19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

10/2009 FORU AGINDUA, urtarrilaren 12koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, nekazaritzako kooperatibei nekazaritzako makinerian inbertsioak egiteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri zituen maiatzaren 28ko 264/2008 Foru Agindua aldatu eta 2009ko deialdia onesten duena.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak maiatzaren 28an emandako 264/2008 Foru Aginduaren bidez nekazaritzako kooperatibei nekazaritzako makinerian inbertsioak egiteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri eta 2009ko deialdia onetsi zen.

Aldez aurretik, arau hori Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi zitzaion. Organo horrek Espainiako agintariek igorritako informazio laburtuaren idazkia jaso zuela adierazi, eta arau proiektua goian aipatu bezala erregistratu zuen, XA207/2008 zenbakiarekin.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, diru-laguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da, lehenik, organo eskudunak diru-laguntzari buruzko araua edo deialdia eta oinarriak ezarri dituenean, salbu eta lehenagotik ezarrita badaude.

Aurrekoan esandakoa oinarri hartuta, 2009ko ekitalidan nekazaritzako kooperatibei nekazaritzako makinerian inbertsioak egiteko laguntzak emateko deialdia egin da.

Gainera, maiatzaren 28an emandako 264/2008 Foru Aginduaren bidez onetsitako laguntzak emateko oinarri arautzaileak aldatu dira, gastu orokorren kontzeptuei emandako diru-laguntzen zenbatekoa zehaztuz eta erabilitako makineriaren agiriak aurkezteko prozedura doituz, hori guztia onuradunak berme juridiko handiagoak izan ditzan eta neurria bera hobeki kudea dadin.

Foru agindu honi Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak maiatzaren 28an emandako 264/2008 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez nekazaritzako kooperatibei nekazaritzako makinerian inbertsioak egiteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri ziren.

1. 4. artikuluko 3. puntua aldatu eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"3. Kostu orokorrak, a) eta b) idatz-zatietan eta aurrekoetan aipatzen diren gastuekin lotuak, hala nola ondoko hauekin: ingeniarien eta aholkularien ordainsariak eta bideragarritasun azterlanak".

2. 6. artikulua aldatu eta 4. puntua gehitu zaio, eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"4. 4.3 artikuluan zehaztutako kostu orokorrak bere balorearen %40rekin lagunduko dira, baina diruz laguntzen ahal den inbertsio osoaren %12 edo espediente bakoitzeko 1.500 euro gainditu gabe".

3. 9. artikuluko 2. idatz.zatiko b) letraren hirugarren gidoia ezabatu da.

4. 11. artikuluko 1. idatz-zatia aldatu eta hemendik aurrera honela idatzita agertuko da:

"1. Eskaera jasotzen denean dokumentazioa osorik dagoela egiaztatuko da. Agiri guztiak ez badaude, interesdunari eskatuko zaio 15 egun naturaleko epean zuzendu ditzala, eta adieraziko zaio, hori egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emane dela jakinaraziko zaio.

Gainera, bigarren eskuko makinen inbertsioen kasuan, Nekazaritzako Elikagai Industrien eta Nekazaritzako Ustiategien Zerbitzuak nekazaritzako ITGren, abeltzaintzako ITGren edo EVENAren aldeko txostena eskatuko du, hain zuzen ere honako hauei dagokienez: ondasun erabilia erostearen abantaila, material berriaren aldean kostuak gutxitzea eta inbertsioaren helburuetan aurreikusitako baldintza teknikoei egokitzea".

Lehenengo xedapen gehigarria. 2009ko deialdia.

1. 2009ko ekitaldian nekazaritzako kooperatibei nekazaritzako makinerian inbertsioak egiteko laguntzak emateko deialdia onetsi da.

2. 2009an laguntzak jasotzeko eskaerak aurkezteko epea foru agindu honek indarra hartzen duen egunean hasiko da.

3. Deialdi honetan nekazaritzako kooperatibei nekazaritzako makinerian inbertsioak egiteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak ezarri zituen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariren maiatzaren 28ko 264/2008 Foru Aginduan aurreikusitako oinarri arautzaileak aplikatuko dira.

4. Deialdi honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuaren Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Bigarren xedapen gehigarria.-2009ko deialdirako aurrekontu kredituak.

Foru agindu honen aplikazioak sortuko dituen gastuetarako 791.634,00 euroko gastua baimentzen da. Diru hori 2008ko Nafarroako Aurrekontu Orokorren "Makineriarako eta produkzio-bideetarako diru-laguntzak" izeneko 721002-72230-7700-412103 kontu-sailaren balio berarekin 2009ko gastuen aurrekontuan gaitzen denaren kargura izanen da, foru agindu honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, behar adina diru badago betiere.

Xedapen iragankor bakarra. Aurreko deialdiarekin bat aurkeztutako eskaerak.

Eskatutako baldintza guztiak bete arren ebatzi ez ziren 2008ko deialdiarekin bat aurkeztutako eskaerak deialdi honekin bat ebatziko dira.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 12an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0901890