1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
541/2009 EBAZPENA, azaroaren 25ekoa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, araubide bereziko hizkuntza ikasketen maila aurreratua ziurtatzeko proben gaineko zehaztapenak onesten dituena, eta maila aurreratuari buruz azaroaren 7ko 450/2008 Ebazpenaren bidez eta abenduaren 12ko 527/2008 Ebazpenaren bidez onetsitako zehaztapenak indarrik gabe uzten dituena.
Araubide bereziko hizkuntza ikasketen maila aurreratuaren antolaketa ezartzen duen irailaren 11ko 149/2008 Foru Aginduaren 17. artikuluak xedatzen du maila aurreratuaren ziurtapena lortzeko berariazko proba batzuk egin beharko direla, ekainaren 2ko 58/2008 Foru Dekretuko curriculumetan maila horietarako ezarri diren helburuak betetzen direla bermatzeko.
Halaber, 16. artikuluak xedatzen du proba horietan kontuan hartuko direla zehaztapen orokorrak eta Hezkuntza Departamentuak ematen dituen gainerako guztiak, eta 17. artikuluak dio, gainera, hizkuntza bakoitzean maila aurreratuaren probak prestatzeko batzordeak eratuko direla, zehaztapen orokorrekin bat.
Azaroaren 7ko 450/2008 Ebazpenak maila aurreratua ziurtatzeko proben zehaztapenak onetsi zituen, eta abenduaren 12ko 527/2008 Ebazpenak aldatu zituen gero. Maila hori 2008-09 ikasturtean ezarri da Nafarroako Foru Komunitatean, ekainaren 2ko 58/2008 Foru Dekretuaren azken xedapenean arautu bezala. Horren ondoren, ikusi da beharrezkoa dela zehaztapenak aldatzea eta aldaketa batzuk egitea, eta horiek hizkuntza eskoletako irakasleen batzorde batek egin ditu.
Horrenbestez, Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuko zuzendariak proposatu du maila aurreratua ziurtatzeko proben gaineko zehaztapenak onestea, Nafarroako hizkuntza eskola ofizialetako irakasleen batzorde batek prestatuak, eta azaroaren 7ko 450/2008 eta abenduaren 12ko 527/2008 Ebazpenetan onetsi zirenak indargabetzea.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Araubide bereziko hizkuntza ikasketen maila aurreratua ziurtatzeko proben gaineko zehaztapenak onestea. Ebazpen honen I., II. eta III. eranskinetan azaltzen dira.
2. Azaroaren 7ko 450/2008 Ebazpena eta abenduaren 12ko 527/2008 Ebazpena indarrik gabe uztea.
3. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
4. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.
5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzura, Antolamendu eta Berrikuntza Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Bigarren Hezkuntzako eta Hizkuntza Eskoletako Atzerriko Hizkuntzen Didaktikarako Bulegora eta Nafarroako Hizkuntza Eskola Ofizialetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2009ko azaroaren 25ean.-Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia, Teresa Aranaz Jiménez.
1. ERANSKINA
Izangaientzako maila aurreratua ziurtatzeko probaren zehaztapenak
1.-Azterketaren helburua.
Maila aurreratuko azterketa hau izangaiek helburu komunikatibo orokorretarako lau hizkuntza trebetasun nagusietan duten gaitasuna ebaluatzeko diseinaturiko proba batzuek osatzen dute.
2.-Izangaien eginbeharrak.
-Azterketako ikasgelan eskatutakoan, izangaiek ikastetxeko txartela, NANa, pasaportea edo haien nortasuna frogatzeko beste agiri ofizial bat aurkeztu beharko dute.
-Izangaiek garaiz iritsi behar dute eta deialdian finkatzen den orduan egon beharko dute azterketa egiteko gelan.
-Izangaiek bolaluma urdina edo beltza erabiliko dute azterketa egiteko. Lapitzez egindako probak ez dira zuzenduko.
-Idazteko materialaz beste tresnarik ezin da eduki mahai gainean.
-Sakelako telefonoak itzalita eduki beharko dira.
3.-Azterketaren ezaugarri orokorrak.
Izangaiek matrikulatu diren ikastetxean eginen dute proba.
3.1. Azterketaren zatiak.
Azterketak lau zati bereizi ditu:
PROBA | PUNTUAZIOA | GUTXIENEZ | IRAUPENA |
Irakurriaren ulermena | 15 p | %60 (9 p) | 1h |
Entzunaren ulermena | 15 p | %60 (9 p) | 45' |
Idatzizko adierazpena | 20 p | %60 (12 p) | 1h 30' |
Ahozko adierazpena | 10 p | %60 (6 p) | 25' (bi izangai) |
Irakurriaren ulermenaren proba, ahozkoaren ulermenarena eta idatzizko adierazpenarena saio berean eginen dira. Ahozko adierazpena neurtzeko proba beste saio batean eginen da. Proba bakoitza banaka eginen da, multzotan batu gabe (idatzia/ahozkoa), eta ez da proba baztergarririk izanen.
Ikasle guztiek proba guztiak egin ditzakete, izan ere, ezein proba gainditzea ez da baldintza izanen hurrengoak egin ahal izateko. Azterketa osoa ganditzeko eta, horrenbestez, ziurtagiria lortzeko, azterketa osatzen duten lau probak gainditu beharko dira.
Deskribatzaileak Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 mailaren arabera ulertu behar dira.
3.2 Kalifikazioak.
Probaren emaitzari buruz ikasleei emanen zaien informazio orrian gai edo ez-gai kalifikazio orokorra jarriko da.
4.-Azterketako lau proben ezaugarriak.
4.1. Irakurriaren ulermena.
Izangaiak gai izan behar du idatzizko testu luze eta konplexuen esanahi orokorra, funtsezko informazioa, puntu nagusiak eta xehetasun garrantzitsuenak ulertzeko, irakurtzeko modua eta abiadura testu eta helburu desberdinetara egokituz, eta irakurketarako hiztegi aktibo zabala eduki beharko du, oso maiz agertzen ez diren esakuneekin eragozpenak izanik ere; gauza bera eskatuko zaio gaur egungo gaiei buruzko artikuluekin, egileak ikuspuntu bat hartu edo argudioak garatzen dituenean, eta literatur prosa garaikideko testuekin, salbu eta konplexutasun handiko hiztegia badute.
4.1.1. Probaren formatua. |
EGINKIZUNAREN ZENBAKIA | MIKROGAITASUNA | HAUTATUTAKO EGINKIZUNA |
Lehen zatia (5 P) | Ideia nagusiak harrapatzea. | 1. formatua: 700 hitz arteko testua. Prozedura: testua irakurri eta 5 item: -aukera zuzena (a, b, c) hautatu erantzuteko. -galdera ireki oso bideratu batzuk erantzutea, erreferentziako hitz zehatzak errepikatu gabe. 2. formatua: 700 hitz arteko testu bat, 5 paragrafotan zatitua, edo antzeko hedadura duten zenbait testu. Prozedura: 5 paragrafoak edo testuak irakurri eta horiek laburtzen dituzten 7 esaldietako 5ekin lotu (2 distraigarri). 3. formatua: 5 galderako testua (700 hitz bitarte). Galderak eta erantzunak bereiz aurkeztuko dira. Prozedura: galderak eta erantzunak irakurri eta lotu. (2 distraigarri). |
Bigarren zatia (5 P) | Testu baten xehetasunak bereiztea. | Formatua: 700 hitz arteko testua. Prozedura: testua irakurri eta 5 item aukera zuzena (a, b, c) hautatu erantzuteko. galdera ireki batzuk erantzutea, erreferentziako pasarteetako hitz zehatzak errepikatu gabe. |
Hirugarren zatia (5 P) | Testuaren egitura eta/edo zatien arteko lotura atzematea. | Formatua: 800 hitz arteko testua; horretatik 5 elementu atera dira (sintagmak edo perpausak). Prozedura: testua irakurri eta osatu proposatutako 7 elementuetako 5ekin (2 distraigarri). |
4.2. Entzunaren ulermena. Izangaiak gai izan behar du esanahi orokorra, funtsezko informazioa, puntu nagusiak eta xehetasun garrantzitsuenak ulertzeko gai zehatzak edo abstraktuak lantzen dituzten hizkuntza estandarreko ahozko testu konplexuetan, mailarako egokia den abiaduran ahoskatuak eta ahoz nahiz baliabide tekniko baten bidez transmitituak, betiere baldintza akustikoak onak badira. 4.2.1. Probaren formatua. |
EGINKIZUNAREN ZENBAKIA | MIKROGAITASUNA | HAUTATUTAKO EGINKIZUNA |
Lehen zatia (5 P) | Testu baten esanahi orokorra eta/edo ideia nagusiak ulertzea. | Formatua: zenbait dokumentu labur, guztira 5 minutuko gehieneko iraupenarekin. Prozedura: Dokumentuak bi aldiz entzun eta -proposatutako epigrafeetatik 5ekin lotzea binaka (7tik 10era bitarte) -edo 5 item, a b c aukeretatik hautatzekoak. |
Bigarren zatia (5 P) | Ideia nagusiak eta/edo xehetasunak ulertzea | Formatua: Ahozko dokumentu bat edo gehiago, guztira 5 minutuko gehieneko iraupenarekin. Prozedura: dokumentuak bi aldiz entzun eta 5 item: -galdera ireki batzuk erantzutea. -a b c aukeretatik hautatzekoak. -informazioa ematea: taula edo zerrenda osatzea. |
Hirugarren zatia (5 P) | Testu baten xehetasunak ulertzea. | Formatua: Ahozko dokumentu bat, 5 minutuko gehieneko iraupenarekin. Prozedura: ahozko dokumentua bi aldiz entzun eta 5 item: galdera ireki batzuk erantzutea. a b c aukeretatik hautatzekoak. informazioa ematea: taula edo zerrenda osatzea. |
4.3. Idatzizko adierazpena.
Izangaiak gai izan beharko du gai desberdinei buruzko testu argiak eta xehetasunez hornituak idazteko, solaskiderako eta komunikazio helbururako egokiak, bai eta gai orokorrei buruzko ikuspuntu bat defendatzeko ere, aukeren alde onak eta txarrak azalduz, edo zenbait iturritatik heldu diren informazio eta argudioak laburbilduz eta ebaluatuz.
4.3.1. Probaren formatua.
1. eginkizuna.
Testu mota | Testu pertsonala: testuinguru batean kokatutako testua, albisteak eta ikuspuntuak eraginkortasunez adierazi, emozio pixka bat helarazi, gertaeren eta esperientzien garrantzi pertsonala nabarmendu eta gutuna hartuko duenaren eta beste pertsona batzuen ikuspuntuak eta albisteak komentatzen dituena. (gutunak, txostenak, eguneroko batean idatzitako oharrak, blog baterako ekarpenak, posta elektronikoa, etab.) |
Luzera | 200-250 hitz. |
Puntuazioa | 10 p. |
2. eginkizuna.
Testu mota | Testu formala: testuinguru batean kokatutako testua, zeinetan izangaiak iritzi bat adierazi eta argudio bat garatzen baitu, ikuspuntu jakin baten aldeko edo aurkako arrazoiak emanez eta aukera desberdinen alde onak eta txarrak azalduz, eta zeinetan bere ikuspuntuak eraginkortasunez adierazten baititu. (enpresa eta entitateentzako gutunak edo posta elektronikoa, egunkari bateko zuzendariarentzako gutunak, txostenak, erreklamazioak, auzoko edo ikastetxeko aldizkariko artikuluak, etab.) |
Luzera | 200-250 hitz. |
Puntuazioa | 10 p. |
Izangaiak sortu beharreko testuak eguneroko gai orokorrei buruzkoak izanen dira (curriculumaren 1. eranskineko 2.1.1. atalekoak).
4.3.2. Ebaluazio irizpideak.
Proba honen ebaluazioan, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Eraginkortasun komunikatiboa: Testua oztoporik gabe irakurtzea. Ideiak eta sentimenduak adierazteko, esperientziak kontatzeko eta ikuspuntuak defendatzeko zehaztasuna eta eraginkortasuna.
b) Egokitasuna eta koherentzia: Eginkizuna betetzea, luzera edo hitz kopurua errespetatzea eta formatuari egokitzea. Informazioa eta ideiak antolatzea diskurtso lerroa mantentzeari dagokionez.
c) Kohesioa: Testua esaldi eta paragrafotan antolatzea. Diskurtsoko lokailuak, erreferenteak adierazteko baliabideak eta puntuazio zeinuak erabiltzea.
d) Lexikoa: Zehaztasuna, aberastasuna eta zuzentasuna.
e) Morfosintaxia: Zehaztasuna, aberastasuna eta zuzentasuna.
4.4. Ahozko adierazpena.
Izangaiak gai izan beharko du gai desberdinei buruzko ahozko testu argiak eta xehetasunez hornituak sortzeko, solaskiderako eta komunikazio helbururako egokiak, bai eta gai orokorrei edo norberaren espezialitatearekin lotutakoei buruzko ikuspuntu bat defendatzeko ere, aukeren alde onak eta txarrak azalduz, eta elkarrizketa luzeetan parte hartzeko, giro zaratatsuan bada ere, hiztunaren eta haren solaskideen arteko komunikazioa ahalegin handirik egin gabe, zuzentasunez, hitz-jario onarekin eta naturaltasunez gertatzeko moduan, izangaiak noiz edo noiz akatsak eginik ere.
4.4.1. Probaren formatua.
-Proba bikoteka eginen da, gutxienez ere bi irakaslez osatutako epaimahai baten aurrean, eta grabatu eginen da. Irakasleetako bat solaskidea izanen da. Bikoteko kide bat proba egitera joaten ez bada, bikote berriak eginen dira edo hirunaka bilduko dira. Ezinbesteko kasuetan, egoerak eskatzen duenean, proba banaka egiten ahalko da; horretarako eskaera egin beharko da idatziz, kasuan kasuko hizkuntza eskolan. Halakoetan, epaimahaiko kide bat edo eskola irakasle bat aritzen ahalko da izangaiarekin batera.
-Txanda iristen denean, irakasle batek deituko die proba eginen den gelan sar daitezen.
FASEA | DENBORA | IRUZKINAK |
Aurkezpena | 3' | Ebaluatu gabe |
Bakarrizketa | Gaia hautatzea: 30'' (izangai bakoitzarentzat) Prestatzeko: 2' (izangai bakoitzarentzat) Bakarrizketa: 3'tik 4'ra bitarte (izangai bakoitzarentzat) Guztira: 13' | Izangai bakoitzak gai bat hautatuko du proposatutako biren artetik eta adierazitako gaia azalduko du. |
Elkarreragina | Prestatzeko: 2' Elkarreragina: 5'tik 6'ra bitarte (bi izangaientzat) Guztira: 8' | Izangaiek proposatu den gaiari buruzko elkarrizketa eginen dute. |
Guztira | 25' | |
4.4.2. Fase bakoitzaren deskribapena:
a) Aurkezpen fasea:
-Izangaien nortasuna egiaztatuko da.
-Izangaiak elkarren parean jarriko dira bien artean tarte egokia utziz.
-Izangaiek beren izen-abizenak esanez aurkeztuko dute beren burua. Fase hau ez da ebaluatuko eta izangaien ahotsa ongi entzuten dela ziurtatzeko eta izangai bakoitza grabazioan identifikatzeko balioko du.
b) Bakarrizketaren fasea:
-Solaskideak ahoz emanen dizkio jarraibideak A izangaiari eta bakarrizketa egiteko oinarri diren bi euskarri emanen dizkio, gai desberdinei buruzkoak. Euskarri horiek A4 neurriko orri plastifikatuak dira, eta haietako bakoitzean 2 edo 3 testu labur daude, jatorrizkoak, edo koloretako 2 edo 3 argazki.
-Izangaiari orri zuri bat ere emanen zaio, oharrak hartzeko, hala nahi izanez gero.
-A izangaiak, parte hartu behar duen lehenak, bakarrizketa eginen du proposatutako gaia erreferentziatzat hartuta.
-Argazkiak/testuak abiapuntua dira izangaiak bere azalpena egin dezan, honakoetan oinarrituta:
Bere iritziak.
Bere irudipenak.
Bere esperientziak.
Argazki/testu guztiak hartu beharko ditu erreferentziatzat, baina ez dira inolaz ere azken horiek deskribatu beharko.
-A izangaiak 30 segundu izanen ditu euskarriei begiratu eta gaia hautatzeko, eta 2 minutu azalpena prestatzeko.
-Solaskideak adieraziko dio noiz hasi behar duen.
-Ondoren, solaskideak beste bi euskarri desberdin emanen dizkio B izangaiari bakarrizketa prestatzeko, pauso guztiak errepikatuz.
c) Elkarreraginaren fasea:
-Izangaiei euskarri bana emanen zaie.
-Solaskideak ozenki irakurriko du eginkizuna, eta izangaiek ongi ulertu dutela ziurtatu ondoren, 2 minutu utziko dizkie banaka prestatzeko. Orri zuri bana ere emanen zaie, oharrak hartzeko, hala nahi izanez gero. Elkarreraginaren funtsa elkarrizketa bat sortzea da.
-Prestatzeko denbora bukatuta, solaskideak A izangaiari adieraziko dio has daitekeela.
-Izangairen batek bertaratze-agiria behar izanez gero, proba bukatutakoan solaskideak prestatu eta emanen dio.
4.4.3. Ebaluazio irizpideak.
Proba honen ebaluazioan, ondoko irizpide hauek hartuko dira kontuan:
a) Eraginkortasun komunikatiboa: Etorria, zehaztasuna eta eraginkortasuna ideiak adierazi eta ikuspuntuak defendatzeko.
b) Egokitasuna eta koherentzia: Diskurtsoaren kontsigna eta egituratze eskakizunetara egokitzea.
c) Kontrol fonologikoa: ahoskera, intonazioa eta erritmoa.
d) Lexikoa: zehaztasuna, aberastasuna eta zuzentasuna.
e) Morfosintaxia: zehaztasuna, aberastasuna eta zuzentasuna.
5.-Azkeneko oharrak.
5.1. Erreklamatzeko eskubidea
Ikasleen eskubideak eta betebeharrak ezartzen dituen legediarekin bat, edozein ikaslek -presentziala izan nahiz librea izan-, ebaluazio prozesua araudian ezarritakoari lotu ez zaiola iritziz gero, erreklamazioa aurkeztu ahal izanen du proba egin duen eskolan, emaitzak argitaratu eta ondoko 2 egunetan. Prozesuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, matrikula egin duen ikastetxeko zuzendaritzara edo ikasketa burutzara jo beharko du.
5.2. Ezgaitasuna duten pertsonentzako egokitzapenak.
Mugimenduaren ezgaitasunen bat, ikumeneko ezgaitasun erabatekoa edo partziala edo hipoakusia duten ikasleen behar berezietarako egokitu ahal izanen da proba.
Araubide librean matrikulatzen diren ikasleek matrikula egiteko unean adierazi eta justifikatu beharko dituzte behar berezi horiek, ezgaitasuna eta haren gradua egiaztatzen dituen ziurtagiria aurkeztuz.
5.3. Bertaratze agiriak.
Izangaiek azterketa egin izana egiaztatzeko agiria eska dezakete. Egiaztagiria aztertzaile bati eskatuko zaio ahozko edo idatzizko proba bukatutakoan.
6. Gomendioak.
-Eginkizunak egiteko duzun denbora egoki banatu. Denbora horiek probaren atal guztiak egiteko aski dira, aurretik kalkulatu baitira. Gomendagarria da azkenean minutu batzuk gordetzea azterketa errepasatu eta izan litezkeen akatsak zuzentzeko.
-Probaren atal guztietan garbi idatzi eta azterketa txukun aurkeztu. Ziurtatu erantzunak jarraibideetan adierazi bezala idatzi dituzula.
Probaren zati eta eginkizun bakoitzerako ematen diren jarraibideak arretaz irakurri.
-Lasai egon zaitez eta proba egiteko jarraibideei arretaz erreparatu, batez ere ahozko ulermenaren ariketan.
-Idatzizko ariketako eginkizunei heldu aurretik, gomendagarria da esan nahi duzunaren eskema bat egitea aurretik eta, ariketa bukatutakoan, dena errepasatzea.
Iragarkiaren kodea: F0927419