159. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

NAFARROAKO ZERGA OGASUNA. Diru-bilketa Zerbitzua. Derrigorrezko Diru-bilketaren Atala. Iragarkia, ondasunak esleipen zuzenaren bidez besterentzeko.

Diru-bilketa Zerbitzuko zuzendariak 2009ko irailaren 7an emandako enkanterako Erabakia eta Ebazpena.

Zorduna: "Industrias Abrasivas Ley, S.L.", IFK: B31101835.

Nafarroako Zerga Ogasuneko Derrigorrezko Diru-bilketaren atalburuak iragarri du ondotik zehazten diren ondasunak zuzeneko esleipenaren bidez saltzeko eskaintzak aurkezteko epea hasi dela. Baldintza hauek gobernatuko dute ondasunen besterentzea:

1. Eskaintzak aurkezteko epea: 2010eko urtarrilaren 28ko 14:30 arte, Nafarroako Zerga Ogasuneko Derrigorrezko Diru-bilketaren Ataleko bulegoetan (Karlos III.aren etorbidea, 4. zk., 1. solairua). Eskaintzak 2010eko urtarrilaren 29an irekiko dira, 08:30ean, leku berean.

2. 242.377,74 eurotik beherako eskaintzak baztertuko dira.

3. Eskaintzak gutun-azal itxi batean aurkeztuko dira, eta barruan datu hauek:

-Eskaintza egiten duen pertsonaren edo entitatearen identitatea, behar denean jarduteko ahalordea frogatuz, IFZ/IFK, helbidea eta eskainitako prezioa.

-48.475,55 euroko bermearen gordailua Nafarroako Foru Komunitatearen alde, bankuak libratu edo adostutako txeke baten bidez. Esleipen-hartzaileek azken erremateko prezioa ordaintzen ez badute, berme hori Foru Komunitatearen Diruzaintzan irmo sartuko da, eta horrek ez ditu deusetan galaraziko esleipena ez gauzatzeagatik bermearen zenbatekoaren gainean izan litezkeen erantzukizunak. Eskudirutan egindako gordailurik ez da onartuko.

4. Posturarik onenean gutun-azal itxian aurkeztutako eskaintza batek baino gehiagok bat egiten badute, aurrena erregistratu denari emanen zaio lehentasuna esleipenean, 5. atalean arautzen den eskaintzen hobekuntza deusetan galarazi gabe.

5. Gutun-azalak ireki ondotik, bertan dauden eskaintza egileek beren eskaintzak hobetzen ahal dituzte 2.423,78 eurotan.

6. Esleipen zuzenaren bidez besterentzeko tramitazioa 2010eko apirilaren 23an bukatuko da, baldin eta higiezinaren esleipena aurretik ebatzi ez bada.

7. Interesdunei ohartarazten zaie ondasuna besterentzeko prozesua, esleipena baino lehen eta edozein unetan, bertan behera geldituko dela baldin eta zorra, berandutze-korrituak eta prozedura kostuak ordaintzen badira.

8. Esleipen-hartzaileak beharturik daude esleipenaren ekitaldian bertan edo hurrengo bost eguneko epean ondasun higiezinak esleitzeko prezioa pagatzera. Enkantean salduko diren ondasunek iragarki honen bukaeran ageri diren zama eta kargak dituzte beren gain, eta espedientean ere jasota dira, eta ez dira iraungiko, ez baita zilegi horretarako askitzat ematea errematearen prezioa. Iragan den denbora kontuan hartuz, kargen zenbateko ziurtatuak aldaketak izaten ahal ditu.

9. Eskualdatzeak sortzen dituen gastu eta zerga guztiak, baita lehentasunezkoak ez diren kargak kitatzeko aginduak Jabetza Erregistroan inskribatzeak sortutakoak ere, esleipen-hartzaileen kontura izanen dira. Ondasunak ez dira entregatuko harik eta zerga horien ordainketa, salbuespena edo loturarik eza frogatu arte.

10. Nafarroako Zerga Ogasunak bere gain du errematea izan ez duten ondasunak Foru Komunitateari esleitu dakizkion eskatzeko eskubidea, Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 147. artikuluak eta hurrengoek xedatzen dutenari jarraikiz.

11. Enkantean jarritako ondasunak erregistro publikoetan inskriba daitezkeenetakoak direnean, lizitatzaileek espedientean jasotako jabetza-tituluak nahikotzat eman beharko dituzte, ez baitute eskubiderik besterik eskatzeko.

12. Espedienteak ez du aipatzen besterendu beharreko ondasun higiezinetan erregistroko titularrek ez beste inork okupatzen dituztenik.

13. Iragarki honetan adierazten ez den guztian, egintza arautzen duten legezko edo erregelamenduzko xedapenek aginduko dute.

14. Hona hemen zuzenean esleituz besterendu nahi diren ondasunen ezaugarriak eta ondasunen gaineko lehentasunezko kargen ezaugarriak.

Lote bakarra:

1.-Erregistrokoa: 7451 zenbakiko finka, Zarrakaztelukoa. Orube eraikigarria, Sadabako errepidearen ondoan. Forma angeluzuzena dauka eta bere azalera, osotara, 1.877,1 metro koadrokoa da. Orubeak ondoko mugak ditu: iparraldean, jatorrizko finkaren gainerakoa; hegoaldean, izenik gabeko kalea; ekialdean, Sadabako errepidea eta mendebaldean, jatorrizko finkaren gainerakoa. 5. poligonoko 262. lurzatiaren parte da. Bertan, ondoko eraikin hauek daude, 935,62 metro koadroko azalera hartzen dutela:

-Lau metro altuerako pabilioia. Harri-hormak ditu eta estalkia zurezkoa eta isurialde bakarrekoa da. Bere azalera 167,30 metro koadrokoa da.

-Solairu bakarreko industria-nabea. Bere azalera 758,32 metro koadrokoa da.

Katastrokoa: 5. poligonoa, 263. lurzatia, 1. azpieremua, 1. eta 2. hiri unitateak. Bere azalera, osotara, 1.247,02 metro koadrokoa da. Solairu bakarreko industria-nabea dauka, 756 metro koadrokoa -industria erabilerakoa-, eta 51 metro koadroko aldagela eta jantokiak -industria erabilerakoak-.

Titulartasuna: "Industrias Abrasivas Ley, S.L." enpresaren izenean ageri da (IFK: B31101835), salerosketa titulu bidez eta jabari osoko partiketa izanik.

Lehentasunezko kargak: Nafarroako Aurrezki Kutxa eta Bahitetxearen aldeko hipoteka. 2009ko maiatzaren 4an, 48.103,02 eurokoa.

2.-Erregistrokoa: 7504 zenbakiko finka, Zarrakaztelukoa. Orube eraikigarria, Zarrakaztelun, Sadabako errepidearen ondoan. Forma angeluzuzena dauka eta bere azalera, osotara, 1.255,78 metro koadrokoa da. Orubeak ondoko mugak ditu: iparraldean eta mendebaldean, jatorrizko finkaren gainerakoa; hegoaldean, "Industrias Abrasivas Ley, S.L." eta ekialdean, Sadabako errepidea. 5. poligonoko 263. lurzatiaren parte da. Bertan, ondoko eraikin hauek daude:

-Zazpi metroko altuerako nabea -estalkia hasten den lekuan-. Hormigoizko egitura du eta zertxa aurrefabrikatuak. Adreilu mehez eta teilaz egindako estalkia dauka eta adreiluzko itxitura. Bere azalera 734,58 metro koadrokoa da. 45,16 metro koadroko erantsia dauka.

Titulartasuna: "Industrias Abrasivas Ley, S.L." enpresaren izenean ageri da, salerosketa titulu bidez eta jabari osoko partiketa izanik.

Lehentasunezko kargak: Nafarroako Rural Kutxaren aldeko hipoteka. 2009ko ekainaren 17an, 41.576,68 eurokoa.

3.-Erregistrokoa: 7505 zenbakiko finka, Zarrakaztelukoa. Orube eraikigarria, Zarrakaztelun, Sadabako errepidearen ondoan. "L" forma dauka eta bere azalera, osotara, 1.349,8 metro koadrokoa da. Orubeak ondoko mugak ditu: iparraldean, jatorrizko finkaren gainerakoa; hegoaldean Plamol, S.A. eta "Industrias Abrasivas Ley, S.L." eta ekialdean Sadabako errepidea eta Plamol, S.A.; mendebaldean jatorrizko finkaren gainerakoa. 5. poligonoko 262. lurzatiaren parte da. Bertan, ondoko eraikin hauek daude:

-Solairu bakarreko bulegoak, aurretik etxebizitzak izandakoak. Horiek luzitutako adreiluz egindako jasoduretan daude eraikiak eta estalkia zurez eta teilaz egina dago. Azalera 106,58 metro koadrokoa da.

-Kartoia biltzeko industria-nabea, solairu bakarrekoa. Bere azalera 383,43 metro koadrokoa da.

Katastrokoa: 5. poligonoa, 323. lurzatia, 1. azpieremua, 1., 3. eta 4. hiri unitateak. Bere azalera, osotara, 709,28 metro koadrokoa da eta ondokoak ditu: 378 metro koadroko industria-nabea (industria erabilerakoa), 116 metro koadroko bulegoak (aurretik etxebizitzak izandakoak), lursaila (osotara 321,28 metro koadro administrazio-erabilerarako) eta Edif-eren ataripea. 10 metro koadroko bulegoak, erabilera osagarrirako.

Titulartasuna: "Industrias Abrasivas Ley, S.L." enpresaren izenean ageri da, salerosketa titulu bidez eta jabari osoko partiketa izanik.

Lehentasunezko kargak: bide-zorra, betiere finkaren zati gehiena Plamol, S.A. enpresaren jabetzakoa bada.

4.-Erregistrokoa: 8268 zenbakiko hiri finka, Zarrakaztelukoa. Orube edo lursail eraikigarria, Zarrakaztelun, Sadabako errepidearen ondoan. Forma geometriko irregularra dauka eta bere azalera, osotara, 1.478 metro koadrokoa da. Mugak: iparraldean, "Servicio Nacional de Trigo" eta José Miguel Gurpegui; hegoaldean, Industrias Abrasivas Ley, S.L.ren finka; ekialdean Sadabako errepidea eta mendebaldean jatorrizko finkaren gainerakoa. 5. poligonoko 262. lurzatiaren parte da. Bertan, ondoko eraikin hauek daude:

-Bi solairuko nabea, bakoitza hiru metroko altuerakoa. Hormigoizko egitura dauka eta adreiluzko itxitura, eta estalkia zurez eta teilaz egina dago. 285 metro koadroko oinplanoa hartzen du.

-Gasolioa gordetzeko biltegia. Hormigoiez egina dago eta 120.000 litroko edukiera dauka. Bere azalera 35 metro koadrokoa da.

-Etxola bat, energia elektrikoaren transformadorearekin, 10 metro koadroko azalera duena.

-Estalpe bat, 190 metro koadroko azalera duena.

Katastrokoa: 5. poligonoa, 323 lurzatia, 2. azpieremua, 1. eta 2. hiri unitatea. Bere azalera, osotara, 1.900 metro koadrokoa da eta ondokoak ditu: biltegia, estalpea, transformadorea eta zorua (749 metro koadro) eta bi solairuko industria-nabea (548 metro koadro), industria erabilerakoa.

Titulartasuna: "Industrias Abrasivas Ley, S.L." enpresaren izenean ageri da, salerosketa titulu bidez eta jabari osoko partiketa izanik.

Lehentasunezko kargak: Nafarroako Rural Kutxaren aldeko hipoteka. 2009ko ekainaren 17an. Entitateak ondokoa jakinarazi zuen 7505 eta 8268 zenbakietako finkei buruz: 54.713,33 euro.

Enbargatu beharrekoaren gaineko idatzoharrak: 2006ko martxoaren 30eko eginbidea, Tuterako 1. Jabetza Erregistroan 2006ko apirilaren 24an idatzia, ondorengo oharrekin:

-7451 finka: C letra.

-7504 finka: C letra.

-7505 finka: C letra.

-8268 finka: C letra.

Argibide gehiago nahi izanez gero, harremanetan jarri Derrigorrezko Diru-bilketaren Ataleko langileekin (telefono zk.: 848-427770, posta elektronikoa: mzudaire@cfnavarra.es).

Iruñean, 2009ko abenduaren 16an.-Derrigorrezko Diru-bilketaren Ataleko burua, Javier Ezpeleta Iraizoz.

Iragarkiaren kodea: F0928494