159. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

538/2009 FORU AGINDUA, azaroaren 17koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2002ko abenduaren 9an emandako Foru Agindua aldatzen duena. Agindu horren bidez Nafarroako Foru Komunitatean Oliba-olio Birjinaren Dastatzaileen Panela sortu zen.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2002ko abenduaren 9an emandako Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Oliba-olio Birjinaren Dastatzaileen Panela sortu zen, eta Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuari (ICAN) idazkaritzako eginkizunak esleitu zitzaizkion, bai eta jarduerak egiteko beharrezkoak diren baliabideez hornitzekoak ere. ICANek izendatu behar zuen Paneleko idazkaria.

Oliba-olio birjinaren dastatzaileen panelei buruzko oinarrizko araudia ezartzen duen otsailaren 15eko 227/2008 Errege Dekretuaren 3.c) artikuluak dio beharrezkoa dela dastatzaileen panelaren jarduketak UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren pean egiaztatzea. Horri begira, jarduera hau biltzeko laborategirik egokiena Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Atalaren mendekoa dela uste da eta, beraz, berrikuntza honen bidez, Panela laborategi horri lotuko zaio funtzionalki, egiten dituen balorazio organoleptikoek EN ISO/IEC 17025 arauak eskatutako balio ofiziala izan dezaten, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 29ko EE 882/2004 Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori pentsuen eta elikagaien arloko legedia eta animalien osasunari eta ongizateari buruzko araudia betetzen direla egiaztatzeko egiten diren kontrol ofizialei buruzkoa da.

Bestalde, barne berrantolamenduko arrazoiengatik, eta Oliba-olio Birjinaren Dastatzaileen Panela balorazio organoleptikoa egiteko bide ofiziala izanik, egokia da kide guztien izendapena zuzendari nagusi eskudunaren ebazpen baten bidez egitea.

Hori horrela, Nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloetako zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzeko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadurako kontseilariak 2002ko abenduaren 9an emandako Foru Aginduaren 1. artikulua aldatzen da. Agindu horren bidez Nafarroako Foru Komunitatean Oliba-olio Birjinaren Dastatzaileen Panela sortu zen. Honela idatzita agertuko da artikulu hori:

"1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean Oliba-olio Birjinaren Dastatzaileen Panela sortu da, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Ataleko laborategiari lotuta funtzionalki, eta Nafarroan ekoitzi eta/edo merkaturatzen den oliba-olio birjinaren ezaugarri organoleptikoak baloratu eta olio horiek sailkatzeko organo tekniko arduraduna izanen da".

2. artikulua. 2002ko abenduaren 9ko Foru Aginduaren 9. artikulua aldatu da eta, beraz, honela idatzita agertuko da:

"9. artikulua. Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kalitatearen Institutuak (ICAN) jarduerak egiteko beharrezkoak dituen baliabideez hornituko du panela".

3. artikulua. Foru Aginduaren 10. artikulua aldatu da eta, beraz, honela idatzita agertuko da:

"10. artikulua. Landa Garapeneko zuzendari nagusiak izendatuko ditu Paneleko burua eta idazkaria. Era berean, azken horrek proposaturik, Paneleko dastatzaileak izendatuko ditu".

Azken xedapena.-Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2009ko azaroaren 17an.-Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Begoña Sanzberro Iturriria.

Iragarkiaren kodea: F0927150