19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko urtarrilaren 26an hartua, "Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZI) Fundazioa" fundazio publikoa sortzen duena.

Nafarroako Gobernuak ikus-entzunezko arteak bultzatu eta sustatzeko asmoa du, Foru Komunitateko erakarpen kultural eta turistikoko baliabiderik garrantzitsuenetako bat dela uste baitu.

Sustapen horren lehentasunezko eginkizunetako bat Nafarroako "Film Commission" eratzea da, Nafarroako Foru Komunitatean zinema eta telebista filmazioak, musika bideoklipak, dokumentalak eta publizitaterako erreportaje fotografikoak bultzatu, indartu eta sustatzeko.

Helburu horretarako, erakunde bat sortzea proposatu da. Erakunde hori gai izan behar da esleituriko baliabide publikoak eraginkortasunez eta eraginkortasunez kudeatzeko eta eremu pribatuko baliabide ekonomiko berriak erakarri eta bideratzeko. Nafarroako "Film Commission" taldearen bulegoa sortu ondoren, fundazio publikoa fundazioaren gainerako xedeak betetzen joango da pixkanaka-pixkanaka; xede horiek guztiak Nafarroako zinemari eta ikus-entzunezkoen arloari buruzko jarduerei -hala nola Nafarroako Filmoteka, Mediateka eta Fonoteka- lotuta daude. Taldeak ekimenak garatu, eta goi mailako eta lanbide heziketako zentroekin lan eginen du arte ederren eta ikus-entzunezko lanen inguruan. Horrez gain, ikus-entzunezko lanak sortzeko lehiaketak, txapelketak eta jaialdiak sustatuko ditu eta esleituriko laguntzak kudeatuko ditu ikus-entzunezkoen arlorako.

Horretarako, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak ikus-entzunezko arteak sustatzeko fundazio publikoa sortzea proposatu du, "Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZI) Fundazioa" izenekoa. Haren fundatzailea Nafarroako Gobernua da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 125. eta 126. artikuluen eta Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren 42. legearen eta hurrengoen babesean.

Fundazioaren kapitala hamar mila eurokoa izanen da, Nafarroako Gobernuak osorik emanen duena.

Horrenbestez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Gobernuak

ERABAKI DU:

1. "Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZI) Fundazioa" fundazio publikoa sortzea.

2. "Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZI) Fundazioa" fundazio publikoa arautu behar duten estatutuak onestea, erabaki honi erantsi zaizkionak.

3. Hamar mila euroko (10.000 euro) gastua baimentzea fundazioaren dotazio gisa. Zenbateko hori 2009ko ekitaldi ekonomikorako Nafarroako Aurrekontu Orokorren "IAZNI Fundazioa. Fundazioaren funtsa" izeneko A20002 A2500 7300 335200 partidaren kargura emanen da.

4. 10.000 euroko gastua agintzea eta "Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZI) Fundazioa" fundazio publikoaren (IFZ/IFK: G31978059) alde ordaintzeko agintzea.

5. Pedro Luis Lozano Uriz Kulturako zuzendari nagusi jauna eta Adoración López Jurío Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendari andrea ahalduntzea, bereizi gabe, "Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren (NIAZI) Fundazioa" eratzeko behar beste agiri publiko edo pribatu sinatzeko eta behar beste kudeaketa gauzatzeko.

6. Erabaki hau eta honi lotutako estatutuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Erabaki hau Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariari, Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Kultura eta Turismo Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Idazkaritza Nagusi Teknikoari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 26an.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Nafarroako Gobernuko idazkariaren ordez, Alberto Catalán Higueras.

NAFARROAKO IKUS-ENTZUNEZKO ARTEEN ETA ZINEMATOGRAFIAREN INSTITUTUAREN (NIAZI) FUNDAZIOA

Estatutuak

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Eraketa.

"Nafarroako Ikus-entzunezko Arteen eta Zinematografiaren Institutuaren Fundazioa" izenpean eta Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren 44. legean xedatutakoaren babesean, fundazio bat eratu da, Bilduma horren 43.6 legean xedatutakoaren arabera nortasun juridiko propioa duena.

2. artikulua. Jardueraren xedeko lurraldea mugatzea.

2.1. Fundazioaren helbidea hauxe izanen da: Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentua, Navarrería kalea, 39, Iruña. Dena den, Patronatuak egoitza lekualdatu ahal izanen du Foru Komunitateko beste edozein tokitara.

2.2. Jarduera gehienak garatzeko lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

3. artikulua. Izaera.

Fundazioak ez du irabazi asmorik eta fundazio publikoa da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Horrez gain, iraunkorra da.

4. artikulua. Araubide juridikoa.

4.1. Nolanahi ere, estatutu hauek, Fundazioa zuzentzen duen Patronatuak estatutuak interpretatu eta garatzeko ezartzen dituen xedapenek eta antolamendu juridiko pribatuak arautuko dute Fundazioa, kontratazioaren, aurrekontuen, kontabilitatearen eta finantza kontrolaren arloan aplika daitekeen administrazio araudian ezartzen diren berezitasunen kalterik gabe.

4.2. Fundazioa Fundazioen eta Babes Jardueren Tributu Araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko indarreko 10/1996 Foru Legean zergetarako ezarritako araubideaz baliatzen da.

5. artikulua. Izaera eta gaitasun juridikoa.

5.1. Fundazioak nortasun juridiko propioa du, baita jarduteko ahalmen osoa ere. Hala ere, aplika daitezkeen lege xedapenek berariaz ezarri mugak, estatutu hauetan ezarritakoak eta Nafarroako Gobernuak erabakiaren bidez une bakoitzean eman ditzakeenak errespetatu behar ditu.

5.2. Aipatzearren, baina mugatzeko asmorik gabe, mota guztietako ondasunak eskuratu, eduki, mantendu, kudeatu, erabili, besterendu, kargatu eta trukatu ahal izanen ditu, adibidez: obligazioak hartu eta edozein motatako kontratuak egin, ondasunei eta eskubideei uko egin edo horiek onartu, eta bidezko prozedurak sustatu, horiei aurre egin, horiei jarraitu eta horietan atzera egin. Era berean, askatasuna izanen du mota guztietako eskubideak, ekintzak eta salbuespenak gauzatzeko epaitegi eta auzitegi arrunt eta berezietan, Administrazio Publikoaren erakunde eta bulegoetan eta estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako eta udalerrietako erakundeetan, baita nazioz gaindiko eta nazioarteko gainerako erakunde edo entitateetan ere.

6. artikulua. Helburua eta xedeak.

Fundazioaren helburua Nafarroan ikus-entzunezkoen sektorea eta zinema, eta arlo horretako nafar profesionalen etengabeko prestakuntza sustatzea da. Horretarako, bai sektoreari, bai profesionalei sektorea garatzeko lehiakortasun egokia izateko behar diren baliabideak eskuratzen lagunduko zaie. Fundazioaren helburua lortzeko, fundazioaren honako xede hauek ezarri dira funtsean:

1. Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreko agente guztien artean komunikazioa, elkarketa eta lankidetza sustatzea.

2. Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreko enpresaburuei eta profesionalei Foru Komunitatetik kanpoko merkatuetan lehiakortasuna izateko behar diren baliabideak eskuratzen laguntzea.

3. Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorea babestea, nazioarteko azoka eta merkatuetan egoten laguntzeko eta Foru Komunitatean atzerriko inbertsioak sustatzeko.

4. Nafarroa bultzatzea, ikus-entzunezkoen ekoizpenak eta ekoizpen zinematografikoak eta fotografikoak filmatzeko leku ezin hobea den aldetik, eta filmazioak egiten laguntzea.

5. Europan enpresaburuen eta irrati nahiz telebista kateen artean truke teknologikoak eta koprodukziorako itunak sortzen laguntzen duten baldintzak ezartzea.

6. Europar Batasuneko, estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko laguntza publiko edo pribatu guztiak, Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreko enpresaburuak eta profesionalak ukitzen dituztenak edo zuzenean horientzat direnak, bideratzea, aukera berdintasunaren printzipioari helduta laguntzak eskuratzeko beharreko informazioa izan dezaten.

7. Nazioarteko foroetan parte hartzea, Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorearen interesak babesteko.

8. Jarduera zinematografikoak eta ikus-entzunezkoak sustatu, bultzatu eta antolatzea Nafarroan.

9. Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizpenak garatzea, ekoizpen kopurua gehitzea eta Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizpenak banatzen eta hedatzen laguntzea.

10. Nafarroako ikus-entzunezkoen ondarea, zinematografikoa eta fotografikoa berreskuratu, leheneratu, mantendu, ikertu eta ezagutaraztea.

11. Herritarrei ikus-entzunezkoen kultura garatzen laguntzea.

12. Profesionalak ikus-entzunezkoen espezialitate guztietan prestatzen laguntzea.

13. Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreko agente, antzezle eta operadoreekin zuzenean hitz egitea, informazioa partekatuta eta komunikazio-bide iraunkorrak ezarrita, eta sektorearen berezko jarduerak hobetzen laguntzea.

14. Ikus-entzunezkoen sektorearen inguruan kultur politikak garatzen laguntzen duen legedia sustatzea.

15. Nafarroako toki administrazioarekin, estatuko, autonomia erkidegoetako eta Europar Batasuneko administrazioekin eta antzeko xedeak dituzten erakunde publiko edo pribatuekin harremanetan egon eta horiekin lan egitea, zinematografiaren eta ikus-entzunezko arteen arloan.

16. Baliabideak bultzatzea, Nafarroan ikus-entzunezko arteak ikasi, garatu, sustatu eta jendaurrean agertzeko.

17. Zinematografiaren eta ikus-entzunezkoen sektorearen eremu orokorrean ahalmena duten edo jarduerak egiten dituzten erakunde publiko edo pribatuen aurrean solaskide jardutea.

18. Ikus-entzunezkoen sektorean proiektu propioak, hitzarmenak, bekak, laguntzak eta diru-laguntzak bultzatu eta kudeatzea.

19. Nafarroako Gobernuko Departamentuek ikus-entzunezkoen sektorean garatzen dituzten ekintza guztiak babestu, lagundu eta dinamizatzea.

20. Ikus-entzunezko baliabideetan eduki kulturalak zein Nafarroako historia, ohiturak, naturguneak, industria eta biztanleak sustatzen dituen politika aktiboaren alde egitea.

21. Nafarroako berrikuntza, aurrerapenak eta garapena indartzen laguntzea, informazio eta komunikazioko teknologien (IKT) arloko ekimenak eta Nafarroako Foru Komunitateko teknologia berriak lagunduta.

22. Kultura zinematografikoa eta ikus-entzunezkoena sustatu eta laguntzea.

23. Zinematografia eta ikus-entzunezkoen sektorearen arloan aholkuak ematea.

24. Zinematografia eta ikus-entzunezkoen sektorearen sustapenari eta hedapenari lotutako proiektuak diseinatzen edota kudeatzen parte hartzea.

25. Fundazioaren xedeak lortzeko Patronatuak interesgarritzat jotzen dituen gainerakoak.

26. Bai fundatzaileak, bai Fundazioko Patronatuak, fundazioaren xedeak garatu ahal izanen dituzte egokitzat jotzen duten moduan. Horrela, beste entitate edo erakunde batzuetan parte har daiteke, eta mugak estatutu hauetatik eta, nolanahi ere, legeetatik ondorioztatzen direnak baino ez dira izanen.

II. TITULUA

Ondarea

7. artikulua. Fundazioaren dotazioa.

Fundatzailearen ekarpenak osatuko du Fundazioaren dotazioa. Ekarpen hori hamar mila eurokoa da, eraketaren eskritura publikoa ematean fundatzaileak ordainduko duena.

8. artikulua. Ondarea.

Edozein lekutan dauden mota guztietako balio eta ondasun higigarriek eta higiezinek osatu ahal dute Fundazioaren ondarea; dena den, emaitzak, errentak eta etekinak haren helburuetarako erabiliko dira.

9. artikulua. Ondasun eta eskubideak eskuratzea

Fundazioak pertsona fisiko edo juridikoen, publikoen edo pribatuen mota guztietako ondasunak eta eskubideak eskuratu ahal izanen ditu, edozein tituluren bidez, babes kontratuetatik ondorioztatutakoak eta bestelako laguntzak barne.

10. artikulua. Ondasunen atxikipena.

Fundazioaren ondasunak eta errentak fundazioa sortzeko helburua betetzeari atxikita daude.

Fundazioak eskuratzen dituen diru-sarrera garbien %70, gutxienez, xede horretarako erabili beharko dira.

11. artikulua. Ondarearen kontserbazioa.

11.1. Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak kontserbatzeko, hurrengo arauak beteko dira:

a) Ondasun higiezinak eta eskubide errealak Jabetza Erregistroan inskribatuko dira, Fundazioaren izenean.

b) Balioak eta esku-dirua Fundazioaren izenean jarriko dira fundatzaileak hautatzen dituen banku erakundeetan edo, bestela, Patronatuak edo gerenteak hautatzen dituenetan.

c) Gainerako ondasun higigarriak, jabetza tituluak, gordailu ordezkagiriak eta jabetza, edukitza, erabilera, gozamena edo Fundazioak duen beste edozein eskubide egiaztatzen duen beste edozein agiri gerenteak edo, hala badagokio, idazkariak xedatu bezala zainduko dira.

11.2. Fundazioak dituen ondasun guztiekin inbentarioa eginen da Fundazioko idazkariaren kargura egonen den erregistro liburu batean. Bertan hori identifikatu eta deskribatzeko zirkunstantzia zehatzak zehaztuko dira. Erregistroa eskuzkoa, mekanikoa, informatikoa edo beste edozein motatakoa izan daiteke, xedeak betetzen baldin baditu.

12. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Fundazioaren xedeei atxikitako baliabide ekonomikoak ondokoak izanen dira:

a) Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak eta balioak.

b) Ondare horren etekinak eta errentak.

c) Jaso ahal dituen dohaintzak, jaraunspenak, legatuak eta diru-laguntzak.

d) Babes kontratuetatik ondorioztatutako diru-sarrerak.

e) Fundazioaren helburuak lortzea xede duen beste edozein.

III. TITULUA

Gobernu organoak

I. KAPITULUA

Patronatua

13. artikulua. Patronatua

13.1. Fundazioaren gobernu gorena, administraritza nagusia eta ordezkaritza garrantzitsuena Patronatuari dagozkio; horrek kide anitzeko sistemaren bidez jardunen du eta hamabi kidek, gehienez, eta bederatzik, gutxienez, osatuko dute.

13.2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak Patronatuan parte hartuko du une bakoitzean Administrazio horren karguak hautatuz; karguen titularrak Patronatuko kideak izanen dira. Era berean, gobernu erabakiaren bidez beste kide batzuk hautatuko dira.

14. artikulua. Fundazioko Patronatuko kideak.

14.1. Ondoko kideek osatuko dute Patronatua:

-Kulturaren arloan eskuduna den Departamentuko kontseilari titularra, Patronatuko lehendakaria izanen dena.

-Kultura Zuzendaritza Nagusiko titularra.

-Turismo Zuzendaritza Nagusiko titularra.

-Kultur Ekintza Zerbitzuaren Zuzendaritzako titularra.

-Komunikazio Zuzendaritza Nagusiko titularra.

-Kulturaren arloan eskuduna den Departamentuko idazkari nagusi teknikoa.

-Iruñeko Udalaren ordezkari bat.

-Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari bat.

-Nafarroako Merkataritza Ganberako ordezkari bat.

-Nafarroako Gobernuak xedatzen dituenak, Nafarroako ikus-entzunezkoen sektoreko pertsona ospetsuak izan daitezkeenak.

14.2. Patronatuko kideek doan jardunen dute. Hala ere, karguak sortzen dituen gastuak itzultzeko eskubidea izanen dute.

14.3. Patronatuko kideek kargua utziko dute hiltzen badira, legean ezarritakoaren arabera heriotza, ezintasuna, desgaikuntza edo bateraezintasun adierazpena badago, kargua desagertzen bada, -hala badagokio- nortasun juridikoa iraungitzen bada edo beste edozein lege arrazoi badago.

14.4. Era berean, Patronatuko kideek kargua utzi ahal dute fundatzailearen erabakiaren bidez, fundazioaren interes eta xedeetarako kalte larria dakarten ekintzak gauzatu badituzte.

Pertsona juridikoei dagokienez, Patronatuan dituzten ordezkariek ere kargua utziko dute arrazoi horiengatik, baita erakunde zehatzari aplika dakizkiokeen arauen arabera egiten den eta Fundazioko Patronatuari jakinarazten zaion hautaketa baliogabetzeagatik ere. Baliogabetzearekin batera, hala denean, lehengo ordezkariaren lekua beteko duen pertsonaren hautaketa bidali beharko zaio.

14.5. Haiek joaterik ez badago (arrazoiak azalduta), Patronatuko kideek bilera zehatz batean Patronatuko beste kide batek ordeztea baimendu ahal izanen dute idatziz.

15. artikulua. Elkargoko kideen eskubideak eta betebeharrak

a) Fundazioaren xedeak betetzen direla zaintzea.

b) Fundazioaren jardueretan eta ekintzetan parte hartzea, Patronatuak xedatu bezala.

c) Patronatuaren bileretara joatea eta beren eskumeneko gaietan beren botoaren bidez parte hartzea.

d) Erabilgarri dauden baliabide ekonomikoen erabileraren eraginkortasuna eta behar bezalako aprobetxamendua zaintzea, baita haren etengabeko kontrola eta jarraipena ere.

e) Gaien tramitazio egoera jakitea, ekitaldi ekonomikoko aurrekontu proiektuei, kontu egoerei, inbentario eta balantzeei eta programa eta jarduera memoriari buruzko agirien zein Fundazioaren interesei lotutako beste edozein gairen berri izatea eta horiek aztertzea.

f) Estatutu hauek aplikatuta jaso litzaketen gainerako eskubideak eta betebeharrak.

16. artikulua. Patronatuaren eskumenak.

Hona hemen Patronatuaren eskumenak:

1. Kudeatzailea hautatu, berritu eta, hala badagokio, kargua utziaraztea.

2. Patronatuko idazkaria hautatu, berritu eta, hala badagokio, kargua utziaraztea, baita, lanpostua hutsik badago, idazkaria ez badago edo gaixorik badago, hura behin-behinean ordezten duena ere.

3. Kudeatzaileak hautatzea, agindutako eginkizunak gauzatzeko.

4. Hurrengoak urtero onestea:

a) Fundazioaren ekonomia, finantza eta ondare egoera adierazten duten inbentarioa, egoera balantzea eta emaitzen kontua.

b) Fundazioaren jarduerak eta kudeaketa ekonomikoa adierazten dituen memoria. Agiri horrek barne hartuko ditu finantzaketa taula eta fundazioaren xedeak zein mailatan betetzen diren. Horrez gain, memoriak ondare aldaketak eta gobernu organoetako, zuzendaritzako eta ordezkaritzako aldaketak zehaztuko ditu.

c) Aurreko ekitaldi ekonomikoan izandako diru-sarrera eta gastuen aurrekontuaren likidazioa.

d) Hurrengo ekitaldiko diru-sarrera eta gastuen aurrekontua, azalpen memoria batekin batera.

5. Fundazioaren urteko jarduera programa propioa onestea.

6. Fundatzaileari estatutuen aldaketa proposatzea.

7. Edozein kideren alde ahalordeak ematea, estatutu hauen 5. artikuluan aipatu ekintzak gauzatzeko.

8. Fundazioaren xede propioekin bat datozen jarduera zehatzak onestea.

9. Estatutu hauek aplikatuta jaso litzakeen gainerakoak.

17. artikulua. Funtzionamendu araubidea.

17.1. Patronatua gutxienez ere urtean bitan batzartuko da bilera arruntetan: batean aurreko ekitaldiko kontuak eta kudeaketa aztertu eta, hala badagokio, onesteko eta bestean hurrengo ekitaldiko aurrekontua eta jarduera programa onesteko. Halaber, fundazioaren martxa onerako behar diren beste alditan batzartu ahal izanen da.

17.2. Bilera arrunten deialdiak izendunak izanen dira eta idatziz eginen dira; kide bakoitzari jakinaraziko zaizkio, baliabide fede-emaile baten bidez, egin baino egutegiko zazpi egun aurrerago, gutxienez. Deialdiek bileraren izaera, gai zerrenda eta bileraren lekua, data eta ordua adieraziko dituzte eta bilera, lehenengo deialditik ordu erdia igaro ostean, bigarren deialdian egitea ekarriko dute berekin.

17.3. Halaber, Patronatuak ohiz kanpoko bilerak egin ahal izanen ditu, zazpi eguneko aurrerapena errespetatu behar izan gabe, premiazko gaiak ezagutu eta ebazteko.

17.4. Patronatuaren bilerak baliozkoak izanen dira kideetako hiru, gutxienez, bertan daudenean, baldin eta lehendakaria edo hori ordezten duena ere bilerara badoa.

17.5. Patronatuaren bilera bakoitzeko akta eginen da, lehendakariak eta idazkariak sinaduraren bidez baimenduko dutena.

18. artikulua. Erabakiak hartzea.

18.1. Patronatuaren erabakiak bilerara bertaratu diren kideen gehiengo soilez hartuko dira, legeak edo estatutuek bestelako gehiengoa eskatzen duten kasuetan izan ezik eta hurrengo idatz-zatian ezarritakoaren kalterik gabe.

18.2. Bozketan berdinketa badago, lehendakariaren kalitatezko botoak ebatziko du.

II. KAPITULUA

Lehendakaria

19. artikulua. Eginkizunak eta ordezpena.

19.1. Patronatuko lehendakariak Fundazioa ordezkatzen du eta eginkizun hauek ditu:

1. Patronatuaren batzarrak deitu, haietan buru jardun eta zuzendari aritzea eta, erabakietan berdinketa badago, kalitatezko botoa erabiltzea.

2. Patronatuaren erabakiak gauzatzea eta Fundazioaren izenean egitea, estatutuen arabera edo Patronatuaren erabakiz kudeatzaileari dagozkionak edo esleitu zaizkionak izan ezik.

3. Fundazioaren interesei buruzko ekintza juridikoak egitea Fundazioaren izenean, estatutuen arabera edo Patronatuaren erabakiz kudeatzaileari dagozkionak edo esleitu zaizkionak izan ezik.

19.2. Lehendakaria ez badago, Kultura Zuzendaritza Nagusiko titularrak ordeztuko du. Hori ez badago, Turismo Zuzendaritza Nagusiko titularrak ordeztuko du. Amaitzeko, hori ere ez badago, lehendakariak hautatzen duen kideak ordeztuko du.

III. KAPITULUA

Kudeatzailea

20. artikulua. Hautaketa.

Fundazioa kudeatzaile batek, Patronatuak askatasunez hautatzen duenak, kudeatuko du.

21. artikulua. Eskumenak.

21.1. Kudeatzailea Fundazioaren eguneroko kudeaketaz arduratuko da, lehendakariaren jarraibideei jarraikiz.

Bere eskumenen artean, zerbitzu burokratikoetako eta fundazioaren administrazio lanetako zuzendaritza gauzatuko du.

Fundazioaren kudeaketa ekonomikoari lotutako eginkizun guztiak eta, bereziki, diruzaintza eta kontabilitate arlokoak eginen ditu. Horretarako, administrarien eta teknikarien laguntza izanen du.

Hurrengo ekitaldiko lehenengo sei hilabeteko epearen barnean, Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan estatutu hauen 16. artikuluaren 4. idatz-zatiko a), b) eta c) puntuetan aipatu agiriak aurkeztuko ditu; ekitaldi bakoitzeko urriaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, aldiz, idatz-zati bereko d) puntuan adierazi agiriak.

21.2. Lehendakariaren zuzendaritzapean eta haren jarraibideei jarraikiz, kudeatzaileak honako eskumen hauek izanen ditu:

1. Estatutu hauetan biltzen diren xedapenak gauzatzea.

2. Jarduera sozialak antolatu eta zuzentzea, baita kudeaketa administratiboa eta ekonomikoa ere.

3. Ekitaldi bakoitzeko kudeaketaren memoria eta laburpen orokorra egin eta Patronatuari aurkeztea, berak onets ditzan.

4. Ekitaldi bakoitzeko kontuak, balantzea, inbentarioa eta memoria egin, aztertu eta onestea, baita hurrengo ekitaldiko aurrekontua eta jarduera programa ere.

5. Fundazioaren baliabide ekonomikoak eskuratzea.

6. Fundazioak xedeak betetzen laguntzeko behar diren pertsona fisikoak eta juridikoak atxiki eta kontratatzea, edozein modalitate juridikoren bidez.

7. Fundazioaren funtsak eta ondarea eskura izatea, inolako mugarik gabe, hasierako dotazioa osatzen zutenak barne, eta estatutu hauetan deskribatutakoaren arabera, fundazioaren xedeei aplikatzea.

8. Fundazioak izan ditzakeen teknikarien eta administrarien burutza gauzatzea, jarduerak zuzen eta eraginkortasunez egin ditzaten.

9. Fundazioaren xedeekin bat datozen jardueren programa proposatzea Patronatuari ekitaldi bakoitzerako, baita une bakoitzean gauzatuko diren jarduera zehatzena ere.

10. Patronatuak lehendakariaren bidez agindu ahal dizkionak, Fundazioaren xedeak betetzeko.

IV. KAPITULUA

Idazkaria

22. artikulua. Hautaketa eta eginkizunak.

22.1. Patronatuak askatasunez hautatuko du idazkaria eta hori ezin izanen da erakunde horretako kidea izan. Izan ere, kasu horretan hitza izanen du, baina ez botorik.

22.2. Idazkariaren eginkizunak hauek dira:

a) a) Patronatuak hartutako erabakiei buruz fede ematea, behar diren aktak eginez eta haien egiazkotasuna bermatuz, lehendakariaren sinaduraren eta oniritziaren bidez.

b) Lehendakariari aholku ematea, bileretako gai zerrendak egitean, eta deialdiak bidaltzea.

c) Ziurtagiriak baimentzea, lehendakariak edo hori ordezten duenak ikus-onetsirik.

d) Kerenteari jarraibideak ematea, fundazioaren liburuak, agiriak eta zigiluak artxibatu eta zaintzeko.

V. TITULUA

Onuradunak eta jardueraren oinarrizko irizpideak

23. artikulua. Onuradunak eta jardueraren oinarrizko irizpideak.

23.1. Fundazioko onuradunak izan daitezke Fundazioaren lurralde eremuan fundazioaren xedeei lotutako jarduerak garatu, proiektatu edo garatu nahi dituzten pertsona fisiko eta juridiko guztiak, edozein nazionalitate, bizileku, auzotasun edo helbide dutela ere.

23.2. Patronatuak onuradunak zehaztuko ditu, publizitatearen, gardentasunaren, lehiaren, objektibotasunaren, berdintasunaren, bereizkeriarik ezaren eta kontrolaren printzipioak beteta.

VI. TITULUA

Aldaketa, iraungipena eta likidazioa

24. artikulua. Aldaketa eta iraungipena.

24.1. Fundazioak iraupen mugagabea izanen du.

24.2. Nafarroako Gobernuak erabaki beharko du estatutu hauek aldatu behar diren edo fundazioa iraungiko den, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoaren arabera.

25. artikulua. Likidazioa.

Fundazioa iraungitzea erabakita ordaindu gabe dauden obligazioak ordaindu ondoren, Nafarroako Gobernuak geratzen den ondarea -geratzen baldin bada- fundazioaren xedeen antzekoetarako erabiliko du, egokitzat jotzen badu.

Iragarkiaren kodea: F0901283