159. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERRI

Ordenantza, Herriko jabari publikoan interes orokorreko zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen erabilera pribatibo edo bereziaren tasa arautzen duen ordenantzan. Behin onespena

Erriberriko Udalak, 2009ko azaroaren 3an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herriko jabari publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean, interes orokorreko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespena 2009ko 142. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 18an, eta jendaurreko epea haren kontrako erreklamaziorik edota alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, delako ordenantza fiskala behin betiko onetsitzat jo da eta, hortaz, haren testu osoa ematen da argitara, indarra har dezan.

Erriberrin, 2009ko abenduaren 21ean.-Alkatea, M.ª Carmen Ochoa Canela.

ORDENANTZA FISKALA, HERRIKO JABARI PUBLIKOAN
INTERES OROKORREKO HORNIDURA ZERBITZUAK USTIATZEN DITUZTEN ENPRESEN APROBETXAMENDU BEREZIAREN TASA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Ordenantza honen helburua.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 100. artikuluaren eta hurrengoen babespean, ordenantza honen helburua da udal eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten enpresen aprobetxamendu berezia edo erabilera pribatiboaren tasa arautzea, interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

2. artikulua. Zergapeko egintza.

Tasa honen zergapeko egintza dira Udalaren eremu publikoko zoru, zorupe eta hegalkinean hornidura zerbitzuen enpresa edo enteek egiten dituzten erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziak, zerbitzu horiek interes orokorrekoak direnean edo herritar guztiei edo frankori eragiten dietenean.

Bereziki, zerbitzu horien barrenean ur, gas, argindar, telefonia finko eta mugikor eta bertze komunikabide moten hornidurak egonen dira, udalaren jabari publikoa okupatzen duten sare edo antena finkoen bitartez, osorik nahiz partez, ematen badira.

3. artikulua. Subjektu pasiboa.

Tasa horren subjektu pasiboak dira aurreko ataleko hornidura zerbitzuak ustiatzen dituzten zerbitzu enpresak, bai hornidurak egiteko erabiltzen diren sareen titularrak badira, bai, sare horien titularrak izan gabe, sareak erabiltzeko, haietara iristeko edo elkar lotzeko eskubideen titularrak badira.

Horri dagokionez, zerbitzu horiek ustiatzen dituzten enpresak dira banatzen eta merkaturatzen dituzten enpresak.

4. artikulua. Oinarria eta kuota apliakgarriak.

Kuota emanen digun tasa aplikatzeko oinarria enpresek udal mugapearen barnean urtean lortutako fakturazioak emandako diru-sarrera gordinen arabera kalkulatuko da.

Tasa horren zenbatekoa, hurrengo atalean jorratuko den telefonia mugikorreko kasuan izan ezik, udal mugapearen barnean enpresek urtero lortzen duten fakturazioaren diru-sarrera gordinen %1,5ekoa izanen da, tasa horri lotuta badaude.

Ondorio horietarako, diru-sarrera gordinen artean ez dira sartuko egindako zerbitzuak kargatzen dituzten zeharkako zergak, ezta hirugarrenen kontura kobratutako kontu-sail edo zenbatekoak, tasaren zenbatekoa zehazteko araubide hau aplikatzen zaion entitatearen diru-sarrera berariazkoak ez badira. Orobat, Ekonomia Ministerioaren Energia elektrikoa sortzeko instalazioen administrazio erregistroaren 1. edo 2. ataletan energia sortzeko beharrezko lehengaitzat hartutako instalazioetan (araubide berezi honetan tributatzekoak) erabiltzen diren hornidura zerbitzuen zenbatekoak ez dira fakturazioaren diru-sarreren barnean hartuko.

Hornidurak egiteko kanpoko sareak erabiltzen dituzten enpresek bertze enpresa batzuei haien sareak eskuratzeagatik edo haiekin lotzeagatik ordaindu dizkieten zenbatekoak kenduko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetatik. Sare horien titulartasuna duten enpresek kontzeptu horregatik eskuratzen dituzten zenbatekoak sartu beharko dituzte beren fakturazioko diru-sarrera gordinetan.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, baita aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Kalteak konponezinak badira, suntsitutako ondasunek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbertze emanen du ordainetan onuradunak.

5. artikulua. Telefonia mugikorra.

Telefonia mugikorreko enpresek tasa zehazteko araubide orokorra hartu beharko dute bere gain jabari publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarengatik. Horretarako, erabileratik edo aprobetxamendutik eratorritako onurak merkatuan izanen lukeen balioa hartuko da oinarri, ukitutako ondasunak jabari publikokoak ez balira.

Tasa zehazterakoan, gainera, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan: aprobetxamenduaren iraupena eta operadore bakoitzari egotz dakiokeen berariazko koefizientea merkatu-kuotaren arabera. Hala, tasa lortuko da merkatuaren balorea iraupenarekin eta operadore bakoitzaren berariazko koefizientearekin biderkatuz.

Udalak onetsi dezake ordenantza berezi bat, hain zuzen ere telefonia mugikorra ustiatzen duten enpresen tasaren ordainarazpena arautuko duena.

6. artikulua. Sorrarazpena eta zergaldia.

Tasa urte guztietako urtarrilaren 1ean sorraraziko da, eta zergaldia urte naturalekoa izanen da erabilera pribatiboa hasteko edo uzteko kasuetan izan ezik, urte naturalaren zenbatekoa proportzionalki banatuko baita.

7. artikulua. Diru-sarrera gordinen deklarazioa.

Zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresetan tasa ordaintzera beharturik daudenek hiruhilero aurkeztu beharko dute udal mugapean erdietsi diru-sarrera gordinen aitorpena, aitzineko hiruhilekoari dagokiona hain zuzen ere.

Aipatu aitorpen horretan tasaren zenbatekoa kalkulatu beharko da, arau honetan ezarritakoaren arabera.

Aitorpena aurkeztearekin batera, dagokien tasaren zenbatekoa ordaindu beharko dute enpresek.

8. artikulua. Bermeak.

Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aitzinetik zenbateko hori gordailutako uztera ere.

Gordailu hori osatuko da ukituak izan daitezkeen elementuen edo instalazioen balioaren arabera eta sor daitezkeen kalteen arabera, betiere propio egindako balorazioaren gaineko irizpena edo txosten teknikoa ikusita.

Enpresek aprobetxamenduak nola edo halako jarraikortasun eta aldiorotasun batez egiten badituzte, udalerritik kanpo izanda ere, kudeaketa administratiboa erraztu ahal izateko, gordailu oso bat ezar dezaten itun daiteke, Udalaren organo eskudunak ezarri aldietan ikuskatu eta aipatu aldietan aprobetxamendu horietan ustezko kalteen arabera haien zenbatekoa atera ahal izateko.

Gordailua lot daiteke indarra duen arautegia edo lizentziaren baldintzak ez betetzeagatik ezarritako zehapenekin. Fidantza itzultzeko, aldez aurretik beharrezkoa izanen da aldeko txostena, non azalduko baita indarra duen arautegia eta lizentziaren baldintzak hertsiki bete, eta zoladura eta kaltetuta gerta daitezkeen beste elementu batzuk behar bezala konpondu direla.

9. artikulua. Bateragarritasuna.

Ordenantza honetan arautzen den tasa independientea izanik, bateragarria da zerbitzuak edo toki erakundearen eskumeneko jarduerak egiteagatik ezar daitezkeen bertze tasa batzuekin, salbu eta erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziarekin ikusteko duten tasekin, horiexek baitira ordenantzaren berezko xedeak.

10. artikulua. Tasa hau kudeatzeko, toki entitate honek bertze entitate batzuekin bat egiten ahalko du hitzarmenen bidez, kudeaketa eta likidazioa errazagoak eta arinagoak izan daitezen.

Azken xedapena.-Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 262.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L0927914