19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

2515/2008 EBAZPENA, abenduaren 24koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiak emana, Ingurumen baimen integratua ematen duena oilaskoak gizentzeko ustiategi baten jarduerarako, Olloko udal mugapean (Saldise). María Victoria Azcarate Latasak sustatu du.

Instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko 9.3 a) epigrafean dago jasota, "Hegaztien edo txerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, arrautzatarako oiloendako 40.000 postu baino gehiago edo hegaztien beste produkzio orientazio batzuetarako pareko kopurua daukatenak" izenekoan; horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago. Araubide hori uztailaren 18ko 27/2006 Legeak aldatu zuen, ingurumen arloan informazioa eskuratu, herritarrek parte hartu eta justizia lortzeko eskubideak arautu zituenak, alegia.

Halaber, instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2B eranskineko 9.1 b) epigrafean dago jasota, "Hegaztien edo behi edo txerri aziendaren hazkuntza intentsiborako instalazioak, oilaskoendako 55.000 postu baino gehiago dauzkatenak" izenekoan; horren ondorioz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen menpe dago.

Espedientea Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean adierazitakoari jarraikiz tramitatu da, bertan agindutako txostenak prestaturik.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen IV. eranskinean dago.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendariari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eta Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea oilaskoak gizentzeko ustiategi baten jarduerarako. Instalazioa Olloko udal mupapean dago, 5. poligonoko 117. lurzatian, eta haren titularra Mª Victoria Azcárate Latasa da.

2. Lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz.

3. Jarduera Ingurumen baimen integratua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 959/07 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatzea, betiere ebazpen honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak betez.

4. Ingurumen baimenak zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 30. artikuluko administrazio prozedurarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 11. artikuluan xedatutakoarekin bat.

6. Nekazaritzako instalazio horretan simaurrak sortu eta kudeatzeko plana onetsi da.

7. Instalazioa Nafarroako Hondakin Toxiko eta Arriskutsuen Sortzaile Txikien Erregistroan inskribatzea, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. PP/2071/NA/2008 zenbakia izanen du. Hondakin arriskutsuak sortzen dituen jarduera A102 (3) da, hegaztien ustiategia, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduaren I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Sortzen ahal dituen hondakin arriskutsuak Ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean ageri dira.

8. Titularrak irekitzeko baimena eskatu beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 40. artikuluan eta ebazpen honen II. eta III. eranskinetan ezartzen diren baldintzetan xedatutakoarekin bat. Aipatutako erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

9. Departamentu honek araudi sektorial aplikagarriaren ondorioz baimenaren xede den jarduera edo instalaziorako emandako baimenak eta gainerako administrazio egintzak indarrik gabe uztea, betiere ebazpen honetan haiei buruz espresuki egindako adierazpenik badago.

10. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

11. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazioek ebazpenaren kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizial ean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

12. Ebazpen hau jakinaraztea Mª Victoria Azcárate Latasari, Ollarango Udalari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2008ko abenduaren 24an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iruñeko Armada etorbidea, 2, behea, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua, 8. maila) eta Nafarroako Gobernuko web atarian, hain zuzen, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0900499