159. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

933/2009 EBAZPENA, azaroaren 23koa, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariarena, Ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Carcarko BTAren eta Leringo El Saso industrialdearen arteko zirkuitu soileko 13,2 kV-eko aireko eta lur azpiko linea berriaren proiekturako, Carcarko eta Leringo udal mugapeetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. da.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuan sartu da goian aipatutako espedienteari dagokion Ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko dokumentazioa. Proiektua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) atalean sartuta dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Foru dekretu horren 36. artikuluan ezarrita dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua eginen duela Ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz, eskaera aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 31.2 artikuluak ezartzen du Ingurumen ukipenetarako baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere bilduko duela. Horrek Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu.

Leringo industrialdea argindarrez hornitzea du helburu proiektatu den instalazioak; horretarako, 13,2 kV-eko aireko linea bat, 6.186 m luze, ezarriko da, baita 13,2 kV-eko lur azpiko bi linea ere, 145 et 70 m luze, Carcarko BTAn eta Leringo industrialdean, hurrenez hurren. Iberdrolak aurkeztu duen trazadurak muntako ukipenak ditu zenbait tartetan, bai sakan bateko eta muino txiki bateko landaredian, bai estepako hegaztientzat interesekoa den eremu batera hurbiltzean duten arriskuagatik, espedienteari lotuta aurkeztu den Ingurumen ukipenen azterlanean azaldu bezala.

Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuak aditzera eman du lehendik badela proposatutakoaren antzeko tentsioa eta trazadura dituen linea, eta instalazio berriak iraganbide elektriko berean egon beharko duela.

Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuak, atzemandako ukipenak gutxitzearren, 2009ko urriaren 19an egindako errekerimenduari erantzuteko, Iberdrolak dokumentazio osagarria aurkeztu du proiektuaren helburuei eta aztertu diren alternatibei buruz.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Carcarko BTAren eta Leringo El Saso industrialdearen arteko zirkuitu soileko 13,2 kV-eko aireko eta lur azpiko linea berriaren proiekturako, Carcarko eta Leringo udal mugapeetan. Sustatzailea Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. da.

2. Baimena baldintza hauen mende egonen da:

-Proposatutako linea elektrikoaren trazadura aldatu beharko da 14. eta 32. euskarrien artean, tarte horretan linea elektriko berria lehendik dagoenaren parean ezarrita, errepidearen beste aldera gurutzatu gabe.

-Hegaztiak babesteko, Iberdrolak 2009ko ekainean aurkeztu Ingurumen ukipenen azterlanean aurreikusitakoari jarraituz eginen da seinalizazioa.

-Proiektua gauzatzeko obrek uki ditzaketen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, enpresa sustatzaileak, obrak egiten hasi baino lehen, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko gaian eskudun diren organoei eskatuta.

3. Baimenak, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu. Artikulu horretan, lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau Lurraldearen Antolamendu eta Hirigintza Zerbitzuari, Carcarko eta Leringo Udalei eta sustatzaileari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko azaroaren 23an.-Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0927365