147. ALDIZKARIA - 2009ko azaroaren 30a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

2230/2009 EBAZPENA, azaroaren 4koa, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiarena, Ingurumen baimen integratua ematen duena Lizarrako udal mugapean hondakin arriskutsu eta ez arriskutsuen transferentzia instalatzeko. Sustatzailea Chipala Medioambiente, S.L. da.

2008ko apirilaren 30ean, Chipala Medioambiente, S.L.k Ingurumen baimen integratua eskatu zuen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, industria instalazio berri baterako. Hondakin arriskutsu eta ez arriskutsuen transferentziarako eta erregai alternatiboak prestatzeko zentroa izanen litzateke, Lizarran kokatuta.

Instalazio hori Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol integratuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Foru Legearen I. eranskineko 5.1. epigrafean jasota dago, hots, "Hondakin arriskutsuak balioztatzeko instalazioak, erabilitako olioen kudeaketa barne, edo hondakin horiek zabortegiez bestelako lekuetan deuseztatzekoak, 10 tonatik gorako edukiera dutenak eguneko" izenekoan. Beraz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago.

Orobat, instalazio hori Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 2A eranskineko 14. epigrafean jasota dago, hots, "2B eranskinean ageri ez diren hondakin arriskutsuak kudeatzeko eragiketak" izenekoan; beraz, Ingurumen baimen integratuaren araubidearen mende dago. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Industria establezimendua ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Dekretu horrek istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Egin den tramitazio administratiboaren laburpena ebazpen honen V. eranskinean sartu da; aurkeztutako alegazioak, berriz, VI. eranskinean.

Ingurumenaren arloko eskumenak Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuko zuzendariari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko zuzendariari eskuordetzen dizkien urriaren 10eko 426/2007 Foru Aginduaren bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen baimen integratua ematea hondakin arriskutsu eta ez arriskutsuen transferentziarako eta erregai alternatiboak (CSS) prestatzeko zentroa instalatzeko, Chipala Medioambiente, S.L. titular izanik eta Lizarrako udal mugapean kokatuta.

2. Jarduera hori Ingurumen baimen integratuaren eskaeraren oinarrizko proiektuan eta 322/08 espediente administratiboko gainerako agirietan aipatzen diren baldintzei jarraikiz gauzatu beharko da, betiere ebazpen honen II., III. eta IV. eranskinetako neurriak betez.

3. Ingurumen baimen integratuak zortzi urteko indarraldia du. Iraungi baino gutxienez ere hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskatu beharko du, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 30. artikuluan xedaturikoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

4. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoarekin bat. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

5. Instalazioa hondakin arriskutsuen kudeatzaileen erregistroan inskribatzea: 15G02097090032009 zenbakiarekin, transferentzia zentro gisa; 15G01097090032009 zenbakiarekin, CSSak prestatzeko tratamendu zentro gisa. Kudeatzen ahalko dituen hondakin arriskutsuak eta kudeaketa baimendua Ingurumen baimen integratu honen IV. eranskinean ageri dira. Hondakin arriskutsuen kudeaketan egiten diren aldaketak jakinarazi egin beharko dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aipatu IV. eranskin horretan sartzeko.

6. Instalazioa hondakin ez arriskutsuen kudeatzaileen erregistroan inskribatzea: 15G05097090032009 zenbakiarekin, transferentzia zentro gisa; 15G04097090032009 zenbakiarekin, CSSak prestatzeko tratamendu zentro gisa. Kudeatzen ahalko dituen hondakin arrisku gabeak eta kudeaketa baimendua Ingurumen baimen integratu honen IV. eranskinean ageri dira. Hondakinen kudeaketan egiten diren aldaketa guztiak jakinarazi behar dira, erregistratzeko eta, bidezkoa bada, aurrean aipatutako IV. eranskinean sartzeko.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

8. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epe horiek ebazpen honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

9. Ebazpen hau jakinaraztea Chipala Medioambiente, S.L.ri, Lizarrako Udalari, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzuari eta Nafarroako Larrialdietako Agentziako Babes Zibilerako Zuzendaritzari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2009ko azaroaren 4an.-Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusia, Andrés Eciolaza Carballo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura daude Ingurumenaren eta Uraren Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (Iruñeko Armada etorbidea, 2-behea, 7. solairua, Ingurumen Kalitatearen Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren web atarian, hain zuzen ere Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren sailean, "Ingurumen baimenak" kontsulten atalean.

Iragarkiaren kodea: F0926280