159. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

936/2009 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariarena, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Ollokilandako zerbitzualdea (Uharteko eta Esteribarko udal mugapeak) argindarrez eta urez hornitzeko proiekturako. Sustatzailea Sociedad Municipal de Gestión Areacea, S.A. da.

2009ko irailaren 25ean Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera.

Jarduera hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2.C eranskineko I) atalean dago jasota eta, horrenbestez, Ingurumen ukipenetarako baimena behar du. Dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du eskaera aurkeztu eta lau hilabeteko epean Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak Ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko ebazpen arrazoitua eginen duela.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarakoa ere bilduko duela, eta horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Proiektuaren bidez, lur azpiko bi linea elektriko ezarriko dira: 66 kV-ekoa bata, Ollokiko BTA elikatzeko; 13,2 kV-ekoa bestea, BTA horretatik aterako dena Iruñeko ingurabideko zubiraino. Bestetik, Uharteko ur horniduraren biltegia handituko da. Arreko azpiestaziotik abiatuko da 66 kV-eko linea, 872 metro luze, eta lur azpitik joanen da Done Jakue bidearen inguruan. 13,2 kV-eko linea, lur azpikoa ere, 273 metro luze da. Gainera, kanalizazio hau azpiegitura berrietarako erabili ahal izateko egokituko da. Uharteko horniduraren gaur egungo ur biltegia handitu eginen da, 900 metro kubikoko beste bat erantsita.

Espedientean aldeko txostenak jasotzen dira, Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak eta Esteribarko Udalak baldintzapean emanak.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Ollokilandako zerbitzualdea (Uharteko eta Esteribarko udal mugapeak) argindarrez eta urez hornitzeko proiektuari. Sustatzailea Sociedad Municipal de Gestión Areacea, S.A. da.

2. Baimena emanen da, ingurumenaren gaineko honako neurri hauek betez gero:

-Obrek aldatutako eremu guztietan landareak sartu beharko dira berriro.

-Done Jakue bidean obren eremua balizatu beharko da, eta tarte bat (1,5 metrokoa, gutxienez ere) utzi, oinezkoak ibiltzeko. Ezinezkoa bada, beste bide bat egin beharko da, hartutako tartean ordainetan. Obrak bukatutakoan, bideak jarduketa aurreko baldintzetan gelditu beharko du.

-Obrak eta mantentze lana egiteko behar diren ibilgailuentzat bakarrik izanen da Done Jakue bideko sarbidea. "Ibilgailu baimenduentzat bakarrik" dioten seinaleak jarrita adierazi beharko da.

-Erromesek beti izanen dira lehenak pasatzen. Obrako edo mantentze lanetako ibilgailuekin istripua izanez gero, obraren sustatzaileak izanen du eragindako kostu eta kalte-ordainen ardura.

-Deribazioko kutxetak 5 zentimetro aterako dira, gehienez ere, zorutik gora.

-Obra amaitutakoan, eremua ongi garbituko da. Hondakindegi baimendu batera eramanen dira berriz erabili ezin diren hondar eta material guztiak. Birziklatzen ahal diren soberakinak hondakinak tratatzeko zentro batera eramanen dira.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu, jarraian adierazten diren baldintzekin. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

-Egin nahi diren jarduerek uki ditzaketen edo obren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu; zein den arloko organo eskuduna, handik.

4. Obrak hasi baino lehen, ezinbestekoa izanen da 15.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu, haiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 69. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Fidantza jarri izanaren frogagiria eduki beharko da, lanek iraun bitartean ikuskatzaileei aurkeztu ahal izateko.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Erabaki hau igortzea Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Uharteko eta Esteribarko Udalei eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko azaroaren 23an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0927364