147. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2009ko azaroaren 9an hartua, Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa hasten duena. Hori Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorraren 1. atalean ezarrita dagoenaren babespean egin da, eta UPSeko I. Banaketa Eremuko konpentsazio batzordeak sustatu du.

2009ko irailaren 14an, Francisco Javier Lizarraga Berazadi jaunak, "Erripagaineko UPSeko I. Banaketa Eremuko konpentsazio batzordearen eta Unitateko jabeen izenean eta haiek ordezkatuz", eta Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen Lehenengo Xedapen Iragankorraren 1. atalean ezarrita dagoenaren babespean, "Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa" aurkeztu zuen, behar bezala tramitatu eta onesteko.

Aurkezpen idazkian zera agerrarazi zuen: "Iragan irailaren 4an Erripagaineko UPSeko I. Banaketa Eremuko konpentsazio batzordearen Batzar Nagusi Berezia egin zen. Batzar horretan egon zen (bertaratuta edo ordezkarien bidez) konpentsazio batzordeko kide diren jabeen %94,6342" eta, halaber, Batzar horretan "Zuzendaritza Kontseiluak Erripagaineko UPSaren aldaketari buruz egindako proposamena aurkeztea onetsi zen". Bozketan ez zen egon "aurkako botorik, administrazio jardulea abstenitu zen, eta, horrenbestez, konpentsazio batzordearen gainerako kideek aho batez onetsi zuten".

Espediente honetan aldaketa hirukoitza aurreikusten da. Hona hemen aldaketa horren edukia eta horri buruzko iruzkinak:

I. Lehenengo aldaketa

I.1.-Proposamena.

Zera planteatzen da: UPSaren eremuari antolamenduan aurreikusitako bi biribilgune -haietako bat, elipse formakoa, Burlatara eta Areta industrialdera sartzeko, UPSaren ipar-ekialdean, eta bestea hego-ekialdean- eraikitzeko beharrezkoak diren lurzoruak gehitzea, eta lurzoru horiei UPSaren eredu-aprobetxamendua esleitzea, horrela adierazitako lurzoru horiek doan eskuratzen ahalko baitira; horrenbestez, eredu-aprobetxamendu hori ez da aldatuko. Aldaketa horren datuak honako hauek dira:

-UPSaren eremuaren azalera 3.922,26 m² handituko da.

-Azalera horren aprobetxamenduaren gehikuntza honako hau izanen litzateke: 3.922,26 m² x 0,470560 AU/m² (eredu-aprobetxamendua) = 1.845,66 AU.

-Egoitzarako azalera eraikia 2.392,24 m² handitu da.

Azalera eraikiaren gehikuntza honela banatzen da:

-Burlatako Udalaren H 2.2 lurzatiari azalera eraikiko 880 m² gehitu zaizkio, eta, horrenbestez, etxebizitza kopuruari 8 BOE etxebizitza gehituko zaizkio.

-D10.3 lurzatia, familia bakarreko etxebizitza librekoa, zatitu egiten da D10.3.1 lurzatiaren eta D10.3.2 lurzatiaren artean. Lehenengoari D10.3 lurzatiaren azalera eraikia esleitu zaio, 35,51 m² handituta, eta bigarrenak azalera eraiki berria izanen du, 1.476, 73 m², familia bakarreko 8 etxebizitza libreri dagokiona.

Beste alde batetik, espedientean justifikatu egiten da Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legean ezarritako hirigintzako estandar berriak betetzen direla. Estandar horiek ekipamendu publikoen sareari buruzkoak dira, sare horren barnean parkeak, lorategiak, berdeguneak, kirol eremu eta josteta publikoko guneak eta ekipamendu komunitarioak, baita aparkaleku-plazei eta udalez gaindiko hornidura gisako lur erreserbari buruzkoak ere.

I.2.-Iruzkina.

Aurrekoa ikusita, lehenengo aldaketa hori zuzentzat jo da.

II. BIGARREN ALDAKETA

Bigarren aldaketa honen xedea UPSaren eraikigarritasuna handitzea da, Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorrean horri buruz ezartzen diren determinazio eta irizpideen arabera.

II.1.-Legezko aurrekaria.

6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorrak zehazten duenez, 35/2002 Foru Legeak indarra zuelarik tramitatutako planei dagozkien sektore edo unitateetan, eta foru lege honek indarra hartzean banaketa parekaturako proiektuak behin betiko onetsita dituzten sektore edo unitateen kasuan, eraikigarritasuna handitzea dakarten aldaketak onesten ahalko dira, baldin eta etxebizitzetarako garapenari lotutako azpiegiturak eta zerbitzuak oztopo ez badira aldaketa horietarako, eta handitzea, gehienez ere %30ekoa bada, horien determinazioak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 53. artikuluan jasotako estandarretara egokitzeko beharrik gabe, betiere baldintza hauek betetzen badira:

a) Aldaketaren esparrua sektore edo unitate osoa izatea.

b) Hirigintzako aprobetxamendu homogeneizatuaren gehikuntzarik ez eragitea, ezta erabilitako homogeneizazio koefizienteen aldaketarik ere.

c) Foru lege honek indarra hartu eta hurrengo hiru hilabeteetan aurkeztea, onets dezaten.

d) Proposatutako eraikigarritasun gehikuntzaren %80, gutxienez, etxebizitza babestuak eraikitzeko erabiltzea.

Xedapen Iragankor horren babespean bigarren aldaketa horretan Erripagaineko UPSaren eraikigarritasuna handitzea proposatzen da, xedapenak ondorio horretarako aipatzen dituen inguruabarrak plan horretan agertzen direlako.

II.2.-Aurkeztutako espedientean egiten den planteamendua.

A) Xedapen iragankorra aplikatzeko kontuan hartzen den eraikigarritasuna egoitzarako 455.851,38 m² da (horiek arestian deskribatutako lehenengo aldaketaren ondoriozkoak dira), gehi 13.639,74 m² hirugarren sektoreko erabilerarako beheko solairuan eta eraikin exentuan (hori indarreko UPSean aurreikusita dago). Horrek 469.491,12 m² ematen ditu guztira. Beraz, baimendutako gehikuntza kopuru horren %30 izanen litzateke, hau da, 140.847,34 m²-ko gehikuntza; eta lor daitekeen gehieneko azalera eraikia hau izanen litzateke: 469.491,12 + 140.847,34 = 610.338,46 m².

B) Proposatutako eraikigarritasun gehikuntzaren %80, gutxienez, etxebizitza babestuak eraikitzeko erabiltzearen baldintzatik, espedientean hau ondorioztatzen da: a) etxebizitza librearen eraikigarritasuna handitzea planteatzen ahal da, gehikuntza osoaren %20 muga izanik; horrenbestez, etxebizitza librerako indarrean dagoen azaleraren %6 gehienez; eta b) eraikigarritasun gehikuntza osoaren %80 etxebizitza babesturako erabili behar da, portzentajerik zehaztu gabe edo motak mugatu gabe, eta gehikuntza hori etxebizitza librearen eraldaketatik etorri behar denik ezarri gabe, baina zati batean etxebizitza babestuko lurzatien eraikuntza-hazkuntzatik etortzen ahal dela kontuan izanik.

C) Beste baldintza honako hau da: proposatutako aldaketak ez du eragin behar hirigintzako aprobetxamendu homogeneizatuaren gehikuntzarik, ezta erabilitako homogeneizazio koefizienteen aldaketarik. Baldintza hori betetzeko helburuz, bada, zera planteatzen da: eraikigarritasunaren gehikuntza, etxebizitza libreetako lurzatietan nahiz etxebizitza babestuetako lurzatietan, espazio jakin batzuk (atariak, eskailerak, eskailera-buruak, etab.) eta eraikuntza elementu jakin batzuk (fatxaden hormak eta etxebizitzak bereizteko hormak) ez zenbatzearen ondorioa izatea, batzuek zein besteek ez dutelako azalera erabilgarririk sortzen. Horrela, aldaketa hau onesten denetik aurrera, espazio eta elementu horiek guztiek okupatzen duten azalera eraikia ez da egonen gehieneko eraikigarritasuna betetzearen ondorioetarako zenbatzen ahal den azaleraren barnean. Aipatutako eraikuntza elementuak ez zenbatzeari dagokionez, zera argudiatzen da: eraikuntzaren kode teknikoaren ondorioz duela gutxi sortu diren araudiak direla-eta elementu horien kopurua nabarmen gehitu da, arrazoi termiko eta akustikoengatik, eta, horregatik, azalera erabilgarria nabarmen murriztu da; horrenbestez, guztira eskuragarri dagoen irabazizko eraikigarritasuna ere gutxitu da, azalera eraikiaren eta azalera erabiliaren arteko erlazioa nabarmen gehitzen delako, 6/2009 Foru Legearen zioen azalpenean azaltzen den bezala.

Ondorioz, orokorrean zera planteatzen da: egoitza erabilerarako eraikitako azalera orokorrean zenbatzean guztientzako elementu horiei dagokiena eta fatxaden eragina eta etxebizitzen arteko banaketa bazter uztea, horiek guztiek guztira hartuta azaleraren %20,40ko gehikuntza dakartelako, lehengo azalerarekin alderatuta, proiektu bakoitzean banakako justifikazio gehigarririk eskatzea beharrezkoa izanen ez dela. Salbuespenezko neurri horren bidez planak esleitutako eraikigarritasunak araudi berriek kalitate funtzionalaren nahiz eraikuntzazko kalitatearen, kalitate termikoaren, akustikoaren eta abarren arloan ezarritako eskakizun eta estandarretara egokitzen direla uste da, espedientean adierazten denez, eta, beraz, bat dator 6 /2009 Foru Legearen zioen azalpenean azaltzen diren gogoetetako batekin.

Modu horretan aurreikusitako azalera errazago zenbatzeko helburuz, azalera eraikigarrien taula txertatzen da, hirigintzako lurzatien arabera banatuta. Taula horretan agertzen da arau hau aplikatzearen ondorioz sortzen den azaleren gehikuntzaren azken emaitza, eta, horrenbestez, ez da beharrezkoa lehenago adierazi diren deskontuak aplikatzea.

Bigarren aldaketa hori egituratzeko irizpideak deskribatutakoan, aldaketa hori espedientean modu honetan taxutzen da:

-Etxebizitza libreen guztirako eraikigarritasuna murriztu da (23.510 m²), eta batik bat "C" motako unitateetatik eta zati batean "D" motako unitateren batetik kendu da, eraikigarritasun horri dagozkion aprobetxamendu unitateak PTEetarako eraikigarritasun bihurtzen dela.

-Familia bakarreko etxebizitzako erabilera aldatu egiten da (homogeneizazio koefizientea: 1,05) egoitza kolektibo librera (homogeneizazio koefizientea: 1,00) D motako lurzati gehienetan; ondorioz eraikigarritasuna ere handitzen da.

-Gainerako eraikigarritasuna agortzeko -eta gutxi gorabehera baimendutako %30era heltzeko- UPSeko lurzati guztietan hirigintzako aprobetxamendua kalkulatzearen ondorioetarako zenbatu ezin den eraikigarritasunaren gehikuntza planteatzen da, lehenago azaldu den bezala. Horrela, 6/2009 Foru Legearen 1. puntuko d) letrak ezartzen dituen baldintzak beteko dira.

-Jabe bakoitzari esleitutako eraikigarritasunen kokalekuetako batzuk aldatzen dira, eta lurzati batzuetan kalifikazio xehatua aldatzen da, horrela etxebizitza babestuari dagokion eraikigarritasuna eraikuntza-kostu txikiagoko etxebizitzen tipologiak dituzten unitate morfologikoetan kokatu ahal izateko moduan. Horrela, etxebizitza libreak eraikuntza-kostu handiagoak aurreikusita dituzten orubeetan kokatuko dira.

Eragiketa horien bidez I. Banaketa Eremurako erabilera batzuen eta besteen arabera proposatzen den guztirako egoitza eraikigarritasuna jarraian ageri den taulan agertzen da. Taula horretan parentesi artean adierazten da UPSean indarrean dagoen eraikigarritasuna, eta jarraian aldaketaren ondoriozko eraikigarritasuna:

Babes ofizialeko etxebizitza kolektiboa (BOE): (110.711,50 m²)
147.597,81 m².

Prezio tasatuko etxebizitza kolektiboa (PTE): (108.680,00 m²)
189.271,24 m².

Etxebizitza librea: (191.027,64 m² + 45.432,24 m² = 236.459,88 m²) 257.933,66 m².

Egoitza eraikigarritasuna, guztira: (455.851,38 m²) 594.802,71 m².

Beraz, I. Banaketa Eremuko emaitzazko eraikigarritasuna, guztira, (Egoitzakoa gehi hirugarren sektorekoa/merkataritzakoa) hau izanen litzateke: 594.802,71 + 13.639,74 = 608.442,45 m² (< 610.338,46 m²).

Datu horiek kontuan hartuta aldaketaren sustatzaileak hau ondorioztatzen du:

-Emaitzazko guztirako kopurua ikusita, eraikigarritasunaren gehikuntza litekeen gehieneko gehikuntza baino txikiagoa da.

-Etxebizitza libreko eraikigarritasunaren gehikuntza guztirako gehikuntzaren %15,45 da; beraz, onartzen den %20 baino txikiagoa da.

-Etxebizitza babestuko eraikigarritasunaren gehikuntza guztirako gehikuntzaren %84,55 da; beraz, ezarrita dagoen gutxieneko %80 baino txikiagoa da.

-35/2002 Foru Legearen 52.1 artikuluan ezarrita dagoena (etxebizitzetarako ahalmen berriaren %25 BOEetarako erabil dadila eskatzen da artikulu horretan) bete egiten da. Izan ere, BOEetarako erabili beharreko azalera eraikiaren gehikuntzak guztirako gehikuntzaren %26,55eko portzentajea egiten du.

Araudiaren Fitxa partikularretan UPSeko I. Banaketa Eremuko lurzatien ezaugarri nagusiak eta azalera eraikigarri berriak agertzen dira.

II.3.-Iruzkina.

1. 6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorrak zehazten duenez, 35/2002 Foru Legeak indarra zuelarik tramitatutako planei dagozkien sektore edo unitateetan, eta foru lege honek indarra hartzean banaketa parekaturako proiektuak behin betiko onetsita dituzten sektore edo unitateen kasuan, eraikigarritasuna handitzea dakarten aldaketak onesten ahalko dira. Espediente honetan adierazitako inguruabar horiek gertatzen dira, eta horrenbestez, aipatutako xedapena aplikatzen ahal da.

2. Halaber, zera zehazten da: "Eraikigarritasuna handitzea dakarten aldaketak onesten ahalko dira, baldin eta etxebizitzetarako garapenari lotutako azpiegiturak eta zerbitzuak oztopo ez badira aldaketa horietarako". Espedientean ez da inon ere aipatzen nahitaezko baldintza hori; horregatik, Hezkuntzan, Osasunean, Gizarte Zerbitzuetan eta Herri Lanetan eskumenak dituzten departamentuei eta Iruñerriko Mankomunitateari txostenak eskatu zaizkie, eta txosten horien ondorioak kontuan hartuko dira espedientearen ebazpenean. Halaber, I. Banaketa Eremuko konpentsazio batzordeari eskatu zaio eremu horren urbanizazio proiektua idatziko duten teknikariek txosten baten bidez jakinaraz dezatela urbanizazio proiektu horren arabera aurreikusitako eta gauzatutako azpiegitura eta zerbitzuek aurkeztu den aldaketan proposatutako eraikigarritasun gehikuntzaren ondoriozko etxebizitzen kopururik handiena barnean hartzeko beharrezkoa den ahalmen nahikoa duten ala ez. Txosten hori espedientea ebatzi baino lehen eduki beharko da. Azkenik, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari ere txostena egiteko eskatu zaio.

3. Foru legeak azaltzen duenez, eraikigarritasuna handitzen ahalko da "gehienez %30era arte", baina hala ere ez da zehazten egoitzako eraikigarritasuna ala guztirako eraikigarritasuna den. Espedientean abiapuntuko eraikigarritasun gisa eraikigarritasun osoa erabiltzen da -egoitzakoa gehi hirugarren sektorekoa-. Planteamendu hori onartzen ahal da, legeak bereizketarik egiten ez duen gaietan ez dagoelako bereizketarik egiterik.

4. Aldaketa hori onesteko bete behar diren baldintzetako bat da "proposatutako eraikigarritasun gehikuntzaren %80, gutxienez, etxebizitza babestuak eraikitzeko erabiltzea. Baldintza horren irakurketatik sustatzaileak hau ondorioztatzen du: a) etxebizitza librerako eraikigarritasuna handitzea planteatzen ahal da, gehienez ere proposatutako eraikigarritasun gehikuntzaren %20; eta b) eraikigarritasun gehikuntza osoaren %80 gutxienez etxebizitza babesturako erabili behar da, eta hori portzentajerik zehaztu gabe edo motak mugatu gabe, eta gehikuntza hori etxebizitza librearen eraldaketatik etorri behar denik ezarri gabe, baina zati batean etxebizitza babestuko lurzatien eraikuntza-hazkuntzatik etortzen ahal dela kontuan izanik.

Bada, ez dago eragozpenik hasieran interpretazio horiek onesteko -dena dela xehetasun bat egin da, hau da, gehikuntza hori "zati batean etxebizitza babestuko lurzatien eraikuntza-hazkuntzatik etorri ahal izatea" PTEak BOE bihurtzen direnean, PTEen homogeneizazio koefizientea BOEen homogeneizazio koefizientea baino handiagoa delako-, baldin eta batera eta aldi berean betetzen badira lehenagoko 3. puntuan azaldu den baldintza (gehikuntza gehienez %30 handitzea) eta hurrengo puntuan deskribatzen direnak. Dena dela, ziurtatu eginen da egoitzarako ahalmen berriaren %50, gutxienez ere, babes publikoko araubidea duten etxebizitzak eraikitzeko erabiliko dela eta horietatik erdia, gutxienez, babes ofizialeko etxebizitzak izanen direla.

5. Azkenik, beste baldintza da eraikigarritasunaren gehikuntzak "ez duela eragin behar hirigintzako aprobetxamendu homogeneizatuaren gehikuntzarik, ezta erabilitako homogeneizazio koefizienteen aldaketarik ere"; horri dagokionez adierazi behar da izatez bi baldintza diren horiek betetzeko espedientean egiten den planteamendua ez dagoela erabat justifikatuta.

Alde horretatik zera adierazi behar da: aldaketan deskribatu egiten dira egin diren eragiketak eta hirigintzako lurzatien bidez "handitutako" azalera eraikigarriak ezartzeko erabili diren irizpideak. Azalera horien barnean, beraz, "irabazizko eraikigarritasuna" zehazterakoan eta, ondorioz, hirigintzako aprobetxamendu homogeneizatu orokorra -6/2009 Foru Legearen arabera gehienez indarreko UPSean ezarritakoa izan behar dena- zehazterakoan zenbatzen ez diren azalerak daude. Hala eta guztiz ere, ez dira argi eta garbi azaltzen egindako kalkuluak, ezta azalera horiek lortzeko egin diren urratsak ere, eta ez da justifikatzen hirigintzako aprobetxamendu homogeneizatu orokorra handitu ez dela, ezta dagozkien homogeneizazio koefizienteak aldatu ez direla ere.

Beraz, eta espediente honen tramitazioa hasteko eragozpen izan gabe, beharrezkoa izanen da 6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorrean agintzen denaren arabera espedientea ebatzi baino lehen justifikatzea proposatutako eraikigarritasunaren gehikuntzak "ez duela eraginen hirigintzako aprobetxamendu homogeneizatuaren gehikuntzarik, ezta erabilitako homogeneizazio koefizienteen aldaketarik ere".

III. HIRUGARREN ALDAKETA

Erripagaineko UPSaren Hirigintzako Araudiaren artikulu batzuen aldaketa proposatzen da, artikulu horiek araudi hori idatzi zenetik arauetan gertatu diren aldaketetara egokitzeko, baita bigarren aldaketan proposatu diren aldaketetara egokitzeko ere. Halaber, dagozkien udaletan lizentzia eskatuta duten proiektu jakin batzuen tramitazioan sortu diren zalantza edo kontraesan batzuk argitzea helburu duten unean uneko aldaketa batzuk proposatzen dira.

Jarraian artikuluz artikulu deskribatuko dira proposatzen diren aldaketak, eta horiei buruz egokia den iruzkina eginen da.

13. artikulua. Definizioak.

Artikulu horri buruz, l) atala, "Azalera eraiki osoa", aldatzea proposatzen da. Azalera hori, atalaren indarreko idazkeraren arabera, "142/2004 Foru Dekretuaren arabera neurtuko da". Hala ere, -jarraian azaltzen denez-, "hirigintzako aprobetxamendua kalkulatzeko, azalera eraikia zenbatu eta neurtzerakoan, arau hauek hartuko dira kontuan", eta arau horietako baten bat da aldatu nahi dena.

a) 1. araua honela dago idatzita: "1.-Oro har, kasuan kasuko erabilerarako eraikitako azalera hartuko da kontuan."

Honela idaztea proposatzen da:

"1. Orokorrean, kasuan kasuko erabilerarako eraikitako azalera hartuko da kontuan, eta egoitza erabileren kasuan, bazter utziko da guztientzako elementuei (atariak, eskailerak, eskailera-buruak, etab.), fatxaden eraginari eta etxebizitzen arteko banaketari dagokiena, horiek guztiek azaleraren %20,40ko gehikuntza dakartelako, lehengo azalerarekin alderatuta, proiektu bakoitzean banakako justifikazio gehigarririk eskatzea beharrezkoa izanen ez dela. Modu horretan aurreikusitako azalera errazago zenbatzeko helburuz, azalera eraikigarrien taula txertatzen da, hirigintzako lurzatiz lurzati zenbatuta. Taula horretan agertzen da arau hau aplikatzearen ondorioz sortzen den azaleren gehikuntzaren azken emaitza, eta, horrenbestez, ez da beharrezkoa lehenago adierazi diren deskontuak aplikatzea. Azalera eraikigarri berri horiek UPSeko unitate morfologiko bakoitzaren fitxa partikularretan agertzen dira."

b) 6. araua honela dago idatzita:

"6. Blokean taldekatutako eraikinetan estalkipeko espazioa kontuan hartuko da aprobetxamendurako, salbu eta hutsik uzten denean edo 15 m²-tik beherako trastelekuak egiten direnean, etxebizitza bakoitzeko bat, gehienez ere. Instalazio gelen azalera ere ez da kontuan hartuko.

Familia bakarreko etxebizitzen kasuan estalkipean 1,50 m-tik gorako altuera librea daukan aldea baino ez da zenbatuko".

Honela idaztea proposatzen da:

"6. Blokean taldekatutako eraikinetan estalkipeko espazioa eta azken solairuan estalita dauden espazioak, Erripagaineko UPSak onartzen duen gehieneko bolumenaren inguratzailearen barruan, ez dira zenbatuko onartzen den gehieneko eraikigarritasuna betetzearen ondorioetarako, honako erabilera hauetarako erabiltzen direnean: terrazak, instalazioen gelak, 15 m²-tik beherako trastelekuetarako espazioak, etxebizitza bakoitzeko bat, gehienez ere, eta horien sarbideak nahiz banaketa espazioak".

Iruzkina.

Lehenengoz zera adierazi behar da: 13. artikuluan, "Definizioak", horren barnean dagoela aldaketaren xede den l) atala, "Azalera eraiki osoa", Hirigintzako Araudian eta azken batean UPSean erabiltzen diren termino edo adierazmoldeen esanahia azaltzen da. Terminoetako bat, d) atalean ("Eraikigarritasuna") agertzen dena, honela azaltzen da: "Planak unitate morfologiko bakoitzari eta eraikin bakoitzari esleitzen dien azalera eraikiaren definizioaren bidez zehazten da eraikigarritasuna, artikulu honen "L" atalean ezarritako neurketa irizpideei jarraituz". Beraz, "azalera eraikia" Araudian, lehenengoz, "eraikigarritasuna" zehazten duen kontzeptua da. Beste kontu bat da, adibidez, "hirigintzako aprobetxamendu homogeneizatua" kalkulatzearen ondorioetarako "erabileraren arabera zenbatzen ahal den azalera eraikia" zein izanen litzatekeen ezartzea -aurrekoaren berdin-berdina zertan izan behar ez dena-, azken batean, "erabileraren araberako irabazizko eraikigarritasuna".

Aldaketaren xede den l) atalaren edukian agertzen dira aurreko gogoetan aipatu bezala azalera eraikia zer den ulertzeko askotariko moduen ondorioak, eta azalera eraiki horri esleitzen zaizkion askotariko edukien ondorioak ere bai. Izan ere, atal horren arabera, azalera eraiki osoa "142/2004 Foru Dekretuaren arabera neurtuko da" -Dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen ditu, besteak beste etxebizitzen eta eranskinen azalera eraikiak eta azalera erabilgarriak-, eta jarraian, salbuespen hau ezartzen du: "Hirigintzako aprobetxamendua kalkulatzeko, azalera eraikia zenbatu eta neurtzerakoan, arau hauek hartuko dira kontuan", eta arau horietako bi, 1.a eta 6.a, aldatzea proposatu da. (Zehaztu beharko litzateke 142/2004 Foru Dekretuari buruzko aipamena ez litzatekeela nagusi izan behar "Azalera eraiki osoa" bezalako kontzeptu bat deskribatzeko; izan ere, dekretu hori etxebizitzei buruzkoa da, eta azalera eraiki osoaren kontzeptua, aldiz, UPSaren erabilera guztiei buruzkoa).

Horrenbestez, araudiaren 13. artikuluko l) ataleko ("Azalera eraiki osoa") 1. arauari buruz proposatzen den aldaketaren zuzenketa aztertzeko, honako hau hartu behar da kontuan: aldaketa hori sustatzaileak 6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorrean ahalbidetzen den eraikigarritasun gehikuntza lortzeko erabiltzen dituen irizpideak aipatu atalean aplikatzearen ondorioa da. Gehikuntza horrek, bestalde, ez du ekarri behar UPSeko "(lehendik dagoen) hirigintzako aprobetxamendu homogeneizatuaren gehikuntzarik", "ezta erabilitako homogeneizazio koefizienteen aldaketarik" ere, eta, 2. aldaketarako egindako iruzkinean azaltzen den bezala, baldintza horiek bete izana justifikatu egin behar da. Ikuspegi horretatik, ez dauka zentzurik atala planteatu den bezala aldatzeak.

Hala ere, unitate morfologiko bakoitzaren fitxen edukiaren arabera, fitxa horietan zehazten baitira "sotoak gehienez har dezakeen azalera" (edo sotoko azalera eraikia) eta "Sestra gaineko solairuetako gehieneko azalera eraikia" -bigarren kasu horretan egoitza erabileretarako azalera eta hirugarren sektoreko erabileretarako azalera bereizita-, baliteke Araudiaren 13. artikuluko gaur egungo l) atalean ezartzen diren arauak lizentzien mendeko egikaritze proiektuetan aipatu fitxek ezartzen duten gehieneko azalera eraikia aplikatzearen eta betetzearen ondorioetarako balio izatea.

Azkenik, 6. arauaren aldaketa onargarritzat jotzen da. Dena dela, "Familia bakarreko etxebizitzen kasuan estalkipean 1,50 m-tik gorako altuera librea daukan aldea baino ez da zenbatuko" dioen paragrafoari eutsiko zaio.

46. artikulua. Hegalkin itxiak.

Artikulu honi eragiten dioten aldaketak onartutako hegalkinak zenbatzeko moduari buruzkoak dira -orain honela zenbatzea proposatzen da: "Araudi Partikularreko lerrokaduren planoetan edo fitxetan ezarritako gehieneko lerrokadura-lerrotik aurrera", eta ez "fatxadaren paramentutik"-, baita hegalkin itxien luzera osoari buruzkoak ere; azken hori, indarrean dagoen araudian gehienez ere "fatxadako luzeren baturaren bi heren" da, eta orain luzera hori librea izatea proposatzen da. Halaber, hegalkinaren azpialdearen eta espaloiaren arteko gutxieneko distantzia -hegalkina bide publikoaren gainean dagoenean- 3,50 m izatea proposatzen da.

Iruzkina: aldaketa hori hasieran onargarritzat jotzen da.

77. artikulua. Lorategia zaintzea.

Artikulu honetan erabilera publikoko espazio librerako erabili beharreko lurzoruaren sestraren eta lurrazpiko garajeen gaineko harlauzaren artean eskatzen den gutxieneko altuera aldatzea proposatzen da. Horrela, gaur egun eskatzen den altuera -metro bat- orain 0,80 metro izanen da.

Iruzkina: aldaketa hori onargarritzat jotzen da.

102. artikulua. Determinazio orokorrak I. Banaketa Eremurako.

a) Artikulu honetan I. Banaketa Eremuaren azalera, hirigintzako aprobetxamendurako eskubidea duen azalera, egoitza erabileretarako eta ekipamendu pribaturako gehieneko azalera eraikia, irabazizko gehieneko azalera eraiki osoa eta lurzati libre pribatuen azalera aldatzea proposatzen da, azalera horiei buruz aurreko aldaketetan proposatzen diren eraldaketen arabera.

b) Beheko solairuan hirugarren sektoreko erabilerak dituzten etxebizitza kolektiboen tipologiari dagokionez, zera proposatzen da: egoitza jardueraren elementu komunetarako azalera eraikia hirugarren sektoreko erabileretarako azalera eraikiaren kaltetan handitzen ahal da, indarreko araudiaren arabera, baina betiere "behar bezala justifikatuta" egin beharko da.

c) Beste alde batetik, paragrafo hau ezabatzea proposatzen da: "Erabilera anitzeko ekipamendurako lurretan, eremuaren ekialdean, hiri hondakinen bilketaren zentrala egin nahi da."

d) Azkenik, honako bi paragrafo hauek gehitzea proposatzen da:

"Beheko solairuan lurzoru libre pribatua duten lurzatietan etxebizitzetara sartzeko atariek gehienez 4 metroko zabalerako zerrendak okupatzen ahalko dituzte atari bakoitzean, etxebizitzen sarbideak bertan kokatzeko".

"C eta D motako lurzatietan lurzatien beheko solairuko okupazioan aldaketa justifikatuak sartzea onartzen ahalko da, garajeen arrapalak edo eraikinetara sartzeko atariak ezartzeko. Atari horiek gehieneko lerrokaduraraino heltzen ahalko dira atzeraeman behar izan gabe. Kasu horietan, lurzatien jabeek eskuratutako aprobetxamendu eskubideak ez dira doitu behar. Sotoek azalera osoa okupatzen ahalko dute. Aurrekoa gorabehera, lurzati libre pribatuaren %20 gutxienez berdegunerako eta tamaina ertaineko zuhaitz espezieak landatzeko erabili beharko da."

Iruzkina.

a) aldaketa: aldaketa horri buruz bidezkoa da zera adieraztea: planteatzen diren aldaketak aurreko bi aldaketen emaitzaren mendean daude, eta espedientea ebatzi ondoren, aldaketa horiek Testu Bategin egokian txertatuko dira.

b) aldaketa: aldaketa hori onargarritzat jotzen da.

c) aldaketa: hiri hondakinen bilketaren zentralaren instalazioa burutu den arren, instalazio hori aipatzen duen paragrafoa kendu behar ez dela uste da.

d) aldaketa: gehitutako paragrafoetako lehenengoa onargarritzat jotzen da. Bigarren paragrafoa argitu beharko litzateke: "Lurzatietako beheko solairuko okupazioan aldaketa justifikatuak sartzea onartzen ahalko da, garajeen arrapalak edo eraikinetara sartzeko atariak ezartzeko" esaten da, eta nolako aldaketa justifikatuak aipatu nahi diren argitzeko adibide grafikoren bat eman beharko litzateke. Proposamenaren gainerako zatia -sotoen okupazioa eta berdeguneen gutxieneko portzentajea eta tamaina ertaineko zuhaitz espezieak landatzea- onartzen ahalko litzateke.

103. artikulua. Determinazio partikularrak I. Banaketa Eremu osorako. A, B, C, D, E, F, G eta H unitate morfologikoak.

Espedienteak artikulu hori aldatzea proposatzen du, aldaketa batzuk sartzeko. Aldaketa horietako batzuk aurreko lehenengo eta bigarren aldaketek behartzen dituzte.

Aldaketarik esanguratsuenetako bat UPSak ezartzen duen "eredu-etxebizitza"ri buruzkoa da: eraikitako 110 m² dituen etxebizitza (gutxi gorabehera 90 m² erabilgarri), hiru logelakoa eta beraz lau gela bizigarrikoa. Horri buruz zera argudiatzen da: urte batzuetatik hona, etxebizitza librearen merkatuaren egoeraren ondorioz eredu-etxebizitza gisa hiru logela izan arren 75 eta 80 m² bitarteko azalera erabilgarria duena aurkezten da, eta horrek batez beste 95 m² eraiki ematen ditu lau gela bizigarriko etxebizitza bakoitzeko. Beraz, UPSean aurreikusitako eredu-etxebizitza berria 95 m² eraiki eta 4 gela bizigarrikoa izatea proposatzen da.

Beste aldaketa garrantzitsu bat aparkaleku-plazen moduluei buruzkoa da. Horri dagokionez azaltzen da aurreko bigarren aldaketak eraldaketa tipologikoak eragiten dituela, batik bat C eta D unitateetan. UPSean D motako lurzatietan etxebizitza bakoitzeko 2 garaje plaza aurreikustera behartzen zen. Estandar horrek egokia dirudi familia bakarreko etxebizitzen kasuan, baina lurzatiak etxebizitza kolektiborako erabiltzen badira badirudi arrazoizkoa izanen dela garaje-plazen estandarra UPSaren araudian etxebizitza kolektiboetarako eskatzen dena izatea, gune batzuetan zein besteetan kokatuta egon. Ohar berbera egin daiteke C motako unitateei buruz.

Beste alde batetik zera argudiatzen da: etxebizitzen kopurua handituz gero sotoan eraiki beharreko aparkaleku-plazen kopurua ere handituko bada, badirudi arrazoizkoa dela hirugarren soto bat eraiki behar ez izatea lehenengo bi sotoetan etxebizitza bakoitzeko eta egoitzaz bestelako erabilerako 100 m²-tik behin garaje-plaza nahikoak lortzen badira, UPSean PTEen edo etxebizitza libreen eraikinetan planteatzen den estandarra -etxebizitza teoriko bakoitzeko 1,3 plaza- betetzera heldu gabe.

Aurreko bi proposamenek UPSaren Hirigintzako Araudiaren 103. artikuluko determinazio batzuei eragiten diete, eta, ondorioz, determinazio horiek aldatzen dira. Era berean, eraikuntza arloko alderdi batzuei eta urbanizazio baldintzei eragiten dieten aldaketa zehatz batzuk sartzen dira.

103.1. artikulua. Determinazio funtzionalak.

1 a) Determinazio horien artean honako hau agertzen da:

''Sustapen bakoitzean, etxebizitza multzoak dituen gela bizigarrien kopurua, guztira, hau izanen da gehienez: etxebizitzetarako azalera eraikia zati 110 eta bider lau eginez ateratzen dena. Betiere, bi gela bizigarri dituzten etxebizitzak gehienez ere sustapeneko etxebizitza guztien %40 izanen dira''.

Honako aldaketa hau proposatzen da:

"Sustapen bakoitzean, etxebizitza multzoak dituen gela bizigarrien kopurua, guztira, ondokoa izanen da gehienez: etxebizitzetarako azalera eraikia zati 95 eta bider lau eginez ateratzen dena".

1.b) Aurreko paragrafoari honako paragrafo hau gehituko zaio:

"Familia bakarreko etxebizitzetarako erabili beharreko lurzatien kasuan, eraikitzen ahal diren etxebizitzen gehieneko kopurua aldaketa honek lurzati bakoitzari esleitzen dion egoitza eraikigarritasuna zati 150 eginez lortuko da".

1.c) Aparkalekuei dagokienez, indarrean dagoen UPSak honako determinazio hauek planteatzen ditu:

-Etxebizitzen gutxi gorabeherako kopurua erreferentzia hartuta, aparkatzeko 2 toki izan behar dira D guneko etxebizitza bakoitzeko, 1,5 toki C guneko etxebizitza bakoitzeko, toki bat araubide orokorreko babesa duen etxebizitza kolektibo bakoitzeko, 1,3 toki aipatutako gune eta motetatik kanpoko etxebizitza kolektibo bakoitzeko, eta toki bat egoitzaz besteko gainerako erabileretarako eraikitako 100 m²-ko. Aparkatzeko toki horiek guztiak espazio publikotik kanpo egonen dira.

-Honela kalkulatuko da etxebizitzen gutxi gorabeherako kopurua: etxebizitzetarako aurreikusitako gehieneko azalera eraikia zati 180 eginen da D gunean, eta zati 110 gainerako guneetan.

-Edozein sustapenetan, etxebizitzen gutxi gorabeherako kopurua gainditzea aurreikusten bada, aparkatzeko plaza bat egin beharko da espazio publikotik kanpo, gutxi gorabeherako kopuru horretatik gorako etxebizitza bakoitzeko.

-Urbanizazio proiektuan aurreikusi ahal izanen da espazio publikoa hartzea sotoko garaje-aparkalekuetarako arrapalak egiteko, espazio pribatuan egiterik ez badago. Nolanahi ere, espazio publikoan egiten diren arrapalen diseinua urbanizazio proiektuko diseinuarekin koordinatu beharko da, eta kasu bakoitzean komenigarriak diren konponbide formal eta materialen egokitzapena aurreikusi beharko da.

Honako aldaketa hau proposatzen da:

-Etxebizitzen gutxi gorabeherako kopurua erreferentzia hartuta, aparkatzeko 2 plaza izan behar dira familia bakarreko etxebizitza bakoitzeko, plaza bat, berriz, babes ofizialeko etxebizitza kolektibo bakoitzeko, eta 1,3 plaza gainerako tipologietako etxebizitza kolektibo bakoitzeko nahiz egoitzaz besteko gainerako erabileretarako eraikitako 100 m²-ko. Aparkatzeko toki horiek guztiak espazio publikotik kanpo egonen dira. Halaber, ezarritako plazen erreserba unitate morfologiko bakoitzaren multzo osorako justifikatu beharko da.

-Aparkaleku-plazen gutxieneko aurreikuspena onetsitako birzatiketa proiektuan agertzen den etxebizitzen kopurua erreferentzia gisa hartuz eginen da, eta kopuru horri aparkaleku-plaza bat gehituko zaio, proiektuan agertzen den gainerako etxebizitza bakoitzeko. Hala ere, aurreikuspen horretatik ondorioztatzen denean sotoko bi solairu baino gehiago eraiki behar direla, eta betiere bermatzen bada bi solairu horiek gutxienez etxebizitza bakoitzeko aparkaleku-plaza bateko gutxieneko ekipamendua ziurtatuko dutela, orduan dotazio hori nahikotzat jotzen ahalko da.

1.d) Araudian urbanizazio proiektua aipatzen duten bi paragrafo kentzea proposatzen da, urbanizazio proiektua jada onetsita eta burututa dagoela kontuan hartuta. Lehenengo paragrafoa barneko diseinua inguruan lehendik dauden elementuei egokitzeari buruzkoa da, eta, bigarrena, telebista antena kolektiboak paratzeko tokiak egokitu ahal izateari buruzkoa.

1.e) Halaber, honako paragrafo hau kentzea proposatzen da: "Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, behin-behineko kalifikazioa edo eraikuntza proiektuei buruzko txostena eman aurretik, sustatzaileei eskatzen ahalko die legezko estandarrak bete ditzatela, benetan proiektatutako etxebizitzen kopuruaren arabera".

Iruzkina.

1 a), 1 b) eta 1 e) aldaketak: indarreko UPSaren memorian zera esaten da: "Gutxi gorabeherako etxebizitza kopurua honako hipotesi hau aplikatzearen emaitza da: etxebizitza kolektiboen batez besteko azalera eraikia 110 metro karratukoa izanen litzateke, eta familia bakarreko etxebizitzen nahiz duplex erako etxebizitzen batez besteko azalera eraikia, aldiz, 180 metro karratukoa izanen litzateke". Ateratzen den etxebizitzen "gutxi gorabeherako" kopurua ekipamenduak ezartzeko oinarria izan zen, bereziki bide publikoko aparkalekuen kopurua ezartzeko. (Araudiaren 102. artikuluan -"Determinazio orokorrak I. Banaketa Eremurako"- "Etxebizitzetarako eta ekipamendu pribaturako gehieneko azalera eraikia" agertzen da, baina determinazio gisa ez da agertzen etxebizitzen kopurua).

Parametro berbera, "Etxebizitza kolektiboen batez besteko azalera eraikia" 110 metro karratukoa izatea, sustapen bakoitzeko etxebizitza multzoak dituen gela bizigarrien gutxi gorabeherako kopurua ezartzeko erabili zen. Bestalde, determinazio hori Araudian txertatu zen UPSeko sustatzaile kideek egindako alegazio baten ondorioz, baina beste determinazio honekin batera: "Edozein sustapenetan, etxebizitzen gutxi gorabeherako kopurua gainditzea aurreikusten bada, aparkatzeko plaza bat egin beharko da espazio publikotik kanpo, kopuru horretatik gorako etxebizitza bakoitzeko", eta 1 E) aldaketaren arabera kendu nahi den beste determinazio honekin batera ere: "Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak, behin-behineko kalifikazioa edo eraikuntza proiektuei buruzko txostena eman aurretik, sustatzaileei eskatzen ahalko die legezko estandarrak bete ditzatela, benetan aurreikusitako etxebizitzen kopuruaren arabera".

Kontuan hartu behar da, halaber, 6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorrak aukera ematen duela eraikigarritasuna gehienez ere %30 handitzeko, "horien determinazioak (UPSekoak) Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 53. artikuluan jasotako estandarretara egokitzeko beharrik gabe", betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira, hau da, ekipamenduei dagokienez indarrean dagoen planteamenduari eutsita.

Sustapen jakin batean bi gela bizigarri dituzten etxebizitzak gehienez ere sustapeneko etxebizitza guztien %40 direla eta egon daitezkeen gainerako gela bizigarriak 3 gelako eta 4 gelako etxebizitzen artean berdin banatzen direla emanda, aldatu nahi den determinazioa sustapen horri aplikatuta, azken etxebizitza kopurua %27 handiagoa izanen litzateke, etxebizitza guztiak 4 piezakoak direla kontuan hartuta aterako litzatekeena baino. Beraz, batez besteko 95 m²-ko azalera erabiliz gero, emaitzak erabat neurriz kanpokoak izanen lirateke.

Interesgarria da honako hau egiaztatzea: gela bizigarrien gehieneko kopurua familia bakarreko etxebizitzetan kalkulatzearen metodo berbera aplikatuta (hau da, familia bakarreko etxebizitzetarako azalera eraikia zati 110 eta bider lau egitea), eta eraikitako 180 m² dituzten 11 etxebizitzako sustapena kontuan hartuta, 72 gela bizigarri aterako lirateke, eta besteak beste emaitza hauek lortuko lirateke: 6 gela bizigarriko 12 etxebizitza, etxebizitza bakoitzeko 165 m² eraikikoak; edo 5 gela bizigarriko 14 etxebizitza, etxebizitza bakoitzeko 141,5 m² eraikikoak.

Horrenbestez: ez dira onartu behar 1 a) eta 1 b) aldaketak. Dena dela, gela bizigarrien gehieneko kopurua kalkulatzeko modua familia bakarreko etxebizitzetan ere aplikatuko da. 1 e) determinazioa kentzea planteatzeko modukoa izanen litzateke, kontuan hartuta 6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorrak ahalbidetzen duen eraikigarritasunaren gehikuntza "horien determinazioak (UPSekoak) Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 53. artikuluan jasotako estandarretara egokitzeko beharrik gabe" egiten ahal dela.

1.c) aldaketa: proposamena onartzen ahal dela uste da.

1.d) aldaketa: urbanizazio proiektua jada onetsita eta burututa egon zein ez, paragrafo horiei eutsi behar zaiela uste da.

103.2. artikulua. Determinazio formalak.

2.a) "Lerrokadurei" dagokienez, paragrafo berri hau txertatzea proposatzen da:

"Ez da beharrezkoa izanen xehetasun azterlanak tramitatzea atikoko solairua kentzeko edo atikoko solairua besterik gabe etxebizitzako solairu bihurtzeko gainerako goiko solairuetarako ezarritako lerrokadurei jaramon eginda. Aldaketa honetan ezartzen diren lerrokadurak ordezko antolamenduko lerrokadurak dira, jada emandako obretako lizentziak dituzten edo aldaketa honetan aurreikusitakoez bestelako lerrokadurak tramitazio bidean dituzten lurzatietarako."

Bestalde, paragrafo hau kentzea proposatzen da: "Betiere, lerrokadura nahitaez errespetatu beharko da espaloiaren barnealdeko zintarrian".

2.b) Urbanizazio proiektuan aurreikusitako espazio publikoaren sestraren eta erabilera publikoko espazioaren azpian dauden sotoen estaldura iragazgaitzaren goiko sestraren artean dagoen espazioari dagokionez (estaldura horren kota -indarreko araudiaren arabera- gutxienez 1,20 metroko sakoneran egon beharko da aipatu espazio publikoaren sestraren kotarekin alderatuta), inguruabar eta egoera jakin batzuetan gutxieneko sakonera hori 0,80 metroraino murrizten ahalko dela esanen duen paragrafoa txertatzea proposatzen da.

2.c) Indarreko Araudiaren bi paragrafo kentzea proposatzen da. Paragrafo horiek udalez gaindiko dotaziorako eremurako eraikuntza lerroari nahiz hiri hondakinen bilketaren zentralaren ezarpenari buruzkoak dira, kasu bietan Burlatatik ekialdeko ingurabiderako errepideari buruz.

Iruzkina.

2.a) aldaketa: aldaketa horren lehenengo zatian planteatzen denez "Ez da beharrezkoa izanen xehetasun azterlanak tramitatzea atikoko solairua kentzeko edo atikoko solairua besterik gabe etxebizitzako solairu bihurtzeko gainerako goiko solairuetarako ezarritako lerrokadurei jaramon eginda", eta zera gehitu beharko da "Eta lurzati bati esleitutako gehieneko azalera eraikiari".

Aldaketaren bigarren zatiari dagokionez adierazi behar da ez dela arrazoirik aurkezten espaloiaren barnealdeko zintarrirako lerrokadurari buruzko paragrafoa kentzeko.

2.b) aldaketa: aldaketa hori onargarritzat jotzen da.

2.c) aldaketa: ez da inolako arrazoirik aurkezten aldaketa honen hizpide diren bi paragrafoak kentzeko, nahiz eta -bigarren paragrafoaren kasuan- hiri hondakinen bilketaren zentrala jada ezarrita dagoen. Ondorioz, paragrafo horiei eutsi egin beharko litzaieke.

103.3. artikulua. Garajeei eta sarbide-arrapalei buruzko determinazioak.

Indarreko Araudiaren arabera, garajeetara sartzeko arrapalak erabilera publikoko espazio pribatuetan jartzeko aukera dago. Aukera horri buruz, arrapala horietarako kokaleku hau proposatzen da: "lehen lerroko Dorreetako ataripeetan; ahal dela, ataripean ezinbestekoa den azalera hartuko da, eta oinezkoentzako bideetarako alternatiba nahikoak egonen dira."

Oharra: hasieran proposamen hori onesten ahal dela uste da, baina proposamen horretan adierazten diren aukerak behar bezala azaldu beharko lirateke, horrela erabakiak jakinaren gainean egonik hartzeko.

103.4. artikulua. Eraikuntza-lanak faseka egiteari buruzko determinazioak.

Eraikinak faseka edo atariz atari eraikitzeko "aldez aurretik oinarrizko proiektu oso bakar bat aurkeztu beharko da, gerora fase bakoitzeko egikaritze proiektuak apurka aurkezteko". Horregatik, faseka edo atariz atari eraikitzeko aukerari buruz, zera proposatu da: aldez aurretik aurkeztu beharreko dokumentua "Aurreproiektua edo oinarrizko proiektu osoa" izanen da.

Iruzkina: aldaketa hori onartzen ahal dela uste da.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak proposatuta,

ERABAKI DU:

1. Erripagaineko Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedientearen tramitazioa hastea. Hori Hirigintza eta Etxebizitzaren arloan Urgentziazko Neurriak Hartzeko ekainaren 5eko 6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorraren 1. atalean ezarrita dagoenaren babespean egin da, eta UPSeko I. Banaketa Eremuko konpentsazio batzordeak sustatu du.

2. 6/2009 Foru Legearen Lehen Xedapen Iragankorrean agintzen denaren arabera espedientea ebatzi baino lehen justifikatzea proposatutako eraikigarritasunaren gehikuntzak "ez duela eraginen hirigintzako aprobetxamendu homogeneizatuaren gehikuntzarik, ezta erabilitako homogeneizazio koefizienteen aldaketarik ere".

3. UPSaren indarreko Hirigintzako Araudiaren artikulu batzuk aldatzeko proposamenak, erabaki honen azalpen zatian "Hirugarren aldaketa" izeneko epigrafean agertzen direnak, azalpen zati horretan beraiei buruz egiten diren iruzkinetan azaldutako ondorioen arabera doitu edota zuzenduko dira.

4. Espedientea, hilabeteko epean, aldi berean jendaurrean eta Aldaketak ukituko dituen eremuetako udalen entzunaldian jartzea.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesdunen eskura Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 3. maila, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

5. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita bi iragarki ere Nafarroako bi egunkaritan, eta jakinaraztea Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, Osasun Zuzendaritza Nagusiari, Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiari eta Herri Lanen Zuzendaritza Nagusiari, Ingurumenaren Kalitaterako Zerbitzuari, Etxebizitza Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Burlatako, Iruñeko, Uharteko eta Eguesibarko Udalei eta UPSeko I. Banaketa Eremuko konpentsazio batzordeari.

Iruñean, 2009ko azaroaren 9an.-Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0926173