19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

3/2009 ebazpena

2009ko urtarrilaren 7an, Iruñerriko Mankomunitateburuak 3/2009 ebazpena eman zuen. Hona hemen ebazpen horren testu osoa:

Uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 21. artikuluak ezartzen du baterako zerbitzurako eremuan eskuduna den entitateak, beren ordenantzetan hala ezarrita badago, taxi gidari profesionalaren baimena eskuratzeko agindu ahal izanen diela gidariei, lizentzien titularrak izan nahiz soldatapeko langileak izan.

Iruñerriko baterako taxi zerbitzurako eremuko ordenantza arautzailearen 17. artikuluak taxi gidari profesionalaren baimena arautzen du, eta taxi zerbitzua emateko taxi gidari profesionalaren baimena edukitzea beharrezkoa dela ezartzen du. Beste aldetik, aipatu ordenantzaren 7.2 artikuluak dio beharrezkoa dela baimen hori izatea lizentzia bat eduki ahal izateko.

IMaren estatutuetako 20.17, IMaren Antolaketa eta Funtzionamendu Erregelamenduaren 28.20 eta Toki Administrazioko Foru Legearen 8.2 artikuluaren arabera aplikatu beharreko Toki Erregimenaren Oinarrietako Lege arautzailearen 21.1 s) artikuluen arabera, eskumena Presidenteari dagokio. Horrenbestez,

Ebatzi dut:

1. Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuko taxi gidari profesionalaren gidabaimena lortzeko probak egiteko deialdia eta oinarriak onestea.

2. Aipatu deialdia eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea xedatzea.

3. Ondokoa adieraztea: Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legearen 52.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan xedatutakoarekin bat, administrazioarekiko auzi-helegitea aurkeztu ahal izanen da, Nafarroako Administrazioarekiko Auzitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean; aldez aurretik aukeran du berraztertzeko helegitea aurkeztea, Iruñerriko mankomunitateburuari zuzendua, edota gora jotzeko helegitea, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, bietan hilabeteko epean.

IRUÑERRIKO BATERAKO ZERBITZURAKO EREMUKO TAXI GIDARI PROFESIONALAREN GIDABAIMENA LORTZEKO PROBAK EGITEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehena.-Xedea.

Deialdi honen xedea da Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuko taxi gidari profesionalaren gidabaimena lortzeko probak egitea.

Bigarrena.-Betebeharrak.

1. Probetan parte hartu ahal izateko, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako:

Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europako Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo bestela, norberaren edo besteren kontura garraioan aritzeko lan baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.

2. Behar den gidabaimena, trafiko eta bide segurtasun arloko organo eskudunak luzaturikoa.

Hirugarrena.-Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

Deialdian parte hartu ahal izateko eskabideak Iruñerriko Mankomunitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira: Chinchilla jeneralaren kalea, 7, Iruña. Edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1002 Legeak aurreikusten dituen beste edozein bideren arabera, deialdi hau argitara eman eta ondorengo 30 eguneko epean.

Eskabideak deialdi honetan (I. eranskina) argitaratutako ereduaren arabera egin behar dira.

Eskabideaz gain, izangaiek ondoko dokumentuak ere aurkeztu beharko dituzte:

-Nortasun agiri nazionalaren kopia egiaztatua (edo bigarren oinarriaren lehen puntuan ezarritako baldintza betetzen dela ziurtatzen duten dokumentu ofizialak).

-BTP gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

-Iruñerriko Mankomunitateari 24,00 euro ordaindu izanaren ziurtagiria Taxi Gidari Profesionalaren Gidabaimena lortzeko probetan parte hartzeko.

-Karnet tamainako argazki bat paperean edo euskarri digitalean, JPG edo TIF formatuarekin. Bi euskarrietan izena eta NAN zenbakia agertu behar da (argazkiaren atzealdean edo fitxategiaren izenean).

Laugarrena.-Onartu eta baztertuen behin-behineko eta behin

betiko zerrenda.

Eskabidea aurkezteko epea bukatutakoan, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda emango da argitara, bai Iruñerriko Mankomunitatearen iragarki oholean (Chinchilla jeneralaren kalea, 7, Iruña), eta bai webgunean ere (www.mcp.es), 7 eguneko epean.

Izangai baztertuek ondorengo 7 eguneko epea izango dute erreklamazioak egiteko eta egindako akatsak zuzentzeko, halakorik bada.

Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda modu berean emango da argitara, erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta 7 egunetara. Bazterturik ez bada, behin-behineko zerrenda behin betiko bilakatuko da eta hala adieraziko zerrendan.

Bosgarrena.-Epaimahaia.

Ondokoak izanen dira probetan buru eginen duen epaimahaiko kideak:

-Presidentea: Javier Torrens Alzu jauna. Iruñerriko Mankomunitateko burua.

-Ordezkoa: José Ricardo Pérez Torrano jauna. Iruñerriko Mankomunitateko buruordea.

-Epaimahaikideak:

-Pedro Luis Rezusta Zudaire jauna. Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.-ko Garraio Departamentuko Plangintza eta Azterlanetako teknikaria.

-Manuel Iribarren Oscoz jauna. Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.-ko Antolaketa Garapeneko zuzendaria.

-Raquel Ripa Azanza andrea. Iruñerriko Mankomunitateko Aholkularitzari atxikitako abokatua.

-Ordezkoak:

-Jesús Velasco Pérez jauna. Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.-ko Garraio Departamentuko zuzendaria.

-Joaquín Galarza Berasain jauna. Iruñerriko Zerbitzuak, S.A.-ko Giza Baliabideetako teknikaria.

-María Moral Gurrea andrea. Iruñerriko Mankomunitateko Aholkularitzari atxikitako abokatua.

-Idazkaria: Fernando Chueca Inchusta jauna. Iruñerriko Mankomunitateko Aholkularitza Juridikoko Zuzendaria.

-Ordezkoa: María Ángeles Agundez Caminos andrea. Iruñerriko Mankomunitateko idazkari nagusia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketa baliozkoa izateko, ezinbestekoa izanen da mahaiburua eta idazkaria bertan egotea, edo haien ordezkoak, eta kideen erdiak, gutxienez.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu eta organo deitzaileari jakinarazi beharko diote.

Halaber, izangaiek mahaikideak errefusa ditzakete, arrazoi horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan aritzera mugatuko dira eta haietan soilik emanen diote laguntza epaimahaiari.

Seigarrena.-Proben edukia.

Hauek izanen dira Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuko Taxi Gidari Profesionalaren Gidabaimena lortzeko probak:

-Programa ofizialaren edukiari buruzko test erako azterketa. Oinarri hauen II. Eranskinean dago.

-Programa ofizialaren edukiari buruzko test erako azterketa. Oinarri hauen III. Eranskinean dago.

-Profil psikologikoa ebaluatzeko proba bat.

Zazpigarrena.-Ariketen egitura.

Lehenbiziko proba izanen da "test" erako 25 galdera erantzutea, eta bakoitzak lau erantzun izanen ditu aukeran, betiere oinarriotako II. Eranskinean dauden gaiei buruz. Proba hau egiteko ez da inongo testurik erabiltzen ahal.

Bigarren proba izango da "test" erako 25 galdera erantzutea, eta bakoitzak lau erantzun izango ditu aukeran, betiere oinarriotako III. Eranskinean dauden gaiei buruz. Proba hau egiteko ez da inongo testurik erabiltzen ahal.

Hirugarren proba nortasunari buruzko galdetegi bat izango da.

Epaimahaiak proba bakoitza egiten den unean erabakiko du nolako iraupena izanen duen.

Zortzigarrena.-Ariketen kalifikazioa.

Lehen probaren balorazioa 0 puntutik 25era bitartekoa izango da eta, gainditzeko, gutxienez 13 puntu lortu behar dira. Erantzun okerrak ez dira penalizatuko. Kanporatzeko proba izango da: 13 puntu edo gehiago ez badituzte lortzen izangaiek, kanpoan geldituko dira.

Galderetakoren bat baliogabetzen bada eta galdera kopurua bakoitia bada, proba gainditzeko, beharrezkoa izango da gelditzen diren galderen erdia baino handiagoa den puntu kopurua lortzea. Gelditzen den galdera kopurua bikoitia bada, proba gainditzeko, beharrezkoa izango da gelditzen diren galderen erdia baino handiagoa edo berdina den puntu kopurua lortzea.

Bigarren probaren balorazioa 0 puntutik 25era bitartekoa izango da eta, gainditzeko, gutxienez 13 puntu lortu behar dira. Erantzun okerrak ez dira penalizatuko. Kanporatzeko proba izango da: 13 puntu edo gehiago ez badituzte lortzen izangaiek, kanpoan geldituko dira.

Galderetakoren bat baliogabetzen bada eta galdera kopurua bakoitia bada, proba gainditzeko, beharrezkoa izango da gelditzen diren galderen erdia baino handiagoa den puntu kopurua lortzea.. Gelditzen den galdera kopurua bikoitia bada, proba gainditzeko, beharrezkoa izango da gelditzen diren galderen erdia baino handiagoa edo berdina den puntu kopurua lortzea.

Hirigarren proba "GAI" edo "EZ GAI" emaitzaren bidez baloratuko da.

Bederatzigarrena.-Probak egiteko egunak eta tokia.

Probak egiteko eguna, tokia eta ordutegia onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera argitara emanen dira Iruñerriko Mankomunitatearen iragarki oholean (Chinchilla jeneralaren kalea, 7, Iruña), hala nola web orrian (www.mcp.es). 3 probak egun berean eginen dira.

Probak egitera doazen izangaiek indarrean dagoen Nortasun Agiri Nazionala edo baliokidea eraman beharko dute.

Probak egitera joaten ez diren izangaiak, ezinbesteak bultzatu eta behar bezala justifikatutako kausa izan ezean, baztertu egingo dira.

Hamargarrena.-Probak gainditu dituztenen zerrenda.

Ariketen kalifikazioa bukatutakoan, Epaimahaiak proba gainditu dutenen zerrenda argitara emanen du Iruñerriko Mankomunitatearen iragarki oholean (Chinchilla jeneralaren kalea, 7, Iruña), hala nola web orrian (www.mcp.es). Zerrenda hori izangaien NAN zenbakiekin egingo da.

Iruñerriko Mankomunitateburuak ebazpen bidez onetsiko du probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, eta ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizial ean argitara emanen da. Ebazpen horrek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 333. artikuluan xedatutakoarekin bat, administrazioarekiko auzi-helegitea aurkeztu ahal izanen da Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean. Aldez aurretik aukeran du berraztertzeko helegitea aurkeztea, Iruñerriko Mankomunitateko buruari zuzendua, edota gora jotzeko helegitea, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, bietan hilabeteko epean

Ebazpen hori Aldizkarian argitara eman eta 20 egun naturaleko epean, probak gainditu dituzten pertsonek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

-Behar den titulazioa duen mediku elkargokide batek luzatutako ziurtagiri edo txostena, taxista lanbidean aritzeko galarazten edo zailtzen dion eragozpen fisikorik edo psikikorik ez izatea ziurtatzen duena.

Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuak izan ezik, probak gainditu dituen pertsonak aipatu agiria aurkezten ez badu, ez zaio baimena emanen eta egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira.

I. ERANSKINA

Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuko taxi gidari profesionalaren gidabaimena lortzeko probetan parte hartzeko eskabidea

............................. jauna/andrea, adinez nagusia, ..................... zenbakia duen NANa duena (edo nortasun agiri baliokidea), ...........(e)ko .................-aren ............ -(e)(a)n jaioa, ................ herrian (.............), .................... herritartasuna duena, egun .................. (.............), .............................. kalean (...................... posta kodea) bizi dena, eta ................... telefono zenbakia eta .............. sakelako telefonoko zenbakia dituena.

Zure aurrean azaldu eta adierazten dut:

Eskatzen dut onartua izatea Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuko taxi gidari profesionalaren gidabaimena lortzeko proben deialdian, zeina Nafarroako Aldizkari Ofizialaren .... zenbakian argitara eman baitzen 2009ko ....... aren ........ (e)an.

Eskatutako baldintza guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Eskabide honekin batera, jarraian adierazita dauden dokumentuak aurkeztu ditudala:

1. .............................................................. ...... (Bigarren oinarriaren lehen atalean ezarritako baldintza betetzen dudala ziurtatzen duen agiria).

2. BTP gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.

3. Iruñerriko Mankomunitateari 24,00 euro ordaindu izanaren ziurtagiria Taxi Gidari Profesionalaren Gidabaimena lortzeko probetan parte hartzeko.

4. Karnet neurriko 2 argazki paperean edo euskarri digitalean JPG edo TIF formatuarekin. Bi euskarrietan izena eta NAN zenbakia agertu behar da (argazkiaren atzealdean edo fitxategiaren izenean).

Horrenbestez,

Eskatzen dut Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuko taxi gidari profesionalaren gidabaimena lortzeko probetan onartua izatea.

...................., .... de .............. de .......

(firma)

II. ERANSKINA

Lehen probako programa

Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legeko eta baterako taxi zerbitzurako Iruñerriko eremuko taxi zerbitzuaren ordenantzako araubide juridikoari buruzko ezagupenak

1.-Taxi lizentziak Lizentziak emateko araubidea. Titularra izateko betebeharrak. Eskualdatzea. Indarraldia, ikus-onespena eta etendura. Taxi lizentzien amaiera.

2.-Taxi gidari profesionalaren baimena.

3.-Zerbitzua ematea soldatapeko langileen bidez.

4.-Zerbitzua hitzartzeko moduak. Zerbitzua hastea, taximetroa abian jartzea eta zerbitzua ordaintzeko prozedurak.

5.-Ibilgailuen ezaugarriak.

6.-Dokumentazioa.

7.-Ibilgailuen antzinatasuna eta berriztapena.

8.-Herritarren betebeharrak eta eskubideak.

9.-Lizentzia titularraren eta taxi gidariaren betebeharrak eta eskubideak.

10.-Erreklamazioak.

11.-Zehapen araubidea.

Tarifen araubideari buruzko ezagupenak

1.-Tarifa sistema.

Kontabilitate eta zerga arloko ezagupen oinarrizkoak

1.-Langile autonomoen zerga betebeharrak. Jarduera hasteko. Aldian behingo zerga betebeharrak.

2.-Langile autonomoek kontabilitate eta erregistro arloan dituzten betebeharrak. PFEZaren erregistro liburuak. BEZ liburuak

3.-Fakturaren betebehar formalak.

III. ERANSKINA

Bigarren probako programa

Ezagupen geografikoak

1.-Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuaren ezagupen geografikoa (Udalerriak, Kontzejuak ...)

2.-Iruñerriko baterako zerbitzurako eremuko udalerri nagusietako kaleen ezagupena.

3.-Taxi zerbitzurako leku interesgarrien ezagupena. (Interes turistikoa duten lekuak, bulego publikoak, ospitaleak, zentro ofizialak, hotelak, industrialdeak, merkataritza eta aisia zentroak, ...).

4.-Zerbitzua emateko egungo ibilbiderik zuzenenak.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 7an. Mankomunitateko burua, Javier Torrens Alzu.

Iragarkiaren kodea: L0900643