19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

0002/2009 EBAZPENA, urtarrilaren 7koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Lekarozen (Baztan) goi hornidura egiteko proiekturako, Baztango Udalak sustaturik.

2009ko ekainaren 25ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko N letran sartuta dago. Beraz, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuan aurreikusita dago Lekarozen goi hornidura egitea eta Iruritako biltontzietara doan hodiaren zati bat berritzea.

Iruritako eroanbideak 3.995,21 metroko luzera du. Egin gogo den EUTErainoko tartea 99 mm-ko PVC-koa izanen da eta, EUTEtik Irurita-Lekaroz deribaziorainokoa, berriz, burdinurtuzkoa, 110 mm-ko diametrokoa.

Lekarozko eroanbidea 3.800,61 metrokoa izanen da eta 80 edo 90 mm-ko diametroa izanen du, tartearen arabera. Zangen zabalera 60 cm-koa izanen da oinarrian, hodi guztientzat.

Proiektua eta jarduketa eremua ikusirik, espedientea osaturik dagoela eta nahikoa dela egiaztaturik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Lekarozen (Baztan) goi hornidura egiteko proiekturako. Sustatzailea Baztango Udala da.

2. Ingurumenari buruzko baldintza hauen menpe egonen da baimena:

-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egindako errekerimenduari erantzuteko 2008ko abuztuko txostenean eraginei aurrea hartzeko eta haiek zuzentzeko azaltzen diren neurri guztiak bete beharko dira, batez ere ondoko hauek:

.Obrak hasi aurretik, garbi adieraziko dira, zuinketa bidez, lan eremua, makinak pasatzeko eremuak eta hondakindegiak.

.Ingurumen aldetik sentiberak diren aldeetan (hariztiak gaztainondo eta hurritzekin, gaztainadiak, erreketako landareak, zuhaitzekin eta zuhaixkekin egindako orla eta heskaiak, iratze-lekuak eta txilardiak) lan eremua 10 metro zabal izan beharrean (ohi bezala), 4 metrokoa izanen da.

.Artesiagako errekaren ibairatzea izeneko ES2200023 BILa babesteko neurri guztiak hartuko dira, proiektuari erantsitako ingurumen dokumentazioan jaso bezala, bereziki Artesiaga erreka gurutzatzeko puntuei dagozkienak, 2000 Natura Sarearen gune honetan, 3+500 k.p.an, 5 metro zabaleko babes-zerrenda bat uzteari dagozkionak eta, orobat, errepidearen alde bat, 4+800 k.p.tik 5+300 k.p.ra artekoa, okupatzeari buruzkoak.

.Belate izeneko ES2200018 BILean barna, 0+100 k.p.tik 2+400 k.p.ra artean, doan trazadurak han dauden bide eta bidezidorren trazadurarekin bat eginen du. Determinazio hori bereziki aplikatu beharko da 0+100 eta 1+600 k.p.en artean.

.Ingurumen aldetik sentiberak diren eremuetan belar-satrakak garbitzeko eta lurrak mugitzeko denbora uztailetik otsailera bitartekoa izanen da.

.Lan eremuan zuinketa egin eta balizatu aurretik, eta edozein zuhaitz edo zuhaiska bota aurretik, inguru hartako mendizainei deituko zaie, aurreko puntuak betetzen ote diren begira dezaten eta eta zuhaitzak botatzeko behar den baimena eman dezaten.

.Makinen joan-etorrien ondorioz kaltetuak izan daitezkeen landareen adarrak inausiko dira, bereziki basoguneak, orlak edo heskaiak dauden tokiak.

.Hondeaketako lurrak, zangak bete ondoren sobran gelditzen badira, hondakindegi baimendu batera eramanen dira edo, bestela, inguruan hedatuko dira, hoditeriaren zortasun eremuaren barnean, eta, ahal dela, inguruko lurrekin bat eginen dute fisiografikoki.

.Harriak eta hormigoi eta asfalto hondarrak hondakindegi baimendu batera eramanen dira.

.Ukitutako landare-estalkia lehengoratzeko, proiektuarekin batera aurkeztutako dokumentazioan azaltzen diren neurri guztiak hartuko dira (ereintzak, hidroereintzak eta landaketak, proposatu diren landare-espezieak erabiliz).

.Obrak bukatu ondoren, eremua garbi-garbi utzi beharko da, obraren hondakinik gabe.

.Obrak hasi baino lehen, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalaren aldeko txosten arkeologikoa eduki beharko da.

Hirigintza arlokoak:

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta bide-zorrei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak gauzatzen hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatu eta gero.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez dio administrazio bideari bukaera ematen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, horren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Basozaintzari eta Baztango Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 7an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0900495