19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

699/2008 FORU AGINDUA, abenduaren 30ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, gradudunentzako beka bat emateko deialdia egiten duena (Nekazaritzako ingeniaria edo Nekazaritzako ingeniari teknikoa), Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroaren mendeko mahastien erregistro ofizialen funtzionamendu, erabilera eta kontrolerako laguntza emateko. Erregistro horiek Mahastizaintza Atalaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atalaren lankidetzarekin garatuko dira.

Kontuan hartu behar da bekadunaren esku uzten diren lanak erakunde honentzat eta Nafarroako mahastizaintza sektorearentzat oro har baliagarriak izan daitezkeela, baita bekadunarentzat berentzat ere, horrela lan esperientzia interesgarria lortzeko aukera izanen baitu.

Foru agindu honi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Gradudunentzako beka bat emateko deialdia onestea (Nekazaritzako ingeniaria edo Nekazaritzako ingeniari teknikoa), Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroaren mendeko mahastien erregistro ofizialen funtzionamendu, erabilera eta kontrolerako laguntza emateko. Erregistro horiek Mahastizaintza Atalaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atalaren lankidetzarekin garatuko dira.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Oinarri horiek foru agindu honen eranskinean daude.

3. 10.800 euroko gastua baimentzea, 2008ko gastuen aurrekontuko "Bekak" izeneko 730000-72400-4809-412100 kontu-sailaren balio berarekin 2009ko gastuen aurrekontuan gaitzen denaren kargura, foru agindu honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, behar adina diru badago betiere.

4. Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2008ko abenduaren 30ean.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

ERANSKINA

NAFARROAKO MAHASTIZAINTZA ETA ENOLOGIA ZENTROAN (EVENA) GRADUDUNENTZAKO BEKA BAT EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

Lehenbizikoa.-Xedea.

Deialdi honen xedea da gradudunentzako beka bat ematea (Nekazaritzako ingeniaria edo Nekazaritzako ingeniari teknikoa), Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroaren mendeko mahastien erregistro ofizialen funtzionamendu, erabilera eta kontrolerako laguntza emateko. Erregistro horiek Mahastizaintza Atalaren eta Kudeaketa Administratiboaren Atalaren lankidetzarekin garatuko dira. Nekazaritzako ingeniarien edo Nekazaritzako ingeniari teknikoen titulua behar da.

Bigarrena.-Iraupena.

Bekaldia 2009ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra artekoa izanen da. Bekaldia epe berberetarako luzatzen ahalko da, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendariak eskaturik, gehienez ere hiru urte egin arte, hasierako bekaldia eta luzapenak barne.

Hirugarrena.-Diru-zuzkidura eta bateraezintasunak.

1. Bekadunak 900 euro jasoko ditu hilabetero eta eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten diren gastuengatik funtzionarioei ematen zaizkien ordain berberak jasotzeko.

2. Bekadunari ematen zaion dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, diru-laguntza publikotzat baizik.

3. Deialdiaren araberako bekak bateraezinak dira administrazio honen, beste administrazio publiko batzuen, beste entitate publiko edo pribatu batzuen edo partikularren, Espainiakoen zein atzerrikoen, beste edozein diru-laguntzarekin edo prestakuntza bekarekin.

Laugarrena.-Onuradunek bete beharreko baldintzak.

Prestakuntza beka hartzen ahalko du, soil-soilik, ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituen pertsona fisikoak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta diru-laguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Eskatutako titulu hori prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

f) Bekaren prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.

g) B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea eskaera aurkezten den egunean.

Bosgarrena.-Eskaerak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak

frogatzeko modua.

1. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroan (Valle de Orba kalea, 34, Erriberri) aurkezten ahalko dira edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren erregistroetako edozeinetan.

a) Eskabide orria.

b) "Curriculum vitae", egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak, dakizkien hizkuntzak, mahastizaintza eta ardogintzako ezagutza eta aipatu nahi dituen merezimendu guztiak adierazten dituena.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, kurtso bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena.

d) Lortutako titulu, diploma eta ziurtagirien fotokopia konpultsatua.

e) Jaiotza agiria edo nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

f) Erroldatze agiria.

g) Laugarren oinarriaren c) eta f) ataletan ezarritako betebeharrak bete izanaren erantzukizuneko aitorpena.

h) Gidabaimena

3. Agiri guztiak ez badaude, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatu eginen dela. Halaxe jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da hori zuzendu.

4. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.-Eskaerak ebaluatzea.

1. Oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideen araberako eskaeren ebaluazioa ondoko hauek osatzen duten ebaluazio batzordeak eginen du:

a) Batzordeburua: Joaquín Pejenaute Cervera jauna, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko Kudeaketa Administratiboaren Ataleko burua.

b) Idazkaria: Ana Sagües Sarasa andrea, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko Nekazaritzako ingeniari teknikoa.

c) Batzordekidea: Faustino Aguirrezabal Bujanda jauna, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroaren Mahastizaintza Ataleko burua.

2. Ebaluazio batzordeak aztertu eta baloratu eginen ditu aurkezten diren eskaerak, eta bekak puntuazioaren araberako hurrenkeran emateko proposatuko du. Hamar eguneko epean jendaurrean jarriko du zerrenda.

3. Eskaerekin batera aurkeztutako merezimenduak honako baremo honen arabera kalifikatuko dira:

a) Datu akademikoak:

-Tituluaren espezialitatea: puntu bat (0,75 mahastizaintza eta 0,25 enologia).

-Karrera bukaerako lana: mahastizaintzarekin zerikusia baldin badu, puntu bat, eta enologiarekin zerikusia badu, 0,5 puntu

-Ikasketa espedientea: puntu bat bitarte.

-Irakaskuntzarako gaitasun ikastaroa: puntu bat.

b) Mahastizaintzarekin zerikusia duten lan eta ikastaroak:

-Mahastizaintza eta enologiako masterra: 3 puntu.

-Mahastizaintzako ikastaro bereziak: 2 puntu.

-INEMeko mahastizaintza ikastaroa: 0,5 puntu.

-EVENAko mahastizaintza eta enologiako ikastaro teoriko-praktikoak: puntu bat.

-EVENAko mahastizaintza bekak: 3 puntu.

-Bekak bestelako mahastizaintza zentroetan: puntu bat bitarte.

-Unibertsitatearekin izandako lankidetza mahastizaintzako gaietan: puntu bat bitarte.

-Mahastizaintza ustiapenetako lanak (hilabete gutxienez): puntu bat bitarte.

-Mahastizaintzako ikastaroak (100 ordu baino gutxiagokoak): 0,5 puntu bitarte.

-Mahastizaintzako ikastaroak ematea: puntu bat bitarte.

-Mahastizaintza eta Enologiako zentro ofizialen batean egindako praktikak (hilabete gutxienez): puntu bat bitarte.

-Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroan (EVENA) egindakoko praktikak: puntu bat bitarte.

-Mahastizaintzako zientzia lanak eta argitalpenak: puntu bat bitarte.

c) Lanbideari buruzko datuak:

-Mahastizaintzaz besteko zientzia lanak eta argitalpenak: 0,5 puntu bitarte.

-Praktikak nekazaritza laborategietan: 0,5 puntu bitarte.

-Kongresuetan eta bestelako ikastaroetan parte hartzea: 0,5 puntu bitarte.

-Hizkuntzak: puntu bat bitarte.

-Bestelako zentroetako praktikak: puntu bat bitarte (urtebete).

-Informatika jakitea: 1,5 puntu bitarte.

Zazpigarrena.-Beka emateko ebazpena.

1. Prestakuntza beka ematea ebaluazio batzordeak proposamena egin eta hogei egun naturaleko epean eginen da, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez.

2. Orobat, beka jaso duten eskatzaileen zerrenda jaso beharko da eta espresuki adieraziko da zein eskaerari esan zaion ezetz, halakorik baldin bada.

3. Prozeduraren gainean ebazteko epea 3 hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da.

Zortzigarrena.-Ebazpena jakinaraztea.

Prozeduraren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie administrazio prozedura erkideari buruzko legerian ezarritako moduan, eta jendaurrean jarriko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko eta Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko iragarki oholetan.

Bederatzigarrena.-Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza bekaren onuradunak gehienez hamar eguneko epea izanen du jardunean hasteko, beka eman zaiola jakinarazten zaionetik edo organo eskudunak zehazten duen egunetik hasita. Horrela egiten ez badu, onuradunak bekari behin betikoz uko egiten diola ulertuko da, non eta organo eskudunak ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera ikusten ez dituen.

2. Bekari uko eginez gero, Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendari kudeatzaileari horren berri eman beharko zaio, jarduera utzi eta gutxienez hamabost egun lehenago. Organo eskudunak zilegi izanen du beka hori Ebaluazio Batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo dagoenari ematea, ezertan galarazi gabe onuradunak uko egin arte zituen betebeharrak.

Hamargarrena.-Jarduerak.

1. Bekadunak Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroaren instalazioetan arituko dira, eta 30 ordu izanen dituzte astean, gehienez. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaie bekadunei.

2. Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroko zuzendari kudeatzaileak prestakuntzarako bekaldia eteten ahalko du onuradunaren gaixotasun edo istripu kasuetan, bai eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako bestelako gorabeherak daudenean ere. Etenaldiak beharrezkotzat jotzen den denbora iraunen du eta haren ondorioak arrazoi bakoitzaren araberakoak izanen dira.

Hamaikagarrena.-Bekadunaren betebeharrak.

Hurrengo hauek dira prestakuntza bekadunaren betebeharrak:

a) Beka emateko betebehar eta baldintzak betetzea.

b) Haien prestakuntza eta hobekuntza teknikoari begira, Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak ezartzen dizkien eginbeharrak betetzea. Horretarako Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroak tutore bat izendatuko du, esleituriko jarduerak zuzendu eta gainbegiratuko dituena.

c) Tutoreak egiten dizkien kontsulta guztiak onartzea, prestakuntza jardueren jarraipenarekin zerikusia badute.

d) Bekaren iraunaldia bukatu baino lehen, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko txosten bat aurkeztea, tutorearen adostasuna barne.

Hamabigarrena.-Jabetza intelektual eta industriala.

Bekaldian burututako jardueraren ondorioz bekadunak eskuratzen dituen jabetza intelektual eta industrialeko eskubideak, beroriei buruz Estatuko araudian ezarritakoaren arabera arautuko dira, eta Administrazio Publikoak ez die uko eginen legozkiokeen agiri, azterlan, ikerlan, lan, eskubide, emaitza zientifiko eta balizko asmakuntzei.

Hamairugarrena.-Lan edo administrazio harremanik eza.

Beka jasotzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroarekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere.

Hamalaugarrena.-Bekadunaren administrazio erantzukizuna.

Nafarroako Mahastizaintza eta Enologia Zentroa (EVENA) izanen da prestakuntza jardueran bekadunak hirugarrenei sortzen dizkien kalteen erantzulea, baina EVENAk zilegi izanen du iruzur, erru edo zabarkeria larriagatik bekadunak izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F0900543