159. ALDIZKARIA - 2009ko abenduaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

349/2009 FORU AGINDUA, abenduaren 2koa, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilariak emana, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onesten dituena. Diru-laguntzak 2010. urtean gutxiengo etnikoekin esku-hartze sozialeko proiektuak betetzen laguntzeko dira.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak ezartzen duenez, botere publikoen jarduketek funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste, gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, partaidetza eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan, autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea, kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea, pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea, eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezan bultzatzea.

Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroaren arabera (ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua), gizarteratzearen arlorako dauden bermatu gabeko prestazioen artean, gizartetik baztertuta daudenekin lan egiten duten gizarte ekimeneko entitateentzako diru-laguntzak daude.

Arau horretako aurreikuspenek bat etorri behar dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legekoekin. Foru lege horretan onura publikoko edo interes sozialeko jarduerak sustatzeko Nafarroako Aurrekontu Orokorretatik emandako diru-laguntzei dagokien araubide juridiko orokorra ezarri da. Diru-laguntzak eman baino lehen, organo eskudunak haien oinarri arautzaileak ezarri eta argitaratu beharko ditu, halako jarduerak egiten dituztenek eta deialdiaren xedeko egoeran daudenek diru-laguntza eskuratzeko aukera izan dezaten.

Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiak, zeinak gizarte zerbitzuak kudeatu eta koordinatzeko eginkizunak baititu, egoki eta komenigarritzat jo du Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren toki entitateek 2010. urtean gutxiengo etnikoekin jarduketa berariazkoak garatzeko ezartzen dituzten esku hartzeko proiektuak betetzen laguntzea. Jarduketa horiek, bereziak izanik, ez dira oinarrizko gizarte zerbitzuen finantzazio orokorrerako ezarritako aurrekontuko kontu-sailaren bidez subentzionatuko.

Horrenbestez, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 125/2007 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen titular diren Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onestea. Diru-laguntza horiek 2010. urtean gutxiengo etnikoekin esku-hartze sozialeko proiektuak betetzen laguntzeko dira. Foru agindu honen eranskinean ageri dira.

2. 250.000 euroko gastua baimentzea, 2010eko aurrekontuko "Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzak: gutxiengo etnikoekin esku-hartzea" izeneko 900003 91600 4609 231600 kontu-sailaren kargura, edo ekitaldi horretan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura, behar besteko kreditua badago betiere.

3. Foru agindu hau igortzea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Zerbitzura, Aurrekontuen Kudeaketarako Ataleko Kontabilitate Zentrora eta Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora.

4. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko abenduaren 2an.-Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako kontseilaria, María Isabel García Malo.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1.-Xedea.

Deialdi honen xedea da Oinarrizko Gizarte Zerbitzu baten titular diren udalei, mankomunitateei edo udal batasunei diru-laguntzak emateko araubidea ezartzea, 2010. urtean gutxiengo etnikoekin jarduketa bereziak garatzeko helburua duten esku-hartze sozialeko proiektuei laguntzeko.

Aipatu diru-laguntzen bidez, langileen, funtzionamenduaren eta jardueren gastuak finantzatuko dira, entitateek ijitoen gutxiengo etnikoekin esku-hartze sozialeko proiektuak egin ahal ditzaten.

2.-Jarduketa eremua eta helburua.

Diru-laguntzen xede diren proiektuak eta jarduketak Nafarroako Foru Komunitatean garatuko dira eta horien helburua izanen da bazterketa sozialean edo hala egoteko arriskuan dauden gutxiengo etnikoetako herritarrak, egoera ahulean daudenak, gizartean integratzea eta/edo gizarteratzea.

3.-Onuradunak.

Deialdi honen xedeko laguntzak jaso ditzakete Nafarroako Foru Komunitateko oinarrizko gizarte zerbitzu baten titular diren udalek, mankomunitateek edo udal batasunek.

4.-Proiektuek bete beharreko baldintzak.

4.1. Proiektuek bat etorri behar dute deialdiaren xedearekin, eta ezaugarri hauetakoren bat bete:

-Esku-hartze programa baten xede diren gutxiengo etnikoetako herritarrei zuzendurik egotea eta horiek jarraipena eta laguntza behar izatea berariazko jarduketen bidez.

-Udalerriko gizarte bizitzan parte hartzeko gizarte laguntza intentsiboa behar duen talde jakin bati zuzendua izatea, haren zenbatespen kuantitatiboa eta ezaugarri bereziak ikusirik.

-Egiten den esku-hartze sozialaren barnean adingabekoei zuzendutako berariazko jarduketak izatea.

4.2. Proiektuek epe zehatz bat izan beharko dute, proiektuaren xede den taldearen berariazko inguruabarrek denboraren aldetik eskatzen dutena.

4.3. Diruz lagundutako zenbatekoa 50.000,00 euro izanen da gehienez proiektu bakoitzeko.

Entitate eskatzaileek ezin izanen dute proiektu bat baino gehiago aurkeztu. Proiektu bat bakarka aurkeztu duten toki entitateek ezin izanen dute beste toki entitate batzuekin batera beste proiekturik aurkeztu.

Proiektuak 2010. urtean gauzatu behar dira, eta 2010eko urtarrilaren 1ean hasten ahalko dira.

5.-Eskaerak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerak aurkeztuko dira Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan (González Tablas kalea, 7, 31005 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietako edozeinetan. Gainera, eskaera Nafarroako Gobernuaren erregistro batean aurkezten ez bada, entitate interesdunak, egun berean, telefax baten bidez (948280108) jakinarazi beharko dio Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean onartu zeneko eguna eta abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuan, posta zerbitzuak arautzen dituen horretan, aipatzen diren gainerako zehaztapenak adieraz daitezen. Gainera, entitate interesdunak, egun berean, telefax baten bidez jakinarazi beharko dio Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari eskaera igorri duela. Dena dela, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta 10 egun natural iraganik dokumentaziorik jaso ez bada, ez da inola ere onartuko.

6.-Agiriak.

Eskaera eskabide orokorraren bidez eginen da, udaleko alkateak sinatua, edo mankomunitateburuak nahiz udal batasunekoak. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Diru-laguntza zein proiektutarako eskatzen den, honakoak adieraziz:

-Proiektuaren funtsa, zeinetan adieraziko baita baliabide normalizatuen erabileraren eragin maila, berariazko esku-hartzea arrazoizko eginen duena.

-Proiektuaren xede den taldearen deskribapena.

-Esku-hartzearen esparruak.

-Helburuak.

-Eginen diren jarduerak.

-Metodologia.

-Erabili beharreko baliabideak.

-Jardueren egutegia.

-Ebaluazioa.

b) Diru-laguntzaren xedeko proiektua gauzatzeko eskatutako diru-laguntzak eta beste erakunde batzuk emandakoak agerrarazten dituen ziurtagiria.

c) Txosten bat, diru-laguntzaren helburuak betetzeko dirua aldez aurretik jaso beharra justifikatzeko.

d) Eskatzaileak bere eskaera sendotzeko interesgarritzat jotzen duen zeinahi agiri.

Eskaerarekin batera eskatu diren agiriak aurkezten ez badira, instrukzio organoak entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzen ditzala eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da eta dagokionari jakinaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 42. artikuluan xedatu bezala.

7.-Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko eskumena duten organoak.

Deialdi honen ondorioetarako, diru-laguntzak emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko eginkizunak Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiko Gizarteratze Atalari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen delarik, atal horretaz ari da.

Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, oinarri hauetan ezarritako irizpide, modu eta lehentasunak kontuan hartuz, eta ebazpen proposamena emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu onuradunek diru-laguntzak hartzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Laguntzak emateko prozeduraz ebazteko eskumena Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak izanen du.

8.-Diru-laguntzak emateko prozedura. Balorazioa.

8.1. Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidez tramitatuko da, aurkezten diren eskaerak konparatuz, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Deialdi honetako gastua, 250.000 eurokoa, 2010eko aurrekontuko "Nafarroako toki entitateentzako diru-laguntzak: gutxiengo etnikoekin esku-hartzea" izeneko 900003 91600 4609 231600 kontu-sailaren kargura eginen da, edo ekitaldi horretan gaitzen den antzeko kontu-sailaren kargura, behar besteko kreditua badago betiere.

8.2. Irizpide hauei jarraikiz eginen da balorazioa:

-Egokitzapena eta koherentzia oinarrien, helburuen, jardueren, lortu nahi diren emaitzen eta proiektuan azaldutako baliabideen artean. (25 puntu bitarte).

-Proiektuaren xede den taldearen balorazioa (zenbatespen kuantitatiboa, kualitatiboa) eta haren eragina udalerrian. (15 puntu bitarte).

-Aurreko urteetan egin diren eta antzeko deialdi baten bidezko laguntza jaso duten jarduketa berariazkoen jarraipena. (10 puntu bitarte).

-Adingabekoak agertzea proiektuan azaldutako esku-hartze jarduketetan. (15 puntu bitarte).

-Esku-hartzearen xede den taldean behar soziala duten arloak. (10 puntu bitarte).

-Proposatzen diren helburuak beteko direla bermatzeko baliabide aski izatea. (5 puntu bitarte).

-Beren jarduerak beste entitate batzuen eta beste gizarte baliabide publiko batzuen osagarri izatea eta haiekin koordinatzea. (10 puntu bitarte).

-Proiektuaren kofinantziazio maila, %10 gutxienez. (10 puntu bitarte).

Diru-laguntza hartu ahal izateko, proiektuek gutxienez ere 60 puntu lortu beharko dituzte.

Diru-laguntzaren zenbatekoa eskatzen denarekin bat etorriko da.

Aurrekontuko dirua gainditzen bada, diru-laguntzaren zenbatekoa portzentaje tarte hauen arabera lorturiko balorazioaren arabera esleituko da:

TARTEAK

PORTZENTAJEA (%)

60 puntu baino gutxiago

%0

60 puntutik 69,99ra bitarte

%70

70 puntutik 79,99ra bitarte

%80

80 puntutik 89,99ra bitarte

%90

90 puntutik 100era bitarte

%100

Portzentajeen aplikazioaren ondoriozko kopurua zenbaki osoetara biribilduko da, hamartarrik gabe.

Halaber, portzentaje tarteak aplikatuta, ateratzen den zenbatekoak aurrekontuko dirua gainditzen badu, lehentasun hurrenkera ezarriko da, balorazioan izandako puntuazioaren araberakoa, eta diru-laguntzak esleituko dira, kredituaren mugara bitarte.

9.-Alegazioen tramitea.

9.1. Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

9.2. Proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa baldin bada, instrukzio organoak eskaera berregiteko eskatzen ahalko du, xedea eta ezaugarriak errespetaturik, konpromisoak eta baldintzak emanen zaion diru-laguntzara egokitzeko. Aldaketaren aurrekontua ez da izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino txikiagoa.

10.-Diru-laguntzaren zenbatekoaren esleipena.

Diru-laguntzaren zenbatekoa lortutako puntuen arabera banatuko da. Eskatutako zenbatekoaren arabera, portzentaje tarte hauek ezarri dira:

TARTEAK

PORTZENTAJEA (%)

60 puntu baino gutxiago

%0

60 puntutik 69,99ra bitarte

%70

70 puntutik 79,99ra bitarte

%80

80 puntutik 89,99ra bitarte

%90

90 puntutik 100era bitarte

%100

Balorazio ekonomikoaren ondoriozko zenbateko osoa aurrekontuetan dagoen dirua baino handiagoa bada, kasuan kasuko baremoen aplikazioaren ondoriozko zenbatekoak hainbanatu eginen dira.

Instrukzio organoak proposamen txostena eman aurretik, interesdunei entzuteko tramitea egiten ahalko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

Proposatzen den diru-laguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskaeran ageri dena baino txikiagoa izanez gero, entitate eskatzaileak eskaera aldatzen ahalko du, gehienez ere hamar egun naturaleko epean, jakinarazten zaionetik hasita. Betiere, bermatu beharko da aldatutako proiektuak jatorrizko proiektuaren xede eta ezaugarri berak izanen dituela.

Proiektua onartu ahal izateko, aldatutako proiektua hasiera batean egindako balorazioko tarte berean sartzeko aukera izan beharko da. Bestela, entitateak proiektua hasierako proposamenari hertsiki lotuz burutu beharko du.

Halaber, aldaketaren aurrekontua ez da izanen proposatutako diru-laguntzaren zenbatekoaren eta hasiera batean baldintza antzekoetan aurreikusitako kofinantzaketaren batura baino txikiagoa.

11.-Eskaeren ebazpena.

Eskaerak aztertu ondoren, instrukzio organoak aurkeztutako ebazpen proposamena ikusita, Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren zuzendari nagusiak ebazpena emanen du diru-laguntzen gainean.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie eta bertan hura emateko arrazoiak, diru-laguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, halakorik bada, beste eskaerak ukatzeko arrazoiak adieraziko dira. Emanez gero, diru-laguntzaren helburua, zenbatekoa, ordaintzeko modua eta gastuak justifikatzeko modua eta epea adieraziko dira.

Aurrekoa ezertan galarazi gabe, Nafarroako Gobernuaren Atarian argitaratuko da. Argitalpenean deialdia, diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontuko kreditua eta programa, onuradunak, onartutako zenbatekoa eta diru-laguntzaren helburua adieraziko dira.

Ebatzi eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da, gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaera ezetsitzat jo beharko dute. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka, ebazpen espresua izan edo ustezkoa, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko Legean xedatutakoarekin bat, deusetan galarazi gabe Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 97.2 artikuluan adierazitako aurretiko errekerimendua egin ahal izatea, Lege Jurisdikzionalaren 44. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

12.-Diru-laguntzaren ordainketa eta bateragarritasuna.

Ordainketa bakar batean emanen da diru-laguntza, kontzesioaren ebazpena sinatzen denean transferentzia eginez, baldin eta dirua aurreratuta emateko beharra justifikatzen bada.

Aurrerakin hori emateko beharrezkoa izanen da Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren berariazko baimena, Foru Ogasunak aitortutako betebeharrei aurre egiteko funts likidoen egoeraren arabera emana.

Baldintza horiek bete ezik, diru-laguntza Diru-laguntzei buruzko Foru Legeko 32. artikuluan xedaturikoarekin bat ordainduko da, hiru hilabetetik hiru hilabetera zatitua, jarduera egin dela frogatu ondoren.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko zein pribatu batzuek edo norbanakoek, Estatukoek edo atzerrikoek, jarduera bera garatzeko ematen dituztenekin.

Hala ere, zenbatekoak, bakarrik edo beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo berezko baliabide batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

13.-Betebeharrak eta ez-betetzeak.

Diru-laguntza jasotzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diru-laguntzaren xede diren proiektua eta jarduerak deialdi honen oinarri, baldintza, betebehar formal eta materialen arabera gauzatzea, eta dirua, betiere, eman zen kontzeptuetarako baizik ez erabiltzea.

b) Diru-laguntzaren xedea justifikatzea, honako hauek aurkeztuz:

b.1.) Diru-laguntzaren erabilerari buruzko memoria tekniko eta ekonomikoa, gutxieneko eduki hauekin:

-Toki entitatea.

-Programaren izena.

-Entitate gauzatzailea.

-Programa zein lekutan gauzatu den.

-Egindako jarduketak: erabilitako metodologia edo tresnak, aurreikusitako helburuak, programarekin lortutako emaitzak.

-Jarduketen onuradunak.

-Proiektua gauzatzeko epea.

-Izandako gastuak, kontzeptuen arabera banatuta, eta Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiaren kargura izan den finantziazioa toki entitatearen beraren eta beste ekarpen batzuen kargura izandakotik bereizita.

b.2.) Izan diren gastuak eta diru-laguntzaren bidez finantzatutako jardueren kostua justifikatzea, entitate onuradunaren idazkariak, kontu-hartzaileak edo entitatearen fede publikoa duen pertsonak egindako ziurtagiriaren bidez. Halaber, diruz lagundutako jardueretan erabilitako funts propioen edo beste baliabide batzuen zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa adierazi beharko dira justifikazioan.

Justifikazio hori hilabeteko epean eginen da, jarduera egiteko epea bukatzen den egunetik hasita.

c) Gizarteratze Atalak edo, indarreko antolamenduaren arabera, eskumena duten beste organo batzuek egiten dituzten egiaztapen lanak eta kontrol tekniko eta finantzariorako jarduerak onartzea eta emandako diru-laguntzari buruz eskatzen dioten dokumentazio guztia haien eskura jartzea.

d) Deialdi honen kargura finantzatutako programen edo jardueren gaineko informazio, dibulgazio eta publizitate jarduketek nahitaez bete behar dute Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak kontratatutako eta/edo diruz-lagundutako jardueren gaineko informazio, dibulgazio eta publizitateari buruzko araudiak xedatutakoa.

e) Xede berarekin eskatu eta/edo jaso diren bestelako diru-laguntzen berri ematea Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari.

f) Proiektua gauzatu ezin bada edo diru-laguntza ematean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, entitate onuradunak jasotako dirua itzuliko du edo, hala denean, justifikatu ez den zatia.

g) Diru-laguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.-Azpikontratazioa.

Deialdi honetan ezarritako ondorioetarako, bidezkoa da azpikontratazioak egitea, alegia, beste batzuekin hitzartzea diru-laguntzaren xede den jardueraren hein bateko gauzatzea. Diru-laguntzaren xede den jarduera onuradunak berak egiten badu, gastu horren kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo geldituko da.

Onuradunak diruz lagundutako jarduera oso-osorik azpikontratatzen ahalko du.

15.-Baldintzak aldatzea.

Entitate onuradunek, jasotzen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerez gain, diru-laguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan hartutako baldintzen aldaketa guztiak ere jakinarazi beharko dizkiote Gizarte Gaien eta Garapenerako Lankidetzaren Zuzendaritza Nagusiari.

Salbuespen gisa, diru-laguntzak hartzen dituzten entitateek zilegi izanen dute diruz lagundutako programaren edo programen edukia aldatzeko eskatzea, bai eta hura egiteko modua eta epeak ere, programa gauzatzea eragotzi edo zailtzen duten gorabeherak agertuz gero.

Programa aldatzeko eskaeretan aldaketa edo zailtasun horren gainean behar adina arrazoi eman beharko dira, eta inguruabar horiek gertatu eta berehala jakinarazi beharko dira, betiere diru-laguntzaren xede den programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen aldaketa orok diru-laguntza emateko ebazpena aldarazten ahalko du, administrazioak onarturik egonda ere, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko da.

16.-Itzultzea.

Programa gauzatzen ez bada edo diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatuz gero, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak bete ezik, hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo hein batean. Legeek ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da diru-laguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sorturiko berandutza korrituak pagatzeko eskatzea.

Dirua itzultzeko prozedurak goian aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio eta hasten denetik 12 hilabeteko epean eman beharko da haren gaineko ebazpena.

Entitate onuradunak ia baldintza guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da, diru-laguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

17.-Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren diru-laguntzen onuradunak Diru-laguntzei buruzko Foru Legearen 43. artikuluan eta hurrengoetan diru-laguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira eta han ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

Diru-laguntzen arloko zehapenak erregelamendu bidez finkatzen den prozeduraren arabera ezarriko dira edo, halakorik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraikiz.

18.-Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra bidezko diren errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

19.-Aplikatu beharreko arauak.

Deialdi hau Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren babesean onesten da; beraz, oinarri arautzaileotan jasota ez dagoen guztian, lege hori oso-osorik bete beharko da.

Iragarkiaren kodea: F0927762