19. ALDIZKARIA - 2009ko otsailaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

4/2009 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 19koa, adingabeak telebistaren aurrean babesteko mekanismoen erabilera arautzen duena.

Zioen azalpena

Adingabeei babes juridikoko esparru egokia emateari buruzko kezka nazioarteko legediaren eremuan agertzen da. Legedi horretan hainbat testutan agertu da haurrak eta gazteak babesteko beharra. Ildo horretan nabarmentzen dira Haurraren Eskubideen Konbentzioa, New Yorken 1989ko azaroaren 20an erabakia, eta Haurraren Eskubideen Europako Gutuna, Europako Parlamentuaren ekainaren 8ko 172/92 ebazpen bidez onetsia.

Beste alde batetik, Espainiako 1978ko Konstituzioak bere 39. artikuluan familiaren babes soziala, ekonomikoa eta juridikoa ziurtatzeko agintzen die botere publikoei, eta bereziki, seme-alabei babes osoa emateko. Kontzeptu berri horren emaitza gisa sortu zen Adingabearen babes juridikorako urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoa. Lege horren helburua botere publiko guztiak, adingabeen arloko erakundeak, guraso eta ahaideak eta herritarrak orokorrean lotuko dituen babes esparru juridiko zabala eraikitzea da.

Nafarroako Foru Komunitateari dagokionez, haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legea prozesu luze baten burutzapena da. Prozesu horren xedea gizarte laguntzaren, haur eta gazte arloko politikaren eta adingabeen tutoretza eta babesaren nahiz gizarteratzearen arloetan Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak ematen dizkion eskumen esklusiboak garatzea da.

Zentzuzkoa denez, gazteak eta haurrak babesteko mekanismoak ezartzea gizartearen eremu guztiei dagokie, eta ez da salbuespena ikus-entzunezko komunikazioen arloa. Telebista gaur egun adingabeentzat aisialdiko eta entretenimenduko lehentasunezko tresna da, eta xehetasun handiagoekin, ikastekoa. Gainera, haur eta gazteen artean eragin handiena duen hedabidea da.

Haurrak eta gazteak ikus-entzunezkoen arloan babesteko berariazko tresnak sortzeko beharra Europako Batasunean laster jarri zen agerian, eta alde horretan nabarmena da ikus-entzunezko eta informazioko zerbitzuetan adingabeak eta giza duintasuna babesteari buruzko Liburu Berdea, 1996ko urriaren 16koa, eta funtsean, 89/552/EEE Zuzentaraua, urriaren 3koa, telebista seinaleen irrati-hedapeneko jarduerei buruz estatu erkideek eman lege, erregelamendu eta administrazio xedapenen koordinazioari buruzkoa. Azken horren helburuetako bat telebistako programetan eta publizitatean adingabeen gorputzaren, gogoaren edo moralaren garapenari buruzko arauak finkatzea da. Aipatu arauak barne-antolamenduan sartu ziren ekainaren 7ko 22/1999 Legeak aldatu uztailaren 12ko 25/1994 Legearen bidez.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak Nafarroako Foru Komunitateari eskumena ematen dio irrati-difusioaren eta telebistaren araubidea legez garatu eta exekutatzeko. Horren babespean Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzeko uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legea onetsi zen. Lege horren lehenengo artikuluak helburuak ezartzen ditu; horietako bat da erabiltzaileen interes bidezkoak defendatzea eta bereziki adingabeenak, haien garapen fisiko, mental eta moral egokia babesteko. IV. kapituluan adingabeak programazioaren eta publizitatearen aurrean babestea berariazko helburu duten arau batzuk agertzen dira. Foru lege horren 26.1.ñ) artikuluak Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari haur edo gazteentzat kaltegarriak izan daitezkeen saioak legez ezarritako babes-ordutegietatik kanpo kokatzeari buruzko errespetua sustatzeko ahalmena ematen dio.

Beste alde batetik, haurren eta nerabeen sustapen, arreta eta babesari buruzko Foru Legeak, bere 19.2 artikuluan, hedabide guztiek adingabeei hezkuntza arloko arreta berezia eman diezaietela saiatzeko eta adingabeek telekomunikazioen bitartez beren garapena kaltetzen ahal duten zerbitzuak ez eskuratzeko laguntza emateko betebeharra esleitzen die Nafarroako Administrazio Publikoei. Foru lege horren bigarren xedapen gehigarriak adierazten duenez, adingabeak telebistako programazioaren eta publizitatearen aurrean babesteari buruz, aplikatzekoa izanen da 89/552/EEE Zuzentaraua Espainiako antolamendu juridikoan sartzeko uztailaren 12ko 25/1994 Legean xedatuta dagoena. Arau horren edukiaren zati bat Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzeko uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legean agertzen da.

Aipatu 18/2001 Foru Legearen azken xedapenetako lehenengoak ahalmena ematen dio Nafarroako Gobernuari behar adina xedapen emateko hura garatu, bete eta aplikatzeko. Aipatu foru legearen bidez sortzen den Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua, Konstituzioaren balore eta printzipioak bermatu eta sustatzeaz eta bereziki gazteak eta haurrak babesteaz arduratuko den organo independente gisa taxutzen da.

Zehazki, aipatu 18/2001 Foru Legearen arauzko garapenari dagokionez, 16.3 artikuluak hau ezartzen du: Foru legeak indarra hartzen duenetik hiru hilabetera, telebistako operadoreek adostasunik lortu ez badute programen kalifikazioak aurkezteko sistema bateratu bat ezartzeko, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak sistema horren funtzionamendua ziurtatzeko behar diren arauen gaineko proposamen loteslea eginen dio Nafarroako Gobernuari.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, agindu horretan ezarrita dagoena betetzeko, Nafarroako Gobernuari telebistako programen sailkapen eta seinalizaziorako sistema uniformea ezarri ahal izateko neurriak hartzea proposatu behar dio, uztailaren 12ko 25/1994 Legearen (lege hori ekainaren 7ko 22/1999 Legeak aldatu zuen) 17. artikuluko 3. idatz-zatia garatzen duen eta telebistako programen sailkapen eta seinalizaziorako irizpide uniformeak ezartzen dituen maiatzaren 3ko 410/2002 Errege Dekretuko oinarrizko arauak abiapuntu hartuta. Errege dekretu horretan gutxieneko sistema ezartzen da, eta askatasun osoa ematen zaie Autonomia Erkidegoei, operadoreak estatu osoan eskatzen zaien informazioa osatzera behartzeko.

Zalantzarik gabe, sailkapen eta seinalizaziorako sistema uniformea ezartzea adingabeek desegokiak diren ikus-entzunezko edukiak eskura ditzatela kontrolatu eta eragozteko lehentasunezko tresna da. Dena dela, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren iritziz beharrezkoa da helburu zabalago eta handiagoa duten neurri batzuk ezartzea; hona hemen helburu hori: adingabeari ikus-entzunezkoen arloan babes osoa ematea. Ezin da ahaztu Nafarroako Foru Komunitatea aitzindari izan dela gazteak eta haurrak babesteko arauak abiarazteari zein ikus-entzunezko jarduerak arautzeari buruzko Legea egiteari dagokionez.

Europako zein estatuko legedian beharrezkotzat jotzen da botere publikoek ikus-entzunezkoen sektorean autorregulazioko mekanismoen garapena susta dezatela. Beharrizan hori araudi hau garatzean kontuan hartu da; hala ere, adingabeen babes osoak eta beren interesen lehentasunak aginduta, komenigarria da autorregulazioa oinarritzeko gutxieneko arau esparru bat finkatzea, ezinbesteko osagarri gisa.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Parlamentuari ikus-entzunezkoen sistemaren lege eta arauen inguruko gaietan aholkua emateaz arduratzen den organoa da. Txostenak eta irizpenak egiten ditu bere kabuz edo horretarako legitimatuta dauden organoek eskatuta. Bere eskumenak erabiltzeko, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak proposamen edo gomendio ahalmenak ditu, 18/2001 Foru Legearen 26. artikuluak ezartzen duenaren arabera.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak adingabeak telebistako programazioaren, publizitatearen eta beste zerbitzu batzuen aurrean babestea helburu duen testu arau-emaile bat egin eta gerora onesteko proposamena egin dio Nafarroako Gobernuari.

Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak proposamen hori onartu du, eta arloa arautzeko Foru Dekretuaren proiektu egokia egin du.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposatuta, eta Nafarroako Gobernuak 2009ko urtarrilaren 19ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

Dekretatu dut:

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen helburua adingabeak telebistako programazioaren, publizitatearen eta beste zerbitzu batzuen aurrean babesteari buruzko arau multzo bat taxutzea da.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Arau hau Nafarroako Foru Komunitateko lurralde barneko telebista hedapeneko zerbitzuei aplikatuko zaie, zein ere transmisio bide erabiltzen duten; horren barrenean estaldura zabalagoa duten komunikabideek berariaz Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldera mugaturik egiten dituzten emisioak ere sartzen dira.

Nafarroako Foru Komunitateak berak zuzenean ematen dituen edo bere foru esparruan titulu gaitasun-emailea eman dien operadoreek egiten dituzten zerbitzuei ere aplikatuko zaie.

3. artikulua. Adingabearen eskubideak.

1. Adingabeek ohorea, intimitate pertsonala eta familiarra eta norberaren irudia izateko eskubideak dituzte. Ikus-entzunezko hedabideetan adingabeen informazioa zabaltzen bada edo beren irudi edo izenak erabiltzen badira, hori beren intimitatean, ohorean edo ospean zilegi ez den moduan sartzea izanik, edo beren interesen aurkakoa izanik, fiskaltzak esku hartu beharko du abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusita dagoenaren arabera.

2. Adingabeek beren garapenerako egokia den informazioa bilatzeko, jasotzeko eta erabiltzeko eskubidea dute. Horregatik, adingabeek jasotzen duten informazioa egiazkoa eta anitza izan dadila eta konstituzioaren printzipioak bete ditzala zainduko dute guraso edo tutoreek eta botere publikoek. Halaber, adingabeak ikus-entzunezko hedabideetan sartzean beren garapen fisiko, mental eta moral egokiak kalterik jasan ez dezala zainduko dute.

II. KAPITULUA

Programazioa

4. artikulua. Bitartekaritzaren printzipioak.

Telebistako zerbitzuak ematen dituzten entitateen edo kontzesio-hartzaileen emisioek Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzeko uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen 3. artikuluan biltzen diren printzipioak bete beharko dituzte; nolanahi ere gazteak eta haurrak babesteko betebeharra bete beharko da, arau honek eta gainerako indarreko legediak agintzen dutenaren arabera.

5. artikulua. Administrazio publikoen ordezkariak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte ikus-entzunezko hedabideek adingabeei hezkuntza arloko arreta berezia eman diezaieten.

2. Halaber, Nafarroako Administrazio Publikoek ardura hartuko dute ikus-entzunezko hedabideek, adingabeei zuzendu mezuetan berdintasunaren, elkartasunaren eta besteenganako errespetuaren balioak susta ditzaten eta indarkeria, pertsonen arteko esplotazioa edo tratu iraingarri edo sexistak agertzen dituzten irudiak saihets ditzaten.

3. Nafarroako Administrazio Publikoen ardurak ondoko hauek dira:

a) Adingabeentzako informazio eta hezkuntza materialen produkzio eta zabalkundea sustatzea. Beren garapen maila progresiboari egokituta egon behar dira, egiazkoak eta anitzak izan behar dira eta konstituzioaren printzipioak bete behar dituzte.

b) Politika aktiboak taxutzea hedabideek adingabeei zuzentzen dizkieten mezuetan berdintasunaren, elkartasunaren eta besteenganako errespetuaren balioak susta ditzaten.

4. Ikastetxeek eta hezkuntza erakundeek ikus-entzunezko hedabideak arduraz eta modu kritikoan erabil daitezela sustatuko dute beren prestakuntza jardueren barruan.

6. artikulua. Debekuak.

1. Telebista saioetan ez da zilegi izanen inolako programa, agerraldi nahiz mezurik sartzea adingabekoen gorputzaren, gogoaren edo moralaren garapenari kalte larria egiteko modukorik, ez eta jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, nazionalitatea, iritzia edo inolako inguruabar pertsonal nahiz sozialengatik gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzeko modukorik.

2. Adingabekoen gorputzaren, gogoaren edo moralaren garapenari kalte egiteko modukoak diren programak foru dekretu honen IV. kapituluan zehazten diren orduetan soilik emitituko dira. Nolanahi ere, emisio horietan kalifikazioaren berri eman beharko da bide optiko nahiz akustikoak erabiliz, III. kapituluan aurreikusten diren baldintzekin.

3. Aurreko idatz-zatietan xedatuta dagoena programazio horren publizitate, telesalmenta eta promoziorako emisioei ere aplikatuko zaie.

4. Halaber, debekatuta dago adingabeak identifikatzeko moduko datuak edo irudiak hedatzea zilegi ez diren egintzen biktima, lekuko edo egile diren kasuetan, hildako adingabeak direnean eta beren legezko ordezkari direnak ados daudenean izan ezik. Halaber, debekatuta dago babespean hartu edo adoptatu diren adingabeen filiazioari buruzko datuak hedatzea.

III. KAPITULUA

Programen kalifikazioa eta seinalizazioa

7. artikulua. Adinaren araberako kalifikazioa.

1. Emititzen diren programetan adinaren araberako kalifikazioa egin beharko da. Horrenbestez, telebista programa bakoitzaren hasieran eta publizitate eta telesalmentako iragarkien etenaldi bakoitzaren ondotik berriz hastean ere, bide optiko nahiz akustikoak erabiliz adieraziko zaie ikusleei ondoko programa adingabekoentzat egokia den ala ez, ondoko kalifikazioen arabera:

a) bereziki gomendatua haurrentzat (aukerakoa).

b) adin guztietarako.

c) ez gomendatua zazpi urtetik beherakoentzat.

d) ez gomendatua hamahiru urtetik beherakoentzat.

e) ez gomendatua hemezortzi urtetik beherakoentzat.

f) X programa.

2. Filmen emanaldien kasuan, kalifikazio hori zine aretoetarako nahiz etxean ikusteko bideo-grabazioaren merkaturako filmok izan duten bera izanen da, beren berariazko araudiaren arabera. Gainerako programetan, operadoreei dagokie, bakarka edo elkar harturik, beren emisioak kalifikatzea.

3. Nolanahi ere, esleitzen den kalifikazioa programaren izaera eta edukirako egokia izanen da, ondorio horretarako ezartzen diren irizpide uniformeen arabera.

8. artikulua. Seinalizazio optikoa.

1. Aurreko idatz-zatian aurreikusita dagoenaren arabera, programen kalifikaziorako, emisioetan kontuan hartu beharko den seinale optikoen kodeak ondoko sinboloak izanen ditu:

a) Kolore berdeko sinboloa: Bereziki gomendatua haurrentzat.

b) Kolore horiko sinboloa, bere barruan AG letrak agertzen direla, edo sinbolorik ez agertzea: Adin guztietarako.

c) Símbolo de color amarillo, dentro del cual aparece la cifra 7: No recomendado para menores de siete años.

d) Kolore horiko sinboloa, bere barruan 13 zenbakia agertzen dela: Ez gomendatua hamahiru urtetik beherakoentzat.

e) Kolore gorriko sinboloa, bere barruan 18 zenbakia agertzen dela: Ez gomendatua hamazortzi urtetik beherakoentzat.

f) Kolore gorriko sinboloa, bere barruan X letra agertzen dela: X programa edo filma.

2. Programaren kalifikazioari buruzko informazioaren euskarri den sinbolo grafikoa barnean duen ikonoaren ezaugarri teknikoak, forma eta neurriak telebista operadore bakoitzak erabakitzen ahalko ditu bere beharrizanen arabera, diseinuari eta korporazio irudiari dagokionez, baldin eta pantailan ikusle arruntek ikusteko moduan agertzen bada. Nolanahi ere, seinale optikoa pantailaren goiko edo erdiko aldean kokatuko da eta bere barneko zenbaki edo letrak behar bezala irakurtzeko modukoak izanen dira.

3. Sinbolo grafikoa gutxienez bost segundoz agertuko da pantailan telebista programa bakoitzaren hasieran eta publizitate eta telesalmentako iragarkien etenaldi bakoitzaren ondotik berriz hastean ere. Hala ere, 18 urtetik beherakoentzat gomendatuta ez dauden programak edo X kalifikazioa duten eta sarbide mugatua duten programak direnean, sinboloa emanaldi osoan mantenduko da.

9. artikulua. Seinalizazio akustikoa.

1. 18 urtetik beherakoentzat gomendatuta ez dauden programa edo filmetan edo X kalifikazioa duten programa edo filmetan segundo bat iraunen duen soinu bidezko abisu bat txertatuko da, dagokion sinbolo grafikoa emititzen hasten den aldi berean.

2. Erabili beharreko seinale akustikoa Telekomunikazioetarako eta Informazioaren Gizarterako Estatuko Idazkaritzan helburu horretarako gordailatuta dagoena izanen da.

10. artikulua. Informazio programak.

Informazio programa batean, albiste diren aldetik adingabeentzat egokiak ez diren irudi edo edukiak emitituko direnean ikusleei horren berri emanen zaie aldez aurretik, behar beste denbora lehenago.

11. artikulua. Orotariko argibideak

Ikusleek, erabiltzaile diren aldetik, behar beste denbora lehenago telebistako programazioa zein den jakiteko eskubidea dute. Eskubide hori uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen 17. artikuluan araututa dago. Eskubide horren barruan betiere egonen da dena delako programa edo filmaren kalifikazioa jakiteko eskubidea.

12. artikulua. Orotariko argibideak

Aurreko artikuluetan xedatuta dagoena gorabehera, telebista operadoreek, bakoitzak bere aldetik, adingabeen guraso eta arduradunei beharrezkoa den informazio osagarri guztia emanen diete adingabeei kalte egiten ahal dien programazioari buruzko informazio hobea eskaintzeko. Halaber, adingabeek egokiak ez diren edukiak ikus ditzatela eragozteko kontrol sistema osagarriak instalatu eta erabil daitezela sustatuko dute.

13. artikulua. Sailkatzeko irizpideak.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak, telebista operadoreei kontsultatu ondoren, emititzen diren programak behar bezala sailkatzeko orientazio moduko irizpideak argitaratuko ditu. irizpide horiek aldian-aldian berrikusten ahalko dira inguruabarrek hala eskatzen dutenean.

IV. KAPITULUA

Programazio tarteak

14. artikulua. Ordutegi babestua.

1. Foru dekretu honen ondorioetarako, ordutegi babestua 06:00etatik 22:00etara bitartekoa da.

2. Ordutegi babestuaren barruan ezin izanen da 18 urtetik beherakoentzat gomendatuta ez dagoen film edo programarik emititu.

3. Ordutegi babestuaren barruan 18 urtetik beherakoentzat gomendatuta ez dauden film edo programen iragarkiak agertzen ahalko dira, baldin eta kalifikazio hori emateko arrazoi den eszena, mezu edo irudirik agertzen ez bada.

15. artikulua. Babes sendotuko ordutegia.

1. Babes sendotuko ordutegia da lanegunetan 07:30etatik 09:00etara, 13:30etatik 14:30etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartekoa eta larunbat, igande eta jaiegunetan 08:00etatik 12:00etara bitartekoa.

2. Babes sendotuko ordutegiaren barruan ezin izanen da 13 urtetik beherakoentzat gomendatuta ez dagoen film edo programarik emititu.

3. Ordutegi honetan 13 urtetik beherakoentzat gomendatuta ez dauden programa edo filmen iragarkiak ere ezin izanen dira emititu, ezta 18 urtetik beherakoentzat gomendatuta ez daudenenak ere.

16. artikulua. Gaueko ordutegia.

1. Gaueko ordutegia eguneko 22:00etatik hurrengo eguneko 06:00etara artekoa da.

2. Ordu tarte horren barruan egiten diren emanaldiei ez zaizkie aplikatuko kapitulu honetan ordutegi babestuko eta babes sendotuko ordutegiko emanaldietarako aurreikusita dauden mugak.

17. artikulua. Salbuespena.

Ikus-entzunezko emanaldi batean adinez nagusiko erabiltzaile edo abonatu batek hedabideen zerbitzu hornitzaileak aukeratu dituen edukien sortan oinarrituta programa jakin bat zein unetan emitituko den erabakitzen duenean, zerbitzu horiei kapitulu honetan ezarri diren arauak ezin izanen zaizkie aplikatu. Horrenbestez, eduki horiek baliabide tekniko egokiek ematen dituzten baldintzekin ikusten ahalko dira, eta ondorioz, eduki horiek adinez nagusiak diren erabiltzaile edo abonatuen ardurapean ikusiko direla bermatuko da.

V. KAPITULUA

Babesa publizitatearen aurrean

18. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Telebista bidezko publizitateak, edozein modutan agertzen dela ere, ez du irudi edo mezurik edukiko adingabekoen gorputzari edo moraltasunari kalte egiteko modukorik.

2. Telebistako publizitateak, telesalmentak eta telebistako babesletzak Nafarroako ikus-entzunezkoen jarduera arautu eta Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzen duen uztailaren 5eko 18/2001 Foru Legearen III. kapituluan xedatutakoari jarraituko diote.

19. artikulua. Informazio printzipioak.

Telebistan publizitatea eta telesalmenta emititzean ondoko printzipio hauei jaramon egin beharko zaie:

a) Ez ditu adingabekoak haien eskarmentu faltaz edo sinesberatasunaz baliatuz bultzatuko produktu edo zerbitzu bat erostera, ezta beren guraso edo tutoreei nahiz hirugarren baten guraso edo tutoreei, kasuko zerbitzu edo produktuak erosaraztera ere. Telesalmentak ez ditu adingabekoak bultzatuko produktu eta ondasunak zuzenean erosi nahiz alokatzera edo zerbitzuak kontratatzera.

b) Inoiz ez da baliatuko haurrek gurasoengan edo irakasleengan izaten duten konfiantza bereziaz, ezta haurrentzako programen profesional batengan edo fikzio pertsonaia batengan izaten dutenaz ere.

c) Ez da zilegi izanen, behar adinako arrazoirik ez dela, haurrak egoera arriskutsuetan edo beren osotasun fisikoari kalte egiten ahal dioten egoeretan aurkeztea.

d) Jostailuen publizitate eta telesalmentaren kasuan, ez dute ideia okerrik sortuko jostailu horien ezaugarrien edo segurtasunaren gainean, ezta haurrak jostailu horiek beren buruari nahiz besteri kalte egin gabe erabiltzeko behar dituen trebetasunen gainean ere.

e) Adingabeei zuzentzen zaien publizitateak edo telesamentak gizon eta emakumeen berdintasunezko irudia agerrarazi beharko du, irudi anitza eta estereotiporik gabea.

f) Adingabeei zuzentzen zaien publizitatean gaininprimaketak erabiltzean adingabearen ulermen eta irakurmenari jaramon eginen zaie, iraupenari zein tamainari dagokienez.

g) Edari alkoholdunen publizitatea ez zaie inola ere zuzenduko adingabeei, eta publizitate horretan ez da agertuko adingaberik mota horretako edariak kontsumitzen. Nolanahi ere, edari alkoholdunen publizitateak adin txikikoek alkoholdun edariak kontsumitzeari buruzko martxoaren 16ko 10/1991 Foru Legean xedatuta dagoena bete beharko du.

h) Ez da zilegi izanen haurrentzako saioak publizitate eta telesalmenta sartzeko etetea, non eta iraupen programatua hogeita hamar minutu baino gehiagokoa ez den.

i) Ordutegi babestuaren barruan debekatuta dago jokoetarako lokal edo zerbitzuak edo eduki erotiko edo pornografikokoak sustatzeko publizitatea, edozein modutakoa dela ere, baita medikuaren agindua behar izan gabe dietak egiteko, argaltzeko edo pertsonaren ezaugarri fisikoak aldatzeko helburua duten sendagai, produktu edo tratamenduena ere.

j) Ordutegi babestuaren barruan debekatuta dago otordu nagusien ordezko gisa aurkezten diren janari edo edarien publizitatea.

k) Adingabeei zuzentzen zaizkien publizitate mezuetan opariak, deskontuak, zozketak, lehiaketak edo antzeko sustapenak aurkezten badira, mezu horiek modu erraz eta argian eman beharko dira, adingabeek erraz ulertu ahal izateko eta horrelakoak lortzeari buruz gezurrezko itxaropenik ez sortzeko.

VI. KAPITULUA

Kontrola eta ikuskapena

20. artikulua. Kontrola eta ikuskatzailetza.

Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari dagokio kontrola eta ikuskapena egiteko eskumena, arau honetan agintzen dena bete dadin segurtatzeko. Bidezkoa bada, berak tramitatuko ditu kasuan kasuko zehapen prozedurak eta egokiak diren zehapenak ezarriko ditu, 18/2001 Foru Legearen VI. kapituluan ezarrita dagoenaren arabera.

Xedapen gehigarri bakarra. Autorregulazioa.

Foru Komunitateko Administrazio Publikoei eta, bereziki, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari dagokie, autorregulazioko arauak sustatu eta bultzatzea, adingabeen babeserako ezarrita dauden arauak garatu, osatu eta hobetzeko, babes hori beharrezkoa den aldetik.

Azken xedapen bakarra. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko urtarrilaren 19an.-Nafarroako Gobernuko lehenbiziko lehendakariordea, Javier Caballero Martínez.-Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0900891