159. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

553/2009 FORU AGINDUA, azaroaren 27koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, estepa eremuetako nekazaritza-ingurumen arloko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duena.

Europar Kontseiluak, Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (FEADER) bidezko landa garapeneko laguntzei buruzko irailaren 20ko 1698/2005 (EE) Erregelamenduaren bidez, Europar Batasunaren nekazaritza-ingurumen arloko laguntzak ezarri zituen, funts horrekin batera finantzatzen direnak.

Europako Batzordeko Garapen Batzordeak 2007ko azaroaren 20an onetsi zuen 2007-2013 urteetarako Landa Garapenerako Plana. Bertan, nekazaritza-ingurumen arloko laguntzen artean, estepa eremuetakoak ageri dira.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren otsailaren 9ko 50/2009 Foru Aginduaren bidez, araubide orokorra arautu zen, estepa eremuetako nekazaritza-ingurumen arloko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko hainbat ataletan izandako kontsulten inguruan, beharrezkotzat jotzen da laguntza erregulatzen duten arauetako bat aldatzea.

Zehazki, kanpainako labore hondarrak suntsitzeko eguna irailaren 15a izatea nahi da, ereintza prestatzeko eguna izan edo ez. Helburu hauek eskuratu gogo dira: lurraren egitura hobetzea, aldi baterako bazka eskaintza bermatzea aziendarentzat larreak agortuta dauden sasoian, haziak eta fauna ornogabea izatea estepako espezieak elika daitezen eta babeslekua izatea estepako hegaztientzat. Egun hori ezarri da labore guztiak suntsitzeko.

Hasierako kontzesioa eta urteko laguntza kalkulatzeko azalera zehazten da, kontrol administratiboen eta landa-kontrolen ondoriozko azalera izanen baita. Doiketen ondorioz ateratzen da urteko laguntzari dagokion azalera, baldintza guztiak bete beharko baititu.

Gainera, murrizketak eta bazterketak zenbatu dira baldintzak eta konpromisoak ez betetzeagatik; kontuan hartuta haien garrantzia, zenbat pilatu diren eta zenbat errepikatu.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak otsailaren 9an emandako 50/2009 Foru Aginduko aldaketa.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak otsailaren 9an emandako 50/2009 Foru Aginduaren bidez, estepa eremuetako nekazaritza-ingurumen arloko laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatu zen. Bada, foru agindu horren eranskinean jasotako arau hauek honela aldatzen dira:

1. Hirugarren arauko d) atala aldatzen da, honela idatzita uzteko:

"d) Kanpainako labore hondarrak suntsitzeko lana irailaren 15etik aurrera eginen da".

2. Bosgarren arauko 1. atala aldatzen da, honela idatzita uzteko:

"1. Bigarren arauan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei azalera bat (zehaztutako azaleraren berdina) eta laguntzaren zenbateko bat esleituko zaizkie. Laguntza hori ateratzeko, azalera ondoko kopuruekin biderkatuko da:

Geldialdian den hektareako prima: 35 euro/tm x IR

Landutako hektarea bakoitzeko prima: 20 euro/tm x IR

''IR'' lehorreko zerealaren erregionalizazio indizea da, lurzatia zein udalerritan den, hari dagokiona; bestetik, "geldialdian den azalera" lugorri deklaratuta dauden hektareak, laborantzatik kendutakoak (basogintzakoak izan ezik) eta landu gabeko alorrak dira.

Kontrol administratiboen eta bertaratuta neurtutakoaren ondoriozkoari esaten zaio zehaztutako azalera".

3. Zortzigarren arauko 1. eta 2. atalak aldatzen dira. Araubideari atxiki ondoko urteetako laguntzaren zenbatekoa, honela idatzita utzi baita:

"Zortzigarrena.-Laguntzaren kalkulua.

1. Laguntzaren zenbatekoak kalkulatzeko, foru agindu honen bosgarren arauko 1. atalean taldeen arabera ezarritako zenbatekoak aplikatuko zaizkio kanpaina horretan onartua izateko baldintzak betetzen dituen azalerari; aldez aurretik, arau honen 2. atalean ezarritako doiketak eta hamalaugarren arauan aurreikusitako murrizketa edo bazterketak aplikatuko dira, muga izanik foru agindu honen bosgarren arauko 2. atalaren arabera emandako laguntza.

2. Hirugarren arauko e) eta f) konpromisoetan aurreikusitako gutxieneko portzentajeak betetzen ez badira, ordainketa jasoko duen azalera zehaztu eginen da, harik eta gutxieneko portzentajeekin ordaintzeko modukoa izan arte".

4. 3. atala eransten zaio zortigarren arauari; honela dio:

"3. Ez da laguntzarik ordainduko dagokion zenbatekoa 50 eurotik beherakoa denean".

5. Beste testu bat izanen dute hamalaugarren arauko 2. eta 3. atalek, honela idatzita utzi baitira:

"2. Bigarren arauko a) edo c) baldintzak edo hirugarren arauko a), b) edo b) konpromisoak betetzen ez badira, ukatu eginen dira laguntzak, haiek eskatzen diren urtean; errepikatuz gero, laguntzetatik baztertu eginen da eta jasotako kopuruak itzuli beharko dira.

3. Hirugarren arauan ezarritakoari dagokionez, c). d), g), i), j) edo k) letretan adierazitako konpromisoak eta e) eta f) letretan ezarritako data edo dosiak betetzen ez badira, %20 murriztuko da laguntzaren zenbatekoa lehen urtean konpromiso bat betetzen ez bada, %40 bi konpromiso badira betetzen ez direnak eta %75 hiru konpromiso edo gehiago betetzen ez badira. Ez betetzearen bigarren urtean arestian aipatu diren kasuak direla eta hurrengo murrizketa hauek aplikatuko dira: %40 konpromiso bat ez betetzeagatik; %80, bi ez betetzeagatik eta %100 hiru konpromiso edo gehiago ez betzeagatik. Hirugarren urtea egiten bada bete gabe, laguntza %100 murriztuko da, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira.

Azken xedapen bakarra.-Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko azaroaren 27an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0927751