteko erreserbatuta dagoen toki batean aparkatuta baldin badaude.

b) Bide publikoa garbitu, konpondu, kontserbatu edo hartan seinaleak jarri ahal izateko ibilgailuak kendu beharra dagoenean.

c) Larrialdietan.

Inguruabar hauen abisua lehenbailehen egin beharko da, eta baimendutako tokirik hurbilenera eramanen dira ibilgailuak, edo udal altxatokira, eta titularrei non dauden jakinaraziko zaie. Eramateak ez du inolako ordainketarik sorraraziko, ibilgailua noranahi eramanda ere.

82. artikulua. Baldin eta, ibilgailua kentzeko lanak hasita, gidaria agertzen bada, bertan behera utziko dira lan horiek, betiere kontzeptu horrengatik ezartzen den tasa ordaindu ondoren, Ibilgailuak eremu publikotik kendu eta ondotik altxatzeko zerbitzua emateko eskubideak eta tasak arautzen dituen Beriango Udalaren ordenantza fiskalari jarraituz.

XIV. KAPITULUA

Zehatzeko prozedura

83. artikulua. Ordenantza honetan araututako gaietan eraman beharreko prozedura izanen da ezartzen dena Trafiko, Ibilgailu Motordunen Zirkulazio eta Bide Segurtasunaren arloko Zehapen Prozeduraren Erregelamendua onetsi zuen otsailaren 25eko 320/1994 Errege Dekretuan (otsailaren 4ko 137/2000 EDak aldatua); berriz, hartan aurreikusirik ez daudenetan aplikatuko da Zehapen Ahalmenaz Baliatzeko Prozeduraren Erregelamendua, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen. Ordenantza honetan ezarritakoaren aurkako arau-hausteak zehatzeko, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Lege artikuludunean ezarritakoari jarraituko zaio, martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen.

84. artikulua. Beriaingo Udaleko Kontu-hartzailetzak edo haren eginkizunak betetzen dituenak eramanen ditu aurrera ordenantza honetan araututakoaren kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren espedienteak. Kontu-hartzailea kanpoan bada edo legezko arrazoi bat tartean dela, errefusatua bada edo abstenitzen bada, Udaleko idazkariak ordeztuko du. Hura burututa, Beriaingo Udaleko alkateak emanen du bidezkoa den ebazpena.

85. artikulua. Beriaingo albienteek zeharkaleetako trafikoa zuzentzen eta zaintzen dutenean Salaketa Orria egin ahalko dute, ondotik Barne Ministerioko organo eskudunari igortzeko eta dagokion zehapen prozedura abian jartzeko.

86. artikulua. Zehapena Udalaren eskumenekoa ez den arau-hausteen kasuan, Beriaingo trafikoa kontrolatzeko udal arduradunek salaketa eginen dute, eta ondoren Beriaingo Udalak berak administrazio eskudunari igorriko dio.

87. artikulua. Diru zehapenarekin batera, gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko zehapena ere jaso dezaketen arau-hausteengatik irekitako zehapen espedienteak, betiere Udalak zehatu beharreko egitate baten ondorio badira, egiteko hori duten udal organoek tramitatu eta ebatziko dituzte, eta ondotik agintari eskudunari igorriko zaizkio, soilik gidatzeko baimena edo lizentzia bertan behera utzi edo kentzeko balizko zehapena ezar dezan.

88. artikulua. Jakinarazpenetarako helbidea:

Jakinarazpenetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea izanen da interesdunek espresuki adierazi dutena, eta bestela, agertzen dena gidarien eta arau-hausleen erregistroetan eta ibilgailuenean, hurrenez hurren. Ibilgailuen nahiz gida baimenen titularrak behartuta daude helbide aldaketak jakinaraztera.

89. artikulua. Zehapen espedienteen ebazpenaren kontra errekurtso hauetako bat aurkeztu ahalko da:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen udal organoari zuzendua, hilabetez, ebazpen honen jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioko organo eskudunari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoari jarraituz, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau egin eta biharamunetik hasita, edo bestela,

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, erabaki hau jakinarazi eta hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.-Indarrik gabe gelditu dira ordenantza honi kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko udal arau guztiak.

Bigarrena.-Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0900778