19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

9/2009 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 26koa, "Las Balsas-Alaizko Mendilerroko parke eoliko esperimentala" izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialean aurreikusita dauden obrak interes orokorrekoak direla deklaratzen duena. Proiektuaren sustatzailea Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER) da.

Nafarroako Gobernuaren 2008ko urriaren 6ko erabakiaren bidez "Las Balsas-Alaizko Mendilerroko parke eoliko esperimentala" izeneko udalez gaindiko proiektu sektoriala onetsi zen. Proiektuaren sustatzailea Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER) da.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 47.1 artikuluak aurreikusten duenez, udalez gaindiko proiektu sektorialetako obrei ez zaie kontrol lokalik eginen Nafarroako Gobernuak obra horiek interes orokorrekoak direla deklaratzen badu. Ildo horretan, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Enpresa Zuzendaritza Nagusiak txostena egin du "Las Balsas-Alaizko Mendilerroko parke eoliko esperimentala" izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialeko obrak interes orokorrekoak direla deklara dadila eskatzeko. Txostenak hau dio:

"Munduko energiaren egoera honelakoa da: petrolioaren prezioak garestiak dira, neurri handi batean goraldian dauden herrien eskaria gora egiten ari delako eta baliabideak behera egiten ari direlako. Horrekin batera, erregai fosilek klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gasak ugaritu egiten dituzte. Horrek guztiak beharrezkoa egiten du energia iturri berriei buruzko ikerketa. Energia iturri horien artean berriztagarriek garrantzi handia dute.

Energia berriztagarriak garatu ahal izateko, taxutzen diren sistemak gero eta eragimen handiagokoak izan beharko dira eta sortzen den energiaren kostua apurka eta modu iraunkorrean erregai fosilak (petrolioa, gasa eta ikatza) oinarrizko energia iturri gisa erabiltzen duen energia sorkuntza arruntaren kostuetara heldu beharko da.

Energia eolikoa munduan potentzia instalaturik handiena duena da. Energia mota horretan, erronkak hauek dira: potentzia handiagoko makinak egitea lurreko instalazioetarako nahiz itsasoko instalazioetarako, energia atzitzeko sistemak eraginkorrak izatea eta ekipamenduak sendoak izatea.

Espainiak leku nabarmena du munduan energia eolikoaren garapen teknologikoari nahiz parke eolikoetan instalatuta dagoen potentziari dagokionez. 15.145 MW instalatu izanik, munduko hirugarren herria da Alemania eta Estatu Batuen atzetik. Potentzia oso horretatik Nafarroak gaur egun 941 MW inguru ditu instalatuta. Horrek Foru Komunitateko energia elektrikoaren kontsumoaren %46 egiten du.

Nafarroan munduko sorgailu eolikoen produkzioaren %20 inguru fabrikatzen da. Horrek 4.200 lanpostu eta industriako BPGaren %5 egiten du.

Sektore eolikoarentzat beharrezkoa da teknologiaren abangoardian egotea makina eraginkorragoak, fidagarriagoak eta handiagoak garatzeko. Eskakizun berrien eraginez, ahalegin eta gastu handiak egin behar dira I+G+b arloan, eta horrela jarduera ekonomiko garrantzitsua eta balio teknologiko handiko ezagutza sortuko dira. Ahalegin teknologikoen asmoa 3na MW-etik gorako sorgailu eolikoak garatzea da, baita potentzia handiko sorgailu eolikoak moldatzea ere, adibidez itsas zabalean ezartzeko eskakizun tekniko handiagoak jasan ahal izan ditzaten, eta material berriak aplikatzea.

Garapen horietan, Saiakuntza Zentroei eta parke esperimentalei esker, besteak beste, diseinu berriak balioztatu ahal dira, eta horrenbestez, merkaturatzeko denbora laburtu egiten da eta ziurgabetasun teknikoa murriztu egiten da. Teknologia aldetik aurreratuta dauden herriek, esate baterako Estatu Batuek, Alemaniak edo Danimarkak, saiakuntzarako instalazio garrantzitsuak dituzte.

Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER) zientzia entitate fidagarria, esperientziaduna eta aintzatetsia da, energia berriztagarriak ikertu eta arlo horretako teknologia garatzea helburu duena. Bere jarduera energia eolikoaren, eguzki-energia fotovoltaikoaren, biomasaren, eguzki-energia termikoaren eta arkitektura bioklimatikoaren eremuetan egiten du, baita energiaren integrazio eta metaketaren eremuetan ere.

CENER erreferentziazko zentroa da energia berriztagarrien arloan, estatuan zein nazioartean. Bertan 230 ikertzailek lan egiten dute, eta bost kontinenteetan egiten du bere jarduera. Bere jarduerarik garrantzitsuenak, energia berriztagarrien garapenaren ildotik, energia eolikoaren arloko ikerkuntza eta teknologiaren transferentzia dira. CENER, Measnet sareko buruordea da, energia eolikoari dagokionez, eta Energia Eolikoaren Europako Akademiako kide da.

Sektorearen beharrizanen jakitun, 2006ko martxoan lankidetzarako hitzarmen berariazkoa izenpetu zuten Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak, Nafarroako Gobernuak, CIEMATek eta CENERek; horren arabera, CENERek, 2007. urtera arte, 48,35 milioi euro inbertituko ditu energia berriztagarrien arloan goraka doazen teknologiak ikertu eta garatzeko proiektu eta azpiegituretan; hitzarmenean aurreikusita dauden proiektuetako bat da teknologia eolikoak garatzeko unitate bat sortzea.

Hegalen saiakuntza-laborategia, energia eolikoko erabileretarako material konposatuen laborategia eta sorgailu eolikoen saiakuntzetarako instalazioa, Zangozan instalatuta daude, eta osotasunean hartuta munduan parerik ez duen azpiegitura osatzen dute, instalazioengatik eta saiakuntzetarako makinen potentziagatik; halaber, erreferentziazko instalazioa da energia eolikoaren arloko enpresa eta ikertzaileentzat. Gutxi barru, azpiegitura horiei hegalen profilak garatzeko tunel aerodinamikoa eta Las Balsas-Alaizko Mendilerroko parke esperimentala batuko zaizkie.

Apirilaren 7ko 68/2003 Foru Dekretuaren lehenbiziko xedapen gehigarriak Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalari (CENER) ahalmena aitortzen dio, berariazko baldintza batzuk ezarrita, parke esperimentalak berez edo sozietate instrumentalen bitartez sustatu eta kudeatzeko.

CENERek proiektatutako parke esperimentalaren asmoa da foru dekretu horretan aurreikusitako helburu bikoitzari erantzuna ematea, zeren, hasteko, parkearen diseinu teknikoa halako moduan egin da non bertan paratu ahal izanen baitira ohiko sistemekin edo/eta potentzia ez-ohikoekin alderatuta berritasun garrantzitsuak dituzten makina eta instalazioak, eta ase eginen baitira CENERek saiakuntza eta esperimentazioaren alorretan dituen beharrak; bigarrenik, parkean bertan gauzatu beharreko I+G plan bat prestatu da, zeinaren xede nagusia izanen baita parke eolikoen ingurumenaren gaineko eragina gutxitzea, prebentzio neurriak eta hegaztien talkaren kontrako zaintza sistema automatikoak garatuz. Helburu horiek berraztertu ahalko dira eta zabaldu ere, eskura dagoen teknologiaren aurrerapenekin eta garapenean zehar lortzen diren emaitzekin bat.

Las Balsas-Alaizko Mendilerroko parke eoliko esperimentala azpiegitura estrategikoa da. Lehenago aipatu den Zangozako saiakuntza-instalazioarekin batera, Nafarroako energia eolikoko enpresen jarduera industriala sendotzeko aukera emanen du, eta gaur egun duten egoera sendotu eginen du. Horrenbestez, energia eolikoaren arloko garapenaren nazioarteko erreferentzia gune bihurtuko da, eta balio teknologiko handiko ezagutza sortuko du; lanpostuak eta aberastasuna sortuko ditu garapen iraunkorrerako oso garrantzitsua den jarduera teknologiko baten bitartez."

Azaldu denaren arabera, Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER) sustatu duen "Las Balsas-Alaizko Mendilerroko parke eoliko esperimentala" izeneko proiektuan aurreikusita dauden obrek interes orokorrekoak direla aitortzeko baldintzak betetzen dituzte, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 47. artikuluan ezarrita dauden ondorioetarako.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2009ko urtarrilaren 26ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 47. artikuluan xedatuta dagoenaren babespean, "Las Balsas-Alaizko Mendilerroko parke eoliko esperimentala" izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialean aurreikusita dauden obrak interes orokorrekoak direla deklaratzea. Proiektuaren sustatzailea Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala (CENER) da.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik aurrera ondorioak sortuko baititu, eta adieraztea erabaki honek administrazio bideari bukaera ematen diola eta, aukeran, hauetako errekurtsoren bat jar daitekeela:

-Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.

-Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, hau argitaratu eta biharamunetik hasita, bi hilabeteko epean.

Dena den, administrazio publikoek aurretiko errekerimendua egin dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 26an.-Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordea, Javier Caballero Martínez.-Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilaria, José Carlos Esparza Sáez.

Iragarkiaren kodea: F0901272