19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.3. Nahitaezko desjabetzeak

CADREITA

Nahitaezko desjabetzea

Cadreitako Udalak, 2009ko urtarrilaren 9an egin osoko bilkura berezi eta presakoan, honako erabaki hau hartu zuen, legezko quoruma zuela:

Cadreitako Udalak, 2008ko irailaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera eman zion Cadreitako 1. poligonoko 1311. lurzatian bi etxebizitza eta haien eranskinak nahitaez desajebetzeko espedienteari, onetsi zuen horrek ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda eta deklaratu zuen delako ondasun eta eskubideen onura publikoa eta okupatu beharra, eta jendaurrean eduki zituen hamabortz egunean.

Epe horretan Fernando Ría Preciadoren alegazio bat bildu da; hartan aditzera ematen du ez dagoela ados Cadreita Udalak osoko bilkuran hartutako erabaki horrekin eta adierazten du etxesail horietako bi etxebizitzaren jabe dela, eta horietarik bat alokatua duela egungo erabileran oinarritua, bizitegietarako baita. Horrek guztiak kalte handia eginen dio eta hori dela-eta erabaki horren kontra agertu da eta egungo erabilera bizitegietarakoa bere hartan geldi dadin eskatu.

Horrenbertzez, erabaki da:

Lehenbizikoa.-Fernando Ríaren alegazioa ezestea, eraikinaren erabilera ez baita bizitegietarako, ekipamenduetarako baizik, eta desjabetzea abiarazteko erabakiarekin ez baita etxebizitzen erabilera aldatu nahi.

Bigarrena.-Behin betikoz onestea Cadreitako 1. poligonoko 1311. lurzatiko bi etxebizitza eta haien eranskinak desjabetzeko espedienteak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta aurkezturiko alegazioak azalpen zatian adierazi bezala ebaztea. Onespen horrek berarekin dakar onura publikoaren adierazpena eta ondasunak okupatu beharra.

Hirugarrena.-Nafarroako Gobernuari eskatzea, hura baita horretarako eskumena duen organoa, ukitutako ondasun eta eskubideei buruzko presako deklarazioa eman dezan, Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako, izan ere beharrezkoa da herriko kultur jarduerak egin ahal izateko gizarte etxea eraikitzea, gaur egun ez baita behar bezalako tokirik mintzaldiak emateko eta erakusketak edo bertzelako kultur egintzak eta interes publikoa dutenak egiteko.

Laugarrena.-Behar den kreditua atxikitzea, ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko eta desjabetze prozeduraren ondoriozko gaineko obligazioei aurre egiteko.

Borzgarrena.-Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Foru Komunitateko egunkari batean argitaratzea, Udaleko iragarki oholean paratzea eta alegazio egileari jakinaraztea.

Cadreitan, 2009ko urtarrilaren 21ean.-Alkatea, Alfonso Montori Prat.

Iragarkiaren kodea: L0900937